Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
Hitz etena, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak
1992, olerkiak eta bertsoak
150 orrialde
84-86766-40-0
azala: Garbiñe Ubeda
Jon Arano
1961, Itsasondo
 
2002, poesia
1991, poesia
1985, poesia
 

 

AITA BASTRES'EN OROIMENEZ

      (1967)

 

      Onatx emen, Elizak eta Euskal-Erriak ainbat zor dioten guretako seme bat, gaur edo  biar, Lazkau'ko Aita Beneditarren Lekaidetxearen kondaira apur egin ba-ledi, urrezko moldetan idatzi bear litzaken izena.

      Aita Agustin Bastres lapurditarra dugu, 1832'an Senperen jaioa. Euskal Erri guziak ezagutzen dun Beloke'ko beneditar-etxea onek eraiki zun, eta bertako len-abata ere bera izan zan. 1903'an, Beloke'ko aitak mugaz onuzko Euskalerrira etorri ziran igesi. Olzan (Naparroan) lau bat illabete egin ondoren, Idiazabal'en, eliz gibelean dagon etxean egin zuten goxo. Aita edo ama gabeko etxea etxe uts esan oi da, ta urte bereko udazkenean Aita Bastres abatak, Beloke utzi ta Gipuzkoako bidea artu zun. Idiazabalera zetorren bere seme erbesteratuei bizitz-bideak egiteko prest. Etxe berrian zenbait aste edo il igarota berriz Belokera itzultzeko asmoa zekarren nunbait. Jainkoaren izkutuki edo misterioak nork igerri ordea? Jainkoak beste burubideak zerabilzkin: aspaldidanik Lazkau'ko Beneditar sendiaren oinarri izateko begiz jota zun. Eta, ala, Idiazabal'era etorrita laister elbarriz il zan. Iru-lau urte geroago, Lazkau'ko lekaidetxe zarrean kokatu ziranean, Aita Bastres'en gorputza berekin ekarri zuten. Gorputz au izango da, gero urteen joan-etorrik zugaitz-sendo, sendi-aundi egingo zuen azi usteldua.

      1955'an Beloke'ra eraman zituzten bere gorpuzkiak.

 

 

Jaio ta azten ikusi zindun

sorlekutik urrun, arrotz,

zu bezelaxe erbeste otzak

ar zitun semeen biotz,

zuregan zuten bizi-amets, ta,

itxaron, bañan, ondikotz!

zerorrek eskuz gorrituriko

lurran eror ziñan illotz.

 

Biotz-aoan erbestetuen

etxe-miñezko eresi,

mugaz onuzko Euskal-Errira

etorri ziñan igesi.

Ezagututzen etzenun txokon

egin zenduan len-kabi,

uste gutxiko gaitzak ordea

jarri zizun eriotz-esi.

 

«Agur ta agur, Lapurdiko-izar,

ta laster arte Sorterri...»

Jaungoikoaren izkutukiak

ezin ordea igerri,

Eta zedorrek ezagutuko

etzendun sendi-oinarri

izan zindezen, landu gabeko

lur otzean zindun jarri.

 

Erbeste-negar, etxe-miñ bero,

itxaropen eta guzi,

zere semeak irikiriko

illobian ziñan jauzi.

Bañan Jainkoak zure obian

kimu bat zun sortarazi...

Senpereko seme! zinez zaitugu

zugaitz berri onen azi.

 

Famili onen bizi-arnasa

zuri dizugu, aita, zor

ta atzo urak astintzen zuten

kaña aula gaur da enbor.

Ugol nastuak, Ipar-goseak

esetsi diote gogor,

bañan arkaitzan eraikitako

jauregia ez da eror.

 

Izozte latza gallendutzeko

izan du indar, ganora,

ta ekaitzari aurre emanaz

burua jaso du gora.

Ospe-adarrak Euskal-Errian

zabal zaizka edonora,

ta negu beltza pasa ondoko

udaberriz zaigu lora.