Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbińe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

1.22 Hiltzea gaizki omen dago: nola dakigu?

 

      Hiltzea, adibidez, gaizki omen dago: beharbada kasu batzuetan, beharbada beti. Nola dakigu?

      Interesatzen zaiguna ez da hilketaren arazo etikoa bera, zilegi ote den ala ez eta noiz hiltzea. Baina: edozein dela ere gure erantzuna, nola iristen gara jakitera, edo jakin uste izatera, hiltzerik ez dagoela bezalako gauzak? Orain jende askok esaten du eta errepikatzen du, hiltzerik ez dagoela, baina zeinek esan digu?

      Greziak bederen ez bait zigun esan, eta Erromak are gutxiago, oso posible da, hiltzeko debekuaren «arrazoizkotasuna» erlijiosoa izatea, hots, ez izatea «arrazoimena», hiltzea gaizki dagoela irakatsi diguna, baina erlijioa. Kristautasuna da, izan ere, irakasten diguna (Greziak eta Erromak sekula ezingo zuketena hain zuzen!), etsaia maitatu egin behar dela, kalte egiten digunari barkatu, masail batean jotzen digunari bestea eskaini, etab.

      Hiltzerik ez dagoela, ez da arrazoi hutsez aurki eta oinarri litekeen tankerako egiarik. Egia arrazoizko-matematikoa. Beraz, esperientzia modu batek eramango zituen gizakiak uste horretara (gizaki batzuk, segurutik: grekoak eta erromatarrak ez, esan bezala, beren esperientzien historian inoiz heldu ez baziren horrelako konklusio batera). Esperientzia aipatzeak, esperientziok zein modutakoak eta jende horiek zein tipotakoak izan ziren galdetzera eraman beharko gintuzke, zeinek zein kondiziotan egin zituen alegia, nola baloratzen zituzten afektatuek beren esperientziak, etab. Kristautasunera ere, historia baten bidetik heldu da gizona, eta historia guztiak izaten dira baldintz-harriz lauzaturiko baldinezko bideak. Dena dela, kristautasuna, gero, mendebaleko «arrazoizkotasuna» bezala inplantatu da kulturan, «zentroko arradikalismo» estraino eta paradoxal, askotan bitxiki fanatiko bateraino gainera, Euskal Herriko kulturaren kasuan behintzat: grinak, pasioak, gaizki daude; apaltasuna, gozotasuna, buru makurra, ondo. Dogma eta lege burdinezko bilakatua dugu hori dena aspaldi, haurraren hezkuntzatik gaztearen orapilaketara gizartean eta bizitza politiko-sozial osora.

      Beharbada alferrikako problema pila bat sortu digu dagoeneko pasadizoko azalpentxo honek: «hori kristautasun modu bat da, bestelakorik badago». Egia, baina Miranderekin ari bait gara, horrek denak ez dio hemen batere axola. Gure kulturan arrazoizko eta guztiz arrazoizkotzat daukagun gauza asko, kristautasunaren emaitza besterik ez da, kultura modu batean inplantatu egin dena. Guretzat kontua Miranderen «irrazionalismoaren» edo intuizionismoaren zentzua ulertzea da orain. Nola jakiten du gizonak zer egin, zer dagoen ondo ala gaizki, bizitzak sentidorik ba ote duen eta zein, zer balio duen adiskidetasunak, borrokak eta gorrotoak, esperantzak, legezkotasunak biziera sozialean?

      «Nola» horrek berak, adiera desberdinak izan ditzake: bat, nola iritsi da gizona historikoki eta psikologikoki, kulturalki, jakin-uste horietara? Eta, bi, zein mundu-ikuskera dago uste horietan inplikatuta, segun bat ala bestea uste den guzti horietaz (bizitzaren sentidoaz, heriotzaz, borrokaz, etab.). Aisa ikusiko da, ongi begiratuta, Miranderen jarrera «irrazionalista» dela, baina bere burua guztiz arrazoizkotzat daukan askorena baino ez irrazionalagoa: irrazionalista ez bait da irrazionala, arrazoigabekoa. Bestalde, zein den zerbait egitearen sentidoa, zer dagoen ongi eta gaizki, etab., osotasunean planteatuta, azkenean da zer garen: geure barnera begiratuz edo geure buruak definituz erabakitzen da. Beraz, gure autokontzeptuaren zatia da, hartan dago oinarrituta.

      Jakinkoaren produktuak bagara eta Jainkoaren semeak, hark esaten diguna izango da ongia eta gaizkia. Baina Jainkorik ez badago? Ezin ezer esango digu eta orduan, zer egitearen sentidoa, zer izatearen sentidotik egongo da, eta zer garen, unibertsoaren ekoizpen eta obra eta zati bezala autoulertuz erabaki beharko da. Ongi ala gaizki zer dagoen, unibertsoa bera zen den, izango da: ontologiak funtsatuko du etika, Spinoza razionalistaren baitan bezalaxe.