Pedro eta Kapitaina
Pedro eta Kapitaina
Mario Benedetti
taldea: Intxixu
1987, antzerkia
48 orrialde
84-398-5691-1
Mario Benedetti
1920-2009
 
2023, poesia
Pedro eta Kapitaina
Mario Benedetti
taldea: Intxixu
1987, antzerkia
48 orrialde
84-398-5691-1
aurkibidea
 

 

Bigarren agerraldia

 

Lehengo antzeztokia bere hartan, arimarik ez agerian. Minutu batzu pasatuta, PEDRO (beti loturik eta zanoa buruan) berriz antzeztokira botako dute, aurreko agerraldian bezala, baina bortxa handiagoz. Orain hondatuago ageri da. Bistan da jasoriko zigorra gogorra izan dela. PEDROk haztamuka bilatzen du aulkia. Azkenean aurkitzen du eta ozta-ozta eseriko da. Noizean behin ja aditu ezin daitekeen zurrunga-hots bat aterako du ahotik. KAPITAINA sartzen da: aurreko agerraldian zuen itxura eta jantzi bera. Astiro ikusiko du PEDRO, ubeldura eta zauri berrien lista egiten ariko bailitzaio.

 

KAPITAINA.— (Oraindik zutik, hanka zabalekin eta besoak gurutzaturik). Ikusi al duk? Hasi duk crescendo-a. Ezin esango duk ez niala abisatu. Animaliak direla gero nire menpeko horiek! Eta hala iharduten utzi behar zaiek. Gu lehertzeko kapaz dituk bestela. (Geldiunea). Sinestu al didak? Ez, txantxetan esan diat. Baina, egia esan, bada ofizial bat baino gehiago beldur diena. (Geldiunea). Eta zer moduz? Utzi diat pentsatzeko denbora. Pentsatu al duk? (PEDRO isilik eta geldi). Gauza bat abisatzen diat. Ez dezaala uste hiru hilabete osoan segituko dugunik esan dezagun ez atzerako, ez aurrerako egoera honetan. Batetik ez diat uste hire gorputzak luze jasango duenik. Ez haiz justu-justuan atleta bat. Ez nauk, noski, nire galderengatik ari, baizik mutil elektrikoez. (Tonua aldatuz). Hori dela eta, ba al dakik, grazia handia egin zioan nire txisteak koronelari. Ez bakarrik farra egin, baita esan ere: «Kapitaina, argi-joate bat bakarrik ez geratzea egin behar diagu kontu.» Txistea ez duk ona, baina farra egin nian, zer egingo nuen. (Berriz lehengo haria hartaz). Zer esaten ari nintzen? A, bai, beti leku batean gaudela. Nire aldetik, atera egin nahi diat leku bat-ber honetatik. Hik ere bai, imaginatzen diat. Horregatik elementu berri bat sartzea erabaki diat egoeran. (Geldiunea). Ez al duk jakinminik? Zer ote da, ba? Lekukoren bat? Dagoeneko salatu hauen bat? (Geldiunea, berriz, iguripena sortzekotan). Ez, horrelakorik ezer ez. Hire begiak izango dituk elementu berria. Hik ikustea nahi diat eta ikusi nola ikusten duan ere. (PEDROgana hurbildu eta tiradizo batez zanoa kenduko dio. Zauri eta kolpe-markaz dauka aurpegia PEDROk itxi eta ireki egitan ditu zenbait aldiz, itsuturik dituen begiak). Beno, beno. (Irribarre egiten du). Kaixo. Hobe da elkarri aurpegiak ikustea, ezta? Behin ere ez zeidak gustatu trapo batekin hitz egitea. Lankide batzu badira, berak detenituak hemen ikustea nahi ez dutenak. Eta badute arrazoi apur bat. Zigorrak gorrotoa sortzen dik, eta batek ez zekik geroak zer ekarriko digun. Nork esaten dit egunen batean egoera hau irauli eta hik ni interrogatzea, orduan? Hori gertatuko balitz, agintzen diat hik baino gehixeago lagunduko dudala. Baina ez duk gertatuko, ez ilusiorik egin. Bestalde, ni ez naik kezkatzen hik nire aurpegia ezagutzeak. Gehien-gehiena, galdetu eta galdetu ari nintzela aurpegiratu ahalko didak, baina horrek ez dik gorrotorik sortzen, nik uste. Ala sortzen du? (Geldiunea). Hala, zanorik gabe, zailagoa da ez hitz egitea, ezta hala?

PEDRO.— Bai.

KAPITAINA.— Alajaina! Lehen monosilaboa. Hori duk kontzesioa! Brabo!

PEDRO.— (Halakoxe nekea dauka hitz egitekoan, ahoko handituagatik). Garbi esan nahi dizut zuk nire torturatzean parte hartze zuzenik ez duzulakoak, ez duela esan nahi gorrotatzen ez zaitudanik, ezta ere gutxiago gorrotatzen zaitudanik.

KAPITAINA.— (Harrituxea da, baina erreakzionatzen du) Ondo da. Joko garbia gustatzen zeidak.

PEDRO.— Ez. Ez zaizu gustatzen. Baina ez dit inportarik. Gainera, esan nahi dizut ere, zanoarekin ez dudala hitzik egin, uko egingo ez diodan duintasun minimo bat badelako, eta zanoa zerbait duingabea duzu.

KAPITAINA.— (Isilune baten ondonen). Gorrotoaren hori, zergatik esan duk?

PEDRO.— Zergatik esan dudan?

KAPITAINA.— Bai. Hori sentitzea konpreni zezakeat. Baina ezin diat ulertu hala, batere lotsarik gabe esatea. Hemen ni niagok goien, eta behean hi hago. Ala ahaztua duk?

PEDRO.— Ez, ez dut ahaztua.

KAPITAINA.— Eta gorrotoa agertzeak, gorrotoa sortzen dik.

PEDRO.— Noski.

KAPITAINA.— Abisatzen diat ez naizela sartuko joko horretan. Kristaua nauk, baina beste masaila jartzeko ohiturarik ez zeukat.

PEDRO.— Jakina. Masailak nik jartzen ditut eta begira non ditudan. Masailak eta bizkarra eta hankak eta hazkazalak.

KAPITAINA.— Eta bihar potroak.

PEDRO.— Zuk badiozu.

KAPITAINA.— Diot, agintzen diat eta bestek bete egiten ditek. Zer iruditzen zaik? (PEDROren keinua. KAPITAINAk barre urduri bat egiten du). Nolanahi ere, ni ez probokatzeko kontseilatzen diat, zorri gutxik egitan zidak hazka, badakik?

PEDRO.— Badakit. Baliteke zuk nitaz baino nik zutaz gehiago jakitea.

KAPITAINA.— (Ironiaz) Hori ere bai?

PEDRO.— Baita hori ere. Zer dakidan eta ez dakidan niri ateratzako zure antsia horretan, ez zara ohartzen niri nolakoa zaren erakusten ari zarela.

KAPITAINA.— Eta nolakoa naiz, ba?

PEDRO.— Bo...

KAPITAINA.— Nolakoa naizen galdetu diadala uste diat.

PEDRO.— Bai, badakit. Baina atsurdua da. Elektrodua jartzen didazue, ni lehertarazteko agindua eman eta, gainera, zure analista izatea eskatzen didazu. Hori ez!

KAPITAINA.— Azkenean ere, imaginatzen diat nolakoa naizen.

PEDRO.— Bat nator, orduan, diagnostiko horrekin.

KAPITAINA.— Eta noble eta duina naizela imaginatzen badut?

PEDRO.— Badakizu zer pasatzen den? Zuk ezin dizkiozu zeure buruari botaboleoak bota. (Oso geldiune laburra). Zeure burua ezin imagina dezakezu noble eta duina.

KAPITAINA.— (Oihuka) Hago isilik!

PEDRO.— Nola? Ez al zenuen nahi hitz egitea? Eta orain hizketan hasi eta...

KAPITAINA.— (Apalago, baina bere baitara bildurik). Hago isilik, ergel hori!

PEDRO.— Ondo da.

KAPITAINA.— (Une baten buruan, lasaiago, lehen esanikoa, berriz pentsatzen ariko bailitzen). Dena dela, agian ez diat neure burua noble eta duintzat ematen. Baina nork du nire noblezia eta duintasunaren axolarik, eh? Nork?

PEDRO.— Zeuk izan behar zenuke, nik behintzat...

KAPITAINA.— Hori era aginduetan al daukazue? Interrogatzailearekin urruntasun garbi bat sortu?

PEDRO.— Zuk sortzen duzu urruntasuna. Nolaz egon daiteke komunikazio, hurbiltze, elkarrizketa, eta abar, torturatua eta torturatzailearen artean?

KAPITAINA.— (Halakoxe alarmaz). Nik ez zaitut ukitu ere.

PEDRO.— Bai, badakit. Interrogatzaile «ona» zara. Baina ba al da hemen interrogatzaile «onik» eta «gaiztorik»? Zu ez ote zara bainera egiten didan mastodontea bezalakoa, elektrodua jartzen didan animalia bezalakoa? Errueda bera, makina bera? Zeuk sinets ote dezakezu diferentziarik badagoenik?

KAPITAINA.— Harroputzetik pasatzen ari haiz!

PEDRO.— Berriz isilduko naiz, orduan.

KAPITAINA.— (Isilune baten ondonen). Eta ez al hidake deus galdetu nahi?

PEDRO.— (Harriturik bezala). Nik galdetu?

KAPITAINA.— Bai, hik galdetu.

PEDRO.— Zer da hau? Mitrione-ren ondoko teknika berriren bat?

KAPITAINA.— Beharbada.

PEDRO.— (Esandakoa pentsatuz). Tira, galdetuko dizut: familiarik ba al duzu?

KAPITAINA.— (Halaber harriturik). Eta hiri zer ardura dik?

PEDRO.— Ardura, ezer ez. Ardura, familia baldin baduzu, zuri ardura behar.

KAPITAINA.— Ni amenazatzen ari al haiz?

PEDRO.— Horrixe esaten zaio deformazio profesionala. Zuek, baten familiarekin gogoratzen zaretenean, beti amenazatzeko izaten da.

KAPITAINA.— Eta orduan, zertarako jakin nahi duk?

PEDRO.— Zeren baldin badituzu guraso, andre eta seme-alabak, alukeria bat izan bide delako batentzat etxera itzultzea?

KAPITAINA.— (Oihuka). Zer diok?

PEDRO.— Alegia, alukeria izan behar duela zuretzat, torturatu bat interrogatu berrian, musu ematea zure andreari edo semeari, baldin baduzu.

 

(KAPITAINA salto batez altxatuko da, modu guztiak galdurik, eta ukabilkada bat ematen dio PEDROri ahoan)

 

PEDRO.— (Ezpainak mugitu nahi ditu, eta lehen baino neketsuago hitz egiten du). Eskerrak heu haizen interrogatzaile ona.

KAPITAINA.— Denak zeukak bere muga.

PEDRO.— Erreka joko duzu, kapitaina. Gogoan eduki interrogatzaile onak ezin duela, eta ez eman behar diola zartakorik loturik dagoen gizonari. (Geldiunea). Nolanahi ere, aditzera ematen dizut norgehiagokan ezin ihardun dezakezula gaueko zeure lankideekin. Haiek asko-askoz era hobekiago aritzen dira. Eta logikoa da. Haiek elektrikoki egiten dutena, zuk odol eginean egiten duzu. Hala ez dago norgehiagoka aritzerik.

KAPITAINA.— Aski esan diat.

PEDRO.— Ez al dizute errietarik emango lasaitasuna galdu duzula konturatzen direnean. Arauak hautsi dituzu, kapitaina.

KAPITAINA.— (Hitza hortzetan). Hara, mukizu, isilik hago.

PEDRO.— Ez zaizu gustatu familiarena, eh? Aurrena: baduzula esan nahi du. Bigarrena: ez zarela horren sentiberatasunik gabea.

KAPITAINA.— (Lasaiago). Hitz egingo al duk, orduan?

PEDRO.— Hitz egiten ari naiz, ezta?

KAPITAINA.— Badakik zertaz ari naizen.

PEDRO.— Kapitaina: ez atera ondorio burugabekorik.

KAPITAINA.— (Noraezean). Baina zergatik? Zergatik? (PEDROren keinua). Ez al haiz konturatzen, zozo hori, hi erabiltzen ari direla? Ez al haiz konturatzen bestek ideiak jarri eta aurpegia hik jartzen duala?

PEDRO.— Polito dago esaldi hori. Nondik sortu duk? (Geldiunea). Batzutan egia ere izan daitake, gainera.

KAPITAINA.— Eta orduan?

PEDRO.— Orduan, ezer ez. Funtsezkoena ez da lagunbanakoaren akatsa...

KAPITAINA.— (Esaldia bukatuz). ...borondate kolektiboa baizik. Zazpigarren Atala, (a) puntua, abuztuan aztertu zenuten barne-deklarazioarena.

PEDRO.— Eta abuztuko deklarazioa ezagutzen baduzue, zertarako fartsa guzti hau?

KAPITAINA.— Gauza bat da deklarazioa, eta beste bat zu.

PEDRO.— Kontakatilu bat badugula, hortaz.

KAPITAINA.— Zergatik ez? Zer espero huen?

PEDRO.— Eta nola Gabriel, Rosario, Magdalena eta Ferminez dena esan ez dizue?

KAPITAINA.— Ez dakielako.

PEDRO.— Ah.

KAPITAINA.— Baina hitaz bazekian eta horregatik erori haiz. Eta gainera, hik bahekiela beste lau horiez esan ziguan.

PEDRO.— A!

KAPITAINA.— (Isilune luze baten ondoren). Aizu, hik ba al dakik zer duan zain?

PEDRO.— Imaginatzen dut.

KAPITAINA.— Imaginatzen duan txarrik txarrena baino dezentez ere txarragoa izan litekek, agian. Egunero-egunero, aurrerapen handiak egiten dizkiagu.

PEDRO.— Imaginatzen dudana beti duk txarragoa.

KAPITAINA.— Baina zer haiz? Suizida bat?

PEDRO.— Horrelakorik ezer ez. Nahikoa gustatzen zait bizitzea.

KAPITAINA.— Lehertua bizitzea?

PEDRO.— Ez, bizitzea bakarrik.

KAPITAINA.— Nik bizi ahal izatea eskaintzen diat, bakarrik.

PEDRO.— Ez, bakarrik ez. Zuk hildakoaren moduan bizitzea eskaintzen didazu? Eta hori baino lehen nahiago dut biziaren moduan hil.

KAPITAINA.— Bo, esaerak.

PEDRO.— Apropos esan dizut. Gustatzen zitzaizkizula uste nuen. Zuek hitzaldi bat ematen duzuenean, dotoreziaz hitz egiten duzue.

KAPITAINA.— (Isilune baten ondoren). Lehen familiaz galdegin didak. Bai, andrea eta bi neska-mutiko dizkiat. Mutikoa, zazpi urtekoa; neska, bostekoa. Egia duk batzutan lanetik etortzean, neke zaidala haiekin elkartzea. Hemen ez diat torturatzen, baina intziri, oihu erdiragarri, etsipenezko marru gehiegi aditzen diat. Batzutan nerbioak txiki-txiki eginak ditudala iristen nauk etxera. Eskuak dardarka egiten zidatek. Nik ez diat lan honetarako gehiegi balio, baina harrapaturik naukatek. Eta orduan aurkitzen diat zuribide bakarra egitan dudanarentzat: detenituari izenak emanarazi, behar dugun informazioa eman diezagun iritsi. Garbi zegok nahiago dudala beti inork ukitu gabe berak esatea. Halako motakoa, ordea, ez duk honezgero ematen, ez zaiguk ja etortzen. Ezer lortzen dugunetan, makinaren bidez duk beti. Logikoa duk batak sufritzea besta norbait sufritzen ikustean. Sentiberatasunik gabea ez naizela esan didak, eta egia duk. Begira, haurrekin nagoela, erruaz libratzeko dudan modu bakarra, gutxienez iritsi beharreko helburua, informazioa erdietsi, alegia, lortzen ari naizela jakitea da. Zuek hondatu behar bazaituztegu ere. Hil ala bizikoa duk. Edo guk zuek hondatzen zaituztegu, edo zeuek gu gaituzue hondatzen. Hil ala bizi. Hik erdi-erdian jo huen nire familia aipatu huenean. Baina nolaedohala izenak emanarazi behar dizkiadala ere gogorazi hidan, ordea. Hala bakarrik sentituko bainaiz ondo andrea eta haurren aurrean. Neure eginkizuna beteta, neure helburua lortuta bakarrik sentituko nauk ongi. Bestela benetan izango bainaiz krudel, sadiko, gizakortasunik gabeko bat, hi alferrik torturatzeko agindu egin dukedalako, eta hori bai dela jasaten ez dudan zerrikeria.

PEDRO.— (Halakoxe jakimin batez begiratzen dio, ia interes zientifiko batez, galduriko animali-mota bat edo aztertzen duenak bezala). Besterik?

KAPITAINA.— Bai, galdera bat. Lehengo bera duk, baina orain hobeto ulertuko duala espero diat, haren atzean neure bizi guztia jartzen dudala ohartuko haizen konfidantza zeukat. Izenik emango al duk?

PEDRO.— (KAPITAINAren erretolikaz oraindik zur eta lur, baina batere tinkotasunik galdu gabe). Ez, kapitaina.