LEHEN EKITALDIA
Lehen agerraldia
(Beteluko Balnearioko Sarrera Nagusia. Garai batean haunditsua izan eta orainean gainbehera doan zerbaiten giroa atzematen da. ZUZENDARIA Sarrera Gela Nagusiko Besaulkian etzanik dago. Joxeba-Fermin Makarregi eta bere emaztea, maleta, poltsa, teniserako raketa eta salabardoz gainezka —horien artetik kainabera baten punta ere soma daiteke— agertzen direnean Ate Nagusitik barrena. Zarata eginez utziko dituzte tramankuluak. Antzeztokia argiturik).
A1-ZUZENDARIA: Hara! Hemen zaudete, ez esan, ez, badakit, kotxea aberiatu egin zaizue eta oinez etorri behar izan duzue honaino; eskerrak hemengo ikusmira zoragarria dela, paregabea, nahiago baduzue...
MAKARREGI: Bai, Beteluko zulo honetan baino panorama hobeagoa zegoen Donostiako hondartzetan aurtengo udan... Hotz egiten du hemen, eta bazter guztiak zikin-zikin daude. Kalefaziorik ba al duzue behintzat?
KARMENTXU: Jexux, Fermin! Urduri jarriko duzu gure zuzendari gaxua, ez da ba hain itxusia, gainera, pelukerian esan didate hemengo urak Vichy-koak bezain osasuntsuak direla...
A1-ZUZENDARIA: Horixe baietz. Gainera hau ez da lehenago zena, gobernutik etorri zaizkigun diru laguntzei esker hobekuntza asko egin dugu instalaziotan...
KARMENTXU: Horrexek bultzatu gaitu hona etortzera.
A1-ZUZENDARIA:... Ez gara lehen bezain ongi bizi, ez, je, je, lanpara berriak ipini ditugu, piszina urez betetzea lortu dugu... Egia esan, ongi asko badakit jakin zuen garaia askosaz ere latzagoa izan zela...
MAKARREGI: Dudarik gabe.
A1-ZUZENDARIA: ... dena zegoen eginkizun, telebista, irratia, egunkaria, aldizkariak, batzoki pare bat noiztik behin, probentzi errebeldeak paketzea, teatrua, zinema, mugen arazotxo hura... A! Zenbat arazo, eta zein eskertxarra jaso duzuen.
(Joxemari Urrezaletti gigolo ospetsua sartuko da, poeta eta kirolzale arteko konbinaketaz jazten duy okasio guztitarako prest).
A1-ZUZENDARIA: Baina, baina... Joxemari Urrezaletti poeta pamatua! Nolaz jadanik hemen? Ez al zinen ba etzi etortzekoa?
A2-GIGOLO: Haizea alde genuen eta espero baino lehenxeago heldu naiz.
A1-ZUZENDARIA: Eta, zer moduz? Lortu al duzu ekialdeko inspirazio iturrietan murgiltzea?
A2-GIGOLO: Ongi murgildu ere! Eta hemen naukazue inspirazioz blai.
KARMENTXU: Oi! Zein interesgarria, eta nondik ibili zara ba?
(Hemendik aurrera elkarrizketa bitan banatuko da. Lehenean ZUZENDARIAk eta MAKARREGIk hitzegingo dute; bigarrenean KARMENTXUk eta GIGOLOak).
A1-ZUZENDARIA: Atsegin nuke mundu guztiak entzungo balu orain esango dudana, zeren eta zuk, Fermin Makarregi Kultur Ministrari ohi horrek merezi duzun baino ohore eta laudorio gutxiago jaso bait duzu...
A2-GIGOLO: Txina eta Nepal inguruetaraino iritsi nintzen... Txinan Lin-Txin Maisu Haundia ezagutu nuen eta berarekin...
A1-ZUZENDARIA: Zu zaitugu Gaintxurizketako zerri depuradoraren projektua aurrera atera zuena, horrekin batera hainbat poeta lokatzetatik atera eta Parnasoko goi mailaraino eraman duzuna...
A2-GIGOLO:... eta Nepalen berriz, monje budazaleekin harreman estuetan ibili nintzen... Eta beste hainbat lurraldeetan...
A1-ZUZENDARIA: Eta beste hainbat meritu... Eta zure emazteaz zer esan?
(Hemendik aurrera bat egiten dute bi taldetxoek).
A1-ZUZENDARIA: Hau besterik ez dut kontatuko, zein era miresgarriren bidez ezagutu zenuten elkar. Karmentxu Ezpainzabaleta Euskadiko Miss izendatu zuten urtean han bait zinen zu epai-mahai buru gisa, eta ez zenuen bista txarra izan, ez....
KARMENTXU: Oi! Eskerrik asko eta aunitz, baina orduan genduenaren laurdena bagenu gaur egun...
A2-GIGOLO: Hementxe bertan txunditurik galduko nuke konortea. Eder askoa zaude ehuneko hamarra besterik ez duzularik kontserban.
KARMENTXU: Oiii! Txoruaaa! Ze gazte finaa!
A2-GIGOLO: Egia da, besterik ez...
KARMENTXU: Ze izango da egia...
A2-GIGOLO: Baietz ba...
MAKARREGI: AATXIS!
KARMENTXU: Hoztu ai zara, Fermin? Zahartuta zaudela eta zaintzea hobe duzu...
(ZUZENDARIA kontserjerira zuzenduko da, eta instant batean Prudentzio kontserjea izango dugu begien bistan).
A1-PRUDENTZIO: (Joxeba-Fermin MAKARREGIgana zuzenduz) Oker ez banago zu zaitugu Joxemari Urrezaletti poeta pamatua... Eta zuek Fermin Makarregi Kultur Ministrari-ohia eta bere emazte Karmentxu, Ezpainzabaleta ezkongai izenez... (GIGOLOari eta KARMENTXUri).
MAKARREGI: Ez, ez! Ni, ni naiz Kultur Ministraria!!
KARMENTXU: Kultur Ministrari-ohia Fermin, ohia...
MAKARREGI: Eta hau nire emaztea, zatoz hona (KARMENTXU GIGOLOaren besotatik erauziko du beraganatuz).
A1-PRUDENTZIO: Barkatu, ene bada, a ze traguak pasa behar dituen hemen batek, lanbide zaila da hau benetan, ez digute ezer abisatzen, eta horrela gertatzen dira gertatzen direnak... Behin batean Sofia Loren eta Marilyn Monroe konfunditu nituen, eta beste behin berriz...
A2-GIGOLO: Pentsatzen dut bidaia luzea izan duzuela Vitoria-Gasteiztik hona eta nekatuta egongo zaretela...
A1-PRUDENTZIO: Barkatu, barkatu... Ea bada, esaidazue ohe batekoa ala bikoa nahi duzuen eta segituan joan zaitezkete zuen geletara deskansatzera. Makarregi senar-emazteak bikoan ala batekoan?
(Makarregi jaunak begirada sutsuz begiratzen du kontserjea).
A1-PRUDENTZIO: Noski, noski, bikoan, ezta?
(MAKARREGIk begirada are sutsuagoa).
A1-PRUDENTZIO: Nola ez ba! Batekoan, ai ama, ai ama... Ba, bi-zero-zazpi da zuen gela; eta zurea Urrezaletti jauna... bi-zero-bederatzi.
KARMENTXU: Oi! Zein zirraragarria, auzokide izango gara. Ba ez litzateke ideia txarra izango promenadatxoren bat egitea balnearioko pasealeku goxoetan barrena zuk eta biok, Ferminek lo egin nahi izango du eta...
(Badoaz KARMENTXU eta JOXEMARI, BATISTAk maletak eta trasteak jasotzen dituelarik).
A1-BATISTA: Hemendik Makarregi jauna, hemendik...
—ILUNA—
Bigarren agerraldia
(Balnearioko zoko baketsua. Bazter batean horrelakoetan egon ohi den eserlekua. Hurbil dagoen tenis-zelaitik jokaldi baten hasperen, oihu eta esfortzuak aditzen dira. Zerbitzari batek lorategia apaintzen du. Ilunabarra erortzear, kilkerrak hasi dira kantari, errekasto garden baten urrotsa, uda balitz ilargi betea han goian; elkarrizketa erraz, misteriatsu eta ia gaiztorako ingrediente guztiak. KARMENTXU eta GIGOLOA sartzen dira eskubikaldetik, jokaldiko izerdia haragian dirdir).
KARMENTXU: Eta zer iruditzen zaizu nire sudurra?
A2-GIGOLO: Ikusi ditudan sudurren artetik... nola esan?... ederrena!
KARMENTXU: Benetan lan ederra egin zidan zirujanoak...
A2-GIGOLO: Ez zeukan ba gai txarra lan ona burutzeko...
KARMENTXU: Eta ez zidan sudurra bakarrik «ikuitu»...
A2-GIGOLO: A ez? Zer gehiago ikuitu zizun ba?
KARMENTXU: Txoruaa! Hori ez da galdetzen, ez al zara zu poeta? Irudika ezazu bada.
(Eserlekuan jartzen dira, hasieran aldendu xamar, gero eta hurbilago, bion arnasak nahasteko moduko distantzian jarri arte; hala ere, hizketarako gai aproposa ezin aurkitu, isilik daude biak. Balneario aldetik bibolin baten melodia).
A2-GIGOLO: Kotxearekin arazorik izan duzuela esan dit Zuzendariak.
KARMENTXU: Bai! Senarra baino zaharragoa dut automobiia, hortxe utzi dugu bide bazterrean, orain Fermin balnearioan bezala...
A2-GIGOLO: Eta zer duzue, automobil haundia edo?
KARMENTXU: Bai zera! Rolsroize koxkor bat besterik ez. Ze ba, mekaniko ere al zara?
A2-GIGOLO: Zeozer entenditzen dut horretaz ere... Nik eskua sartzen dudan tokian, dena konpontzen da.
KARMENTXU: Txoruaa!
A2-GIGOLO: Automobil ederra daukazue beraz...
KARMENTXU: Akats bakarra dauka...
A2-GIGOLO: Ze, txoferra?
KARMENTXU: Zera, matrikula prantzesa duela.
A2-GIGOLO: Nolaz ba hori?
KARMENTXU: Ba, Joxeban aita exiliuan zegoela, badakizu iparramerikarrekin ze tratu ziren, haren zerbitzu onak zirela eta opari egin zioten, eta Joxebak ez du aitaren kotxea txatarrerora eraman nahi. Makina bat atsekabe ekartzen digu, ez dugu atarramendurik ateratzen automobil horrekin, erreberak zulatzen dizkiotela, erre nahi digutela, badakizu ze saltsa ibiltzen den bazter horietan... Eta zuk ze automobil klase duzu?
A2-GIGOLO: Lanroberra!!
KARMENTXU: Bidaia politak egingo dituzu horrekin, Afrika dela, Asia dela, Errenterian barrena, desertu eta oihanak korrituz; joango nintzateke gustora zurekin... safari batera edo, oasi batera-edo...
A2-GIGOLO: Gonbidatzen zaitut! Ene hurrengo bidaian zu izango zaitut kopiloto eta erregin.
KARMENTXU: Dohakabea ni! Dohakabea!
(Joxemariren sorbaldan jartzen du negarzotinek itotzen duten bitartean. Une honetan zerbitzari bat agertu da, baina halako eszena hunkigarri baten aurrean, alde batean geratzea erabakitzean du, zuhaitz baten atzean, kuxkux).
A2-GIGOLO: Zer duzu ba Makarregi anderea?
(Are kontsolagabekiago egiten du negar KARMENTXUk).
KARMENTXU: Makarregi anderea! Ma-ka-rre-gi anderea, buaa, dei nazazu Karmentxu, mesedez.
A2-GIGOLO: Ondo da, zer duzu ba Karmentxu, polittorrek?
KARMENTXU: Ezin izango dudala zurekin joan bidaia liluragarri horretara. Zer egingo dut senarrarekin!!??
A2-GIGOLO: Lasaitu zaitez panpoxa neuria, asmatuko dugu zerbait. Bitartean, zuk hala nahi izanez gero, kontatuko dizut nola izango den bidaia hori, askotan idurikatzeak bidaiatzeak bezainbeste balio du eta.
KARMENTXU: (Ume baten moduan) Bai, bai.
A2-GIGOLO: Lehenengo egunean lehoi bat agertuko zaigu bide erdian, ba al dakizu zer egingo dudan?
KARMENTXU: Zeer?
A2-GIGOLO: Hamabi haundiko eskopeta hartu eta di-da! jo eta akabatu.
KARMENTXU: O! nire poeta ausarta!
A2-GIGOLO: Bigarren egunean, sugegorri bat sartuko da zure lozakuan, eta ba al dakizu zer egingo dudan?
KARMENTXU: Baai!, eskua sartuko duzu nire lozakuan eta sugea hilko.
A2-GIGOLO: Eez! Nire besoetan hartu eta nire lozakura eramango zaitut.
KARMENTXU: Aaaa!... Baina... buaaa, eta zer egingo dut nire senarrarekin?
A2-GIGOLO: Sugegorria dagoeneko lozakuan sartuko dugu!
KARMENTXU: Txoruaa! Ze gaiztoa zaren! Baina hori ezinezkoa da, nik benetan galdetzen dizut: zer egin dezaket nire senarrarekin?
A2-GIGOLO: Zer egin dezakezu zure senarrarekin?
(Biei ideia berbera bururatu balitzaie bezala begiratzen dute elkar).
A2-GIGOLO eta KARMENTXU: Zer egin dezakegu gure senarrarekin?
(Bururatu zaienak arazoa konpontzen duenez, eta uneak ere hala eskatzen duenez, musu batean urtzekotan daude KARMENTXU eta GIGOLOA. Zerbitzaria gordelekutik katerako da).
A1-ZERBITZARIA: Ejem! ejem! Hona natorkizue berri bat ematera, dagoeneko afaria prest daukazuela jangela nagusian, eta zuen geletara igo zaitezketela erropak aldatzearren, hori bada zuen gustoa etor zaitezkete nirekin, hemendik mesedez, hemendik.
(Eszenatokia iluntzen doalarik foko batek KARMENTXUren eskubiko eskua eta GIGOLOAren ezkerrekoa ongi loturik erakuts dezake).
—ILUNA—
Hirugarren agerraldia
(Balnearioko Jangela Nagusia. Eskubitara irrati aparailu zahar bat. Atzean mostradorea, eta bertan BATISTA afarirako prestaketak burutzen. Bi mahai gela guztian. Ministrari-ohia barran apoiatuta)
MAKARREGI: Mesedez, bete kopa bat... Ez, ez, Oporto.
A1-BATISTA: Barkatu...
MAKARREGI: Ze izen duzu?
A1-BATISTA: Batista.
MAKARREGI: Batista, nire barneko sekretoak kontatzen ari natzaik... Baina, har ezak, har ezak kopatxo bat, nik gonbidatzen haut. Orain dela hogei urte, orduan bai nuela indarra eta kemena, orduan egiten genituenak... lorik ere ez genuen ia egiten: projektuak, azterketak, ikerketak... (geldiunea) Baina garai haiek joan ziren eta orain «Ministrari-ohia», «Fermin-ohia»... eta horrela da. Horrek ez dauka bueltarik. Gauza bat besterik ez dut eskatzen, gelditzen zaizkidan une guztiak lasai eta pozik bizitzea. (geldiunea) Bera hantxe ibiliko da tenisean jokatzen poeta «famatu» horrekin, ekialdetik poemak dakartzan poeta horrekin. Eta ni?, ni izan bait naiz ekialdeko poema gehienak itzuli dituena. (geldiunea) «Pelukerian esan didate», «Club-ean entzun dut»... Eta hemen gaude berriketan. Kostaldean bai, arrantza piska bat, pasealdi laburrak, panorama ederrak... Nigatik izan balitz... Baina oraindik jendez inguraturik ibiltzea da berari gehien gustatzen zaiona. Hala ere, bazter guztietan gertatzen dira gertatu behar direnak. Zenbat eta zenbat gauza ikusiko zenuen zulo honetan. (geldiunea) Egia esan, niri urak ez dit gauza haundirik esaten, betidanik nahiago izan ditut bizigarri piska bat ematen didaten gauzak. Ezin dezakegu jakin leku bat ezagutu aurretik zeintzuk izango diren bertan aurkituko ditugunak. Baliteke nire bizitzako esperientziarik freskoena aurkitzea, bai, hemen, zulo heze honetan. (geldiunea) Han ibiliko da, «indarregi bota didazu», «ez dut pilota ikusten»... Ez da nekatzen. Nekea, nekea... Lekeition bai egun ederrak pasa ditudala, han ibili genuen martxak horrelako aste lasai batzu eskatzen zituen, txibiak harrapa, antzarrak ikus... Zuk bai ikusiko zenituela hemen gauza xelebreak, zenbat eta zenbat abentura, misterio... agian, hilketak ere gertatuko ziren lau horma zikin hauen artean.
(MAKARREGI badoa; eta aldegin bezain pronto KARMENTXU agertuko da hari buruz galdezka mostradore atzean dagoen BATISTAri. KARMENTXU joan eta GIGOLOa agertuko da. Azkenik BATISTA bakarrik dago, eta mahaiak prestatzeari ekiten dio).
A1-BATISTA: Kopa guztiak garbitu. Afarirako mahaiak prestatu, eta gainera, hona etortzen diren guztien frustrazio, pena eta komeriak entzun behar: «Ustel dagoena, nonbait bota behar». (geldiunea) Hor ibiliko da gure poeta ausarta, hamabi haundiko eskopeta gora-behera, di-dau, hartu-utzi, pilotak, tenisa: beti Tarzan, Romeo, Rodolfo Valentino... Beste batzu berriz, beti Txita, bufoi, zerbitzari...
—ILUNA—
Laugarren agerraldia
(Lehenagoko jangela bera. Afaria bukatzear. Eskubiko mahaiean Joxemari Urrezaletti koadernoa zirriborratzen eta zigarrilo bati hodeiak lapurtzen. Erdikoan MAKARREGI eta KARMENTXU. KARMENTXU Joxemari bistaz galtzeko, eta MAKARREGI zoparekin borrokan. Zerbitzaria hurbil, edozein eskabideri erantzuteko gertu).
KARMENTXU: Uff! Nekatuta nago...
MAKARREGI: Nekatuta, nekatuta... Bueltaska bat besterik ez duzu eman eta dagoeneko nekatuta zaude. Alferrikakoa izango da zein exerzizio gutxi egiten duzun esatea, eta komeniko litzaizukeela egunero zerbait ibiltzea. Behin ere ez duzu nahi izan nire eguneroko pasealditara etorri.
KARMENTXU: Ze kasualidadea izan zen zure pasealdi guztiak hauteskunde kanpainarekin batera gertatzea. Garai hartan atera zenuten hain famatua egin zen eslogana: «Oinak pausoz-pauso, bihotzean poz-poz eta urnak bete gure botoz»... Ez zait ahaztuko.
(MAKARREGIk zerbitzariari dei egiten dio, eta honek zopa gehiago nahi duelakoan zerbitzatzeko iminzioak egitean MAKARREGIk bortizki errefusatzen du).
KARMENTXU: Ez al zenuen orduantxe ere korrikalari omen zen Abduil afganiarra ezagutu? Oker ez banago bera izan zen garai hartako zure kemena eta osasunaren zaintzailea. Orduan bai saiatzen zinela zure irudia zaintzen.
MAKARREGI: Mirakulua dirudi horrelako pasealdi laburrak eman dizun argitasuna.
KARMENTXU: Pasealdi guztiak gaurkoa bezain atsegin eta interesgarri balira...
MAKARREGI: Dirudienez ingurua gogoko duzu...
(Inongo disimulorik gabe KARMENTXU Joxemariri zuzenduko zaio ondorengo hizketaldian).
KARMENTXU: Ze goxuak zeuden saltxitxa horiek pure txuri-txuri horrekin.
MAKARREGI: Niri berriz fideo-zopa iruditu zait lurrak garbitu ondorengo urarekin egina zegoela.
KARMENTXU: Eta oilasko ixter errea! Sekulakoa.
MAKARREGI: Fideo-zopak berriz, ez sustantzi eta ez ezer. Ezer ere ez zuen. Mila zopa gozatutako kainada-hezurra lapikoan sartu eta atera besterik ez dutela egin ematen zuen.
KARMENTXU: Nire flana bai zegoela biguina natarekin nahastuta... Eta zuk, zer moduz afaldu duzu Urrezaletti jauna?
A2-GIGOLO: Primeran, zuen konpainia atseginean...
KARMENTXU: Gure?
MAKARREGI: Konpaini batzu ezinbestekoak izaten dira...
KARMENTXU: Ezinbestekoa... heriotza ere ezinbestekoa izan ohi da...
(Bezeroek zer moduz afaldu duten interesatzeko sartzen da ZUZENDARIA).
A1-ZUZENDARIA: Zer moduz afaldu duzue?
KARMENTXU: Ederki.
MAKARREGI: Gaizki! (Korroskoa botatzen du).
KARMENTXU: Jesus, Maria eta Joseba, Fermin, har ezazu ur piska bat on egingo dizu eta...
A1-ZUZENDARIA: Bai, noski, eta hemengo urak gozatu ondorenean sentituko duzue zuen gorputza gaztetzen, zuen umorea alaitzen, bizitzaren oldarra zuen baitan nagusitzen, berriro ere. Beteluko Balnearioko uretan bainatu diren pertsonai, errege eta printzesak dira horren lekuko: Alpontso treze, Ronald Reagan, Felipe Gontzalez bere gobernuaren hamahirugarren krisia konpontzeko asmoz etorri zenean, horiek guztiak, eta orain zuek, Fermin eta Karmentxu Makarregi...
(MAKARREGI jauna lo gelditu denez, ZUZENDARIA diskretoki baztertzen da. GIGOLOak irratia ikusten du eta martxan jartzeko asmoz altxatzen da).
A1-BATISTA: Ez, ez, mesedez, ez dago hori ikuitzerik. Asko sentitzen dut baina badago balneario honetan zerbitzuari bakarrik erabiltzea dagokion hainbat gauza.
A2-GIGOLO: Ez da ezer, ez da ezer! Barkatu nire ausardia! Tresna elektriko hauek betidanik iruditu zaizkit misteriotsu xamarrak... Guk poetak ez daukagu gauza hauekin praktika gehiegirik, badakizu.
A1-BATISTA: Misteriotsu diozu? Ai nik kontatuko banu! Balneario hau isilpean eta giltzapean gorderiko sekretuz josia dago. Ai nik kontatuko banizu...
KARMENTXU: Oi, zein interesgarria!... Esan, esan, bai... asko gustatzen zaizkit gisa horretako istorioak... konta iezaguzu zure sekretoren bat! Guk ez diogu inori kontatuko! Zin dagizut!
A2-GIGOLO: Noski, noski, ez dugu ezer kontatuko.
A1-BATISTA: Ez dakit ba, ez nuke esan behar.
A2-GIGOLO: Pentsa ezazu, interesgarri balitz, edozein aldizkarik argitara lezake, nik ditudan influentziekin ez litzateke zaila izango... «Misteriotik at», «Interesgarria». «Muga ezezagunak», «Fikzioak»...
A1-BATISTA: A, bai? Konta, konta...
KARMENTXU: Nik Bilbotik Iruñeara eta Donostiatik Gasteiza kontatuko nuke, Club-etan, Gizarte Bilkuretan...
A1-BATISTA: Zuk uste duzu? Eta ni ere azalduko al nintzateke? Konta, konta...
A2-GIGOLO eta KARMENTXU: Ez, zuk konta!
A1-BATISTA: Noski, noski...
(Lehen Joxemari eserita zegoen mahaietan eseriko dira hirurak: GIGOLOa ezkerretara, KARMENTXU eskubitara, eta BATISTA erdian. Beste mahaiean MAKARREGI lo dago antza denez).
A1-BATISTA: Duela hogeitamar urte hemengo zuzendaria ez zen gaur egungo bera. Luis Ferdinand zuen izena, frantsesa beraz...
KARMENTXU: Frantsesa?
A1-BATISTA: Frantsesa, bai. Garai batean, hona etorri aurretik, Louis Ferdinand «Coco» Zale aktoresa ezagunarekin ezkonduta egon zen. «Coco»k Frantzian zehar, Europan zehar, gehiago esango nuke, munduan zehar mugitzen zuen bere «gorputza», barkatu, bere pertsona, arrakasta ikaragarriz, han eta hemen. Bihotzeko aldizkari guztietan agertzen zen, argazkiak, zinema... Beno, harira! Bitartean, Louis Ferdinand Parisen, lanean, paperez inguraturik, hamaika negozio eta espekulaziotan murgilduta, bainan... «Coco»rik gabe... Amorraturik. Hori ez zuen aguantatzen. Gainera, agertzen bazen ere, pare bat egunetarako besterik ez zen, eta modistekin frogak egin, festaren bat ez dakit zein Konteren etxean...
KARMENTXU: Hori bai dela suerte oneko emakumea. Bidaiak, koktelak...
A2-GIGOLO: Ez ezazula uste. Neketsua da bizimodu hori. Nik nahiago dut lasai bidaiatzea.
KARMENTXU: Bakarrik, Joxemari?
A2-GIGOLO: Bakarrik, edota bestela...
A1-BATISTA: Jarraituko dut ala... bestela banoa nire eginkizunetara.
A2-GIGOLO: Oi!, ez, ez! Mesedez. Barkatu. Jarrai ezazu!
KARMENTXU: Bai, bai, jarraitu, oraintxe hasi gara eta istorioa bizitzen...
A1-BATISTA: Erabaki gogor bat hartu zuen Louis Ferdinandek. «Gogorra bai, baina hartu beharrekoa!» zioen berekiko. Eta «Coco» berriro Parisera itzuli zenean, hil egin zuen. Hori ez da behinere ziurtatu... Poliziaren ikerketek ez zuten ezer argitu. Louis Ferdinandek ba zuen koartadarik. Bere izeba baten etxean igaro zuen gau osoa. Ja! Forenseak ere ez zuen gauza haundirik argitu... Modu bereziren batetan itota... arrastorik ez bait zegoen gorpuan... pozoin ezezagun batez... Louis Ferdinandi erabat ezberdina iruditu zitzaion bizitza, goizean, erdirekia zegoen leihotik haize freskoa sartu eta esnatu zenean. Eguzkia indartsuago, zerua argiago... kotxeak, hiriko zaratak, musika liluragarria... Baina ez zen beti horrela izan. Gau batez, gela guztian entzun zen barrealgarak esnatu zuen...
KARMENTXU: Barreak? Ze beldurra Joxemari!
A1-BATISTA: Gau bat, hurrengoa, eta hurrengoan ere. Ferdinandek ez zuen jaten, ez lorik egiten, darkarka, beldurra gorputzean sartuta...
KARMENTXU: Oi! Oi!
A1-BATISTA: Handik alde egin behar zuela eta, Europa guztian zehar ibili ondoren, hona etorri zen. Etxea gustatu zitzaion. Ingurua lasaitzat jo zuen. Terreno zabalak ere erosi zituen; eta hementxe finkatu zuen bere bizilekua, «Coco»ren mamua ahanzteko asmoz, baina!...
KARMENTXU: Baina... Zer?
A1-BATISTA: Baina ez zen dena erraza izan... Balnearioa moldatu zuen hurbil zegoen erreka batetik ura ekarriz, eta urte batzuk pakean igarotzea lortu zuen. Egun batean...
A2-GIGOLO eta KARMENTXU: Egun batean...?
A1-BATISTA: Arratsaldeak azkenengo minutuekin zer egin ez dakien une horietan gertatu zen...
A2-GIGOLO eta KARMENTXU: Zer gertatu zen?
A1-BATISTA: Gertatu behar zena.
KARMENTXU: Zer?
A1-BATISTA: «Coco»ren mamua agertu zitzaion!
(Une honetan KARMENTXU ondoezak jota geratuko da, eta Urrezalettik kasu egiten dion bitartean BATISTAk kontakizunarekin jarraituko du).
A1-BATISTA: Louis Ferdinard zuri-zuri agertu zen gosaltzera hurrengo goizean... ez zuen hitzik ere esan.
A2-GIGOLO: Karmentxu! Ura mesedez, ura, azkar! Lasaitu zaitez, Karmentxu. Edan ezazu.
(Karmentxuk edaten duen bitartean BATISTAk eta Urrezalettik begirada esankorra gurutzatuko dute).
KARMENTXU: Hobeto nago. Milesker.
A2-GIGOLO: Haize piska bat hartzera aterako gara lorategira?
KARMENTXU: Ez, nahiago dut hemen gelditu.
(BATISTAk irratia piztu eta musika aditzen da).
KARMENTXU: Eskerrik asko. Ze musika atsegina! Ze ederki! Dantzatzeak on egingo dit, baina...
(Lokuluska gozoan dagoen MAKARREGI begiratzen du).
A2-GIGOLO: Eta nirekin dantzatuko ai zenuke, Karmentx... Makarregi anderea?
KARMENTXU: Zoro zoro Joxemari, barkatu, Urrezaietti jauna.
(Dantzan hasten dira).
A2-GIGOLO: Karmentxu, oso ongi egiten duzu dantza.
KARMENTXU: Txoruaaa! Milesker...
A2-GIGOLO: Zuk bezain ongi dantza egiten duen emakume gutxi ezagutu dut.
KARMENTXU: Club-ean dantza ikastaro bereziak egin nituen... eta dagoeneko badakizu zein ikasle ona naizen. Bat batean sartzen zait erakusten didatena.
A2-GIGOLO: Ohartu naiz, Karmentxu, oso arina zarela gehien bat.
KARMENTXU: Beti esan ohi dut gorputza era egokian mantentzeko kirola, dantza eta, batez ere, maitasuna... direla gauzarik garrantzitsuenak.
A2-GIGOLO: Maitasuna, poetek bakarrik ulertzen dute maitasuna. Batzutan arazo asko sorrarazten du maitasunak... A!, eta zuk pentsatu ai duzu nola konpondu zure arazoa?
KARMENTXU: Pentsatu bai, baina adorea falta zait...
A2-GIGOLO: Adorea emateko gaude gu, poetok.
KARMENTXU: Begira ba ze aurkitu dudan gure gelako izkina batean.
A2-GIGOLO: Ea ba, «arratoi eta saguak hiltzeko pozoina». Eta noiz izango da?
KARMENTXU: BIHAR!
—ILUNA—
Bostgarren agerraldia
(Balenarioko piszina. Goizeko hamaikak eta hogeitabi. Joseba eta Karmentxu, lehena arrantzan, bigarrena adiskideentzako postalak prestatzen. Haserre, bart gauekoagatik...).
KARMENTXU: Oporretan eskutitzak eta postalak idaztea da gehien gustatzen zaidana. Gogoratzen Bilboko kafetegi eder hartatik Mirentxuri bidali geniona? Hura izan zen bidaia ederra! Beti egon ohi zen jairen bat antolatzeko aitzakia. (geldiunea) Hau Jose Antonio eta Karmelerentzat, gure ohizko postala jasoko ez balute sentituko lukete eta. (geldiunea) Ze, Fermin? Zerbait harrapatu ai duzu? (geldiunea) Ez? Entrenamendu falta.
MAKARREGI: Ixo! Arrainek alde egiten badute zure erruz izango da. Lagun artean diogun bezala: «bai ehizean, bai arrantzan, emakumeak hobe pasian».
KARMENTXU: Eta Aralarreko ermitan izan ginenean... gogoratzen al dituzu kate haundi horiek? Ze inpresioa! (geldiunea) Komunikabide hau izugarria da; batzutan, honelako paper bat hartu eta nobela bat irakurtzen ari zarela senti dezakezu.
MAKARREGI: Zaude isilik! Balnearioko zulo galduenean ere lasai egoterik ez!
KARMENTXU: Entzun Fermin, honelako zerbait da Lionari idatzi diodana:
«Betelu (obra ematen den eguna)
Kaixo, bihotzeko lagun maitea!
Hementxe gaude, mendi artean. Lekuak zerikusi gutxi dauka zuk kontatu zenidanarekin. Funtsezko aldaketak direla medio, hoteltxo zikin bat izatetik balneario galanta izatera iritsi da. Suizakoen parekoa.
Orain ibai ondoan gaude, Fermin arrantzan ari da... badakizu... Bestalde, zerbitzua apain eta garbia da, ez dugu kexatzeko ziorik, hasiera-hasieratik hemengo zerbitzariek tratu atsegina eskeini digute.
Poeta famatu bat dugu auzokidetzat... Badut itzuleran nahiko gauza kontatzeko...
Besterik gabe agurtzen zaitugu.
Bi muxu, Fermin eta Karmentxu.
MAKARREGI: Aatxiss!!
KARMENTXU: Hoztu egingo zarela Fermin! Begira, pasmobelarrak jasoko ditut eta gero inpusio bat preparatuko dizut.
MAKARREGI: Ez!
KARMENTXU: Zergatik ez, Fermin?
MAKARREGI: Ez dudalako nahi. nahiago nuke nik beste belarren bat!
(Eskubiko aldetik Abdull sartuko da bere salgaiak promozionatuz).
A1-ABDULL: Tabakoa, whiskya, opioa, piko-koxkorrak, harritxoak, anfetak, eLe-eSe-De, heroina!!! Tabakoa, whiskya, opioa...
MAKARREGI: Hona! Zatoz!
A1-ABDULL: Aspaldiko Makarregi! Ze zabiltza? Betikoa nahi duzu, ezta?
MAKARREGI: Ejem, bueno, nik, ba, ez, ez...
A1-ABDULL: Nola, ja ez duzuia esnifatzen? Presidenteak eta horiek baino doblea sartzen zenuen zuk eta?
MAKARREGI: Bai, eta uste nuen nire muturgogorrak aguantatuko zuela, baina tren horretan ibiliz gero badakizu, segituan biguintzen dira denak eta nire sudurra platinozko errefuertzo baten beharrean ikusi nuenean... uztea erabaki nuen.
KARMENTXU: Eta ongi egin zenuen! Zoaz, zoaz eskolatik ateratzen diren haurrak engainatzera, ale, ale! Eta gu, hementxe, lasai lasai egongo gara, e?
(Abdull-ek alde egin eta Zerbitzaria sartuko da bandeja batetan bi basokada ur dakartzalarik).
A1-BATISTA: Egun on jaun-andreak, hemen dakarkizuet hamaika t’erdietako ur razioa.
KARMENTXU: Oi! Ze ederki, utzi, utzi hortxe eta konponduko gara gu.
(Lehen Joxemariri erakutsitako poltsatxoa atera eta basoetako batetara botako du, kontu haundiz).
KARMENTXU: Hartu, Fermin, hemen duzu zure ura...
MAKARREGI: Ez!
KARMENTXU: Zergatik ez ba, Fermin?
(Une honetan arraia batek Ferminen kainaberaren amua hozkatu duela dirudi, Karmentxu laguntzera hurbiltzen delarik salabardoa eskutan hartuta).
MAKARREGI: Ez dudalako nahi, ura gorrotatzen dut, ezin dut ikusi ere egin; gainera, oraintxe hartu dugu hamaiketakoa, eta dijestioa bukatu gabe daukat, ura edanez ziur hilko nintzatekeela, ez zait gustatzen, ez dut nahi, ez eta ez, ez!
(Laguntza lanetan dabilen KARMENTXU MAKARREGIren atzean suertatu da, eta hau aulkitik altxa delarik oreka zailean egonik, salabardoaz bultzadatxoa ematea besterik ez dauka piszinara eror dadin).
MAKARREGI: Karmentxu! Karmentxu! Dijestioa! Ai ama, hilko naizela, itoko naizela, hilk... glu, glu, glu...
(KARMENTXUren aurpegian aingerutxoen irribarrea nabarmenduko da eta erditrantzean ondorengo testua esango du):
KARMENTXU: Maitasuna zirujano bat da
Maitasunak zure gorputzean ebaki dezake
bisturi batek bezala.
Bihotzetik gertu eragiten du
eta larrugorritan utz zaitzake...
Ez didazu sinisten, ezta?
Badakit.
Zure azala, ibiltzeko era, dena alda dezake.
Amodioarentzat ez dago pozimarik
zirujanoaren bisturia izan ezik.
—ILUNA—