Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

—9—

 

Itsasbeherak agerian utzi ibaiaren hondo zoragarriari ahuspeztuak geunden, «GazteArtea, zortzigarren eguna» izenarekin antolatu nahi genuen arroaren garbiketa posible izanen ote zen zalantzatzen, nola jaso genezakeen azpiak lertzopean atxikitzen zuen hainbeste tangart lehertu ohol usteldu teila puskatu lastaira herdoildu neumatiko zartatu.

        — Hau dena txukunduko bagenu, arraina sartuko huke berriz.

        — Garbitutakoan ahateak jarriko dizkiagu, egiten ari dituk beste leku batzuetan.

        — Ikustak azpiko basatza horren kolorea, azpi horrek zianuroa ere isurtzen dik.

        Zeu heldu zinen, kamerarik gabe. Oraino argi leun samarra zegoela, ordu bete beranduago hobeki hartuko zenituela.

        — Kontraste bortitzak behar ditu material honek.

        Bazenituela lehendik eginiko batzuk, baina ahulak zirela.

        — Argi egokiagoa ez dakit, denbora gutxiago bai, ordu bete barru mareajea mugitzen hasia izango da.

        Alde egin zenigun presaka behar zenuen pelikula mota erostera, herrian ez zeukaten.

        — Muturtuta al zagozte?

        Buruan geratu zitzaizkidan zure hitzak, arroa deitoragarriari nengoen: errealitate honek kontraste handia behar du.

        — Zer esango zenukete zisne bat azalduko balitz hemen, gure ibaian gora, zisne eder bat bere lepo intelektualarekin.

        — Puta, itzali gabe bota behar nian.

        Petrilaren kontra zanpatu zuen ongi itzaltzeko Txurdok, ballet pose bat hartuz Rodtxenkoz beteriko basatza hartara jaurti baino lehen.

        — Leherketa bat probokatzeko ere...

        — Ez al duzue uste gorrotagarria izango zela?

        Yate zuri bat gure txatar lupeztuaren erdian, kontrastea zen.

        — Ez liokete kutsatzeko astirik emango, lepoa bihurrituko liokete kazuelarako.

        Edo Elle ikusgarri zeukan mahaitxoa gure herriko ibaiaren hondoan.

        Edo mahoizko prakak larru zuriko sofa batean.

        Hirugarren eskuko zure auto gorri zarpailean iragan zinen ondotik, bozina bitan joz. Stopean gelditu gabe sartu zinen errepide nagusian beti bezala Errenteria aldera, hantxe suntsitu zinen nire begi bistatik betirako. Buruan geratu zitzaidan kontraste bortitzean islatu beharrak ginelakoa.

        — Entzuten al duzue?

 

 

Porru piper tomate gazta lapin arrautza oilasko artean ari zen xaramelaka, zangoekin marmita hutsei joka, zoro, gabardina luzea soinean, esneketarietarik harakinengana arrandegitik frutategira pozarren, gure txaloei erritmoa markatuz, txaloka jarri gintuen, zoro pozarren Bixarberde, izerdi batean, ahosoinuari katu marrakak sorraraziz desafinatu landuetan, kitarra arma harturik, akorde tiroketak, hitz lakarrak, erakutsi bat.

        — Horrek zer edo zer hartu dik!

        — Ez dik behar, berezkoa zaukak!

        Sosen bat edo beste uzten zioten etxekoandreek berduraren aulki luzearen ertzean, irteterakoan «Gizajoa!» marmarikatzen zutela, «Doriren semea, zeinek esan!». Berria zen interpretatzen zuena, berak sortua izan zitekeen, guk behintzat ez genion inoren tankerarik hartu, ezin esan ahalako amorruan murduskatzen zituen esaldi haiek ez ziren euskal kantarienak. Bazeukan uste ez genuen malgutasuna, arkupeetan erakusten ez zuen alderdia ezagutu genion show hartan, bazekien mikatza sortzen ematen, zurbil blai zimelkote. Ezin izan genion debekatu gure buruari GazteArteak antolatzeko talenturik ukan ez zuen probokazio polita, aurkezpen publiko hura bazen gure gaizki esan guztien ezeztatzea ere, neuk zaukaat artea aho-eskuetan, zer uste duk Pi de la Serra.

        — Kantari ikasi duk!

        Bixarberdek ukondotik hartu ninduen, Gorkaren ahots beldurgarriari ez entzun eginik lagunetarik lekutu ninduen ibaiaz haraindiko atelierretarantz.

        — Ez utzi idazteari!

        Kasete bat atera zuen gabardinaren ezkerreko leizetik.

        — Eguberrirako aterako duk, nire lehen diska.

        Eskerrak eman gabe hartu nuen, hunkitua nindukan bere karrak, lehen aldia zuen niri euskaraz, orduan jabetu nintzen hitz haiek zein hizkuntzatan esanak ziren.

        — Ez al didak beste hau kendu behar?

        Nire koaderno frantsesa jaso zuen bere irriaren ondora. Ez, ez neukan ebatsi zidan hartara itzultzeko gogorik.

        — Hobea duk erretzeko.

        Kopetako tantak xukatu zituen atzamar azkazaldu harekin. Seriostu egin zen, luzatu egin zidan, behartu egin nahi ninduen.

        — Ez hadila horren harroa izan!

        Hobetu egin nahi nuen, sentimentalismoa gainditu, idatzia neukan guztia gertatzen zitzaidan leun ahul epel. Sorbaldan zintzilikatu zidan besoa, gauza serioei buruz hitz egiteko usadio zaharrean: denek eskegitzen zizkidaten aholkuak sorbaldako kakoan, denek ezagutzen zuten herria, denek zekiten zein zen politika zuzena.

        — Ez utzi euskaraz idazteari!

        — Oraindik ez nauk hasi idazten.

        Harroa nintzen, bai, zer edo zertara iritsi nahi nuen. Gabardinaren lepoa jaso zuen, eguzkiak sama erre ez ziezaion.

        — Putakume gehiegi zagok oraindikanen euskaldunen artean, ezin diok laga euskaraz idazteari!

        Ostera ere pintaketa faxistez betea azaldua zen kostako trenaren biaduktuaren azpitik heldu zitzaigun gero bere musika, anbulatorio berriaren ingurutik, fonderiako espaloitik zimitoriotik frontoitik nortekoaren geltokitik elizako eskaileretarik. Egun osoa eman zuen bere albuma aurkezten. Berritasun hura blues zaharra zela esan zigun Antxonek, zaharra baina pertsonala Bixarberderen bertsioan.

 

 

Erre egin behar nukeen koadernoa, Bixarberderen omenez eskerrez. Baroneneko baratzean, Silver Match batekin. Baina etxera eraman nuen, Pi de la Serraren posterra kontzertuko sarrera batekin pareta ezin zuriagoan ipinia neukan gela xumera. Zabaldu egin nuen. Testu asko notaz apainduak zeuden, osorik musikatuak, lapitzezko oharrak zeuzkaten eginak alboetan, hitz batzuk azpimarratuak, beste zenbait urratuak, galderak harridurak tarteka. Lanean aritua zen ibai hondo lupeztu haren gainean. Zabaldu ez banu ere, menturaz, ez nukeen erreko. Atzean uzten ari nintzen bizitu baten lekukoa zen, interesgarria izan zitekeen gerokoren batetik ordukoa nola sentitu nuen ikustea, gaztea nintzenekoak, intelektuala. Banekien un can morto neukala barruan, usteltzen hasia, gogoa pozoitzen zidana. Samurra zen eginahal haiek denak ukatzea, ezer berritan abiatzea zen gaitzena, baina baneukan uste hori, gerokoren batera iritsiko nintzela, gailenduko nintzela erdikeriari, onik jalgikoetarik izanen nintzela.

        Aleksandrak lehendik gaztigatua zidan moduan, grabatu egin zuen poemerdi hura, nik ezarria nion Campari ez baina Irauten duen bakarra izen hanpatuaz, hanpatua iritzi nion lehen irakurrian. Berrizko berriz entzun nuen arrebak betirako utzitako Philips 2204A recorder dotorean, zenbat ordu eman ote nituen metrika bereko beste zerik sortzeko saiotan, baina geroz txarragokoak iruditu zitzaizkidan denak, arrunt zama astuna zeukan zakur hilak.

        — Letra hobea merezi dik hire musikak.

        Baina ukondoa erakusten zidan, isil nendila ergelkeriarik esan gabe.

        Argitaratu zuen bigarren diskan, Bixarberde-n, beste bertsio bat egin zuen xirula erantsiz, horrek argiago erakutsi zuen letrak ez zeukan mailakoa zela doinua, alferrik saiatu nintzela, doinuak ematen zuela kantagarritasuna, ez hitzak: entzun haizetan, mendebal aldetik, nola datorren erantzunaaa...

        Kontzertua hasi aurretik Bixarberdek bi kantu joko zituela adostu genuen Pi de la Serrarekin kamerinoan bertan, Maitaneren aginduetara festetako buruhandiak gordetzen ziren gela ilun zuritu argitu apaindu hornitu hartan, baina ez zen azaldu, ezin izan genuen lokalizatu. Nahitara egin ote zuen. Bizkaian barrena ibili zen udazkenean, ezagun samarra egin zen musikari portutarraren gabardina, Rikardok ere halaxe marraztu zuen diskaren azalean, haizeak harrotzen zuen sotana laiko hartan galdu kukutu babestu printze txipia. Mitinaurreko asko egin zituen osatu berria zeukan Blak & Baltz taldearekin, handik hona ibili zen besteren grabaketetan musikari. Baina inoizka ikusten genuelarik ezin isildua zitzaigun zer gertatzen zaiok mutil honi. Hotsa hedatu zen, ez dakit nork sortua, eritasun psikiko larria zeukala, umetako traumaren batek jaten zizkiola masailak. Artista bati, arima minbera bati zegokion gaitza zen, askok sinetsi zuten.

        «Geldi hor!».

        «Jaitsi zaitez segituan!».

        Hilabete batzuk lehenago gertatu izan balitzait, tiroz josia geratuko nintzen langile eraildu kargaderoaren burdinen artean zintzilik, Marilu bezala odoletan familia solidario baten sukaldean izter zabal, izter zabal harategiko kakoan.

        «Hoa hemendik, ergel alaena!».

        Zanpaketa molde berriak ari ziren antolatzen, isilak sakonak luzekoak, diru-emangarriak, guri tiroka jardun behar izan gabeko sastakai luzeak. Portuko komisaldegitik noranahi zabaltzen hasiak ziren gorotz gozoa, garunaren liberatzea ekartzen zuena surrounded by horses. Orduan asaldatu zen herria, orduan jakin zen Bixarberde xarmatzaile handiari zerk zimurtu zion arnasa gabardina beste, Barral, Maitane, Roberto bezalakoak, horses, onenetarik, horses, hondatzen hasi zirenean her hand inside their cranium. Orduan bestelako gardentasun batean positibatu zitzaizkidan zure gaueko ibiliak, kargaderora joan behar hura, portuko guarden txandak zelatatzea, bokalea Boga-Bogatik kontrolatzea txalupen joan-etorria prismatikoetan, batere artistikoak ez ziren argazki batzuk. Orduan konprenitu nuen ezer ez egiteko agindua, oker genbiltzan gure peskizetan, bazenekiten zein izan ziren gure margoen gure hitzen Marilu guztien bortxatzaileak, zuk zenekien, Manuk zekien, Bixarberderen kontzertuekin bateratsuko atentatu sail hura hasi baino lehen konprenitu nuen.

        Nolabait ere, beti maite izanen zaitut.

        Izoztu haiengatik.

        Min eman zidan zuk ni horrela erabiliak. Agian ez nintzen inozo baliagarri bat izan, ez hori bakarrik behintzat zenbait lotan zenbait ametsetan. Baina nire rola Manuk hasiera batetik zekielako susmo zornetsu honek ematen dit minik handiena.

        Gizonezkoa izan ninteke.

        Dialektikak ez daki oinez.

        Jausi, jaiki, jakin, damuak ez du ezer aldatuko.

 

 

Azalean Basque Country zeukan paratua, ez zuen ez Spain ez España ageri. Igorlea, Jokin Alberro, Brixton, Jebb Avenue, London, SW2 5XF. Antxonengana jo nuen zainetakoa askatu nahirik. Agure bati kataplasma ezin esplikaturik ari zen, paperean idatzi zion dena.

        — Emaiozu hau zure emazteari, hark prestatuko dizu ondo.

        Hiru bat emakumezko sartu ziren eztulka, usinka. Gutuna utzi nion irakurtzeko, azalduko nintzela geroago. Trenbide aldera jo nuen, desmontatzen ari ziren mineralaren kargaderoari beha geratu nintzen. Gauean indarra kenduko zuten burdinbideen gaineko zatia eraisteko, katenariak jaitsirik. Etortzea asmotu zitzaidan. Koadernoa erretzea baino adierazkorragoa zen hura, bai, etorri eginen nintzen suntsimendu haren lekuko izatera, morbozale, gure auzo liberatuaren ikurraren hondamena.

        — Larri zagok, ezta?

        Baietz egin zidan Antxonek, irakurria zeukan.

        — Galdeiok anaiari, Brixton hori non den, metroa edo ote daukan.

        — Familiak ba al daki?

        Zaila egiten zitzaidan Bixarberde familia batekin lotzea. Hiriburuko mugan bizi ziren lorategia zeukan etxe bikain batean, Dori-Enean, ezagutzen nituen, nork ez, orduan ohartu nintzen ez nuela kasik inoiz ikusi gurasoekin, ez zeukan seniderik.

        — Ni ez nauk joango semearen berri ematera.

        «Epaiketaren esperoan. IRAko batzuk zegoztek, abesbatza sortu diagu. Besarkada bat. Gora Euskadi Askatuta. BixarB. Neke haundia».

        Lapitzez, gorriz, dardaraka idatzia, lerroak biribilean. Metrailetak, txalupak, gurutzebikoak, lauburuak. Umetu baten lana iruditzen zait egun ere, dena handi, oker.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus