Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

—3—

 

Autobusean oina ipini baikoz uxatu ezineko kiratsa sartzen zen gurekin batera, gesal ustel, haizeak idortu aitzin bakailaoak gatzetan hartzen duenarena, azpiko zurietarainoko langarra, dutxatu ondoren ere sudurraren oroitegian zoko hartzen duena.

        — Zer egin behar duk gero?

        — Ezer berezirik ez, Errenteriara joateko asmoa diat.

        Haserre guregana jendea, bestek jasan behar lukeen hitzik egiteko eskubiderik ez geneukala adieraztearren, nahikoa dugu dakarzuen kiratsarekin zuek zurruta eginik zatozte.

        — Bakarrak ez hau sosegatzen, ala?

        — Gorka, ez zakiat zertaz ari haizen.

        — Gustatzen zaidak, niri ere gustatzen zaidak Marilu hori.

        Laster hasiko zitzaidan bere sexu lanindarraren plusbaliaz.

        — Marilu ere gustatzen zaik beraz.

        Algara egin zuen, Ternuatik arribatu berria zen baforearen bodega bihurtu zuen autobusa, alferrik zuten leihoak zabaltzea, algara hura kiratsaren trumoia zen.

        — Aizu, zakur hil bat dago geltokian. Begira, hortxe.

        Gidariari, baina denok entzuteko, erresuminez, poltsa hanpatu bana ukondoetan zintzilik emakumeak, un can morto, galego garbian. Bolanteari kendu, erregu eginez zabaldu zituen eskuak gidariak, hitzik behar ez zuen ezintasunaren antzezpena.

        — Atzo ere hor zegoen.

        Leihoetarik, oraino zabalik geneuzkan ateetarik, zirrituetarik, isiltasunak lekua hustera behartu zuen bakailaoaren kiratsa: baga handia kareleko begian behera negarrez.

        — Zer nahi duzu egitea, zakur hila autobusean eramatea?

        Sakondura tristeenetik zetorren durundioa «Bai!» hura, hesteetarik hesteetarainokoa Gorkaren ahotsa, ozen, higuin, tamalgarri.

        — Zer? Nork esan du hori?

        Sabaiko hagetarik zintzilik zeuden larruzko heldugarriei utzi, gorputzetara bildu ziren besoak, agurra amaituriko soldadu samalda.

        Hau hasi besterik ez da egin.

        Lanak baraurik irentsi ez gaitzan.

        Gure amak zakur zapartatuen gainetik jauzika.

        Gidaria zutik, atzera beha, guri, bidaiari guztiak guri, guztiak, baina Gorkak bereari ostera, pokerka ateratzen zituela hitzak bere leize sakonetik.

        — Zeuk harrapatu zenuen, zakurrak berak esan zidan atzo. Seietakoa izan da, esan zidan, txofer hori izan da, mentazko karamelu puska bat daukana ezkerreko nagian.

        Zolara beha ni, «Isilduko ahal haiz!» esateko kemenik gabe, Txurdo emakumeei buruz bezain zabar Gorka, edana baino ozarrago. Laguna bertan lagako ez ote nuenetz begiz begi neukan zakur hila besarkatzera oldartzeko nengoela abiatu zen trolebusa ateak zarraturik. Atzealdera hurbildu zen atsoa, jesartzeko leku bila.

        — Ez dakit eskerrak eman behar dizkizudan, ez dakit.

        Hura ere denek ulertu zuten, Gorkak emakumearena txantxetan hartu zuela usteko zuten, os cans non falan. Ez genuen beste hitzik egin. Apurka, bakailao kiratsaren baga handiak hartu zuen ostera autobusaren barrena. Kopeta zimurturik behatzen zidan Gorkak, matelezurra nabarmenduz. Nire lepoa triskatzen ari zen haginen artean, karraskotsa entzuten nion.

        — Adio, anderea. Gogor, gidari lotsagaldu hauei!

        Jaitsi ginen, txoferrak bozina jo zigun, guregana egin zuen hatz. Zaflada bi eman zizkion bere buruari eskuin aldeko masaila jasorik. Baiki, horixe ginen, azal gogorreko alprojak.

        — Hi, lagunak laguntza eskatzen duenean lagundu egin behar zaiok.

        Trolebusean ginelarik burua makurtu nuen, ez nion ukatuko.

        — Eskatu al dit ba?

        Gorkaren esana poker batean berriro, hodi zabalaren hondorik ilunenetik zetorren durundio lupeztua.

        — Eskatu gabe ikusten ez duena, ez duk laguna.

        Plazara baino lehen despeditu ginen, trenaren biaduktu ondoan bizi zen, erratza gider betera zeukan bere logelako leihotik.

        — Ordu erdi barru elizatzean.

        Kultura berezikoa zen, gauza bitxiak irakurria, entziklopediak, osaba anarkista bat zeukan Pauben gerraz geroztik besterriratua, maiz samar egiten zituen egonaldiak haren etxean, frantsesez madarikatzen zuen haserretzen zenetan, liburuak pasatzen zizkidan. Elizatzeko elkartean egin ginen lagun, pin-ponean, mendi irteeretan, formakuntza sozialeko bileretan, portuko deskargan. Erakutsi izan zizkidan bere marrazki linealak, geometria ederrak asmatzen zituen konpasarekin.

 

 

Ez genuen musikarik ilunabar hartan, Bixarberdek huts egin zuen bere kontzertu publikoa, bestela harengana hurbilduko nintzen, zimitoriora, burgoi iragaiteko, gor, eztikeria haietan liluratzen zirenen ondotik nabarmen gozakaitz. Eguraldi oneko arratsaldeetan neskak biltzen ziren ibai ondoko aulki berrietarik barrena joan nintzen, alferrik. Gure neskak gure herriko neskak, gureak. Frontoian zebiltzan lasterka motelean Maitane Laura Josebe, eskubaloiko taldearen entrenamendua zuten. Haiei beha zegoen Gorka, gazteon elkartea izanaren aurrean.

        — Goazen! Heu aurretik, barrura!

        Giltzatu egin zuen ostera, argiak piztu zituen.

        — Nondik daukak hik...?

        Elizazpiko geletara katakunba gisa zihoan karrajo luzean barneratu ninduen, margotu berriaren usaina zetorren paretetarik. Leloak, astero onena denon artean hautaturik paretetan garrasi marrazten genituenak, «Gu aldatu guk aldatzeko», «Epelei, sua» haiek ezabatzen hasiak ziren isiltasun zuri baten azpian.

        — Bertan lagako diat hau.

        «Gezurra da, ez dago kristaua izateko beste modurik» erakutsi zidan margotu berriaren bazter batean, azpian «1977-VI-16» zeukan datatua, berak egina noski bezperan.

        — Heu ari al haiz zerrikeria honetan?

        Kartoizko kutxaz betea zegoen Zugarramurdi Mintegia, gure sorginek erabiltzen zuten gela. Principios fundamentales de filosofía, Uhin berria, Conocimiento sexual de la mujer, Gero, No-violencia y objeción de conciencia, La hora 25, Creer es comprometerse... Bost urte lehenago liluratu gintuzten testuak ziren haiek, baina tartean Egunero hasten delako ikusi nuen, Euskal Harria-ren lehen edizioa, Ibarrolaren grabatuak zeuzkana, Dostoievskiren obra guztien lau ale, Buenos Airesen argitaraturiko Brechten antzerkiak.

        — Nondik azaldu dira hauek?

        — Elkarteetako liburutegiak hustu dizkitek, dena hemen pilatzen ari dituk. Apaiztegira eramango dutela esan zidak Luisek.

        — Berak utzi al dik giltza?

        — Paretak zurituko nituen eskatu zidaken.

        — Luisek?

        — Orain posible omen duk politika agerian egitea, elizak lan espirituala egin behar dik aurrerantzean. C'est un pédale raté!

        Beste pareta bat erakutsi zidan.

        «Guk aldatu denok aldatzeko».

        Brosa latzean, handi, azalera osoa hartzen zuela. Harro zegoen. Baina ziur nintzen hura ere ezabatu eginen zuela, bete eginen zuela Luisi eman hitza. Lantegietako sasiko batzordeak txoko hartan bertan bilduak ginen sarritan, karranpatu egin izan zitzaigun besoa vietnamitan trakak inprimatzen, gure liturgia santua zapalduenganako elkartasuna zela esaten zigun, ahotan zeukan beti, inon izatekotan zapalduen artean aurkituko genuela jainkoa, batzordea joan zitzaionekoa defini zedin. Aurkitzen ez bagenuen ere hantxe zela, zapalduen esku lehertuetan, askatasunaren bandera zikina. Bazekien gu nola, bandera zikina askatasunarena.

        — Ez duk langile bat, apaiza duk, ez dik sotana kentzen azula jantzitakoan ere.

        — Orduan, zer duk cette merde, Gorka?

        Berak ez zeukala zerikusirik nahi nuen entzun.

        — Astean bitan etorri nauk, zati bat margotu diat aldiro. Uste nian Luisek itxura egingo zuela, berriz zabalduko zuela elkartea, beste moduren batean.

        — Beste moduren batean? Traidore zikina esaten ditekenean heure alde azaltzeko ekarri nauk hona!

        Zokora egin zuen keinu.

        — Bion artean, lau sartualditan eraman genezakek interesgarriena. Nik bakarrik ezin diat, susmoa hartuko zidak gehiegi luzatzen banauk.

        Kirol poltsa bat zeukan tanta zuriko arroparekin, gordegi egokia liburuak ateratzeko. Ezetz esaten zidan barrenak, herriko gazteriak berritu zuen elkartearen lapurretan kolaboratuko genuela. Hezetasunak harturiko leizea zen hura gaineko gisuztatu zabarra harroturik harria agerian utzi genuen arte, nolako kriket gero, gure neskek linaza olioarekin distiran sorgindua. Tronpatu egin gintuzten, erabili egin gintuzten. Baina batez ere elkarte klausuratuan horrela sartu izana nintzen damu, Gorkak zelata batean harrapatu nahi ninduen bere burua zuritzearren, gaiztoa zen lakioan.

        — Nora hoa?

 

 

Antzinako eran zaindua zegoen, zinkerainoko serpentina zeukan kañetarako, bere gainarekin ateratzen zuten, garagardo bana bermeotarrarenean. Hantxe goiko apalean Campari handi hura, trainerukoen arraun sinatuaren azpian, apaingarri. Zigarroa erre bitartean futbolari buruz, ez neukan Gorkari zinezko hitzik egiteko gogorik.

        — Baina kanpoko paretetan ere egin behar dizkiat pintaketa batzuk.

        — Katolikoa izateko moduaz? Adarrik ez!

        — Apaiz puta bat haiz, Luis. Horixe pintatuko diat herri osoan.

        Begietara, esan hutsez jasoko ez zuena aztarrendu nahirik, nire begiak triskatzen sudur hegalak zabal, transatlantiko baten airemangak.

        — Ez dik merezi, propaganda egin behar diok.

        Erdeinuzko eztula egin zuen.

        — Okerrena duk... Lana lortu zidak fonderian, lanpostu fijoa. Datorren astean hasiko nauk.

        Besteok ezagutzen ez genuen harreman ilun triste azpiko bat zeukatela biek pentsatu nuen. Bigarren garagardo bana agindu zuen godaletak herrestan urruntzen zituela zinkaren bustian.

        Milaka mailu paranoiko hire hitzak moldeatzen.

        Gaizki moztu bizarrak estilorik egiten ez duen infernuan.

        Kontradikzio guztien metaketa.

        La Voz de España-n txukun bildutako bat atera zuen sakelatik mustaxa ezpain barruan hartzen zuela garagardoaren gaina hurrupatzeko.

        — Hiretzako.

        — Zabaldu al nezakek hemen?

        Horretarako eman zidan, nolako begitartea egiten nion ikusi nahi zuen.

        — Herbert Marcuse...!

        Libidoa, kontsumoa, beharrezkoak ez diren premiak, gogamena apetentzia sistema hutsa bihurtu nahi duen boterearen metodoak, alderdi bakarreko gizakia, gau eskolako ikasleen artean ere eskuz esku zebiltzan apunteak, modako pentsalaria zen, ironia. Itxi nuen ostera. Neure buruari beha geratu nintzen, polizia hark besoarekin samatik oraturik zeukan gaztetxo matxinatua ni, zuek hil duzue Rosa Luxemburg oihuka Berlinen, azaleko Sociedad carnívora hitzen gainean.

        — Horrelako material asko zagok hor barruan.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus