1990eko otsailak 19
Hiri handiko ibilbide jendetsu batean zehar nabil, jende askorekin topo eginez, ezezagunak denak, adin ezberdinetakoak, sexu eta itxura ezberdinetakoak, aurpegiera ezberdinetakoak. Nork bere eguneroko pertsonala idazten duela irudikatzen dut, tarteka, ezkutuan, esaldirik ederrenak eta zakarrenak josiz eta askatuz, bere izatearen muinik muinena utziz bertan, mundutik arrasto eder eta propioa, nork bere-berea, utzita joango direlako itxaropenetan. Hiri honetan munduko literaturarik oparo eta onena ari da idazten jendea, jende guztia, eta inor ez da horretaz ohartzen ari, une honetantxe neu izan ezik.
© Juan Luis Zabala