Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Amsterdam

 

Badakarte Catharina, hementxe dator, zatoz, esteka zaitzatela neure begipean, horrela, ederki Catharina, zu lasai, lan honetan nauzu ni entregu, ordu guti batzuen afera izanen da, ongi, ea sabel hori, bai, espero zitekeena da, aizu, zuk ez duzu oraiko hau hemen sartzen zaren lehen aldia, nik zu ezagutzen zaitut, bai, zure izen hori, Catharina, lau ordu beharko ditugu lan honi akabaila emateko, tira ba, prest zaudete denok noski, ados, jakin ezazue nik egitekoak geldiro burutzea dudala laket, bortz ordu hobe, banoa beraz, kasu eman hor, kasu beheko horiek, beha ezazue, ikusi nola ateratzen dudan umea Catharinaren sabeletik, zeinen airoski jasotzen dudan, zeinen garbi, ikas ezazue, hor duzue, poliki, kuidadito pintura harrotu kablea kentzean, ederki, ikasten ari dira gainera tipulano hok, gogorra izanen litzateke denak bertan zamaketari gelditzea, bigarren traktorea ikusten diot ordea, egon, egizue leku hau ere ateratzeko, ken hadi bagonaren gaineko hori, alde egin ezak azpian harrapatzea nahi ez baduk, ongi, kuidadito mazaduraren bat egin paretatik sobera hurbil kokatu nahi izateagatik, zorionak, horrela askatzen da kakoa, ikasten ari zarete, beha ezazue niregana bai, beha zeinen harro egiten dudan eguneko lehen pausalditxoa, kafe zakuak gero aterako dizkiot, badaukazue zer ikasi, zoazte paleen bila, azpian dakartzan paper-pasta fardoak hondarrean kenduko dizkiot, nongoa zara Catharina, txipretarra edo suediarra edo panamarra, uste dut zazpi ordu botatuko ditugula hau dena husten, ilunduko zaizue, niri ez manatu presaka aritzeko, egia erranen badut lanera etorri gabe egon behar nuke, Eustakiorekin eta gainerakoekin bat eginda, zuek ez bezala. Ez, zuk ez didazu erranen baina nik badakit zu ez zarela ez txipretarra ez suediarra ez panamarra, Catharina Nauwelaerts zara zu, holandarra, hemen orai berean guri ur freskoa ematera azaldu behar lukeen langilea hil zenuena, mespretxuz hil. Edo liluraz. Liluratua zaituenak ematen ahal dizu minik handiena. Zaude hor lotua, ikusi zaitudaneko hauteman dut Catharina hura bera zarela, hiltzailea. Bai, bai, hiltzailea. Zuek ez zeundeten orduan hemen, zuek ezin duzue jakin izen horrek hona ekartzen digun dolua. Horratx, nire bertebrak zertxobait lasaitzeko tenorea dut, burua altxatu eta non nagoen ikusteko aukera. Zenbaitetan Catharina edo Angelos edo Franklin edo Porfirio ikusten dut urruntzen edo sartzen, bertze zenbaitetan antxetak ikusten ditut neure parean hegaldaka, eta orduan badakit eguraldiak txarrera eginen duela, antxetak dira barometrorik onena. Bertze aunitzetan bezala, urketaria azaldu da nire oroitean. Egunero gertatzen zait, beti ikusten dut gaztelu zaharreko iturrirantz doala arraunean, edo itzulian datorrela, burua jaso eta behakoa luzatzen dudalarikan.

        — Erria!

        Zamaketari zebilela min hartuta maingu gelditu zelakotz eman omen zioten lan hura, ez dakit, hala erraten zuten, urgun eginagatik berdin heltzen ahal zion palari, nik uste. Bodegako hautsetan izerditzen diren zamaketariei ura ematera igaten zenean ez zen harritzekoa ikustea eleketan baforeko nornahirekin, axola zitzaion hari jakaduna izatea, edo kapitaina. Ahalkearen arrastorik ez zeukan mutiko hark, bazuen denendako trufaren bat, zamaketariek begiko zuten, portuko langile guztiok genuen jostailu. Pailoten motoraren txanel auxiliarra hartzen zuen inori baimenik galdatu gabe eta portuko bertze muturreraino abiatzen zen, gaztelu zaharraren puskailen azpian dagoen iturriraino. Hangoa dugu, doike, inguruotako urik onena. Gustagarria ematen du kainu xume hark, mendi barnetik baitator, eta bero zakarrenetan beti fresko eskaintzen zuen urketariak. Atelier mekanikokoei zinkezko pegar berezia, marmita mokodun antzekoa eginarazi zien, karga gutikoa. Lanbide berri horretan hasi zelarikan lurrezko potaxan ekartzen zigun eta ontziaren beraren gustua izanen zela uste nuen nik, belar gozo lurrina etortzen zitzaizun sudurrera. Baina geroko ontzi hartarik gustu berdina zeukan metalezkoa izan arren. Nik eginen nuke ginebra zirrizta bat botatzen ziola. Lurrin hori ere ez zait berehala atzenduko, ahoaren sabaian pegatxita gelditzen zait maiz, ura ez edanagatik. Hamar litro hek ahitutakoan txintxorroa berriz hartu eta hor ikusten nuen bazihoala ontziola flotantearen gibeletik, ur onenaren xeka. Horixe zen haren egitekoa, denok haren bekaitz amorraraztea.

        — Bira!

        Bazter guztietan sartzen haiz, baina ez haiz nire kabinara sekula iganen, horrela egiten nion zin neure buruari, jolasa, mutil hura ez zela hemen inoiz sartuko, maingua haizelako aitzakia eginen diat beti, ez hadila ausartu eskalan goiti, tarte handiko mailak zauzkak, eta marmitatzar hori bizkarrean duala, lasai, hi geldi hadi hor behean, horrela, errak erria edo bira nahi duan bezanbat gaitziturik, heu agintari, portuko nagusia haiz, eskertzen diat txo, hiru mila zaldi zauzkaat nire bizkarrean arnaska, garabi bihurtzen ditiat eskuok hire ur fresko horrekin bete didaan bidona jasotzen, ongi hago behe horretan, ez hadila honat inoiz igan, 380 voltioko indarra zaukaagu hemen, erne ibili beharra zagok zernahi burdina puska ukituta ez kiskaltzeko, gertatu izan duk, eta hire hanka toteldu horrekin, ez hurbildu balekebale, alde egin ezak, hoa putzura nahi baduk, ken hadi hortik, lanean jarraitzeko gogoa eman didak, hoa bertze makinistengana, eman iezaiek egarri pixko bat hekeri, a zer ustel koadrila, halakoak esaten nizkion urketariari neure kolkorako, hi haiz portuko printzea baina hau debeku duk, zazpigarren garabian ni nauk errege.

        Hamabietako tutua, batzuk behintzat bazkaritara joaten gara.

        Bildu nuen luma, utzi nuen moila gainean deskantsuan koilara edo olagarroa, ez naiz zehazki oroitzen, jaitsi nintzen burdina guztiak hautsez estaltzen dituen Txileko fosfatoan oberola zurituz, mendika baitaukagu beti hemen Txileko fosfatoa, ongarria egiteko ekartzen omen dute, eta hanka kaian jartzen dudalarikan non ikusten ditudan urketaria eta Manterola solasean, zer ote zuten. Denon ezaguna da Manterola, gure portuko pailot txarrena da, sei-zazpi maliobra egiten ditu hogei mila tonako baforetxoak atrakatzeko. Liburu artean bizi da, gutien espero duzularikan hasten zaizu galdegiten nola erraten ahal den hau eta nola erraten diogun horri, hiztegia ari omen da osatzen portuko hitz bereziak bilduta.

        «Hik ezagutzen omen duk!».

        Manterolaren karkaila, ez al zekien urketaria nolakoa zen, hark hika egiten zion edozein almiranteri, hobe algara eragitea eta ez kolera. Orduan ondotik datorkidala Manterola makiniston aldagelan sartzen utzi gabe, ondotik etorri zitzaidan Manterola bera, eta oraino irria ezpainetan zeukala galdegiten dit ezetz asmatu zer jakin nahi zuen urketariak. Nola jakinen nuen nik, ez naiz inoren argudioak entzuten egoten, ez dut fitsik entzuten, sorgortua nauka soberaniazko Babcok Wilcox motor horrek, trasatlantiko batean nago makinista, ezetz, ez bainekien, hori bertzerik ez nuen entzun nik, «Hik ezagutzen omen duk!». Denok egiten diogu zuka Manterolari, kapitain merkantea da eta gu analfabeto hutsak. Berak ere ez digu inori hika egiten, urketariak ordea, hark ez zeukan ahalkearen arrastorik.

        «Nolakoa den Amsterdam».

        Eta algara egin zuen ostera Manterolak, beti hortzetan ibiltzen duen pipa eskuan hartuta. Berak bezalaxe egin nuen barre nik, halakorik galdetzea ere, Amsterdam, zergatik ez nekiela egin nuen barre. Manterolari denok diogun begiramenagatik, horregatik. Edo inozotzat har ez nintzan. Takilla ireki nuelarikan ohar bat atzeman nuen, betiko gisaz atearen zirritutik sartua. Bagoien baskulan halako tenorean, Eustakiok beti leku berezitan biltzeko usarioa zeukan garai hartan. Papera txirtxilatuta komunetik beheiti botatzera nindoala uraren asotsa dutxetan, nor ari da ordea, denak ordu estrak sartzen gelditzen dira, ni naiz zortzi ordukoa bertzerik egiten ez duena, eta eguerdian, inor ez gara dutxatzen bazkalaitzin, norbait ari baitzen dutxatzen han barnean, ez da egia izanen, zer uste du horrek, bera da izan ere, horiek ez dira makinista batenak, sobera lirainak dira zangar horiek, bera zen, kokotsandi hura, zazpigarren garabiko kabinan ez baina gure aldagelan sartua.

        «Bota iezadak toaila!».

        «Hi, ni ez nauk edozein kapitain, aditu al duk?».

        Baforearen bodegako konportak baino zabalago zabaldu zuen atea ingelesez edo halako mordoiloan kantari urketariak, ura itxi zuelarikan dohainik ematen diguten xabona merkearen bitsa lepoan behera etorri zitzaion puzkiletan, errekako harrien azpiko bizarrek egin ohi duten modura egin zuen ipurmatelen erretenera gerrialdean sortzen zitzaion barbanak. Itzuli egin zen gorputzaren gordinena erakutsiz, eta toailapean ezkutatu zuen burua luze ilea xukatzeko aitzakian, bere begiek traba egin ez ziezadaten haragi hartan neureak bazkatu nahi baldin banituen ere.

        «Ez al daukak orraziren bat?».

        Portuko nagusia haizen aingerutxo hori, azal hadi zazpigarrenaren moilara bortz eta erdietako tutuak jo baino lehen eta sosegatuko haugu, horrelako amorrua orduan neure baitan, hator arratsaldean nire lantegira lasai, bitetan gozo lotzeko aginduko zieat estekariei, sabela irekitzeko aginduko zieat gero, hago geldi manatuko diat, sufriarazi gabe irekiko haute alderik alde nik neure kakoa neure koilara neure olagarroa sartu ahal izan dezadan heure haragian, eta hik ez duk hala usteko baina sendatu eginen haugu, olagarroaren erroak zabalduko ditiat eta gero burdinazko ukabila emaro itxita azkarki helduko diat kendu eginen diat hor barnean daukaan mutikeria, horrela, konbinadorearen puntu guztiak pasatuko ditiat indarrik animalena egiteko hor nonbait ongi sartua daukaan zuztar gaiztoa kentzeko, ahalkea zer den galdegin behar hioke Manterolari.

        «Sekula Amsterdamera ailegatzen bahaiz, han ikusiko gaituk!».

        Gurekin ez duk atarramentu onik aterako, Eustakio, gurekin ez zagok deus egiterik, ni nauk bakarra ordu estrak sartzen ez dituena, gu portuko ustelenak gaituk, eta ni berriz... Fio ote haiz nitaz orainik. Hi ez haiz konturatu hemen ez lukeela ezerk funtzionatuko gu gabetarik, horregatik etortzen zaizkiguk astero kontsignatarioak zorro txipi batekin, «Ongi portatu haiz, har ezak zerri horrek». Ni ez bertze guztiengana. Presa izaten ditek, gutiena ordaindu nahi ditek ahalez atrakea, eta ontzia lehenbailehen deskargatzeko makinista saiatuak hobe. Inork ez ziguk agintzen, eta aginduko baligute baino makurragoa duk, manukortuak gauzkatek makinista guztiok. Garate hemezortzi ordu jarraian aritu zuan lehengo astean, ez zuan kabinatik jaitsi jornada osoan, hebaindua zegoan hurrengo egunean. Goi samarrean gaudek, ikusmira ederra zaukaagu, baina txatarra deskargatzen dugunean ez diat inguru eder hau ikusteko astirik edukitzen, ez ontziak bokalean ez urketariaren oroitzapena badiaren erdian ez antxetak hegaldaka. Atzaparra betean hartzen diat jeneroa, zati handi eta txipiak denak nahaste, puskak bildutakoan elkar trabatu eta erroen artetik eror ez daitezen nik zabaldu baino lehen, ez baita harritzekoa jasotzerakoan txatalen batek itzuri egitea, eta txatarra daukagunean inguruetan ibiltzea debekatua dagoen arren beti ageri duk marinel pizkorrena bodega bazterrean, edo txoferra hurbiltzen duk baforean erosi berri duen whisky kaxa edo tabako kartonak kamionaren kabinan altxatzera. Istripu arrisku latza zagok txatarrarekin, kontu handia eduki behar izaten duk olagarroa zabaltzerakoan ere, halako kargamentua franko zaila duk kamionaren kajeran berdin samar uzten, inor ez daukak han palaka edo sardeka heure lanaren kuxidadea egiten eta kajeraren edo bagonaren bazter samarrean zabaltzen diagu aunitz aldiz, dena erdian mukurututa lagako ez badugu behintzat. Halakoetan baforetik jasotakoaren laurdena lurrera gaten duk deskarga bakoitzeko, xafla batek zorrotzez harrapatuz gero lepoa egin liezaiokek nornahiri. Eta badakik zergatik den arriskutsua? Beti horrela deskargatu behar dugulakotz, ahal dugun txatarra gehiena botatzen dugula moilaren gainera, sarea irekita bokarta nola irristatzen den orgako kartoletarik lurrera, horrelaxe. Gero zaborketariek maltzotan biltzen ditek eta dena txukun paratutakoan Muñoz etortzen duk, ustiaketako komisarioa, hiri hainbertze, hiri hainbertze, paga banatzen dik eta moila gaineko txatarra guztia beretako. Gu bezalako jendajearekin greba antolatu nahi duenak, barka ezak, Eustakio, jai zaukak, oker hago eta okerrago zaudek hire lagunak.

        — Daukazuen irtenbide bakarra garabi guztiak matxuratzea duk. Eta hori arrunt zaila duk.

        — Hori ezin diagu guk egin...

        Nolako aukera eskaintzen ari zaidan Eustakio, neure burua erredimitu beharra daukat, ematen dit horraino kaskoak.

        — Zer nahi duk, neuk egitea? Garabi guztietara banan-banan igan eta koadro elektrikoak mailuka ezpalduko ditiat uste baldin baduk hori dela soluzioa. Neke handirik gabe konponduko ditiztek, egitez gerotan matxura gogorra hobe, motorra erretzea edo halako zerbait. Eta hori ez duk egiten ahal bi minututan.

        — Etorriko haiz nirekin?

        — Hi, Eustakio, nahi baduzue nik matxura zezakeat neurea...

        — Ez, alferrikakoa duk bakarra hondatzea. Bertso saioa egin behar diagu eskirol horiekin, etor hadi.

        Urketaria gure aldagelan dutxatu zen biharamunean, goizeko zortziak kuarto gutitan, lanerako aldatzen ari ginela, Diosmil azaldu zen, portuko guarden burua. Lehenbailehen behar nindutela komandantzian, Manterolaren partetik. Enkargatuak oberola kentzeko manatu zidan eta Diosmilen beraren bizikleta hartuta abiatu nintzen, ez sobera fite. Ez nekien zer nahiko zuten komandantzian, ni han zertarako. Eta pailotek badaukate beren txokoa, kamantza eta guzti gainera. Komandantzian gauza onik ez, kontrabando aferak edo. Manterolak eskatuta ordea, gauza nahasia, ez nuen asmatzen ahal. Komandantzian bildu ginenez geroztik ez dit bakerik eman, nongo mintzaira egiten dudan jakin zuenetik gainean daukat beti, portuko euskararik onena dela nirea, guk han nola erraten dugun hau eta bertzea, ez nau nire bidean utziko milia erdira ikusita. Orduan ere urrundik egin zidan diosala eskua jasota, komandantzia non zegoen ez nekiela usteko zuen.

        «Gogoan daukazu noski hizketan egon ginela atzo eguerdian, hirugarren biltegiko horretan».

        Bulegoan Francoren argazki handia zeukaten paretan, itsastarren jaka zuriarekin. Eseritzeko esan zidan Novoa komandanteak.

        «Gu biok hizketan geundela, urketaria ikusi nuen zuen aldagelan sartzen. Zu hara joan zinen, ezta?».

        Ez nuen konprenitzen zer zeukan horrela ezkutatzeko urketariarekin hizketan egona zela, bezperan egin zuen algaran lagundu nionean bezala sentitu nintzen, haren haritik nindoala zergatik jakin gabe.

        «Eta gero, ikusi zenuen zer egiten zuen, nora zihoan?».

        Aldagela erdira etorri zen hura, gorririk, zangoak Kortajarenaren espartinetan txinalka lababoraino, eta zegoen hartan hasi zen ilea orrazten niri toaila botatuta. Ebaki handi baten sakaila zeukan belaunaren gibeletik goiti, otsolaharra makilan iduri. Bazen gure aldagelan horrela jalgitzen zenik dutxatik, baina gorputz hark bertzelako dirdira zeukan, biribiltasun heketan ez zegoen pikor aztarrenik: estatua biluzi bat aldagelaren erdian, txatarra xafla batek jo zuen zorrotzez haragi hartan eta ez zuen maketsik egin ahal izan.

        «Ez zizun esan zer egiteko asmoa zeukan?».

        Galego doinu handia zuen komandanteak, Espainiako Marina galegoz betea dago.

        «Ez diogu kasu ematen, gezurra ibiltzen du horrek ausarki».

        Altxatu egin zen, jolasten aritua zen eskunarruak botatu zituen mahai gainean, bi kafe kikara hutsen artean. Altxatu egin nintzen ni ere.

        «Gezur guti esanen du gargero».

        Manterolak argitu zidan Novoaren sententzia.

        «Eta ez du Amsterdam ezagutuko. Itota azaldu da gaur goizean, harkaitzetan».

        Gineako okumearekin ari ginen eta material horrekin erne ibili beharra daukagu, zama desberdina izaten da jasoaldi bakoitzean eta abiada ongi erregulatuta jaso behar dira, hagitz poliki erriatu behar izaten da gero lehorrean dauden zamaketariak jota ez botatzeko, itzuli laurdena eta erdia ere egiten baitute onborrek airean. Ez nuen funtsezko lanik egin hartan, amanteroari errieta ematen aritu nintzen goiz osoan, kargak zakar jasotzen, erriadak premiarik gabe bizitzen, zama kolpeka uzten nuela moilan, kargaldi guztiak jarraian, konbinadorearen gainean kakolduta. Tratu gozoa hartu zuten bira eta itzuliko motorrek, atera zuten marrurik.

        — Hemen etxea emanen zigutela agindu zitzaigun han, Extremaduran. Herriko gizon guztiak etorriko ziren, ahal izan balute.

        — Etxea? Ukuilu bat eman dizuete almazen zaharrean.

        — Han ez daukagu ez urik ez argirik. Etxearena aipatu gabe berdin etorriko ginen. Honat edo bertze norabait. Lana egin nahi dugu, eta han ez dago lanik. Zezenetarako dauzkate lurrak.

        Sinetsi egiten diot sekula entzun dudan erdararik ilunena egiten duen gizon honi, miseria erakusten dute tipulano hok solasean. Sinetsi egiten diot ez zekitela zertara zetozen. Horregatik ahalketzen nau Eustakiok ageri dien gogortasun honek.

        — Zergatik uste duzu zauzkatela almazenean? Merkantzia hutsa zarete. Bihar edo etzi, greba amaitutakoan, trenean sartu eta Extremadurara eramango zaituztete.

        — Ni ez naiz itzuliko, eta nire lagunak ere ez.

        — Zuen aukera bakarra grebalariekin elkartzea da.

        Zaila duk konprenitzea, Eustakio, errak, zer irabaziko dik greba eginda greba haustera ekarri dutenak?

        — Aukera bakarra?

        — Hemen, lagun hau, makinisten ordezkaria da. Zuek lanean jarraitzen baduzue, garabiak gelditu egingo dira. Ez da hala?

        Hasperen txipi bat egin du kantinaren zokoan bakailaoa jaten daukagun metaziri honek.

        — Badakigu euskaldunak horrelakoak zaretela, ez duzue maketorik nahi.

        — Hi haiz puta...

        Ez du amaitu, ukabilak zabaldu ditu eztiki Eustakiok berriro, kako utzi ditu, leporako.

        — Ez hadila tronpatu, lagun. Euskalduna izan edo extremeñoa izan, bi pezetagatik lan egiteko prest dagoena eskirola duk. Guk hemen nahi ez duguna horixe besterik ez duk, eskirola.

        — Goseak hiltzen ari gara, ez duzue konprenitzen?

        Ederra da gizon honen zimeltasuna, larru-erre, lepo-ahul, izarretik izarrera egindako nekazaria. Xamurki mintzatzen da, arrazoiak ematen unaturik balego bezala. Usmetuko zuen ordea handik botatu zuen gose berdinera bidaliko dutela bihar edo etzi, horretan akort egon behar luke Eustakiorekin.

        — Garabiak gelditzen bagara, zuek ez duzue baforea bizkarka husten ahal. Horretarako ekarri nau Eustakiok, zuei abisu emateko. Ez dugu nahi zuek alde egitea. Zuek hemen zaudetela, indar handiagoa hartuko du grebak.

        Adiskidearen behakoa egin dit Eustakiok, aspaldiko partez. Portu osokoa kontrolatu nahi ez balu, ez dakit hitzik eginen lidakeen. Eta nik ezin erranen nuke deus Eustakioren aurka.

        — Zamaketariok prest gaude igoeran pezeta erdi gutiago eskatzeko, eta greban egon garen guztiok ametitzea esijitzeko. Guztiok, zuek ere bai. Gomitatua zaude greba batzordean hitz egiteko.

        — Onartu eginen gaituzue gu, eskirol etorri garenok?

        — Tronpatu egin zaituztete, zuek ez zarete eskirolak. Oraindik ez. Har ezak serbiletaren azpian jarri diadan papera.

        Aurpegi osoa hartzen dion lau eguneko bizarrak bizitu egiten dizkio begiak, eleketan ez daukan gardentasuna ageri dute orai: xafla bana erori zaio zorrotzez, mazelak egin dizkiote, eta ilerik ez duen azala sortu zaio begietarik beheiti. Eskua mazel berritu horietara luzatzeko gogoa ematen du.

        — Denondako dago, garabi berriak ekarriko dituzte laster eta bokalea dinamitatzen ari dira ura handitzeko. Horrela tona gehiago sartuko dira, jendearen premian daude. Azkarki jotzeko tenorea dugu.

        Amsterdam dago Eustakio nirekin orainokoan muku egonaren oinarrian. Urketaria gurean dutxatzen ari zela takillan hartu nuen oharraren agindura bildu nintzen berarekin, ez dakit zer afera genuen esku artean, zamaketari kuadriletan urtebete zeramatenak fijo egiteko eskaera, halakoren bat egun haietan. Urketariaz solastu ginela bai, oroitzen naiz, Amsterdam aipatu niola, portu hori, Manterolak erantsi zidan jakin-mina, urketariak berak egin zidan adioa, Amsterdam nolakoa zen, ba al zekien, zer ote zeukan portu hark, hura galdetzea bururatu bagonen baskula hartan.

        «Amsterdam? Munduko maritxu guztien topadizoa».

        Ez zidan onik egin hitz horrek, horrela, maritxu, erran zuen gisan, portuko garabi goitituenetik eroritako xafla ebakitzailea.

        «Maritxua orduan...!».

        «Bai, urketaria maritxua zuan».

        Ez nuen uste horrela jarriko nintzenik hitz batengatik, petxutik eztarrira mugitu zitzaidan bihotza. Manterolaren algara etorri zitzaidan higuingarri Eustakioren hitzetan.

        «Nolakoa den Amsterdam jakin nahi zuen».

        Nik lehen traktorea kendu nionerako urketariak ikusia zuen bandera gorri zuri urdina txopan, eta Catharina Nauwelaertsen azpian Amsterdam, Manterolak ere, algara hartan, maritxu guztien juntadizoa zela esan zidan portua, gure mutilaren lilura. Dutxatu egin zen, orraztu egin zen, arroparik txukunena jantzi zuen.

        «Sekula Amsterdamera ailegatzen bahaiz, han ikusiko gaituk!».

        Baina baforeak ez zeukan konpasa Amsterdamerako, portutik hogei miliatara zegoela fletatzailearen deia eduki zuten, Avilesera gateko zamatzera, edo A Coruñara, edo Lisboara, hori ez daki lanabes eta tramankulu guztien izena euskaraz erraten ahal dela uste duen zoro horrek. Eta orduan, uharte galduenean legokeen naufragoaren antzera txanel batetik zeinuka ari zen urketariari kasu egin gabe edo ez ikusiarena eginda hartu zituen hamar edo hamabi gradu noroeste, zera jakinen du hori komandanteak. Urketariak bai, urketariak ikusi zuen Amsterdamgo ontzia gero eta urrunagotzen.

        «Sekula Amsterdamera ailegatzen bahaiz, han ikusiko gaituk!».

        Txalupatik murgil eginda igerian ikusirik amsterdamdarrak urrikaldu eginen zirela pentsatu zuen, horrela ito zen, horrela hil zuen urketaria Catharina Nauwelaerts-ek.

        «Sekula Amsterdamera ailegatzen bahaiz, han ikusiko gaituk!».

        Fuel guztia erreta itsaso zabalean gelditu zen gauean, argirik gabe, eta gure portura zetorren zamako handi batek jota hondoratu zuen.

        «Sekula Amsterdamera ailegatzen bahaiz, han ikusiko gaituk!».

        Baforeak hiru tutuak jo zituen pailotari deika, orduan urketaria baforean sartu zen bokalean okerrik gabe ekarri behar zuen Manterolaren ondotik, haren laguntzailea edo konfiantzazko lemazaina balitz bezala. Makina-gelan ezkutatu zen denon isilean, eta portutik hogei miliatara harrapatu zutelarikan kareletik beheiti botatu zuen putzura Catharina Nauwelaerts-ek.

        «Bai, maritxua zuan, eta portu honetan lehen bafore sobietikoa heldu zenean ongi etorria ematera igan zuan hura, txalupan gan zuan bokaleraino eta pailotaren eskalan goiti igan zuan ur freskoa eskaintzera».

        «Bai, eta zer?».

        «Zer? Hi komunista izanen haiz, baina maritxu horrek hik baino potro gogorragoak zeuzkala».

        Leporako zabaldu zuen ukabila Eustakiok. Bagonen baskula barnean eserita geunden, eta kanpoan karrilak harrotzen ari ziren obretakoak mailu pneumatikoarekin. Gelditzen zirelarikan sorgortuak bezala uzten gintuzten, munduari norbaitek asotsak oro kenduak zizkiola ematen zuen.

        «Kontuz zer esaten duan».

        Hori bera galdatzen nian nik, kasu egiteko nola egiten huen hitz, merezi zian bertzelako karesa urketariak, ginebra zirrizta ematen ziguan uretan hark, eta jostailutasun hura, ahalkerik eza, hori galdatzen nian nik bagonen baskulan salatu egin hindudan hartan, nirea den kareizko orrazi bat alkandorako sakelan duela Amsterdamgo moiletan dabilen mutiko hark ekartzen ziguan uraren lurrina bezala zaukaat hemen nonbait atxikia gau hartan bertan atxilotu hindutela, horregatik eskertu diat eskerra, Eustakio, makinistok moilako lana geldiaraziko dugulako gezurra erran dudanean egin didaan behako apal hori, ni horretara bortxatzearen barkakizuna eskatzen zuen hire eskerra. Ahalkemangarria duk, bai, Extremaduratik ekarri dituzten goseak hildako hok ari gaituk grebara bulkatzen makinistok gai ez garelakotz pausaldi mendrena egiteko, ustelduak gaudek, nardatzekoa duk, Eustakio. Segur hago hemen gelditu ahal izanen dutela? Lortuko duk zamaketariek tipulanoak onartzea? Arrantzan hasten badira ez zietek filiñoei baino are zekenago ordainduko? Bai, bai, papera arras ongi zagok, hau irakurtzen duenak pentsatuko dik zer edo zer, aunitz ikasi duk kartzelan eduki hauten urtebete honetan, barka ezak, badakit, niri oroitarazi behar al didak. Nire mihiak galdu hinduen, eta ez dakik ni atxilotu ez izanak nola utzi ninduen, gero konprenitu diat nahita utzi nindutela, pausoak hartuko zizkidatek, nondik nora nabilen, menturaz barrandan zauzkaagu hemen bertan, kantinan, zertan gabiltzan gu biok, hirekin ni, horregatik etorri zaidak malkoa, egik kontu zer den niretako orai galdatu didaana, barkamen zoragarria duk, hik pentsa ezak nahi duana, errak berriro hik badakiala zergatik erori hintzen eta ez zela nire hobena izan, berdin zaidak, eta nik baietz erraten diat Eustakio, jakina baietz, hik ez duk konprenitzen ahal, hik ez dakik, hik dena kontrolatu nahi duk baina nik badaukat zokoño bat inork inoiz jakinen ez duena, han ez dik inork zangoa sartzen, nire gotorlekua duk, nire dorretxea, hiru mila zaldik zaindu eta 380 voltiok hesitutako barrendegia, burutik egin ote zaidan, ez dakik nola, bai, bai erraten diat, bihar atxilotzen banaute ere hi bezala zafratzen banaute ere ez ditek kausituko, hik irakats iezadak nola funtzionatzen duen eta neure gain bertze guztia, hi lasai, bihar tipulanoek grebarekin bat egin edo ez Catharina Nauwelaerts-ek beste garabiren bat bilatu beharko duen bezalaxe egiten diat zin ez dutela inoiz harrapatuko multikopista hori, hitza ematen diat, Eustakio, urketaria kabinan sartu izan balitzaida bezain isil altxatuko diat.

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus