Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Sua nahi, Mr. Churchill?

 

Ziburuko barratik milia erdi aitzina urrunduak zeuden bafore biak, azken tutua entzun nuela esanen nuke. Ni ordurako ongixko gogait egina nengoen adio eta adiorik ez guztiez, nahita heldu nintzen belu nasara. Hau anderoek daramatela, horrek lehorrean gelditu behar duela, hurrengoa Landetara doala lanera, bizitza erdia despedidatan, balek edo morteroek lehertutakoak kontuan hartu gabe. Eta alabaina, hik badakik hiltzen ari dena despeditzen? Ikasten baduk, abisa iezadak. Niretako, ontzitxo haietan zihoazen hirurogei zoroek urpean amaitu behar zuten La Guaira jo baino zatiaz lehenago, hiltzen hasiak ziren. Zerraldo handi bana uraren gainean, zer ziren ontzi haiek. Horregatik berandu. Euzko Gudariak kantatzeari ekin zioten, Andoni Olabe soinulari zutela. Malkotan zeuden gehienak, egun argiko itsasoratzea musika eta guzti, okaztagarria. Bazen han goi samarreko jendea, badakik, herri-aldezleak. Itzuli ginelarik, hedexuriak ikusi genituen. Guri pausoak hartu beste beharrik ez zeukaten haiek. Baita egunonak eman ere ondotik iraganik, hipokrita ez besteak. Hedexuriak, jendarmak. Bidean, Agintaritzako Urbieta jaunak zeraman Andoni besotik helduta bazter samar, auzi sakonen bat zerabilten. Ez naiz oroitzen non bazkaldu genuen, sarda polita bildu ginela bai, eta gero, berak jo eta jendeak dantza egiten zuela, «Chamberlain horri adarra jotera joan behar ei juagu!» esan zidan belarrira, eta zenbait asteren buruan, nik ez nekien putz egiten ez eragiten baina, musikari plantan azaldu nintzen Bristol-en Andoni Olabe lagun nuela edo, zuzen esanda, haren uberan. Gauez ontziratuta eta bokalea argiak amata eginda iraganez, benetako itsasoratzeak egiten diren gisan. Desdepida barik, horixe. Handik Londonera joan ginen trenez erdi gordean, paperak eman behar zizkiguten Euzko Etxean. Urte bi atzerago Lekeition utzia genuen Periko Beitia zegoen idazkari. Kapelua buruan, krabata saman, zulo bi aurrerago lotutako gerrikoa gilborrean, lanak ezagutzeko. Beitiak bazekien ni ez nintzela musikaria, baina laguntzaile hartu ninduen umeak hara eta hona ibiltzeko, jaialdi ederrak eman genituen London, Halifax, Newcastle-n... Folkstone-n handiena. Andonik berdin jotzen zuen txistua, atabala, eskusoinua... elementu gaitza zen, ez batek edo bik, askok esanen lizukete pozarren joan izan ginela frontera haren hotsean. Eduki zuten eraginik dantza-erakutsi haiek inglandarren artean, kontzientzia txarra arintzen laguntzen zien guri penny ale batzuk emateak, inbasoreak etxetik kasatu duenarekiko elkartasun horrek. Euskal haurrak aterpetzeko batzordeak sortu zituzten lord eta lady guztiek, kiroltasun handiz txalotzen zuten gureen footballa beren umeen aurka jokatzen zutenean, zelako esku-zartak ezpatadantza dantzatzen zutenean! Francori bular egin geniolako susmo txarreko gorritzat hartzen gintuztenok kristau maitagarri bihurtu ginen guda galdu genuenez geroztik. Sinets iezadak laborista inglandarra ez dela iristen Bermeoko sabindarrenaren hankapera paxismoari aurre egiteko tenorean. Argazki mordoa argitaratu zituzten izparringietan, baina bigarren mailako horietan, Daily Sketch, Western Mail eta antzekoetan, Times-ek bazeukan besterik zertaz. Umeen erdian ageri zen batean nire laguna.

        «Hitlerrek kapela kenduko detsa laster Chamberlain horri!».

        Halakoa zen Andoni Olabek nazioarteko politikaz zeukan ideia, halakoa zen etorriko ziren egunei buruz egiten zuen juzkua, London sutan eta Chamberlain zaharra Alemaniako harrobi batean pikotxaka. Eta nik ez nuke esanen besteok huraxe nahi ez genuenik. Egik kontu 1939ko martxoan geundela, Espainiako liskarraren azkenak artean, baina Inglandek errekonozitua zeukan jadanik Francoren gobernua, uste baitzuen Gibraltar-i eginen ziola osterantzean eraso, doixtarren laguntzarekin. Hura ezin genuen inork eraman, egia esan. Baina isilik egon behar, ez genuen denok Andoniren umorea. Horregatik hasi zen inglandera lardaskatzen, iragarkizun hura zelan edo halan adierazten zuela, «Soon, soon, Mr. Chamberlain kapela lose!». Seta hori hartua zeukan, hankapean ikusi nahi zituen Euzkadi galtzen utzia zuten aliatuen hiriburu guztiak eta, esan diat, anitz euskaldun ginen ados.

 

                Ganduak baldin badu zarratzen portua

                Alferrik joko digu ezkilak ordua

                Zuregandik urruti naukate lotua

                Zuregana lotzeko nintzena sortua

 

        Izugarri doinu sentimentala zen, Intxuzabali ikasia omen zuen Petratxarrirenean. Neuk moldatu nizkion koplak, berak gaia emanda, Londongo egun lanbro haietan. Petratxarrirena, gauez abaorreko argia pizten duten etxe horietarik bat, Zezenkaleko dantzalekua, Eibarren. Erromeria antolatzen zuten mandio eta arboldegi guztiak ezagutzen zituen Andoni Olabek, behin baino gehiagotan izanen zen soinurik gabe jotakoa. Gaitza zen hari barruko kirkila ateratzen, baina segurutik joko nuke nik hori, meta ostean edo pinudian edo artadian jarduna zela behin baino gehiagotan, gu ez bezala. Horregatik zen harrigarria emakume hark burua galdu eragitea, Cecilia Bolton-ek ezinegon batean zeukan, Lekeition, Ziburun eta Londonen. Zenbat ibili ez ote genituen egin Tamisa bazterreko kaietan gora eta behera, Seven Seas Spray non ote zebilen galdezka! Azkenean egin behar ez genuena egin genuen, etxe kontsignatzaileetan hasi ginen peskizan ontzia non zegoen. Eta atxilotu egin gintuzten. Bilbon ezagutu genuena baino psikosi handiagoa zeukaten Londonen espioitzaren kontu horrekin. Maleta zabalarazi zioten karrikan bertan, baina ez zioten Paolo Soprani gorrail hura ateratzen utzi, komisaldegira biok. Espainiera andaluz doinuan egiten zuen morroia ekarri zuten gerogarrenera, Euzko Etxera deitzeko esan nion. Aita Olaso etorri zitzaigun bila, arrain handiak ginela usteko zuten gure herri-aldezleek. Libre utzi gintuzten, eta Chelseako komisaldegi nagusitik hurre samar zegoen garagardotegi handian bildu ginen hirurok, ospatzeko. Laster La Voz de Londres irratian euskaldunok saioa edukiko genuela astero jakinarazi zigun, «Txistulariak badauzkagu, baina soinujolerik ez!». Nik bertsotan banekiela, Andonik. Ez zen egia, orain bezain motela nintzen garai hartan. Baina ez zutela bertsolaririk behar esan zuen abadeak. Aita Olaso, Alberto de Onaindia, Jose Antonio Agirreren idazkari ibili izan zena. Gero, labaostekoz betetako Bilbo hartan bageunde lez, burua edalontzirantz makurtu eta Inglandek guda deklaratu beste irtenbiderik ez zeukala esan zigun, Hitler Frantzian sartua zenez.

        «Horretarako jarri dute Mr. Churchill lehen ministro».

        Eta ume batek moduan abadea «Zergatik? Zergatik esaten duzu hori?» esatera behartu zuen hura bota zuen orduan Andonik, Chamberlainen kapela ahaztuta:

        «Bai, edukiko dau laster Churchill horrek zigarroa non ixotu!».

        Euzko Etxeraino lagundu genion On Albertori. Han jakin genuen Bigarrena eta Donibane esateko okerrik gabe iritsiak zirela Venezuelara. «Eta zuek, zergatik ez zineten ontziratu?». Galdera da gero! Ni marinela nintzen, ez arrantzalea, itsasoko biztanlea nintzen eta guda osoan lehorrez ibili behar izan nuen. Trena hartzeko gisan ontziratzen da baforean arrantzalea, etxetik lanera eta lanetik etxera ibiltzeko. Marinelak baforea bera du etxe, hartan bizi da. Venezuelako Arrantza Flota sortzea interesgarria zen armadoreendako, koipea aterako zioten gure exilioari. Baina marinela ez duk arrantzalea, ontzian nahi genuelako ez ginen ontziratu. Galdetu egin behar hori guri, Londonen bizitzeko eskubiderik ez bagenu legez. Hala pentsatu izan nuen, aukera ematen ziguten horretarako, ez ote genuen eskubiderik. Ni? Ezagutzen duk London? Sohoko etxe ilun batean, sukaldari. Abaorreko argia, bai. Madamarekin joaten nintzen merkatukoak erostera, eta ikusten nindutenek uste okerra egin zuten. Hori musikariek, artistek. Lepoa baietz Andonik artadikoan jardun Londonen erdian, bihotza Cecilia Boltonek ebatsia zion arren.

        Nik ontzian nahi nuen, berdin zitzaidan Seven Seas Spray edo beste edozein, marinelak ez daki deus egiten lehorrean. Andonik tabernetan eta karriketan jotzen ahal zuen, baina berak ere itsasora behar zuela, gustatu egin. Lehorrean gauza mordoak jaten dio astia artistari, itsasoan berriz ez dauka aterpearen ez otorduaren ardurarik, eta berehala harrapatu zuen estimu handian zutela denek musikaria baforeetan. Ez zitzaigun axola berak lanik ez eginagatik, enparauek eginen genuen haren ordezkoa zinezko musika entzute alde, makinaren monotoniak erotu egiten zuen jendea. Kapitainek berriz zer nahiago, musikarekin eskifaia lasai, frontera ere horrela eroaten gintuen Andonik, pozarren eta kantari. Hitlerrek erraztu egin zigun kontratazioa. Inglandek guda deklaratu behar izan zion, Aita Olasok esana zigun bezala. Hura Andoniren poza, Big Ben ketan. Erraztu, ba jendeak beldurra hartu zuelako, doixtar itsaspekoak lanean hasiak ziren berehala eta inork ez zuen ontziratu gura, demanda handia zegoen. Hamar-hamabi lagun baforeko, horrela zebilen kontua berrogei tostarteko behar zituzten zamakoetan, beldurra. Espainian egin zuena egiten lagata bibotemotza aseko zela uste zuten ala? Arazo barik hartzen zuten jendea. Ni bafore banatan ontziratzearen aldekoa nintzen. Aneika aldiz esan nion guda bat elkarrekin eginda bizirik urtetea nahikoa xantza zela, ez zela posible bigarren batetik biok onik ateratzea.

        «Isilik egon hadi, hilten bahabe nork joko jeuk soinua entierroan?».

        «Eskertua zagok aurretik, baina gerta zitekek heu hiltzea, eta ez ni!».

        «Ba orduan be aldean beharko haut, nori lagako jetsat bestela soinua?».

        Egin behar izaten dugula hitz...! Mina jotakoan ez ginen bata baino bestea beranduago hondoratuko. Ongi ordaintzen zuten, bai. Baina badakik ontziak portuan pintatzen direla, ez itsas zabalean. Ba bazterra ikusten ez genuela hasi ginen gu ontziaren kaskoa berde zuri laranjaz apaintzen. Horretan ari nintzela kareletik dindilizka, izardunen arteko hitzaspertua atzeman nuen estiborreko erdialdean, zubipean.

        «Uste duzu irlandarrek neutral jarraituko dutela?».

        «Aurreko gudaldian doixtarren laguntza eduki zuten guri zafraldiak emateko. Zor diete zerbait».

        «Horregatik, William. Nazien alde jarriko dira mozkor horiek».

        Irlandar bandera erraldoi bana ari ginen margotzen, beraz, ontziaren saihetsetan. Ederto, kaietan ibil zitezkeen espiek halako egunean irten behar zuen zamako inglandarraren izena ematen zuten, eta gero doixtarrek irlandarra besterik ez zuten ikusiko itsaso zabalean. Horrek balio du behin egiteko, baina naziek ez zuten sobera gogor pentsatu beharko Mantxan barrena bandera neutraleko ontzi larregi zebilela ohar emateko. Eta zura eta gatza ez dira kaxetan garraiatzen, neuk ikusia kaxak zamatzen, Tilburyko kai berrian.

        «O'Hara horiek ez dute halakorik eginen, badakite Inglandek beren errepublikatxoa kenduko diela txarto portatzen badira... Supiztekorik bai, Larry?».

        Noizbait jaso gintuzten kubertara, eta Andonik «Sartu gaittuk barriro be...!», ontziaren izena aldatzen edukia zuten, Irish Pride ginen orain. Amorratua zegoen, ez zioten jotzen uzten, «Zer ontzi klasera ekarri najok?». Barregarria zen zinez, hik uste duk hidrofonoek hogei mila tonako zamakoaren makinarena baino lehenago atrapako dutela eskusoinuaren hotsa? Diziplina atxikitzeko eginen zuten hori, Petratxarrirenean ez geundela oroitarazteko.

 

                Aspaldi ez naiz laketzen

                Dantzako hotsean

                Neure herritik urrun

                Nabil arrotzean

                Uhainek zakar dute

                Jotzen bihotzean

 

        Urdin betean eta kalmatan agertu zitzaigun, ez zeukan beldur handirik ehizakoren bat jausiko ote zitzaion hodei ostetik buru gainera. Ez nuen espero ikusterik, eta nik ikusi egin itsaspeko bat azaleratzen neure mutur aurrean. Laztu egin ninduen, zergatik gorde. Iceberg beltz txikerra, baina zehaztasunez eta bezuza gogorrez betea. Eastbourne urrun utzia genuen estiborretik, Brighton parean izanen ginen. Jaurtitzen genuen lurrinagatik gintuzten atrapa noski, mastak baino lehen ikusten da kea, alferrik duk sigi-sagan itsaskatzea. Eskotilak zabaldu zituzten, zubi aurreko kanoia noratu ziguten. Kapitainak maliobra agindu zuen, abaorra eman genion, gure ikurrin erraldoia ikus zezan, edo tiroa huts egitea nahi ez bagenu legez, edo branka kostarantz emanda ihes egin nahian.

        «Irlanda inglandarrak salbatzen!».

        «Zer diok, eusko?».

        Ontsa konprenitu zuten orduan nire inglandera, barre egin zuen norbaitek atzean. Irlandarretarikoren batek, bagenituen hiru eskifaian. Itsaspekoak ez zuen tirabira handirik egin, erretrozeso gutikoa zen kanoia. Horixe ikusten gelditu ginen, putz lehor hura eta ontzi beltz haren kulunka gozoa. Telegrafiako torreta birrindu ziguten. Ez ote zeukaten torpedorik? Ez al zuten ontzia hondoratu nahi? Ez nuen konprenitzen doixtarren jokamoldea, ez inglandarrena. Nik uste nuen berehala azaldu behar zuela kanoiak lainoa ateratzen gure portiloren batetik, horretarako egin genuela hamazazpigarren mendeko galeoiaren maliobra, halako maukarik, ez da begi bistan edukitzen itsaspeko bat marea guztietan, ez duk sutunpa handirik behar, itsaspekoa ahula duk azalean, eta hura zegoen moduan, izardunak zubian, eskotilak zabal, lotua baino lotuago.

        Doixtar komandanteak bozina hartu zuen eskuan, kapelu zuriagatik ezagutu genuen komandantea zela, gainerako izardunek blua janzten zuten. Eta gero inglandarrak bafore-tranpak ugaritzen hasi zirenean erabiliko ez zuten jendetasuna azaldu zuen orduan, «Abandon ship!» manatu zigun. «Gernikan horrelaxe egin ziguten!», Andonik inglandarrei, «Gernikan horrelaxe egin ziguten!», ez zien onik egin behar, besteok txalupa erriatzen eta Andoni «Gernikan horrelaxe egin ziguten!» atertu ezinik eskifaiari zainak airatzen, bera Gernikan egon balitz moduan. Eta inork adorerik ez erantzuteko, mokoa josi zezala agintzeko.

        «Txakurra ontzian gelditu zaigu!».

        Arineketan igan zen eskalan gora atzera Olabe.

        «Nora hoa barren!».

        Baina karel ostean ezkutatu zitzaigun. Txikotekoa estutu nuen, badaezpada.

        «Hamahiru urte ditu, beti gurekin ibili da...» komentatu zuen kapitainak, desenkusatu egin nahi zuen, berak ez zion Andoniri deus agindu ordea. Luze gabe azaldu zen barriro, kolkoa hutsik eta maleta bizkarrean.

        «Ez du etorri nahi!».

        Arraunean hasi ginen itsaspekorantz, baina gure baforerako tiro lerrotik aldenduta.

        «Ontziarekin hondoratu nahi du!».

        Entzun behar zaio hori ontziburuari...! Ez nion behakoaren grazia eskaini, antojugarriak ziren Tommi haiek guztiak, baina izardun haietarik bati, Williami edo Larryri, begia kendu barik egin nuen berba.

        «Benetako kapitainaren gisan!».

        Bizkarra emanda zegoen morroia, itsaspekora buruz.

        «Irlandarrak gara!».

        Hori bera esateko kopeta eduki zuen, kopeta edo bururik eza.

        «Gureak egin dik!» egin nion euskaraz Andoniri.

        «Inglandar agente bat daukazue zeuen artean».

        Ez entzuna egin zuen gure kapitainak, ikasitako bertsoa kantatzen jarraitu zuen.

        «Irish abertzaleak gara denok!».

        Labariak paneletara behatzen zuen, kokotsa bularrean iltzatuta. Rajastangoa zen kedarra kenduko baliote ere.

        «Telegrafistak SOS bat igorri du gure posizioa emanez».

        «Telegrafistak?».

        Guregana egin zuen kapitainak. Izerditan zen. Ontziburu ona zela erakutsi zuen orduan, atzamarra noratu zuen Irish Pride faltsu harengana.

        «Ez dago txalupan! Barruan gelditu da urdekumea!».

        Uste baino maizago gertatzen dira halakoak, gudak absurdoak direla esaten du anitz jendek, baina hori humanistek zabaldu duten leloa da, guda absurdoa da absurdo mordoa gertatzen delako egunero bertan. Ez huke laurdenik asmatuko. Telegrafista ontzi barruan gelditua baldin bazen, gure nondik norakoa ematen jarraitzeko gelditzea zen logikoena, hori erraza zeukaten konprobatzea doixtarrek, intertzeptatua eduki behar zuten gurea. Baina esadak, transmititu zitekek transmisio torreta birrindu diatenean? Gezurra ematen du, baina agidanez kapeluzuriak sinetsi egin zuen gure kapitainaren esana. Ezkutatu egin zen, artilleroek kanoia finkatu eta eskotilan behera egin zuten, serbiola gelditu zen bakarrik zubian, prismatikoak begietan.

        «Izurdea dirudi!».

        Telegrafistak esana, lasai, aurreko solasa entzun ez hark nonbait. Lehen aldia genuen torpedo bat ikusirik, ez zen urrun. Txopa aldean jo zuen, instantean jarri zen brankaz gora zamako zaharra. Konturatu ginenerako, itsaspekoa ostendua zen gure paperak eskatzea ahantzita. Edozein gezur transmitituko zuten Goi Agintaritzara, hogei mila tonakoa hondoratu zutela, auskalo. Izardun batek komentatu zuen hasiberria izan behar zuela komandante hark, torpedoa alferrik gastatzea kanoi ukaldiño bat aski zuenean. Bestelakorik gerta zitekeen, baina gure ontziak ez zuen oliorik isuri, azalak ez zuen su hartu. Garai hartan naufrago ugari hil ziren horrela, itota, baina oxigeno ezaz. Gero dozenerdi eztanda ahul entzun genituen ondoz ondo, «Horrelakoa ateratzen dik nasaitutako panderuak!», esan zidan Andonik. Gatza eta zura ez duk horrela lehertzen, egia duk.

        «Zer diok, eusko? Egik inglanderaz!».

        «Hor ito da Inglandek zeukan marinel bakarra».

        Eta txapela kendu zuen Andonik, hala berean nik. Une hartan konturatu nintzen kapitaina eskua jakanarruaren sakelatik atera gabe egona zela, pistola erakutsi zigunean. Tiro bana emanda putzura, pentsatu nuena.

        «Gure telegrafistari inork ezer egin nahi baldin badio, hauxe probatu beharko du!».

        Argi zegoen Royal Navyrako ari ginela, eta tostarteko batzuk behintzat baraurik. Maleta beltza ireki zuen Andonik. Besoak uhaletan sartzen zituela behakoa lotu zidan, hori zuen maltzurreriako aierua, ezetz asmatu zer ari naizen pentsatzen oraintxe, begietarik galdezka.

        «Jo ezak God save the King, eusko!».

        «Ez, kapitain jauna!», nire keinuren baten esperoan Andoni, «Mister Neutralaren hileta jo behar dut!».

        Hori zen asmatu ezin izan nuena. Entzun ez genion zerbait murduskatu zuen kapitainak, bazekien nondik ari zen «eusko». Gero, beti pistola agerian:

        «Euskalduna haizelako barkatzen diat!».

        Bazekien nondik nora, bai, euskaldunak ginelako ez genien guk berehalakoan barkatuko lau urte lehenagoko portaera koldarra inglandarrei.

 

                Eguna gautuz doan bezala

                Doa ontzia hondora...

 

        Egundoko gozoen jo zuen Andoni Olabek, pieza berria zen, nik inoiz entzun bakoa behintzat, irlandar airekoa. Atzamarrak poliki mugituz, ezkerreko botoiak ia sakatzeke, hauspoaren nekea entzuten genuela, arnasestuan baina itotasunik gabe. Ederra, ederra. Eta irlandarrei malkoak legez etorri zitzaizkidan hitzak, doinuaren erritmoan, maskuria lehertuta azalera etorriak ziren arrain hilei beha.

 

                Eguna gautuz doan bezala

                Doa ontzia hondora

                Hondoan dauka Gernika portu

                Ez bedi inor aztora

                Gure harrian zorroztua zen

                Mastan jo duen aizkora

 

        Destruktore batek jaso gintuen ordu eta erdiren inguruan. Kubertara ginenerako, beste hiru gudontzi hurbildu ziren, azkena minatzailea zen. Orduan konprenitu nuen doixtarraren taktika.

        «Edo sobran zeukatek, edo doixtar horren zelatan erortzen ari dituk».

        «Hik uste?».

        Andoni ez zen berez marinela, porturik portu ibiltzeagatik gura izaten zuen hark ontzietan, baina ez zen itsastarra, musikoa zen hura. Alemanen zelata total garbi zegoen, ezta? Hik uste duk posizioa ematen utziko zigutela, osterantzean? Azalera irten, gu txalupetara jaitsarazi, denbora galdu, sinetsiarena egin... Hori dena ez da egiten ez bada etsaia tronpatzeko. Han azpian, ehun metrora, esparroi gosetu bat zegoen gaitzeko sarraskia egiteko irrikan. Aukeran zeukan, gainera, haginka non egin: jagole barik utzia zioten konboi zatiko zamakoetan edo posizio hartara erakarriak zituen gudontzietan bertan, posible zen ezustekoa baliatuta gutienez ontzi bi jotzea.

        «Orduan laster edukiko dau Churchill horrek zigarroa non ixotu!».

        Eta haize okerrak emoten baitzion lantzean behin, ontzian gora eta behera ibili zen «Soon, soon, Mr. Churchill cigar in flames!» kantari. Hiru ordu aritu ginen hamar miliako oboan sakoneko kargak jaurti eta jaurti. Tommiek ezagun zuten ez zekitela itsaspekoa non zegoen, isiltasun beltzean etzanda egonen zen hura, gu ongien zelan atrapa kalkulatzen, dena zehazten, bezuza zorrozten. Edo beharbada konboiaren bila joana zen. Nolanahi dela, alfer lana zen zerabilten lehia.

        «Irlandarrak, eta Royal Navyrako lanean?».

        Muturik gelditu zen, zaharrena izan behar zuen, ez dakit non ezkutatuak ziren beste biak.

        «Antipaxistak gara», esan zidan ukondoak karelean pausatuta, «Guk aspaldi jo genion geure hileta neutraltasunari».

        Brigadista ibili ote zen gurean, orduantxe galdetu behar niokeena. Baina kupitu egin nintzen.

        «Bat nator zurekin, O'Hara. Baina Royal Navy ez da antipaxista».

        «Ez?».

        Andonik erantzun zion kanturakoan harrigarri eztitzen zen ahots lakar harekin.

        «Ez! Royal Navy antipaxista izan balitz, Bilbao ez zen inoiz paxisten esku eroriko».

        «Hurra! Hurra!».

        Abaorreko amura aldera hurbildu ginen denok.

        «Eman egin diogu! Zerria...!».

        Hura poza Tommiena...

        «Jo ezak, eusko! Jo ezak hire piezarik ederrena!».

        Zelako marraixu garaua, doixtar komandante hura! Ni segur nintzen, egun ere segur naiz ez zutela ukitu, berean bere isurarazi zuela komandanteak fuela, jo zutela uste genezan. Eta destruktoreak, amuari helduta, noreste ipini zuen branka berehala, berak eraman gintuen Brightoneraino. Bazuten zer ikasia oraindik Tommiek guda-jokoan. Tommiak, inglandarrak.

        «Txakurtxo hura hartu behar najuan, eta ez traste hau!».

        «Trastea duk orain soinua, ala?».

        «Txakurtxo bat aldean baneu errukittu egingo litzakez nire musika maite ez dabenak be».

        Ahokeriak, biziki ongi jotzen zuen Andoni Olabek, denek maite zuten haren soinua, euskaldunok, frantsesek, inglandarrek, irlandarrek, txinatarrek, hinduek, denek. Izan zitekeen dolutua egotea txakurtxo hura salbatzen gehiago ez ahalegintzeagatik, izan zitekeen. Ostetxoa biltzen zuen inguruan, eta pieza amaitzen zuelarik adindu gutik jarraituko zuen bere zereginetara aho zabalduaren sabaian «Basque refugee» zioen papertxoa zeukan soinu kutxan ezer utzi gabe. Berba haiek itsuaren betaurrekoak baino indar handiagoa zeukaten jendea beratzeko.

        «Barka, anderea, Bolton kapitainaren alaba zara?».

        Eta Andoni Olaberengana txanpona jaurtitzera hurbiltzen ziren andrazko gazte guztiak barre eginda urruntzen ziren, kapelu kriket haiek xarmangarri luzituz.

        «Irudi txarra ematen duzu».

        Euskaldunok ez genuen zertan eskean ibili, Euzko Etxekoek ez zuten onez ikusten karrikan jotze hura.

        «Hemen be erromeria debekau behar deskuzue abadeen morroiek?».

        Kopetaraino gorritu zen Periko Beitia.

        «Soinujolea eskean bizi izan dok beti gure herrian».

        Hurrena ikusi nuenean, kai inguruetan beti hura, gezur hauxe zeukan idatzia bere kartoian: «Basque refugee rescued of Bilbao by captain Bolton in the merchant ship Seven Seas Spray». Halamoduzko erdibidea aurkitu zuen Andoni Olabek, ez duk uste? Ez zuen gure jaurlaritza lotsagarri uzten, idatzi hartan ageri zen esker onak estali egiten zuen urrikirako nabarmenkeria. Berak ez zuen ordea halakorik aitortuko, bazeukan helburu praktikoagorik.

        «Noizbait pasauko dok Bolton kapitaina, edo bere pilotua, edo hura ezagutzen dauan bat edo...».

        Bolton kapitaina Bilbora azaldu zenean blokeatuta omen zegoen hiriari janaria ekarriz, Andoni liluraturik gelditu zen. Ez, Eguna izparringian irakurri zuen albisteagatik jakin zuen, lehen orrialdean zetorren. Lekeitioko Beitiarenean zegoen orduan gure saildia, ostatuan, atsedentxoa hartzen Markinako inguruan negu gogorra bota ondoren. «Ezagutu behar juat nik andrazo hori!» esan zidan, eta beribil baten eske hasi zen Bilborantz abiatzeko, bazekien petral jartzen. Baina hurrengo egunean bertan mobilizatu gintuzten Gerrikaitz aldera, han gogorrago astindu gintuzten.

        «Barka, anderea, Bolton kapitainaren alaba zara?».

        Barre egiten zuten, algara, kapelua hobeki kokatuz urruntzen ziren, begi aurrean ispilu txiker bana baleramate bezala.

        «Agur, Cecilia...!».

        Badakik, orduan mundu guztia zegoen sinetsia Bilboko itsas-urteera paxisten gudontziz inguratua zela eta Bizkaiko Golkoa dena minatua. Etsaiaren publizitatea zen, eta guk irentsi. Gurma lodian egin zuen Bolton kapitainak Ziburutik Bilborakoa, gauez, benetako itsasketak egin behar diren moduan. Boltonek erakutsitako bidetik heldu ziren gero Hansterley, Stenbrook eta Mac Gregor zamakoak, hazkurriz beteta.

        Orduan, esanen duk hik, zergatik zenieten halako herra inglandarrei?

        Hik esaten diok inglandarrari «Ez zagok mendi hori igoko duen amaren umerik!», eta biharamunean Everesteko gailurra zapaltzeko espedizioa antolatzen ditek. Inglandarrak sportman hutsak dira. Entzuten badute Bilbao blokeatua dagoela, minaz josia dagoela Abra osoa, «Hori geuk pasatuko dugu!» egiten dizu erronka Cityko edozein bulegarik. «Nora zoaz?» galdetzen dio kanoiontzi paxistak Sanander aldetik datorrela ikusita, «Saint Jean de Luz» esaten dio Bolton kapitainak, eta hurrengo gauean Ziburutik irten eta argiak amata eginda pasatzen da Almirante Cervera beldurgarriaren ondotik pipa erreaz, Ibaizabal gora sartzeko. Badu meritua, nork uka, baina ez gero uste antipaxismoak bideratu duenik horretara. Harrapatzen dute doixtarrek eta «Irish abertzaleak gara» esaten du inglandarrak lasai, edo «Neuk akabatuko dut telegrafista aliatuzale hori!», egundoko gibela. Izkiluak behar genituenean, neutraltasuna jokatu zuen Inglandek. Gero, dena galdua zenean, Hitlerri aurre egiteko gai zela erakustearren, bere sportmanak bidali zizkigun gosea lur-sagarrez arin genezan...

        Nardagarria ez denik!

        Guk irakurri genuen izparringian ez zetorren haren argazkirik, aita ageri zen, kapitaina, tostarteko guztiak zituela inguruan, alaba ez. Albisteak, ordea, Bolton kapitaina «alaba lirainagaz» etorria zela zioen. Lehenetariko emakumea izanen zen zamakoetan, eta gudapean zeuden laterrietako portuetan sartzen bakarra. Bazeukan bere zera, baina burutik egin zitzaion Andoni Olaberi, idealizatu egin zuen, musa bihurtu zuen, huraxe behar zuen hark musikan porturik portu ibiltzeko. Platonikoa zuen harekikoa, euskaldunok inglandarrei genien gorrotoaren bestekoa.

 

                Cecilia nik zurekin nahi nuen enbarka

                Bilbaotik nortera zuzenduta branka

                Geroztik garraztu da munduan enbata

                Inork ezin dit esan non duzun atraka

 

        Andonik uste zuen, arrazoi zuela ezin uka, errazago topatuko zuela Seven Seas Spray Londongo kaietan itsasoan gora abiatuta baino, huraxe esan zidan. Anartino elkarrekin ibilitakoak banandu egin ginen, txopan Panamako ikurrina zeraman zamako berri batean hartu ninduten, Mediterraneoan ibili nintzen luzaz. Ez dut uste Cecilia Bolton ezagutu zuenik gure Andoni Olabek, zaila izaten da itsasokoen berri jakitea lehorrean. Itsasoan ordea elkarri deika bizi gara, irratia beti dago piztua, berehala jakiten dugu non zer den. Beharko, bizirik iraunen badugu. Seven Seas Spray ontzia Cardiff-eko konpainia batek erosi zuen. Ohikoa izaten da eta izena aldatu zioten, Seabank Spray ezarri zioten, eta izen horrekin zebilen gu Londonera iritsi ginenerako, egik kontu zelako inozoak. Gero berriz aldatu zen jabez eta izenez, Jeanne M. hartu zuen. Baina beti Bolton kapitainaren agindupean. Bai, normalean kapitainak konpainian jarraitzen dik, ez duk ontziarekin batera aldatzen. Baina zenbait marinel zaharrek ontziko txakurrak legez egiten dute, ez dute baforea abandonatu nahi. Niri iritsi zitzaidanez behintzat, Jeanne M. ontzia Bolton kapitaina eta eskifaia osoa barruan zituela joan zen hondora, U-37 itsaspeko sonatuak torpedoz jota, 1940ko abenduan.

        Esanen diat, bai: 39.19 Ipar eta 13.54 Sortalde, aterako duk non?

        Livornon ginen, gomutan daukat sobietikoek Laika txakurtxoa espaziora bidali zutela zekartela izparringi guztiek, langileen diktaduran ere txakurrak ontzietan bakarrik maite zituztela pentsatu nuen. Horregatik dakit 1957 urtea zela, azaroak lau zituen, bezperan Sputnik bigarrena. Gosaltzen ari nintzen beste izardun batekin, portugaldar bat, Piazza Garibaldiko kafetetxe nagusian, Italian enparantza guztiak dira Piazza Garibaldi.

        — Ikusten duk gizon hori?

        — Bizarzuri hori?

        — Werner Hartmann.

        Aski ona engoitik nire inglandera. Gizona zegoen mahaira hurbildu nintzen.

        — Barka, jauna...

        Kafe kikararen ondoan laga zuen izparringia, tolestuta. Laikarena irakurtzen ari zen, Moskuko karriketako txakurrik bizkorrena, emea izan behar. Galdetzekotan egon nintzen ontzian txakurra eramateko ohitura zeukan.

        — Bai?

        — Zu... Werner Hartmann zara?

        Lehen mailako Burdinazko Gurutzea, Zaldunen Gurutzea Haritz Hostoekin, berrehun eguneko marea itsaspean basera itzuli barik, aliatuei milioi erdi tona hondoratua... Eta bizirik atera, Prien handia ez bezala.

        Zer uste duk egin niola? Bostekoa estutu nioan.

        — Euskalduna nauzu, Hirugarren Reich-aren aurka gudukatu nintzen lehorrez eta itsasoz. Lepoa jarriko nuke zeu izan zinela Irish Pride hondoratu zuena, Brighton inguruan, hamar mila tonako zamako zahar bat, masta bikoa.

        Zimurrak sortu zitzaizkion bekokian, datu guztiak buruan zeuzkan oraindik gizon hark.

        — Kafea nahi? Bundesmarine-ko zamakoetan egiten dut beharra aspaldion.

        Bolton kapitainaren istorioa kontatu nion Werner Hartmanni, bere alabarena eta euskal soinujolearena, Londonen utzi nuela Andoni Olabe hiria Luftwaffek bonbardatu baino hilabete batzuk lehenago. Galdera guti batzuk egin zizkidan nire kontakizunaren errunboa zuzentzeko, erne jarraitu zuen berbaldia. Isilik gelditu zen epe batez. Gero, beste kafe bana agindu ostean, musututs utzi ninduen.

        — Cecilia Boltonen bizitzak ez zeukan zentzurik euskal soinujolea hil zenez geroztik.

        Posible zen, gudak halabeharrez beteak daude, hiru urtean urte betean hilabete batzuetan bizi behar duzu zeure bizitza. Mahaizainak alde egin arte itxaron nuen.

        — Esan nahi didazu... Alegia, Jeanne M. ere zuk...

        — Suizidio bat izan zen.

        Altxatu egin zen, nik «Txakurtxo haren antzera, txakurtxo haren antzera...» marmarikatzen nuela. Gudan absurdoak gertatzen, eta gudaosteraino luzatzen. Esan liteke Werner Hartmann nire aiduru zegoela kafetetxe hartan, beharbada egunero egoten zen mahai hartan ni noiz azalduko, adiskide soinujolearen azkena jakin nezan: badatoz hegalontziak urdina betean, hirurehun itsaspeko hegan, Londongo zerua Gernikakoa halako hamar, hogei, berrogei, sirenen txistua baino mingarriagoa arranoen amiltze astuna, oinaztuaren garraren aitzin bere tarrata, zelako edertasuna eraikinak lur jotzen bazterrak sutan karrikak lehertzen, eta durunda handiaren gainetik, beste uhin-luzera batean, euskaldun liluratuaren oihua hondakin guztietan oihartzun London osoan, Ingland osoan barreiatzen...

        «Sua nahi, Mr. Churchill?».

        Bolton eta bere alaba ez beste inglandar guztiek Gernikako fosforo berean kiskali behar dute, garaia zen, londondarrak babestokietara doaz astrapalan, sotanoetan ezkutatzen dira koitaduak, eta soinulari zoro batek kalejirarik alaiena jotzen du Waterloo-Bridge-ren erdian, edo Albert edo Victoria enbarkment-en, Londongo artadiak ikaratzeko gisaz, leherketa metraila ke guztien artean bozkario, Cecilia izenari narrutako galdatan atxikia...

 

                Londonek gura ei dau

                Dantzan akelarrez

                Churchillen zigarroa

                Ixotzeko garrez

                Heriotza barrez

                Dantzan akelarrez

 

        Soinujoleak bere entzule lirainei Bolton kapitainaren alaba ote ziren galdetzen zienean barre egin eta kapelua kriketago okertuta aitzina egiten zuten haietarikoa zen Cecilia Bolton, hori ez nion Werner Hartmanni kontatu baina. Maitemindua egon behar zuen, jakina, porturik portu zihoan ametsez Andoni Olaberen itaunari erantzun barik urruntzen zenean. Begi aurrean mirail txipiño bat baleuka bezalaxe, bai, eta hartarik euskal aterpetua ikusten du bere joanari beha, emearen harrotasuna orduan, hurrena datorrenean «Nolaz ezagutu nauzu, Bilbotik menturaz?» esanen diola zin eginik, atmosferan berriro sartzean desintegratu egin behar duela ez dakien txakurtxo horrek.

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus