Aurkibidea
Irakurtzaileari
Jose Luis Otamendi
TALOMIDA KUMEAK
Jada ez naiz futbolean jostatzen
Iraultza hasi besterik ez da egin
Eta amodioa herrira etorriko balitz...
Behin eta berriro zakur haginak
Aitonaren irrifarrea jaio zenean
ATZERAELIKADURA:
MARTIN & GERTRUDIS
Naizena eta ez naizena naiz ni
Hodeiak eguzki artean ezkutatu
Aurkibidea
Irakurtzaileari
Jose Luis Otamendi
TALOMIDA KUMEAK
Jada ez naiz futbolean jostatzen
Iraultza hasi besterik ez da egin
Eta amodioa herrira etorriko balitz...
Behin eta berriro zakur haginak
Aitonaren irrifarrea jaio zenean
ATZERAELIKADURA:
MARTIN & GERTRUDIS
Naizena eta ez naizena naiz ni
Hodeiak eguzki artean ezkutatu
Deuseztapenaren bezperan
emakume eta haurrak mendietan babesten dira
zuhaitz biluziak zelai berdeak haitz grisak
delirioak haizearen dantza intonatzen du
desertuan aspaldi itotako mahatsondoaren antzera
ezpal bakoitzak bihotz bat ediren du
izua julisteko
egunsentiak beltzez jantzirik
gris apalez edo
urdin leunez
agurtzen du eguna
guda! guda!
guda!
errefuxiatuaren aurpegian
gaur kainoiek opariak xukatzen dituzte
zikoinen mezuen legez han goizero
sakelek korroaka esnatzen gintuzten errekaz beste
bonbek ez dute zerikusi handirik poesiarekin
baina batek lantegiko bafore monotonoak ikusi nahi lituzke
ortzea geziz larriki zauritzen ogia erostera doazen
amak langileak ikasle goiztiarrak agurtu
ei anaia arreba zergatik ez dugu elkarrekin dantzatzen?
elkarrekin dantzatzen
mezua airean eskegiz
baina batek soilik gai biziduna legez uzkurtzen
hedatzen den haragi odoltsuetako
masa amorfo neurrigabea ikusten du
oinpetan zeru-lurrak dardarikatzen
herio gudariak imajina daitezkeen ikurrin mota guztiekin
guztiekin
bista amaitzen deneino
ez omen da inor salbatuko diote
zutoihal eta lantzek zorrotzak gosetiak
tantaietan izara zuriari tenk
etsaia soilik garaile atzeratzen da
soilik garaile
ei anaia arreba zergatik ez dugu elkarrekin dantzatzen?
elkarrekin dantzatzen
gauaz bonba festa amorai bihurtzen zaizu
begiak istean perzepzioaren ateak irekirik ikusten dituzu
guztia den bezala armiarma sare barik
eguzkiak ez lituzke urtuko gure hegoak gaur gauean
inoiz ikusiriko aurpegi guztiak ikuspegi ezberdinaz
zentzuaz esanahiaz beterik agerian
ametsa bera ilusioaren etsai bihurtzean batek ez daki
maitasuna etsipenetik bereizten
isiltasuna mintzo da ene hitzetan
emaiguzu gaur egun honetako ogia
barkatu gure zorrak
zorrak ama
dio alboan edo urrunean ausentziaren distantzian batek
daki bere gorpu puska trenkatuak hirian zehar banatuak izan
aurretik goiza gorriz txapaturiko zuri beltzez jaio da
jaio da!
aintza!
garaitza!
biharko eguna ikusiko ez dutenei
guda! guda!
guda!
hagak zaldiko maldikoetan zigzagean almadenak
arieteak murruen aurka zurubiak almenetan
giza undina eskegirik kresala erauntsi itsaskada
hiriaren gain erortzear
harresiak iramonduak izatean
danborren tam-tam zalaparta presurosopean
azokara azken unean azelgak merkeago erostekotan
irtendako etxekoandrea korrika ikastolara eskolaurreko
semearen bila doan ama langileak autoetan preso
karriketan geldi trafikozaina
iraganeko beleen habiak besapean
eguneroko ezezagun bistakoa ikusi nahi nuke
ei anaia arreba zergatik ez dugu elkarrekin dantzatzen?
elkarrekin dantzatzen
nerabe bikotea eskutik helduta bikotea ikusi nahi nuke
ei neska ulertzen al dun hire mutila?
ulertzen hire mutila
odol putzuan igeri nire lagunik merkeena hiltzen ikusi dinat
merkeena
bihotza malkoetan itoko nuke ninietatik jaurtitzerik banitu...
gaur lur hau errailduz erlastuz antzutu duen
su ahaztezinak lehenbizi eta azkenengoz
ikusiko dugun suak
irentsiko gaitu hiriaren hondakinetan
haizeak okel errearen usaina dakarkigu
gizonek ez dute puska batean haragirik jango
badirudi putreek ene zenbaki lagunen gorpuak begiztatzean
zenbat diren hildakoak galdetzen diotela ene buruari
hautsa haiz eta hauts bihurtuko
hamar ehun hamar mila
hautsak zenbaki guztiak daramatza
atzaparrak igurtzitzen dituztela ni seinalatuz
txinparta berriak abailtzeko
zakurrek hilobiak hustutzen dituzte izurria datorkigu
izurria
guda! guda!
guda!
errefuxiatuaren baitan
distantziaren urruntasunean urrun bihotzean airean
amek emazteek arrebek... negarrez darraite
ustez hil eta oroimenean galduriko senar emazte
anaiengatik
amek garrasika zoraturik esaiezue ahotsa galdu aurretik
non aurkituko dituzten semeen hilotzak
amak umea lehen aldiz helduriko unea oroi du
amak oroi du
agur dio han urrunean
ortzetik eskegirik zetzan itxaropenarekin batera
gaua urratu da intziriz materiarik gabeko
izar hauts biluzia erori da lurrera zapaldua
umezurtz berriek alanbre-hesiak dituzte biriken ordez
gauaren iluntasunean geldirik daude
jostailurik gabeko panpinak
«non da aita ama? gose naiz» garrasika
non da aita
hegira zeharkatzen duen ke zutabe bakoitzeko
malko hiratsuak erortzen utziz
jaio dira biharko guda zaharren gudari berriak
emakumeen otoitz oihartzun mutuak lagun
karrikak hats etsi nekatuaz gainbeheratzen dira
milaka pausu uniformatuak porrotaren pausuak
intziri zenbaezinak
minak ez du aurpegirik balizko itxaropena ezik
aintza
garaitza
gaurko eguna amaitzen ikusiko ez dutenei
«zer izanen da hiria hartzea lortzen ez badugu?»
zioen morroiak erasoaren aurretik nagusiari
«zer setioa amaitu aurretikeurien aroa hasiko balitz?
zer esku hutsik itzuli beharko bagenu?»
«hiria hartuko ez bagenu esku hutsik itzuliko bagina
agintariek gudaloste handiagoa bidaliko lukete
udaberriaren lehen egunetan
zure eta nire gainetik dauden armada buruekin
inoiz eki izpiek dizdiraz bete duten armadarik handiena zuk
eta nik ez genuke ikusiko biharamunaren jaiotza»
biharamunaren jaiotza
morroiak burua makurtu du hiria harturik ere
ez al dira ba hurrengo udaberrian berriro itzuliko
mendietan errefuxiatu etsai-kumeak hiltzera
emakumeak bortxatzera lur honetako biztanle bakarrak
pinu ametzak izan arte?
kristalezko gau kolorgeak iragartzen dira hiriarentzat
guda! guda!
guda!
guda ororen drama
etxe eraikin bakoitza milaka istorioren drama gordailua da
batek daki nolako keinu ezkutuak gordetzen diren
gortinaiarik gabeko leihoetan
atarietako kristal apurtuetan
karriketako eraikinetan errefuxiatzen dira
izenik gabeko hilobiak balira bezala amore eman duenak
une gozoak bizi ditu ene jainko izen bat du emaztea
haur bi marmolaria da lanbidez
karriketako iragarki biluzietan bakea zuria da
eki elektrokutatuaren izpipean ilargiak
erraustua dirudi ene gorpua inor gabe dabil
odol usainak gidatu zakur hezurtsuen gisa
etxe barruan ohe azpian sukaldean ezpainak bere tokian
hil behar M..... zurekin edo zugabe
arratoiak dira kaleak zeharkatzen dituzten izaki bakarrak
arratoien lurrean ur gardenen urmaelean tenplu sagaratuan
ur baketsuen zingiran jainko legea
oneritziz zabaldu dizkizute ateak M.....
ez duzu euskarririk itotzen zaituzten bitartean M.....
inongo aiztoren menpe ez
aspermenak lepamoztu zaitu
asteburuko gidoiaren arabera
aspalditik jakina zen bezala
jakina zen bezala