Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

28

 

Bilakuntza azpiegiturak desertatu genituen. Julieta Ilserekin geratu zen. Nik autobus kliskaz Nolwen harrapatu nuen Baionako Barrako itsasargirako eskaileretan. Xibertako oihanean eman zigun hitzordua Jana alias Madeleine Proustek. Gaua eta Pazko egun osoa zain-aire higaturik aski estimatzen nuen uhinen hagun gazia aurpegian zartatzen zitzaidalako unea, mihia ezpainetan alfer zihoakidan bizitzaren gustua birdastatzeko. Marea gora ari zen. Oinezko xendran sei-zazpi lasterkari izerditsu ekidin genituen, batzuk pairatzen eta besteak alaitzen. Gehienek musika zeramaten belarrietan bakarkako korrikaren abiadura mantentzearren.

        Emazte bat zegoen eskalada murruaren itzalean. Marti Izoztak eman argazkia atera nuen paltoko sakelatik. Aiduru zetzan emakumeak ez zuen Janaren antza izpirik. Zahartuago zen, hogeita bost urte ez zirelako hutsalki lerratu. Itxuraldatuagoa halaber. Ulertzekoa zena, naski, Santxo Etxeberriren agerpenen ildotik: kirurgia estetikoaren baliabideak betean erabili zituen Janak. Matelak meharrago zituen, sudurra zuzenago eta begiak sakonago. Itsasoaren gristasun muskerrak begitarte arranguratuaren ezaugarriak azpimarratzen zituela onartzekoa nuen. Lehen bistan, Nolwen eta biok baino anitzez handiagoa zirudien Madeleine Proustek. Igurikatzen gintuen jargia publikoan zut-zuta landaturik. Larru gorrizko esku-zakua zeukan belaunetan.

        Hurreratu gintzaizkionean ez zen den mendrenik mugitu. Doi-doia agurtu gintuen eta esplikatu ezinezko barrea eskaini zigun. Bele zakarraren kroak Xibertako eremua inarrosi zuen:

        — Zer nahi duzue?

        — Jana Elgebeltz zara?

        — Aspaldian desagertu zen Jana Elgebeltz. Madeleine Proust naiz. Niretzat hasteko eta maite nautenentzat gero.

        — Anaiak bilatzen zaitu.

        — Azkenean!

        — Ez da erraza izan zuregana heltzea.

        — Hatzak ezabatu nituen.

        — Heriotik salbatu zinen. Zure lagun eta etsaiekin mintzatu gara astean zehar.

        — Zer gertatu zen badakizue orduan.

        Sudur hezurra ferekatu zuen ulitxo zuntzunak kilikatu bailuen. Ahula zirudien. Beldurrez zebilen, erabat. Aurkeztu nintzen mehatxuzko izuaren urruntzeko:

        — Amaia Ezpeldoi, detektibe rurala. Daniel Elgebeltzek kontratatu ninduen duela zortzi egun Baiona-Miarritze derbia bukatzean, mende laurden honetan arrebaren berririk ez zuelako. Marti Izoztak eta Jean Lavignek ere dirua proposatu zidaten inkesta bururaino eramateko. Julietak, zure lagun minak, hipnosipean, istorioaren giltza oparitu zigun.

        — Eta ondoko kide hori nor duzu?

        — Nolwen Kergelen. Baionako komisaldegiko arduraduna. Eta nire andraidea, egia den bezala azaltzeko. Ebatsi zenituen 400.000 frankoak xerkatzen zituen Darth Vader saldoak zanpatu ninduen Wiesbadendik gentozela Santizpiritu zubiko tunelaren ilunean...

        — Aha, bai, laurehun mila franko ziztrin haiek!

        Zintzurraren hondotik aho zabaleraino, goiti eta beheiti, ezpalkatzen zihoan algaraz urratu zen. Ez zen gelditzen ahal, oker eta zotin andanaz askatzen zela. Jabaldu zenean jarraitu zuen:

        — Sosarengatik zenbat zauri ez da irekitzen! Etxeetan berean, zaharra hiltzean ontasuna dela kausa aharratzen dira haurrideak. Zurrumurrua hedatu zen arren, Louvreko atrakoa ez genuen guk egin, zorigaitzez. Hargatik aitortzen ahal dizuet orain, mugaz honaindira kontrabandoz pasatzen nuen iraultza-zergaren zati potoloa nireganatu nuela. Ontsa baliatu zitzaidan iheslari denboretan.

        — Barkatu zabar eskatzea baina —arraposki zetorren Nolwen— Polizia Sekretuaren informatzailea zinen?

        — Ez, akusatzen ninduena bera zen: Murdutegi. Suizidatu egin zen, baina ni ordukoz hila eta ehortzia nintzen.

        — Bagenekien, baina nahi genuen zuk erranik entzun.

        Ukaraia astuntzen zion diamantez hornitu ordulariari so egin zion. Klase ertaineko andereak sozialki erreusitu zuen. Soilak baina arropa karioak zeramatzan. Hatz erakusle horituak baizik ez zuen itxura orokorraren perfekzioa hausten. Zigarreta jalgi zuen zakuan zeukan zilarrezko zorrotik. Suak ninikak argitu zizkion.

        — Santxo Etxeberrik bizia zaindu zizunean ihesi joan zinen beraz?

        — Nola dabil Zantzo? Ez dut ahantzi. Nirekiko urrikizko sentimendu apurraz murgildu zen bakarra izan zen naski. Eta ez kuraiaz. Alderantziz. Zabarkeriaz. Berak bere burua uzkur nazkagarritzat zeukan. Batzuetan boteretsuei plazer egiteko erakusten den kuraia, uzkurkeria modu bat da.

        — Ameriketara eskapatu zinela berretsi zigun.

        — Sei urtez egon nintzen Kalifornian. Erakundean paper faltsuen alorraren arduraduna izanez, ez zen zaila niretzat. Ameriketan Mary J. Winston gisa ezagutzen ninduten. Bakersfieldeko Baba-Round euskal jatetxe erraldoiko zerbitzari nintzela, Soziologia ikasketak bukatu nituen. Eta kirurgia estetikoari esker araz eta trakaz erabat aldatu nintzen.

        — Zorionak! Noiz itzuli zinen Euskal Herrira?

        Zigarreta hondarra Xibertako xendrako errautsean lehertu zuen zakar-ontzirik ez baitzen. Zaborren berezilaria nintzenez, banekien Iparraldeko baratzeetan eta parkeetan eskas zirela Wiesbadenen denetan ziren zikinkerien biltzeko pertz publikoak. Oroitu nintzen orduan, Pazko astelehen arratsaldetik hara zortzi egunez laneko nintzatekeela: sabelaren zola antsiaz larrantzi zitzaidan. Nolwenen begiak non ziren bada? Niri begira alabaina. Nola zitekeen bestela. Pentsamendu ziztakorra ezabatu nuen, orainak, dolorez ustiatua bezain edana izatea merezi zuela konbentziturik.

        — Irakasle postu bat lortu nuen Parisen. Masen soziologia aplikatuaren alorrean. Nire abizenaz burlatzen ziren lankideak, baina Frantzian Madeleine Proust asko dago. Eta izenari esker herioaren latzetik salbatu nintzenekoa gogoan netxikan, ideia finko bat ardatz: bizitza ez zela edozein maneraz gastatzen eta andeatzen zen ontasuna, alderantziz baino, eskuzabaltasunez ereina izatea aldarrikatzen zuela. Jana Elgebeltzen tasunak atxiki eta keriak ahantzi nituen Madeleine Proust bilakatu nintzenean.

        — Zure adiskideek jakingo dutenean!

        — Badu bi urte Angelun nagoela. Bordeleko goren graduko teknologia irakaskuntza zentro pribatuan nintzen, hango plan sozial murritzaren karietara aitzin-erretreta harrarazi zidatenean. Hemen nabil dagoeneko. Txori hegalez anaiaren Moura villatik hurbil. Noiztenka igandeetan gurutzatzen dut itsasertzeko bidean Marietarekin. Eskerrak nor naizen ez dakien.

        — Familiatu zinena?

        Galdera indiskretua egiten ari nintzaion. Errabiaz epaitu ninduen. Nolwen bera, alta pipolzale amorratua, harritu egin zen. Deus ez bailitzan ordea, samurkiro ihardetsi zidan:

        — Ez. Nigan dena faltsua zen izenetik haste. Ezteiak ospatzeko paperak zuzen behar dira. Nahiz eta behin Las Vegasen ezkondu nintzen, Burlington eskualdean agituriko hegazkin istripuan zendu zitzaidan Allan Millsekin. Alargundu eta Frantziara pasatzeko Madeleine Prousten nortasun agiria aiduru neukan.

        — Anaiarekiko ikustaldia onartuko zenuke?

        — Beranduegi da.

        — Garesti ordaindu dit zure harrapatzeko.

        — Beranduegi da.

        — Zutaz kezkatu dira hala ere.

        — Beranduegi da.

        Lelotzen zihoan Madeleine. Beranduegi da errepikatzen zuen etengabe. Azantz izugarriak zetozen arrastiri hotzak setiatu Xiberta Oihanetik: abar idorrak kraskatzen, hostoak zartatzen, txori unatuak auhenez eta balizko piztiak eratorrian orroaz. Hontzarena edo kahakarena zen ez nekien uluak ikara hazi zidan haragian behera. Ehiztariaren orduan haurrak eta adinekoak zaintzekoak ziren urrezko edo zilarrezko altxorrak adina. Madeleineren neuronen erresuman galerna zela susmatzen nuen. Nola jasan muturralde eta biografia aldatuekin antzinako haurride eta adiskideekiko bateraldia? Baztertu zutenak zebilzkion atzetik. Zer aldatu zen Daniel bilakuntzara bultzatzeko? Erakundeak hamabi hilabete zuela plazaratu tregoak haiatu bake uhinak ote zituen egitekoak leuntzen? Mende erdiz burdinazko ahurrez gaztigatu zuen Iparraldean ere? Betazalak apaldu eta eriak juntetan klaskarazi zituen.

        — Bizitzan beranduegi izan daitekeelakoa ideia faltsua da. Funtsean, nehoiz ez da berandu. Danielekin egon nahi dut. Bai eta Marieta, Julieta eta Martirekin. Santxo Etxeberrirekin halaber. Haiekin hitz egiteko premia nabaritzen dut. Hainbeste gauza dugu elkarri irakasteko eta barkatzeko...

        Hara, urrats bat, egina... Zin egin genion, Ilbarritzeko holtzen aizolbean bilduko ginenean, nehork ez zuela Jana Elgebeltzen izenik ahoskatuko. Mezu zehatzaren pasatzera gonbidatu gintuen, bestela biltzarrik ez zatekeela.

        Madeleine Proust ttottogiatik aldendu zen buhako handiosa libratuz. Espantu eta oldarroikeriarik gabe despeditu gintuen:

        — Bihar arte.

        — Bederatzietan Erretegian.

        — Izuak kateztatu une hau frankotan irudikatu dut. Baina beldurraren ordez arintasuna eta poza dabiltza nire bihotzean. Ez didazue erran: zertan da Santxo?

        — Ongi da, baina ez du inoren elerrateko gutiziarik. Esperientzia nahikoa traumatikoa suertatu zitzaion Lubarrikoa. Mentalki paralizatua da. Erail behar zintuen tenore uher hartan gelditu da betiko. Ezindua da.

        — Bakean utziko dugu momentuz?

        — Hobe bai.

        Madeleine Proust Xibertako zuhaitzetan uhertu zen. Isiltasunak malgortu gintuen. Nolwenek mutu zerraikan eta nik ez nuen perpausik trenkatzen ahal. Depresioaren ezpondan geundela zirudien. Inkesta latz bat bukatzean horrela nintzen beti: hustua, errendatua, etendua eta oro har disgustatua. Janaren desagertzea aztertzen genuen arau agertzen zitzaizkigun gertakariak ez ziren sobera plazentak. Solastatu genuen jende bakoitzak Jesusek Golgotan deiadartua murdukatu zezakeen: Eli, Eli, lama sabactani... Baina zegoeneko denek ikasiko zuten makulu eta pentsa-maisuez mesfidatuz irauten, borrokaren ezpataren mihietarik bat mendekua baldin bazen, bestea barkamena zela, Herria logika morbido biktimizatzailez aserik zetzala, odolak berdin balio zuela bizitzeko eta hiltzeko, eta gerlak gal zitezkeela onartzean uste gabeko etorkizunen bortak zabalduko zirela hondarrean.

        Nolwenen eskua ausiki nuen. Xibertatik autobus geltokira ernatzean Daniel Elgebeltzen villaren atarian gelditu ginen. Ez ziren etxean. Biharamuneko hitzordua posta kutxan itsatsiriko paper batean utzi genion. Wiesbadengo Jean Lavigne deituko genuen Baionatik eta Santxo Etxeberri. Gaua gurea zen osorik. Amodioa eginen genuen. Edo elkarri so geratuko ginen mirakuluak maila guztietan eragiten bide zuelako.