Boga boga
Boga boga
2012, nobela
224 orrialde
978-84-92468-39-3
azala: Unai Iturriaga
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

16

 

Oren erdia eman nuen etxeko bosgarren solairuraino igotzen. Pisu bakoitzeko gune lauetan gelditzen nintzen pausatzeko eta besoetako zein saihetsetako oinazeak jabaltzeko. Giltza sarrailan kokatu nuen hondarrean. Nolwen egongelan zegoen, paper meta handi batekin borrokatzen. Hostoak zoladuran ere barreiatuak ziren.

        — Aspirina bat behar nuke. Buruko mina jauzten zait. 1985etik 1991ra lau banku ebatsi eta bi aldiz atxilotu ziren ETAko Iparraldeko maleta eramaileak. Jana ez da ageri ez atrakatzaileen artean, are gutxiago erakunde armatuaren faborez gordean ari ziren mugaz honaindiko hiritarren artean.

        — Deabrua ikusi dut eskaileretan gora.

        — Beherean jotzen ahal zenuen! Zure bila joango nintzen.

        — Ez nekien sartua zinenik.

        — Hori dakar mugikorrik gabe ibiltzeak.

        Barre egin nion. Biktimak errudun zirelakoa zen mende berriko irakaskuntzetan lehena. Nolwenen aspirina eta nire erremedioak apailatu bitartean, lotura izpirik ez zuen noski, DSK likitsa telebistan pasatu biharamunean Zokok zilarrezko platerean eskaini prediku kexatuaz oroitu nintzen:

        — Ez du deus argitu, huts morala zela baizik eta barkamendurik ez. Sexu harremana irun zutela baieztatu digu. Ez bortxazkoa. Ez ordainduzkoa. Tximista-kolpezkoa ala? NDFko nagusi tripandiak adostu bortxaketa zena? Nafissatou Diallo sehi ginear pobrea gezurti errea bailitzan. DSK gaixoaren borreroa Nafissatou... Puxantaren ustez biktimak bide zuen Rykers Islandeko kartzela dastatzekoa... bazauna?

        — So egiten baitun oraino horrelako pilixkakeriei?

        — Pilixkakeria baino gehiago da: emakumeen bortxaketa zigortu gabe geratzen ahal dela erran nahi baitu, pantailaren aitzinean datzan jendetza urrikalduaren benedikatzearekin gainera. Barda arratsean emazteen oinarrizko eskubideak zangopilatu dituzte DSK eta Chazal andereak zuzenean. Bazekin? EZ denean, EZ da... funtsezko lema.

        — Zer egin dezakegu?

        — Haserretu bederen.

        Ezpainetako sarraskiagatik musu epela lerrarazi nuen Nolwenen aho izkinan eta aspirina zekarren basoa mahai ertzean utzi nion. Nolwenek arrazoi zuen. Zokok arrazoi zuen. Ez nuen baitezpada arrazoia nire alde plegatzea bilatzen. Sufrikarioak minberago moldatzen ninduen. Ez zitzaidan gustatzen eri edo trauskil izatea. Kanapean jarri nintzen:

        — 400.000 franko. Berri ala zahar? Orduko jada zerbait zen. Eurotan ere kontu korronteetan edukitzea ez litzateke batere gaizki. Etxe batez jabetzeko. Edo bizitoreak garenez Janis Joplinek behin zerrendatu kontsumitzaileen amets arruntak betetzeko, hala nola Mercedes Benz baten erosteko, home zinema erraldoia eta mozkor gaua hiriko hotel merkean elkarri oparitzeko. Merezi dugulako...

        — Ez zara sekula isiltzen zu?

        Ez, ez nintzen sekula isiltzen.

        Logelan neukan bulegoa. Ordenagailua piztu nuen. Euskal Herriko mendi tontor hautatuetako argazkiak miretsi nituen behako borobilaz. Eguzkia. Malda latzak. Iratzeak. Urrunago Ogellako harriak. Nire mundua zen eta, mineraltasun horretan bermatuz, noiztenka hegaldatzen ahal nintzen planetako edozein habietan gerizatzeko. Nolwen okupatuegi ez balego, nire barneko egia beritablea aitortuko niokeen: gurbiltasuna, desertua eta mututasuna bilatzen nuen. Dei larrantzia hauteman nuen.

        — Zertan da Euskal Arazoa?

        — Euskaldunentzat ez da halako arazoa, badakizu. Arazoa da bereziki hizkuntza eta lurraldea onartu nahi ez dizkiguten auzoko gobernarientzat.

        — Egundainoko arazoa izatea ez da erakargarria. Irakurri dut armen tregoa iraunkorra eskaini zuela ETAk iragan larrazkenean eta Bildu deituriko alderdi politikoaren tsunamiak eraman zituela Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herri aborigenak. ETA armen baztertzera doa, ez?

        — Atzerritar batentzat nahikoa ongi informatua zara!

        — Interesatzen naizelako, bihotz taupadak Louise Ebrelen Kan ha diskan kanta ukigarrien arabera neurtzen ditudalako, sortzez euskalduna ez izan arren, egoera uler dezakedalako, Kergelendarrek sustraiak Enez Eussa uhartean dauzkatelako.

        — Mertzi anitz! Gauza bat: uste duzu menia indarrean eta bakea hurreratzen daudelako dela Daniel Elgebeltz bere arrebaren xerka atrebitzen? Zer diozu ideia horretaz?

        Ilse Traumberg psikologoa berrietara zetorren. Maurizioren pizza zekarren ketan bazkal ordua pasatua izanagatik.

        — Nola sentitzen zara, Amaia? Bendak aldatuko dizkizut. Pilulak irentsi dituzu? Goizean ohean egon zara arauz?

        — Bai... Baina ez... Jimmy Sevran elerran dugu Zokok eta biok. Minez kiribildurik jaso nizkion agerpenak. Julieta eta Marieta Janak aparkatu Renault 12aren herexetan arriskatu ziren. Preziosek kontatuaren arabera, Wiesbadenen ginenean, bi emazteek hitzordua zeukaten Elgebeltzen Angeluko egoitzan. Sotoan berdin...

        — Amaia —Nolwen zen—, sotoan ez zegoen ezer. Erran dizut. Bi errekerituak solastatzekoak ditugu, bereiz eta batera. Komisaldegira deituko ditut. Eta zuk jorratuko dituzu zerrendan ditugun hondar lekukoak.

        — Donostiara joango naiz. Harritu egingo da Txatxo, Janaren izena ahoskatuko diodanean.

        — Zu ez zara hemendik mugituko —Ilseren boz eztia zen. Larderiatsua aldion. Besoetan tinkatu ninduen. Bularraldeko hezurrak kraskari nabaritu nituen. Tony Montanaren pare begitartean labana-orbain bat nuelako irri amultsuz zartatu zen—. Ez zara gertatu zaizunaz hobendun. Sendabideko lehen urratsa da. Eta bigarrena, errazagoa, atsedenaz gozatzea.

        — Ezin dut.

        — Nola ezin duzula? Donostiaratzeko baimenik bederen ez dizut emango.

        — Tarnoseko Metro hondartzaraino ere ez?

        — Bakarrik ez. Prezios eta Zoko lanpetuak dira. Nolwen burumuin xurgatzen dabil paper horitu horiekin.

        — Eroan nazazu zuk, Ilse! Otoi! Baitezpadakoa da.

        Apartamentu txikian, kaiolan entzerratu sagutxoaren maneran, hapataka higatu zen Ilse Traumberg geniala. Banekien nire eskakizunari ez ziola ezetzik botako. Wall Street, Frankfurt eta Bartzelonako burtsen sarrera arduragabeko aferagileei trabatzen zieten Indignats edo Occupy oldeetako kidegoko baionarrek udaberrian okupatu Pelletier plazara so geratu zen Ilse. Hausnarrean. Ez nekien ordea zerk zuen gehien axolatzen, Parisen barna Bruselara zihoazen Madrilgo suminduak poliziak zurratzeak edo Tarnoseko itsas ezpondara berehala nire lauhazkatzeko premiak. Lepoan zeraman gurutze judutarra hupatu zuen. Erabakitzea zaila zitzaiolako marka.

        — Joango naiz... Baina gero pausatu egingo zara. Bihar arte gutxienez.

        — Nahi duzun guztia.

        BobleLur bilatzaileari esker lokalizatu nuen Txatxo Landabururen Izarraitz liburu-denda. Donostia hiri erdian zegoen. Kontxari baino geltokiari hurbilago. Goizeko trena hartuko nuen lasai. Mugaren bi aldeetan bazebilen jendetzaren partaide anonimoa baizik ez nintzatekeen. Pazko bezperan Hegoaldeko hiritar franko bazen Lapurdumeko karriketan, Donostiatik edo berdin urrunagotik, dendetako alegiazko eskaintza aberatsak eta Cazenaveko txokolate uhinak preziatzera etorriak. Burua ezker-eskuin mugitu nuen lepo-hezurren egituraren on-gaitzak haztatzeko. Ez nuen minik. Doi-doia, hatsa ebakitzear, besoa edo burua altxatzean.

        Bat-batean presatuak ginen. Ilsek ekarri pizza moztu eta Nolwenek, paper zama urrintsuetarik ateraz, entsalada olioztatuarekin klikatu genuen. Kafea banatu zigun.

        — Segur zara ongi zarela?

        — Gero eta hobe nago. Latza litzateke ez sendatzea, ditudan adiskide bihoztoi hauekin.

        — Gutaz ari zara? —artekatu zuen Ilsek—. Ez gara beti zure meneko egongo. Kotxe bat ere behar zenuke.

        — Mercedes Benz bat?

        — Alafede, Amaia... neurririk ez duzu!

        Ilseren heiagoraz jabetu nintzen eta Nolwenen kikizai estofatuaz. Kasuz eta kontuz jaitsi ginen. Pannecau karrika eroslez betea zen. Ahantzia nuen derbitik landa Xingar Feria antolatzen zela Baionan.

        — Ez da arraileriarako, Amaia; auto baten premian zaude.

        — Darth Vaderzaleek nire balizko hilotzaren ondora aurtiki gutunean aipaturiko 400.000 frankoak sakelan banitu...

        — Beribil eroso eta merkeak badira merkatuan.

        — Ibilgailurik gabe irautea erabaki nuen, 4L maitagarria Errobiko aparkalekuan errautsi zidatenean. Printzipio zozoa dela badakit, garraio sare publikoa ez baita hain garatua. Baina erreparatu ezazu gure bizimodu neoliberalak autoa noraino duen ardatz. Hiriak, etxeak, supermerkatuak, ausagailuak, zerbitzuak, amodio istorioak, espazio guztiak lau errotadunen zerbitzuko antolatuak dira. Halaber autoa: argi dago estatuen, petrolio alorreko multinazionalen eta aseguru-enpresen behi esneduna dela. Gabetarik halatan nire karbono-tasa apalenean datxikat...

        — Santizpiritu zubia oinez zeharkatzean karbono monoxido metak irensten dituzu... Eta zure lagun kutunenen ontasunaz baliatzeak ez zaitu kezkatzen?

        — Paradoxaz betea naiz. Eta arranpaz.

        Baiona iparraldeko bidean geunden. Porturantz. Barra aldera gindoazen. Lantegiz ttakatu Aturri hegiak desertu ziren uharren meneko. Bokaleko borobilean Tarnoseko norabidean eratorri ginen. Julian Grimau karrika. Munduan menturaz geratzen zen Lenin izeneko etorbide bakarra. Fabriken tximinietako kea hodei grisekin nahasten zen, altzairu urrina airean barreiatuz. Itsasora irekitzen zen Txirlinga zoroetxeko lobiroan eho zuen Ilsek behiala eztabaida iturri debalde suertatu Toyota abila. Eskuineko borta zabaldu zidan. Euritakoa luzatu. VIP ohoratuei hedatzen zitzaien tapiz gorria baizik ez zen han eskas... eta zu, maitea, bistan dena.

        Ilsek gerritik zurkaiztu ninduen, matoa neramala ezkerreko ahurrean, miresten nuen Dr. House ezagunaren moduan. Ez zen irriz zapartatzeko kinka. Marmol zurizko lau maila igo genituen eta berinazko atea bulkatu zuen adiskideak. Harrera gelakoak super okupatuak ikusten genituen. Zaindari edo erizainak zirurika pasatzen ziren. Burua altxatzen zuenak berehala apaltzen zuen zer edo zer amoinatuko genion beldurrez. Ulergarria baitzen, nehork ez zuelako maite lanean trabatua izatea. Garbiketaz arduratzen zen andere beltzaranak helatu gintuen:

        — Norbaitekin geratuak zarete? Ez da zuetaz nehor axolatzen?

        — Badugu astia. Deitu dugu. Aspaldian hemen dagoen Dupont jauna elekatzekoa dugu.

        — Baiips... Mattina, errazu, jendeak badira hemen...