Hau mundu arrano hau
Hau mundu arrano hau
1997, kronika
200 orrialde
84-86766-78-8
azala: J&P
Batxi
1887, Arratzu
1916, itsasoan
 
Hau mundu arrano hau
1997, kronika
200 orrialde
84-86766-78-8
aurkibidea

Aurkibidea

Hitzaurrea
Iñigo Aranbarri
Koldo Izagirre

Gibraltar-tik
1914ko urtarrilean

Rotterdam-etik
1914ko urtarrilean

Tyne ibaitik
1914ko otsailean

Savona-tik
1914ko otsailaren 12, 15 eta 23an

Sagunto-tik
1914ko martxoaren 13an

Rotterdam-etik
1914ko martxoaren 27an

Newcastle-tik
1914ko martxoaren 31n eta apirilaren 4an

Erandion
1914ko apirilaren 12an

Cardiff eta Barry Dock-etik
1914ko maiatzaren 13, 15 eta 18an

Ingalaterratik albisteak
1914ko maiatzaren 21ean

Venezia-tik
1914ko maiatzaren 19an

Sfax-etik
1914ko maiatzaren 19an

Genoa-tik
1914ko maiatzaren 31n eta ekainaren 3an

Sagunto-tik
1914ko ekainaren 21ean

Durban-go ekanduak
1914ko uztailean

Nire lehenengoz Buenos Aires-era joatea
1914ko abuztuan

Middlesbrough-etik
1914ko irailaren 11 eta 13an

Cargo Flect-etik
1914ko irailaren 15ean

Middlesbrough-etik
1914ko irailaren 18 eta 22an

Lisboa-tik
1914ko urriaren 10ean

Anberes
1914ko urriaren 14an

Barakaldon
1914ko azaroaren 10ean

Cardiff-etik
1914ko azaroaren 22 eta 23an

Barry Dock-etik
1914ko azaroaren 26an

Lisboa-tik
1914ko abenduaren 4an

Errumania
1914ko abenduan

Cardiff-etik
1915eko urtarrilaren 3an

Genoa-tik
1915eko urtarrilaren 29an

Aguilas-ko Hornillo-tik
1915eko otsailaren 9an

Cardiff-etik
1915eko otsailaren 24an eta martxoaren 8, 11 eta 13an

Itsasoan
1915eko martxoaren 23an

Genoa-tik
1915eko martxoaren 29an

Almeria-tik
1915eko apirilaren 14an

Irlandako itsasotik
Itsas egunekotik hartua 1915eko apirilaren 24an

Ardrossan-dik
1915eko apirilaren 26an

Glasgow-tik
1915eko maiatzaren 11n

Genoa-tik
1915eko maiatzaren 23 eta 31n eta ekainaren 3an

Mazarron-dik
1915eko ekainaren 6an

Glasgow-tik
1915eko ekainaren 26 eta 30ean eta uztailaren 1 eta 4an

Savona-tik
1915eko uztailaren 20, 21 eta 23an

Mazarron-dik
1915eko abuztuaren 1ean

Glasgow-tik
1915eko abuztuaren 25ean

Melilla-tik
1915eko irailaren 28 eta 29an

Glasgow-tik
1915eko urrian

Savona-tik
1915eko abenduan

Genoa-tik
1915eko abenduan

Huelva-tik
1916ko urtarrilaren 3an

Batxi Bilbaoren artikuluak

Batxiren inguruko prentsa artikuluak

Erosi: 10,83
Ebook: 3,63

Aurkibidea

Hitzaurrea
Iñigo Aranbarri
Koldo Izagirre

Gibraltar-tik
1914ko urtarrilean

Rotterdam-etik
1914ko urtarrilean

Tyne ibaitik
1914ko otsailean

Savona-tik
1914ko otsailaren 12, 15 eta 23an

Sagunto-tik
1914ko martxoaren 13an

Rotterdam-etik
1914ko martxoaren 27an

Newcastle-tik
1914ko martxoaren 31n eta apirilaren 4an

Erandion
1914ko apirilaren 12an

Cardiff eta Barry Dock-etik
1914ko maiatzaren 13, 15 eta 18an

Ingalaterratik albisteak
1914ko maiatzaren 21ean

Venezia-tik
1914ko maiatzaren 19an

Sfax-etik
1914ko maiatzaren 19an

Genoa-tik
1914ko maiatzaren 31n eta ekainaren 3an

Sagunto-tik
1914ko ekainaren 21ean

Durban-go ekanduak
1914ko uztailean

Nire lehenengoz Buenos Aires-era joatea
1914ko abuztuan

Middlesbrough-etik
1914ko irailaren 11 eta 13an

Cargo Flect-etik
1914ko irailaren 15ean

Middlesbrough-etik
1914ko irailaren 18 eta 22an

Lisboa-tik
1914ko urriaren 10ean

Anberes
1914ko urriaren 14an

Barakaldon
1914ko azaroaren 10ean

Cardiff-etik
1914ko azaroaren 22 eta 23an

Barry Dock-etik
1914ko azaroaren 26an

Lisboa-tik
1914ko abenduaren 4an

Errumania
1914ko abenduan

Cardiff-etik
1915eko urtarrilaren 3an

Genoa-tik
1915eko urtarrilaren 29an

Aguilas-ko Hornillo-tik
1915eko otsailaren 9an

Cardiff-etik
1915eko otsailaren 24an eta martxoaren 8, 11 eta 13an

Itsasoan
1915eko martxoaren 23an

Genoa-tik
1915eko martxoaren 29an

Almeria-tik
1915eko apirilaren 14an

Irlandako itsasotik
Itsas egunekotik hartua 1915eko apirilaren 24an

Ardrossan-dik
1915eko apirilaren 26an

Glasgow-tik
1915eko maiatzaren 11n

Genoa-tik
1915eko maiatzaren 23 eta 31n eta ekainaren 3an

Mazarron-dik
1915eko ekainaren 6an

Glasgow-tik
1915eko ekainaren 26 eta 30ean eta uztailaren 1 eta 4an

Savona-tik
1915eko uztailaren 20, 21 eta 23an

Mazarron-dik
1915eko abuztuaren 1ean

Glasgow-tik
1915eko abuztuaren 25ean

Melilla-tik
1915eko irailaren 28 eta 29an

Glasgow-tik
1915eko urrian

Savona-tik
1915eko abenduan

Genoa-tik
1915eko abenduan

Huelva-tik
1916ko urtarrilaren 3an

Batxi Bilbaoren artikuluak

Batxiren inguruko prentsa artikuluak

 

Batxi, idazle ezezaguna

 

        Nor ote da hildakoan Kepa Enbeitak lantua jotzen dion hau?

        Nor ote da euskal literaturaren historiaz egin diren liburu guztietan aipurik ere merezi ez duen idazle hau?

        Nor ote da bera ez dagoelako euskal idazleen lehen batzarra atzeratu egiten duten hau?

        Nor ote da Kirikiñok «idazle errimea» esaten dion hau?

        Nor ote da libururik gabeko idazle hau?

        Nor ote da Batxi?

        Bayo itsasontziak mina bat jo zuen 1916ko urtarrilaren 16an, Palice-tik 40 miliara. Bayo, Lezama y Compañia etxeko ontzitik marinel bakarra salbatu zen, pilotua. Josu Azkune Markaida algortarrak 27 urte zituen eta pilotari ezaguna zen, Algorteño:

        «Ontzia aida batean urperatu zen oso apurtuta, barruan egozanei ezertariko astirik emon barik, eta berori urten zen ur azalera zori ikaragarriz» emanen die berria Kirikiñok Euzkadi egunkariko irakurleei.

        Batxi bere gelan harrapatu bide zuen, kamainatik jagita, irakurtzen edo idazten. Hala egoten omen ohi zen egunero, goizeko seietatik bederatziak aldera arte.

        Nor ote zen bere familiaren alde Euzkadi egunkariak diru-bilketa berezi bat antolatu zion hura?

        Nor ote zen bere heriotzan eginiko oroigarrian «euskeldun zintzo eta hizlari sutsua» esaten zitzaion hura?

        Nor ote zen hain kronika ederrak idazten zituen gazte hura?

        Juan Bautista (Batxi bere kroniketan, Jon Ugutz aipamen aberkoietan) Bilbao Elgezabal Gernikan bizi zen, bertako batzokiko bazkide zen, eta noizean behin Erandio Behera ere hurbiltzen zen. Hau bere idazkietarik atera ahal izan genuen. Euzkadi-k eskaini zizkion eskelatik eta oroigarrizko artikuluetarik jakin ahal izan genuen 28 urte zituela hil zenean, hiru alabaren aita izanik.

        Gernikarra zelakoan, Derioko apaiztegi izandakora jo genuen, Bizkaiko artxibategian miatzeko. Baina bertan gerraondoko datuak baino biltzen ez direla jakin genuen. Gernikan berriz... Gernika erraustua izan zen. Gernikan ez dago historia egiterik. Familiak ordea oso hari mehea eta nahasia eskaintzen zigun: Bilbao abizena zuten hiru emakumezko! Hildako senide bat ere bazuela jakin genuen, amarekin Barakaldotik joan zelako Abandoko San Vicente elizan egin ziren hileta-elizkizunetara. Baina hau arreba zuen, zail samarra lanerako. Bigarren abizena Bilbao zuten gernikar guztiei dei bat egitea ere sortu zitzaigun...

        Vicente del Palaciok, historialari on gisa, barre egin zuen gure metodologiaz. Alde batetik ez genekien Gernika erraustua bai baina ez hainbeste, izan zela: faxistak sartu zirenean, ia alderdi politiko guztien bazkide zerrendak aurkitu zituzten egoitzetan, gaur egun kontsultagarri direnak. Bestetik, Batxiren aita ager zitekeen lehen hauteskunde zerrendetan, hautesle. Gernikako epaitegira jo genuen.

        — Egunon, begira... Bilbao baten bila gabiltza...

        — Izena?

        — Ez dakigu... egia esan bere semearen arrastoaren atzetik gabiltza...

        — Zer izena zuen semeak?

        — Juan Bautista, marinel bat, ito egin zen 1916an...

        — Nire aitita! —esaten digu barrez Miren Izarra Bilbaok, Gernikako epaitegira Bilbotik etorri berri.

        Juan Bautista Bilbao Elgezabal 1887an jaio zen, irailaren zazpiko ilunabarreko zortzietan. Aita, Saturnino, kaxakoa zen, hogeita hiru urtekoa orduan, eta Arratzuko errementaria. Gure idazlea, beraz, ez zen gernikarra, Arratzuko errementariarenekoa baizik. Ama, Ana Josefa, Lumokoa zuen. Egia esan, Batxik berak ematen digu honen berri Herri sekulakue! izeneko ipuinean, Arratzun Goro-Etxabarri deritzon etxea aipatzen duela, «nire aitaren sutegia». Baina Batxiren teknikaren ezaugarri hau, fikzioari datu biografikoak txertatzea, gerora ohartemanen genuen.

        Ez dakigu gauza handirik idazlearen haurtzaroaz. Irakurzale amorratua izan arren, ez bide zuen itsas ikasketarik egin: maiordomo —hornikari idatziko du berak beti— ibili izan zen ontzietan. Bere azken kroniketarik batean «hamazazpi urte daroadaz ur gainean» aitortzen dio Kirikiñori. Gazterik hasi zen beraz txo bezala, hamaika urteko zela edo. Hemezortzi urte zituela izan zen guraso aurrenekoz. Jesusa Zabala Bilbao zuen emazte, mendatarra. Goiztua, azkarra, urduria, Sabino Aranaren zirkulukoa zen Gernikan. Maisuaren gutunak ere ba omen ziren Batxiren etxean, gerran galdu zirenak. Aranak denboraldiak egiten zituen bertan, eta haren tertuliako izanen zen noski, hamalau-hamabost bat urte zituela.

                        Hain pozik heldu nintzan

                        Bilboko ibaira

                        Baina joan e'in behar

                        Urezko zelaira.

                        Ugazabak bidaldu

                        Gaitu Cardiff-era

                        Zama hartuta joateko

                        Amerika aldera

        Burdinaren esportazioak behera jo zuenean bertan lehertu zen Mundu Gerra, irabazi errazen Bilbao anglofiloa sortzeko. Nabierek mozkin gaitzak egin zituzten neutraltasun plantan batarekin eta bestearekin trafikatuz, Ingalaterrarekin bereziki. Ingalaterra, kontuan har dezagun, beligerantea zen. Fleten prezioak oso gora egin zuen, arriskua estakuru. Cardiff-era eginiko itsasketa bakarrean amortizatzen zen ontzia 1915-16 urteetan. Bat-ek, Uriarte-k, Vascongada-k, Bilbaina-k, Nervion-ek, Sota-k... irabazi itzelak izan zituzten. Printzipioekiko eta pertsonenganako urrikirik gabeko merkataritza honen ondorioz Bizkaiko itsasetxeen 59 ontzi galdu ziren, 100 marineletik gora ito. Baina arriskuak merezi zuen. Sota y Aznar konpainiak %6ko mozkinak zeuzkan 1910ean; %112koak 1916an. Ramon de la Sotak «Knight Commander of the British Empire» titulua hartu zuen, Britainia Handiko gobernuak emana. Bizkaiko nabieren inperioaren biktima izan zen gure idazlea, halakoaren kontzientziarik ez zeukan arren: Euskal Herria jo gabe eman zuen 1915 osoa, portuz portu.

                        Negua igaroteko

                        Neukan ba ustia

                        Ekarririk ontzira

                        Sendi ta emaztia,

                        Eta iketzaz berotu

                        Merke zubetia

                        Itsastarrek ederto

                        Jokosten tronpia!

        1936ko gerra heldu zelarik, Jesusa Zabala alargunak Bilbora alde egin zuen, alabak bonbardaketatik salbatuz. Bertan bizi izan zen 1948an hil zen arte, 65 urte zituela. Bere alabak, Jesusa, Marina eta Miren, bizi dira oraindik.

 

Langile zintzoa

        Ume kozkorretik ontzietan ibili izanak irudi luke eman behar ziokeela zapalduaren kontzientzia nolabaiteko bat. Inoiz halakorik izan bazuen, arrastorik ez uzteraino ezabatu zitzaion. 1914ko apiril-maiatzean zamako itsasontzietan zebiltzan marinelek greba egin zuten, oporra, beren eskubideak aldarrikatzeko (bazekiten, edo sumatzen zuten, nolako irabaziak ekartzen zizkieten ugazabei). Maritima Nervion-eko marinelek hasi zuten greba, Cardiff-en hain zuzen. Bertan zegoen Batxi, Barry Dock-en. Ez du inorekin haserretu nahi, baina oldozmen orokor bat eskaintzen digu:

        «Nik dinodana ez da besterik euskotar onagan ez dagoela opor egitea, ez ugazabaren aurka joatea, baketsuak eta beharginak garelako, ondo begiratuak izaten garelako munduko toki guztietan».

        Ez zen bakarra hala pentsatzen zuena. Ez behintzat Sotarenean, orduan zebilen konpainian:

        «Sotaren etxeko ontzietan gabiltzanoi deuskue gorroto handia. Kirten batzuk ei gara gu, halan dinoe eurek».

        Esan ohi da Sotarenean langile «seguruak» kontratatzen zirela, Alderdiak gomendatuak. Euskalduna ontziolan, langileek lepoan hartuta paseatzen zuten Sota jauna botadura bakoitzaren ondoren, urte haietan. Iraultza Sobietikoa ez da agerian azaldu oraino, urte batzuk beharko dira ELA sortzeko, sozialistek Enkarterrian baino ez daukate indarrik, eta atzerritar antieuskaltzale bezala hartzen dituzte nazionalistek... Batxi Bilbao eusko-langile zintzoaren eredua zatekeen. Errumaniaz ari delarik, gomutatzen da behin hango sozialistek protesta egin zutela Bartzelonan Ferrer i Guardia fusilatu zutenean. Gure idazlea trufatu egiten da jator asko aldra builoso haietaz, gudarostea kalera orduko hanka-jokoa egiten omen zutelako, Danubioko kaietan ikusi ahal izan zuenez. Baina ideologiaz atzerakoia bazen ere gizarte arloan, bere bizi-grinak eta bere umoreak langile xumeengana makurtzen zuten, haiekin nahi zuen atzerriko portuetan tabernara...

 

Idazle eragilea

        Nortasun alaikoa izan behar zuen, inondik ere. Portuetan erositako tabakoz betea azaltzen zen beti, Kirikiñok erretzen zituen onenak Batxik ekarriak ziren. Semetzat hartua bezala zeukan mañariarrak, beti haren berri ematen, beti hark igorritako lanak goraipatzen, beti haren begira, noiz azalduko makila edo kapelua edo txilibitua eskuan, berak antolaturiko lehiaketako sari gisa: nola esan euskaraz...? Maite zuten idazleek ere, hilondoko telegramak eta doluminak ikusi besterik ez dago Aranaren oinordeko zen Luis Eleizaldek heriotza albistea Euzkadi-n eman orduko. Dohain guztiak zeuzkan, beraz, idazle txarra izateko, bileretan ezinbesteko bezala idazterakoan sobera arin, sobera bizi, sobera trufazalearen juzkua egiten ahal zaio itxura batean.

        Nonbaiten izan behar du argazki batek, atera egin zuten-eta, udaletxe alboko horma ondoan, harrizko jesarleku bat zen tokian: Zornotzan, Euzkeldun Batzokija-tik ber-bertan zegoen Bernarta Aurtenetxe-ren jatetxean 1914ko urriaren 25ean egin zen euskal idazleen bilera historiko hartara berandu iritsi zen gure marinela, Abrako bokalean eman behar izan baitzuen gaua bere ontziak. Noiz helduko, hogeita hamabi lagun zituen zain, urrunetik etorriak batzuk. «Bake eta armorio santu batean» bazkaldu zuten noizbait, gogotik hitz egin zen —aho batez onartuko da Isaak Lopez Mendizabalen proposamena, alegia, gerran zauritu eta Parisko ospitaleetan ziren Iparraldeko anaiei euskal egunkari, aldizkari eta liburuak igortzea— eta denek Batxik ekarritako txokorrak piztutakoan hitza hartu zuen itsasturiak: bakoitzak honenbeste hilero emanen lukeenaz euskarazko orriak argitaldu behar omen ziren baserritarren artean zabaltzeko, Aberriarekikoak ikas zitzaten. Gaztea, kementsua, borondatez betea, antolatzaile bat ematen du. Harrigarria da ordea Batxi Bilbao. Bazkari azkenean, zutitu eta itsasoko bakartaldietan eginiko poema batzuk irakurtzen ditu. Hunkituak uzten ditu denak. «Honek Batxik hautsak daukoz», dio Kirikiñok.

 

Munduaren kronikaria

        Bazeukan Batxik, espiritu jostalariaz gainera, idazletasunaren kontzientzia, egilearen harrotasuna, autoriaren kezka. Behin eta birritan idazten du Napartarra-ra eta Euzkadi-ra bere lanak zertan diren, zergatik ez diren argitaratu, nolatan atzeratzen diren hainbeste... Eta badaki euskarazko kazetaritza ito egiten dela oilolurrean. Maiz erabiliko duen jukutria, besteren ahoan jartzen du, eta Glasgow-n, autokritika izan behar duena:

        «Gaur neure ontziko agintari gurenak deiturik esan deust:

        — Batxi.

        — Zer nahi dozu?

        — Egunoro erosten dot zuen eguneroko Euzkadi eta ikaratuta nago Europan dabilen guda negargarriari begiratuta be, zuek zelan zabiltzen oraindino.

        — Zer ba? —dinotsot neuk.

        — Ba zuek, euskal idazleok, (...) lekurik onenean bateko amaginarreba, besteko astarra, besteko katarra...»

        Abiada gorrian egiten ari zen idazlea genuen, eta bere lan batzuek harrigarrizko heldutasuna erakusten dute. Idazle ugaria zen, ia berrehun kolaborazio egin zituen bi urteren buruan: 1913ko abenduan argitaratu zen bere lehen lana, eta 1916ko urtarrilean azkena. Hiru atal nagusitan sailka genitzake bere hizlauzko idazlanak: bertako kronikak, ipuin saioak, atzerriko kronikak.

        Busturiatik eta Arbatzegitik eginiko kronikak bertako zertzeladaz beteak daude, baina bereziki Gernika inguruko bizitza politikoko gora-beherez, orduko erregionalisten egitateak —«piparpotoak» esaten die karlistei— kritikatuz eta abertzaleenak goratuz. Oso lan interesgarriak dira garaiko giroa ezagutzeko, baina alderdikoiak eta publizitatekoak dira guztiz, aldian behin bere zorroztasunak eta bere senak koadro zorrotz eta kritikorik eragiten dioten arren —«Alderdiak ahaztuta gaukaz»—, Barakaldoko batzokira eginiko bisita deskribatzen digunean bezala.

        Ipuinak ostera —Euzkadiko ipuñak eta Herri seku-lakue!— saio moduan agertzen dituela esan genezake, detaile autobiografikoak asmatuekin nahasiz. Bitxia du umorea, konplexubakoa askotan. Baina ez du hori bere bidea, ez teknikaren zabarragatik, ez egituraren xingleagatik, ez gaiaren folklorikotasunagatik.

        Atzerriko kronikak dira, zalantzarik gabe, Batxi Bilbaoren lan nagusia, eta arrazoi askorengatik. Atzerrian, Europako portuetan, Batxi libre zegoen, Mazarron-en ez zegoen batzokirik, Cardiff-en ez zituen karlistak pairatu behar, Savona-n ez zegoen Gernikako feriarik. Distantziak libreago egiten du Batxi idazlea. Abertzale sutsua eta maiz topikoa baldin bada ere, Bilbaok lortzen du bere kutsu militantea eta bere proselitismoa arintzea munduan barrena dabilenean, idazki publizitarioak egitetik kronika deskriptiboak egitera pasa da. Subjektiboak, jakina, baina ironiaz eta aldi berean maitasunez beteak, ideologiaz haratagoko hurbiltasun batean, lantzean behin Aberriaganako maitasunak, konparazioneak eta mesprezuak egitera ekarri arren. Munduko portuetan ateratzen ditu zakukoak: pertsonaiak atzeman eta marrazteko trebetasuna, hizketan jartzeko grazia, ekintzak girotzeko ahalmena, detaile ñimiñoekiko ardura, errealitatearen alderdi bitxiak umorez hartzeko gaitasuna... Kronika hauek leku berezia hartzen dute orduan euskaldunok idazten eta irakurtzen genuenaren artean, aipatu dugun bezala lokalismoa gainditzen dutelako, eta idazlearen teknika ez dagoelako amaiera bortxaz barregarri bati lotua. Kostunbrismo batean, bai, baina kosmopolitismoz jantzia hizkeran eta ikuspuntuan. Errealitatearen konplexutasuna azaltzen digute maiz —txiroak janari eske ontzietara, marinelen hordikeria, euskaldun epelak— moralismotik urrun, Domingo Agirrek arbuiatu zuen naturalismotik gertu inoiz.

 

Kronikaren aitzindaria

        Ereduak ere, non aurkituko zituen? Poesian Eusebio Azkuerenak izan zitzakeen, prosan Domingo Agirreren eta Jose Manuel Etxeitaren nobelak, hauetarik bi itsas girokoak. Baina jenero laburrean ez zeukan deus. Zamarripak Euskalzale-n argitaratzen zituen izkirimiriak oso gainditzen ditu Bilbaok. Urruzunoren umoreak guti ekar ziezaiokeen, Bilbaok ez du injenuoaren papera inoiz hartzen. Kirikiñok prentsan aldizka argitaratzen zituen Abarrak ziratekeen erreferentzia puntu bakarra. Baina atzerritik idazten duenez, Batxik ez dauka «euskaldun xehea» eskumenean. Euskaldun kontzientziatu bat da mundu korri, ikusten dituen bezalako nazio bat nahi lukeena bere herriarentzat, eta bere herritarren portaeraz lotsatzen ere badakiena... Bere umorea gero eta kritikoagoa egiten da, bere hizkera ere gero eta irekiago portuetako lingua franca euskarari txertatzeko, aranismoa ukatzeko modu bat (inkonszientea baina). Ez du meritu makala. Argitaratzen hasten delarik, ez da idazleen zirkuluetakoa. Gernikako zenbait kronika egin ondoren, itsasoratu beharra dauka. Telegrafoz albiste bitxiak igortzen dituen zoro bat besterik ez da. Gero ezagutuko du Kirikiño, itsasketa luze baten ondoren eta hainbat kronika idatzi dituelarik. Eta ezagutu orduko berriz itsasora. Batxi Bilbaok inoren laguntzarik gabe egin zuen bere burua. Zorrotzako moila eta Baionako portua asimilitau gabe genituelarik, Batxik Rotterdam-eraino eramaten gaitu, Lisboa-raino, Glasgow-raino, Sfax-eraino... Eta idazleak garamatza, ez kazetari zurrunak. Ez du unean unekoa soilik kontatzen, memoria ere altxor ona da. Ez du begimenera datorkiona apuntatzen, bera dabil zokoetan miaka. Eta pertsonaiaren bat behar duenean ez dio ardura kaian ez azalduagatik, asko ibilia zen idazten hasi aurretik eta azalduko zitzaion nonbaiteko akorduan. Eta horrela baino ez ditu berreskuratzen portu zaharragoak, Hego Afrikako Durban, Buenos Aires ederra, Danubioko ibaikaiak... eta inoizko pertsonaiak, Mari Eperdi, Zapasto, Txapel...

Batxik bi iturri nagusi zeuzkan errealitatea jasotzeko. Bata berak ikusitakoa zen, bere esperientzia pertsonala, ugaria eta anitza, egia esan. Bestea irakurketak zituen, tokian tokiko kazetak bereziki. Espainieraz, italieraz, portugesez eta ingelesez behintzat polito moldatzen zen, errumanieraz ere irakurtzen zuen, nahi beste izpar zeuzkan bere gisara moldatzeko. Eta honek Batxi Bilbaok kronikagintzan garatzen duen teknika argitzen digula uste dugu, bere lan batzuek bai baitute literaturari esklusiban omen dagokion literaturatik. Hizketak, han eta hemen entzunak ditu; jazoerak, hainbat izparringitan irakurriak; pertsonaiak, auskalo nongo tabernatan ezagutuak... eta horiek denak begi bistan daukan inguruan jartzen ditu bizi, ausart. Hots, gai dela ezagutu dituen lagunei dekoratu egokiak sortzeko, begiak erreko dizkioten ostatu zikinak —ez da kupidarik euskaldunentzat—, gerrara doazen soldaduz beteriko karrikak, propaganda filmeak erakusten diren zinema aretoak... Unibertsaltasuna, azken batean. Modernoa, zibila, lagunmin zuen Kirikiñoren beraren txokokeriatik aski urrundua. Tranbian dabil, antzokietara edo zinematografora joaten da, ostatuetan horditzen da, makineria miresten du, marinelen arteko borroketan dago, poliziak eskua eransten dio espioi alemana delakoan, afixak egiten dituzte bere argazkiarekin... Hori da nolabait ere Batxi Bilbao, haize freskoa orduko narragintzan, lotsagabe bat idazle.

        Errealitate zail eta garratz batean idazten du. Gerraren obsesioa, apunte baino ez hasieran, gero eta indar handiagoz agertuko da, itsasoa geografia arriskutsua da. Lehen Mundu Gerra honetan ageriko dira aurrenekoz urpekontziak, beldurgarrizko arma alemaniarren eskuetan ingelesen blokusaren aurka «itsaspeko gerra mugagabea» aldarrikatu zuenean. Bizkaiko itsasoa minaz josia dago, eta heriotza atzeman egiten da:

        «Agur abertzaleak. Arrisku handietan gabiltza itsastarrok, ba ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, alemaniarrek ipiniriko mina batek jota. Otoi eizue ba Ama Birjinari itsasoan gabiltzan gizon txiroen aldez».

        Lehen Mundu Gerrak Hegoaldean duen kronista bakarra da Bilbao. Kirikiñok ere badu artikulu ederrik, baina Euzkadi egunkariko bulegotik eginak dira mañariarrarenak, agentzien albisteen moldaketak dira. Batxi, lubakietan egon gabe, gudan dagoen Europan barrena dabil, frontera doazen soldaduz beterik dira Italia eta Ingalaterrako portuak, eri dakartzate asko. Populazio zibilak eguneroko bizimoduan jasaten du gerra-ekonomiak berarekin dakarren bizi baldintzen latza. Gerra zain-zainean bizi duen gizartea da Batxik berak ezagutu eta irakurleari dakarkiona. Eta honela, Etxepare mirikuak, Saint Pierrek eta Zerbitzarik behar zuten kontrapuntua, soldadu izan gabe gerraren erretratu soziala eginen zuen idazlea dugu Batxi Bilbao. Ñabardura garrantzitsu batekin hauen ondoan: beste herrietan aurkitzen du, gerran diren herrien zeremonia eta agerraldietan, Euskal Herrian ments duen abertzaletasuna. God save the King abesten duelarik Londresen, ez da noski God save the King abesten ari gure Batxi... Herrimina eta etorkizun libre baten nostalgia dastatzen ditugu bere kroniketan. Iduri luke gure lehen idazle modernoa.

 

Gure edizioa

        Esana dugu, bere garaiko idazlea da Batxi. Ez du iraganarekiko zorrik, ez du, esan dezagun honela, aranismoak literaturara zekartzan oztopoak saihestezinak zirelako ustea. Batxiren zorra Arana eta Eleizalderen arauekiko, ordea, handia da. Lexiko mailan bereziki: bakaldun, laterri, notin, txindi, donoki... Guk gaur egun erabili ohi ditugun ordezkoak ezarri ditugu haiek agertzen ziren tokian, laurogeiren bat hitz hortxe-hortxe. Baina ulergaiztasunaren anabasa honetan badu Batxik bere aldeko haizerik. Oso presente du gertuagoko zaion euskara eredua, hau da, ahozko sintaxia azal-azalean duen idazkera da Bilbaorena. Eta ezagun du. Alde honetatik ozta eman digun lanik. Sintaxiaz gainera, esamoldez ere aberatsa eta herrikoia da guztiz gure idazlea, bere maisuari adarra jotzeraino («Kirikiño, badakizu zer den kakazotz?»).

        Liburu gabeko idazlea izan da Batxi Bilbao. Eguneroko prentsan eman zituen argitara hemen bildu ditugun artikuluak. Honek dakarrena jakina da. Gaur egungo irakurle batentzat nekagarria baldin bada garaiko prentsan gaztelerazko artikuluetan agertzen den akats kopurua, euskarazkoen kasuan are handiagoa da nahasmena. Arrazoia bat baino gehiago izan daiteke, baina moldegileak ez hizkuntza, ez hizkuntza horren eredu idatzia ez ezagutzea izan daiteke nagusia.

        Testua finkatzeko unean, arazo handiak eman dizkigute artikuluok. Nabaria da orrialde arduradunaren eskua —Kirikiñorena gehienetan— hala nola Batxiren beraren zalantza hitz bat baino gehiago emateko orduan. Honela ulertu ditugu ebazan / zituen erako alternantziak. Adibideak ikaragarri dira, bai aditzean, bai deklinabidean. Erabili dugun irizpidea forma bakarra ematearen aldekoa izan da, osterantzeko artikuluetan sarrien darabiltzan formekin bat datorrena gehienetan. Gutieneko koherentzia izan nahi duen aditz eta deklinabide paradigmetara ekartzen saiatu gara era desberdinen dantza. Honetan oso lagungarri gertatu zaigu, estuan jarraitu ez dugun arren Bizkaiera idatzizko arauak. Deklinabidea eta aditza liburua. Halaberean, aintzat hartu ditugu Mendebalde elkarteak egin eta argitara emaniko hainbat gogoeta. Guztiei eskerrak.

        Liburu honek ez du Batxi Bilbaoren artikulu guztien bilduma izan nahi. Ez da, eta ezin. Materiala bildu, prestatu eta egungo irakurleari emateko orduan literaturaren historiei orri artetik jausitako idazlearen aldarrikapena prestatzea izan da gure xede nagusia. Horretarako beharrezkoa ikusten genuen liburu atsegin bat eskaintzea. Jatorrizko ortografiak —akatsak eta eskuak tarteko—, neologismo ulergaitzek, aniztasun morfologikoak urrundu egiten gintuzten helburutik. Edizio kritiko batek —zintzoagoa hagitzez ikerlarientzat— ez zigun horretan lagunduko. Bizkaiera batutik euskara batura bidean ikusten genuen soluzioa, berezko ezaugarri nagusiak eta idazkeraren kolorea mantenduz edonoren begira gozagarri izan zedin. Biderik egokiena iruditu zaigu, Batxi Bilbao idazle bezala interesatzen zaigun heinean, eta ez testugile edo lekuko edo bizkaitar bezala.

 

Iñigo Aranbarri

Koldo Izagirre