Aurkibidea
Aurkibidea
ADARRA JO,
EDO ZELAN HIL ZEN
SINDAREN SENARRA
Itxura aldatu behar dizut Sinda, hainbeste gustatzen zaizkizun soineko edo praka horiek erantzi behar dizkizut. Larruzko trajea jantzi behar dizut, buruan kaskoa jarri behar dizut, eta lotu. Eskularruak ere ipiniko dizkizut, bota sendoak ere bai, takoiekin edo lauak, zeuri utziko dizut aukeratzen.
Zatoz, begira zelako motorra! Lasai-lasai eramateko horietakoa da, tinko eserita joango zara, oso eroso, gainera ez du zarata jasangaitzik egiten. Bada, zeren zain zaude? Salto! Eseri gainean!
Piztu dizut, bazoaz leun-leun. Haize leuna nabaritzen duzu saman. Errepidean ezkerraldean dauden etxeak ospa egiten hasi dira, atzerantz, laster bat bera ere ez da geratuko. Begira ezazu eskuinaldera, itsasoa zabala da, urez egindako basamortua, hareaz egindako hondartzaren ondoan. Badoaz horiek ere, harea eta ura, baina ez duzu nabaritzen, infinituak direlako. Zein ederra! Zoragarria! Errepidea porlanezko basamortua da, eta zu gameludun galdua. Eguzkia duzu aurrez aurre, jadanik nekatua, minik egiteko indarrik gabe, ezin zaitu itsutu. Profitatu itzazu jaurti dizkizun gaurko azken izpiak.
Eta nora zoaz? Nora joan nahiko zenuke zuk? Akaso adiskideekin trago batzuk jotzera munduko tabernarik onenetan? Akaso dirutza handi bat kobratzera? Akaso, zergatik ez, inoiz ikusi duzun filmik ederrenaz edo erakusketarik ederrenaz gozatzera?
Iluntzen ari da, zeruko gorriak pintatu dituena ez da margolari txarra, mendi aldean dakuskizun biharko txakolinaren okreak ere bereak ote dira? Paisaia sakralizatuta dago, eta egilea gurtu nahian guritu egin zaizu bihotza. Musika jarriko dizut, unea betiko gordetzen lagunduko dizun melodia.
Zeruan zaude, baina zerbaitek traba egiten dizula ohartu zara. Izterrean pisu bat duzu, poltsikoan ondo kokatuta daramazu. Hotza eta gogorra da. Burdinazkoa. Beste izterrean daukazu falta zaiona, kargadorea.
Oso erraza da, barruan sartu behar diozu. Praktika txiki bat egingo dugu bazter batean. Esku biekin hartuko duzu, eta katuari sakatu. Zaratak izututa edo, besoek atzerantz egingo dizute. Ez da zaratagatik izango, fisika-legeek aginduko dute. Beldurtu egingo zara.
Goazen, gurpil biko ibilgailua zain daukazu helmugara eramateko. Beldurra bide bazterrean utzi beharko duzu. Motxila txiki batean mendeku gosea sartuko dizut bakarrik senti ez zaitezen.
Heldu gara, zorabiatuta zaude, ez duzu egin nahi, honezkero igarri duzu zertara zoazen. Atea jo duzu, txakurraren oin-hotsak entzun dituzu, umeenak dira harrabotsak?
Atea ireki da, aurrez aurre daukazu. Arma aurpegi aurrean jarri diozu.
Zure beste armak kaskoa eta betaurrekoak diren arren, ezagutu egin zaitu.
— Zer egiten duzu zuk hemen? Ez zenuen pendrivean egon behar? —diotsu editoreak harridura aurpegiarekin.
— Barkatu —bat-batean iratzarritakoaren keinu inozoa egin diozu—, erratu egin naiz, senarra hiltzera joan behar nuen.
— Ba, zoaz agindua betetzera —erantzun dizu—, eta esaiozu idazleari adarrik ez jotzeko ez zuri ez niri.
Adarra jotzen du idazleak? Egoerarik onenean ere eszenatokitik at geratzeko aukera ematen digu-eta! Ikusle hutsak izan gaitezke-eta! Ez al gara, ordea, protagonistaren azalarekin janzten gehienetan? Eta beste pertsonaia askoren azalarekin ere askotan? Horrela, bidaia ezezagun baterako izena ematen dugu. Inongo arriskurik ez duen bidaia baterako izena, edozein mementotan amai dezakeguna, irribarre batzuez edota negar anpulu batzuez ordainduko duguna. Pagotxa hutsa!