Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

DESPISTEA

 

Sindaren gizona marinela da eta Afrikan dabil. Gauero Sindak deitu egiten dio, eta telefonoan igarotzen du pare bat ordu. Horrek arazoa sortzen dio: txipiroiak plantxan jarri, eta tintan ateratzen zaizkio. Bere burua ere ez du ispiluan ikusten aspaldian, beltz-beltza dago ispilua, txipiroiak bezala. Sinda arduratuta dago, eta irratira deitu du goizeko programa batera, ez ote den hilda egongo, ea hilda gaudenean jan, edan eta kaka egiten dugun. Lasai egoteko diotso esatariak, ez dagoela hilda, banpiro ere ez dela bihurtu, hurrengoan kontu pixka bat jartzeko suari.

        Sinda ipuin-kontalari antza zuen harekin liatu zen aspaldi. Gauzak ez zihoazkion ondo, eta burua beste norabait zeramakion hartaz maitemindu egin zen, agi denez plazer bila, baina haragizko irrati hura isildu zenean, benetako irratian ohiko bihurtu zen: Zer dakarkiguzu gaur, Sinda? Ui, oso goibel nago Manex, gaur ez nago atzo bezala, aizu. Eta zer gertatu zaizu, ba, Sinda? Zergatik zaude horren goibel? Senarraren ahotsa entzun dudala janaria prestatzen nenbilela. Eta zer esaten zizun, ba? Bere betiko kontu batekin zebilen, txipiroiak plantxan tintan baino gozoagoak direla. Ez ote naiz erotzen hasita egongo? Zer dela eta erotzen, emakumea? Aizu, nire senarra hilda dago.

 

 

Adiskide hilaren telefono zenbakia agendan oraindik, sentsazio oso bortitza, bere eskuz idatzitako telefono zenbakia.

        Hiletetara joatea aspergarria izatetik mingarria izatera pasatzen da noizbait. Harrezkero, beti da mingarria, norberaren hiletara izan ezik, noski, baina gaur egun jadanik ez gara izaten norberaren hiletan; edota errauts bihurtuak azaltzen gara.

        Telefono deiari erantzun, eta hark gure izena esango duela pentsatzen dugun sasoiaren ostean, izena esan dezan nahi dugun sasoia dator, eta gero ezereza; eta orduan hasten gara ahots hura gogora ekartzen, bozaren ñabardurak argi sentitzeko ahaleginak egiten, ahaztu ez dugula ziurtatzeko.

        Adiskide hila: biok elkarrekin bakarrik igarotako uneak oroimenaren kutxako bitxi ederrenak dira. Baina oroimenean hutsuneak daudenean, ezinezkoa da dagoeneko hutsune horiek betetzea biok bakarrik egon izan bagara une hartan. Adiskideak ezin dituenez bete, betiko galdu dira falta diren bitxiak.

        Horrek badu bere alde kontsolagarria, eta da gezur itzelak konta ditzakegula, ez dugulako nork kontra egin. Hori bai, argi ibili behar da adiskide desagertuen kasuan, gorpurik agertzen ez den artean behinik behin. Zelan zen gizon hura etxean agertu zena, ez dakit zenbat urte kanpoan eginda, emazteak hiltzat zeukana? Bai, Australiatik ere entzun izan ditut nitaz esan dituzunak, bota omen zion. Emazteak, makala ez zena, belarri hain ona izanda ez duzu entzun zure hileta-ospakizuna zorretan daukagula? Joan zaitez berriro zatozen lekura, ez baduzu berpiztu eta gero ordaindu gura, erantzun ei zion.

 

 

Baina gu ez gara hemen protagonistak, Sinda baizik, berak aurkitu baitzuen pendrivea.

        Lau karpeta ikusi zituen lehen klikadan. Bigarrenarekin Emaztea zeritzon karpeta ireki zuen: bideo bat, klik, emakume lodikote bat, gona altxatu du, ez du ezer azpian, zumitzezko eserleku baten jarri da, hankak aulkiaren besoen gainetan kokatu ditu, eta eskuin eskuarekin harpa jotzen hasi da, berehala entzuten dira hasperenak; Sindaren begiak irudi mugikorrera itsatsi dira, emakumea ezagutu nahi du, baina ezin. Beste karpeta bat: Seme-alabak, pantaila ireki da, bi morrosko eta panpina bat, «Congratulations, daddy, we love you so much». Hirugarren karpeta: txakurra kaka egiten, umeen barreak, txakurra kaka estaltzen, buztana ikaran, badoaz etxe barrurantz, atean lehengo emakumea ageri da irribarretsu, ezkerraldean txakur txabola bat, POPPY sarreratxoaren gainean, umeak eta txakurra barruan dira, emakumea ere badoa, baina laster erratza eta palarekin atera da, eta kaka batu du. Klik, azken karpeta: Sindaren senarra ospitalean, ohean emakume potoloxka jaioberri batekin, lehengo hiru haurrak ohe-bueltan jaioberriari begira, senarraren poz-aurpegia kamerari begira, emakumearen poz-aurpegia gizonari begira. Sindaren lelo-aurpegia irudiei begira.