Poesia kaiera
Poesia kaiera
June Jordan
itzulpena: Ane Garcia Lopez
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-43-3
June Jordan
1936-2002
 
 
Poesia kaiera
June Jordan, 2020

June Jordan 1936an jaio zen New Yorkeko Harlem auzoan Jamaikako migrante familia batean. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihetsezina zuen: biolentzia historia latz batera kondenatua izatea. Beltz izateagatik jasotako biolentzia jarraia alde batetik —bere aitak sarri gogorarazten ziona zapaldua izan ez zedin— baina baita aitak berak hezkuntza zorrotzaren izenean Jordanen kontra erabilitako biolentzia ere. Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Beltz izatearen kontzientzia bizitik idatzitakoa da, esaterako, Nork begiratzen nau ni saila, edo aurreiritzi razialak ditu jopuntutzat Etsaientzat mehatxu izan nahi dut titulu esanguratsudunak. Bere beste ildo jarraietako bat da bortxaketarena (bere larrutan ezagututakoa), hainbat poematan ageri dena, besteak beste Poema nire eskubideez durdigarrian. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… XX. mendeko bigarren erdian poesia estatubatuarra astindu zuenetako bat izan zen, eta gaur egunetik begiratuta, garaiei aurrea hartu ziela esan daiteke, egun puri-purian dauden hainbeste gai jorratu zituelako.

kritikak:
Elebiduna, Igor Estankona, Argia, 2020-05-17
«June Jordan haize erauntsia bezala sartuko zaizu kontzientzian, eta irudipena izango duzu poesia militantea irakurtzen ari zarela baina lirismoari uko egin barik, eta belarrira xuxurlatzen ari zaizkizula aspaldiko kontu ahaztu modernoak».
Marjinatuen ahotsa, Javier Rojo, El Correo, 2020-05-30
«Poesia zuzena da, baliabide erretoriko gutxirekin atondua eta askotan errealitateko erreferentzian zuzenki oinarritua, ia-ia kronikaren itxuraz. Zerutik ez, baizik-eta erraietatik sortutako poesia».
Oraintsuko poesia, biharko poesia, Aiora Sampedro, Berria, 2020-05-31
«June Jordanen bizitzak bere lan literarioa gurutzatzen du; barrenetik idatzitako poesia da, generoari, sexualitateari, arrazari edota klaseari erreferentzia egiten diona».