Poesia kaiera
Miguel Hernandez
itzulpena: Josu Landa
Poesia kaiera
Miguel Hernandez
itzulpena: Josu Landa
2014, poesia
64 orrialde
978-84-92468-62-1
Miguel Hernandez
1910-1942
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

      Ingurune aski soil eta xumean hezi zen Miguel Hernandez. 1910ean Orihuelan munduratu zen ahuntzain familia batean. Inguruko ume gehienak ez bezala, hamar urtez eskolatu zen, urte asko orduko lagunei erreparatuz gero, baina aski gutxi gerora lortu zuen maila poetikorako. Batxilergoa jesuitekin hasi zen ikasten eta han ezagutu zuen Jose Ramon Marin Gutierrez, “Ramon Sije” ezizeneko adiskide mina, zeinaren heriotzaren oinazean bere poema sonatuenetako bat idatzi zuen: Ramon Sije-ri elegia. Ezin izan zuen batxilergoa amaitu aitak ahuntzaintzarako etxean behar omen zuelako, eta halaxe itzuli zen, bere borondatearen kontra, ahuntzak bazkatzera hamabost urte zituela.

      1933an argitaratu zen bere lehen poema liburua, Ilargietan peritu. Liburuak, antza, ez zuen egileak espero izandako harrera eduki. Federico Garcia Lorcari liburua hor zehar jakitera emateko eskatu ondotik eta honen erantzun hotza zela-eta, bien arteko harremana hautsi zen betirako. 1934an beste poeta handi bat ezagutu zuen, Hernandezen ibilbidean mugarri izan zena: Pablo Neruda. Nerudaren bidez garaiko Madrilgo intelektualitatea ezagutu zuen, tartean Vicente Aleixandre. Hari eskainia da Viento del pueblo (Herriaren haize) poema-liburua, 36ko Gerra bitartean idatzi zuena. Hernandezen poesiaren aintzakotzea, ordea, aurreko lanari esker etorri zen, 1936ko El rayo que no cesa (Etengabeko tximista) liburuarekin.

      Gerraren eztandarekin errepublikazaleen bandoan izena eman eta komisario politiko eta kultural gisa aritu zen borrokan. Madril faxisten eskuetan erori eta gutxira atxilotuz gero kartzelaz kartzelako gurutze-bide bat bizi izan zuen. Giltzapean idatzi zuen beste poema sonatu bat, Tipularen sehaska kanta, Joan Manuel Serratek kantatua aski ezagun egin zena. 1942ko martxoaren 28an zendu zen Hernandez tuberkulosiak jota Alacanteko presondegian.

      Hernandezen lehen poesia Luis de Gongoraren eraginpekoa dela diote adituek. Nabariak dira poema horietan, hala sintaxiaren jira eta birak, nola aberastasun lexikoa. Haatik, hori guztia halako ukitu kolokial batekin zipriztintzen du, bere poesia ildo horretako beste hainbat saiakera baino lurtarragoa —zentzu literalean— bihurtzen duena. Etengabe oihartzun egiten duten terminoak dira: kopeta, izerdia, haragia, odola... Neruda eta Aleixandreren eraginpean surrealismoaren bideak ere jorratu zituen nahiz eta inoiz ez oso modu markatu edo programatikoan. Aski ezaguna da bere garai konprometituena, Viento del Pueblo poemarioaren garaia. Hernandezen obra osoa poema haietara murriztu izan da maiz, “poeta konprometitua” etiketapean. Aitzitik, Hernandezen amodiozko poemak, esaterako, maila gorenekoak dira halaber. Haren poesiaren beste ezaugarrietako bat lerroen musikaltasuna da, Josu Landaren itzulpenean bereziki nabarmena den alderdia. Egiatan, haren poemetarik ugari izan dira abesti bihurtuak; arestian aipatutako Serratenaz landa, Paco Ibaņezen Andaluces de Jaen kantua, Olibazaleak poeman oinarritua, belarriz belarri ibili izan da urtetan. Musikari berriagoen artean, Silvia Perez Cruz-en Ramon Sije-ri elegiaren bertsioa aipa daiteke.

      Hernandez Espainiako literaturako 27ko Belaunaldiaren azkeneko katebegitzat jo ohi da, guztien artean gazteena izaki. Taldetik kanpo geratu izan da ez gutxitan ordea. Argigarria da, esate baterako, Gerardo Diegok prestatutako bi antologietatik kanpo geratu izana, zeinak 27ko Belaunaldiaren bilduma kanonikoenetakoak diren. 

      Belaunaldien aferak afera, baina, gozamen hutsa da Hernandezen lengoaia poetikoaren samurtasunetik dorpetasunera etengabeko jauziak egitea. Gozamen hutsa Alacanteko lurretan hain erroturik dagoen lengoaia hori euskararen lur hezeagoetan irakurtzea.