Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ZERU GORRIAK

 

Zure ihesbidea hartu dut,

azken trena pasatu ondoren utzi dut nire karrika.

Ez nago agurra mastan ipintzeko prestaturik.

Kosta egingo zaigu mailadi luzeok igotzen,

baina aitzina egin beste biderik ez dugu.

 

Ez dago zertan estonaturik,

gure arriskuak zer dakarren badakigu.

Bada oraino maitatzeko adina teilatupe,

horditzeko adina botila hondo.

Gehiegi ireki genituen albateak,

zutaz galdezka zetozenei

ezer eskatu gabe sartzen uzteko.

 

Geure gain har genezake

hondamendi honen erruduntasuna,

maitasun honen errugabetasuna.

Larregi dira gainezka egindako erretenak,

inorenak ez diren zerraldoak,

zeru gorrien dardarizo.

 

Hitz erauziak barreiatuko zaizkigu atzaparretatik.

Eta hala ere zure ihesbidea hartu dut

nora naraman jakin gabetanik.

 

 

 

© Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus