Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ZUGANA

 

Barne lubaki honetatik ari natzaizu,

bandera zuririk ez duen saminetik.

Ahalegindu izan naiz zugana egiten baina

urrun zaude eta nire oinek ez dakite zure helbiderik.

Noizbait estaliko dira lurretenak,

amatatuko suak karriketan,

eta ohe hutsak beteko ditugu denon artean.

Ataurre ahantziak baino ez dira orain gure oroitzapenak,

ezpain idortuetan bakantzen zait berbotsa

ondoan ez zaitudanean.

Alferrik gabiltza luzamendutan,

herriak ez baitaki zure bakardadearen berri.

 

Zutaz oroit egin dut arratsaren gainbeheran:

nigandik haragoko estratan gora joan zara ezer esan gabe,

eta gau honen bestaldera hurbiltzeko tirria sentitu dut

zure begi ilunetan gorde nadin.

Berandu da ordea barkeske hasteko.

 

 

 

© Mikel Ibarguren

 


www.susa-literatura.eus