Gaur egun ez dago noski klase diferentziarik,
alabaina bada, patuak hala xedaturik,
arestian goi klasea esaten zitzaion jende bat
besteak beste emakumezkoarenganako
sentiberatasun aparta aitortu behar zaiona:
Beren emaztea sukaldeko kuxidadean
higatzen utzi baino lehen, gizon horiek
neskame bat jarriko dute haren esanetara.
Halaber larrialdiren bat gerta badakio
beraien andere zoko-betegarriari
verbi gratia buruko mina
errespetatu eginen dute ohantze mesederik
exigitu gabe
eta neskame bat jarriko beren zerbitzuko.
© Xabier Izaga