Emakume biboteduna
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
azala: Marcel Duchamp
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Emakume biboteduna
1992, ipuinak
222 orrialde
84-86766-47-2
aurkibidea
 

Asteburu beroa

Kafetegiaren parean gelditzen du autoa. Bigarren lerroan. Irten eta bi aldetara begiratzen du. Udaltzainik ez inguruetan. Atea giltzapetu eta kafetegian sartzen da. Eguna ez da hala ibiltzeko aproposena, baina presaka dabil. Izerditan dago. Soinari itsatsita nabaritzen du alkondara. Izerdi tanta potolak datozkio kopetan behera ere. Musupaper bat hartu eta hasperenka pasatzen du bekokitik. Eskuan geratzen zaio erantsirik, blai eginda dago.

Ilun, freskoa dago kafetegia. Zerbitzariari keinu batez deitu eta garagardoa eskatzen dio. Paretan zintzilik dagoen ordulariari begiratu eta berandu dabilela ohartzen da. Aurrean duen garagardoa hartu eta dzanga pare batean edaten du. Bukatu orduko, beste bat eskatu eta era berean husten du. Ordaintzeko zain dagoen bitartean, semeak apur bat itxarongo duela erabakitzen du bere burua lasaitu nahian. Izan duen egunarekin ezin zaio tragu baten premia ukatu. Eta ez beroagatik bakarrik.

Maitalearekin egon da gaur ere, ostiralero bezala. Gaurko topaketa ordea, ohi baino laburragoa izan da eta ez hain atsegina. Betiko musu eta laztanak, oihu, negar eta destaina bihurtu dira gaurkoan. Bere gezurrez kokoteraino dagoela jakinarazi eta haserrearen haserrez behin betikoz zerbait egin dezala eskatu dio:

«Promesak, beti promesak. Emazteaz nazkatuta hagoela, ezin duala luzeago eraman, utzi behar duala, laster jarriko haizela nerekin bizitzen, pazientzia pixka bat edukitzeko... Urteak lelo bera aditzen ari naizela, baina hemen gaudek betiko moduan, hire zain neu eta alde egiteko premian hi. Horrela ez zegok».

Semearena azaldu dio orduan. Nola joan behar duen ikastolakoekin asteburua mendian pasatzera eta nola berak jaso behar duen, etxera eraman lehendabizi eta autobusera gero. Nola ez daukan eztabaidatzeko astirik.

Hurbildu eta beso artean hartu du, lasaitzeko gozo-gozo belarrira esanez. Emakumeak bere besoez zakar libratu eta «asteburuan zer?» galdetu dio erronkan, begietara so.

Zerbait hasi da aipatzen emazteaz baina, hitza entzun bezain laster, garrasiei ekin die Pilik atzera. Eta mehatxuei.

Konpondu nahi ez baldin badu edo konpontzeko adinako gizona ez bada, berak konponduko duela zemai egin dio. Telefonoa hartu eta kontu guztien berri emango diola emazteari.

Bere onetik irtenda, erotutako baten antzera aritu da istiluka. Alferrikakoak izan dira lasaiarazateko ahaleginak. Ordura arteko emakume amoltsua pizti zoro arriskutsu bilakatu da bapatean. Ikaratuta, galdurik ikusi du bere burua, lehoi baten kaiola barruan egongo balitz bezala, haren betaginetatik gertu. Bereziki, gizona zein amorruz, zein mespretxuz ahoskatu duen entzutean.

Gero, siniestroa deritzon argudio bat erabiliz, emakumeen arteko elkartasuna aipatu du, bere makurkeria eta gezurrak salatzea emazteari zor diola aldarrikatuta.

Autoa martxan jartzen ari dela, maitalearen hitzak oroitu zaizkio. Muturra apurtuko lioke aurrean izanez gero. «Hori erretorika txepela!» dio bere baitarako ernegatuta, emakumeak politikoak baino demagogoak direla deliberaturik.

Hala ere, txantxetan ari ez dela iruditu eta semea aipatu dio.

«Bizitza zapuztu nahi al didan? Aurrera, zapuz ezan. Emaztearena? Ondo. Baina ez zapuztu semearena, mesedez!».

Ez du eskakizunak Pili hunkitu. Haatik, bere alde erabili du jarraian: «Semea kanpoan duzue asteburu osoan. Baduzue hitz egiteko eta gauzak konpontzeko betarik».

Hamaika promesa egin eta burutik pasa zaion guztia agindu dio arrapaladan. Emazteari ez deitzeko otoi erregutu dio era umilgarriz. Debaldetan dena.

Azkenean —aldika zurbil izuaz, aldika gorri aharraz— ez duela gehiago ikusi nahi esan dio. Ia deiadarka bidali du emakumea pikutara. Nahiz eta esan dion une berrean gezurretan ari dela jakin, behar duela, bera gabe ezin dela bizi.

 

Zain dauka semea. Ikastolako ateak itxita, bakarrik dago umea.

«Zergatik etorri zara honen berandu aita?» dio kexuka.

Trafikoaz aipatzen du zerbait. Umeak, itxuraz Josebak esandakoa onartu eta mendira eraman behar dituen gauzen zerrenda irakurtzen dio: «lo zakua, botak, galtzerdi lodiak...». Horiek izan dira entzun dituen azkenak. Pili eta beraren mehatxua nagusitu zaizkio. Beldurra eta amorrazioa odolean nahastu eta emakumeekiko sentitzen duen herrak ilundu dio begitartea.

Telefonoa moztu dezake emaztea konturatu gabe. Horixe. Eta irribarrea ageri zaio aurpegi goibelean erabakiarekin batera.

Tanta bakarreko poza ordea. Zalantza berriak datozkio.

Telefonoarenak egun batzuetarako balio izango dio agian, baina gero emazteak Telefónica-ra hots egin eta moztua izan dela deskubrituko dute langileek. Ez du merezi.

Ezinbestean, otutzen zaizkion irtenbideak alboratu eta banan-banan ahazten ditu. Ideiak, tximistargiaren antzera, ezustean agertu, une batez itsutzeraino oro argitu eta etorri bezain supituki galtzen dira arrazoiaren beztasun itzelean barrena.

Zerrendarekin darrai haurrak.

Ez dago zer eginik. Emazteak jakin behar baldin badu, hobe asteburuan, umea kanpoan dagoela.

Emaztea! Aspalditik ez du maite, baina ezin ukatu emazte eta ama bikaina izan dela. Ez luke mindu nahi izango. Badaki asteburu hau berezia dela berarentzat. Planak egiten ihardun du aste osoan biak bakarrik gelditzen direnarako. Bera aldiz, beldur da. Beldur zen iadanik Pilirekin zezioa izan aurretik.

Azken boladan beti aurkitu du larrutan ez egiteko aitzakiaren bat. Duela hilabeteak ez dutela egin, eta beragatik balitz, beste asko igaroko lituzkete batere egin gabe. Ez du gogorik. Gehiago, nazka apur bat ere ematen dio. Semea ez egoteak ez ditu gauzak errazten. Ondo letorkioke Piliren deia azken batean. Auskalo. Hipotesiarekin gustora, gogoeta horretan dirau jolasean, gozoki bat ahoan bezala, murtxikatu edo irentsi gabe, buelta-bueltaka.

Burutazio hauetan galdurik dagoela, auto gorri bat eskubitik azaldu eta hondoraino zapaldu behar izan du balazta atzetik ez jotzeko. Bapateko geldiketa dela eta, negarrez ari da semea. Joseba, sutan, madarikazioka hasten da auto gorriko gidaria emakumea dela ohartzerakoan.

«Kontuz ibili beti emakumeekin Aitor» dio semeari malkoak kentzeko mukuzapia luzatuz, «peligrosoak dituk eta».

 

«Non sartu zarete?» itauntzen dio emazteak etxeko atea zabaltzean. Trafikoarena aipatzen dio, lehenago semeari legez.

Ileapaindegian egon da emaztea antza.

«Ez al didak ezer esan behar?» galdetzen dio.

«Zer?» Josebak, ez ulertuarena eginez.

«Ea ez al didaken ezer esan behar ileaz!».

«Ah! Ondo zegon, ondo» dio ia begiratu gabe.

Semeak ama jertse behekaldetik helduta bere gelarantz darama. Mendirako gauzak prestatu behar omen dituzte. Sukalderaino doa Joseba. Hozkailua ireki baina ezin du garagardorik aurkitu. Nahigabeturik, plastikozko botila bat ur hartu eta goraino betetzen du kristalezko edalontzi luzea. Udazkenaren erdian daude, abuztukoa dirudi eguraldiak ordea.Nabarmena da lehortea mendi eta soroetan. Azken asteetan ordu gutxi batzuetara mugatu behar izan du ur-zerbitzua udaletxeak. Horretan ari dela, bere pentsuetatik ateratzen du ezustean telefonoaren hotsak. Izuturik, gainera joan eta eskuartean harrapatzen du, animalia bihurria balitz bezala. Ez daki zer egin. Joka darrai telefonoak.

«Ez al duk erantzun behar?», emaztearen ahotsa datorkio semearen gelatik.

«Bai?» ausartzen da herabe. Lasaitu egiten da bestaldetik ihardesten dion ahotsa ezagutzean. Mintzatzen bukatu eta mahai gainean uzten du telefonoa.

«Nork deitu du?».

«Elenak. Ea ardura digun Aitor ikastolara eramatean haienetik pasa eta Haritz hartzeak».

«Arin ibili behar diagu»dioemazteak, semearen janaria bizkar-zorroan sartuz.

Josebak, berriz izerditan, urez betetzen du ostera ere edalontzia. Likidoak eztarria freskatzen diolarik, izan berri duen ikaraldiaz oroitu eta maitalearen izena madarikatzen du. Zergatik nahi ote du dena izorratu? Gaizki tratatu al du orain artean, ez al dio opari nahikorik egin akaso? Erotu egin da ala?

Prest dago semea. Autoratu eta beste umearen bila abiatzen dira. Zain daukate Haritz etxe aurrean. Handik urruntzean Elena ikusten dute, eskuaz agurtzen leihotik. Iristen direnerako bus barruan daude ume guztiak. Falta diren biak sartu, ateak itxi eta badoa. Eurak bezalako gurasoz inguratuta, agur egiten diote Josebak eta emazteak, besoa altxaturik, begibistatik desagertzen hasi den busari.

 

«Goazen etxera» dio emazteak autoan.

«Etxera?» Josebak, harritu antzera.

«Bai. Afari goxoa pretatuko diat gaur».

«Ez, laga hori biharko. Bihar Eroskira joan eta egingo dinagu. Garagardoa bukatu dun gainera eta sargori honekin... errestaurante batera joango gaitun gaur. Udaberri-ra esate baterako. Zer iruditzen zain?».

Argitu egiten da emaztearen aurpegia jatetxearen izena aditzearekin batera.

Ez du hara eramateko asmorik izan. Etxera itzultzeko aipamena entzuterakoan bururatu zaio jatetxearena. Badaki tontakeria dela, baina ez du etxean egon nahi. Bada-ezpada ere. Jatetxerantz gidatzen duela, damu du bere koldarkeria. Beharbada horixe aditzera eman nahi izan dio Pilik gizona ez dela esatean. Baliteke hain oker ez egotea. Edozein modutan ere, ez du pentsatzeko gogorik. Gertatu beharrekoa gerta dadila eta kitto. Txontxongilo bat patuaren esku ahalguztidunetan, ez da besterik. Hutsalak ditu beraz gertaeren norabidea aldatzeko saioak. Beranduegi.

Zergatik nahastu behar ote zen beste andre batekin, ez al zuen aski emaztea jasatearekin? Koldarra izango zen ziuraski, baina tentela ere ez txikia, babo alaena.

 

Goiz samar izanik, erdi hutsik dago jatetxea artean. Hiriko jatetxerik dotore eta garestiena da Udaberri. Izoki kolorez margoturiko paretak negozio-bazkari eta afari garrantzitsuen lekukoak dira egunero. Sarri egona da Joseba eta badaki emazteak betidanik etorri nahi izan duena. Dekorazioaren doterezia nahiz ontziteriaren kalitatea goraipatzen ditu gustora. Menu-karta bana luzatzen die planta oneko zerbitzari irribarretsuak. Gainbegiratu eta «Hik aukeratu neretzat, ni galdu egiten nauk hainbeste izen artean» dio emazteak, karta mahai gainean utzita.

«Hasteko pate batzuk eskatuko dizkinagu, oso gozoak ditun. Budin batzuk ondoren: arrainenak, berdurenak... primerakoak, ikusiko dun... eta piperrak. Zer moduz zizak? Ez? Mundialak ditun... Beno berdin din. Gero ez zekinat, nik arraina eskatu behar dinat, baina okela nahiago baldin badun... Biok arraina? Ondo ba. Oso arrain gozoa zeukaten hemen, fresko freskoa».

Afaldu behar dutenaren berri ematen dio zerbitzariari, menu-kartari batere begiratu gabe. Segurantza berberaz eskatzen du ardoa ere, zerrenda ikusteaz arduratu gabe, buruz jakingo balu bezala. Adi dauka emaztea, harro.

Berehala dute eskaturikoa euren aurrean.

Afari garaian, bere lagunez eta bere lagunen senarrez hitz egiten dio. Emazteak esandakoa buruarekin baieztatu eta mokadu bat jateko ez bada, ez du ahoa zabaltzen. Ardo bikainak txolinduta, elkar ezagutu zuten egunaz ari zaio bixigua saltsan amaitu baino lehen. Erdi ahaztuta dauka Josebak. Zertan berritu behar ote ditu antzinako kontu haiek, nori axola diote? Dena den, arretaz jarraitzen duen itxura egiten du, beste nonbaiten izanik ere gogoa. Inguruko mahaietan dauden emakume ederrengana doazkio begiak. Alboan dauzkaten gizonak bezalaxe egon nahiko luke berak ere —irriz, zoriontsu— inoiz isiltzen ez den emazte aluarekin egon partez. Zer egiten du han? Zergatik ezkonduko ote zen andre harekin?

Gorputz polita zeukan ezagutu zuenean, ipurdi txikia, tente eta gotorra. Ohean ere primeran pasa ohi zuten. Zer geratzen da guzti hartatik? Deus ez.

Atzeak handitu eta erori egin zaizkio, gorputza zabaldu, eta ohekoa ariketa aspergarri batzuen bilduma bilakatu da.

Kontu berberaz dihardu oraindik postreetan. Kafea eskatzeko unea iristean, beste nonbaitera joatea proposatzen dio solasaz eta lekuaz nazkatuta.

«Nora joango gara?» galdetzen dio emazteari auto barruan.

Emazteak ezkerreko besoa lepo inguruan ipini, beregana erakarri, ezpainetan mun egin eta leun diotso «goazen etxera». Josebak besoa gainetik kendu eta martxan jartzen du autoa.

 

Igogailutik irten eta telefono baten hotsa iristen zaie. Eurenetik dator. Josebari aurpegia zurbildu eta artega arakatzen ditu patrikak giltza bila. Atea ireki eta zuzen doa telefonorantz. Zoritxarrez, emaztea aurreratu eta lehenago heltzen da. Baina hartzera doala, isildu egiten da bapatean.

«Hobeto» dio emazteak, «zerbait nahi baldin badute, goizean dei dezatela».

Hasperen egin eta besaulkian erortzen da Joseba, nekatu irudi. Telebista bizten du. Kirk Douglas azaltzen da, txuri-beltzean. Katez aldatzen du. Berrian beste filme bat dago, koloretan oraingoan. Utzi egiten du.

Sukaldean ari daemaztea bitartean, kafea prestatzen. Egongelara agertu da luze gabe, eskuetan erretilua dakarrela.

«Ez diat kaferik nahi. Whiskya edango dinat» dio, emazteak dakarrenaz konturaturik. Egun latza izan du eta ondo lo egin nahi du.

Filmea amaitu eta ohera doaz. Azkar erantzi, pijama jantzi eta ohean sartzen da emaztea komunetik itzuli aurretik. Oheratzen denerako, lo bide dago Joseba. Ondora datorkio emaztea.

«Zertarako egon behar du neri pega-pega eginda, bero honekin gainera?!» dio bere artean ernegaturik, gorputz osoa bustitzen dion izerdia nabarituz. Mugimendu zital batez emaztearengandik urruntzen da halako batean. Berehala da lotan. Benetan.

Amets gaiztotan hasten da. Pili eta emaztea lagun minak dira. Bere bila datoz. Gaua da, goizeko hirurak edo laurak. Lotan dago. Esnatu eta kolpeka eta garrasika ohetik atera, dagoen bezalaxe soka batez lotu eta txakur bat legez daramate plaza bateraino, ezezaguna duen plaza batera. Emakumez gainezka dago. Txilioka hasten dira arrastaka sartzen ikusi eta berehala. Epaiketa egin behar diote. Ezaguna egiten zaio epailea baina ezin du oroitu nondik. Fiskala aldiz, agudo ezagutzen du: betidanik gorroto izan dion Esther lankide lodikotea. Leporatzen zaizkion krimen guztien zerrenda irakurtzeari ekiten dio. Mututu egiten da jendetza. Ozen entzuten da bere arerioaren ahotsa. Jokinen krudelkeria nabarmen uzten duen isilune amaitezin bat gordetzen du salaketa bakoitzaren ostean. Hitz garrantzitsu bakoitzarekin batera gora doakion ahotsa erortzen uzten du gero, era horretan aidean marraztu eta osatuz bere bidegabekerien grafikoa. Luze, oso luze jotzen du irakurketak, baina azkenik bukatzen denean, epailaren erabakia ez da berandutzen: errudun.

Epaia bertan eta orduntxe burutuko da.

Pili eta emaztea hurreratzen zaizkio. Laban handi bana dakarte eskutan. Pilik ezkerreko barrabila moztu eta, irabazle, jendeari erakusten dio. Odol ugari dario hankartetik. Emazteak gauza bera egiten du ondoren eskubikoarekin. Erdibanatu egin behar dute zakila. Jendetzaren orroen artean kanpai bat entzuten du, ozta-ozta hasieran, argiago gero.

Telefonoa joka ari da.

2 : 34 diote ordulari elektrikoko zenbaki gorriek. Izerditan dago, arnas nekean. Emaztea, aldamenean lotan, higitu egiten da. Ohetik altxa eta argia biztu gabe egongelarantz abiatzen da zorabiatu antzera, eskua paretaren kontra. Nor izan daiteke ordu hauetan? Aitor? Semeari zerbait gertatu ote zaion kezkak bultzaturik, arineketan heltzen da egongelara. Telefonoa ia dardarka jaso eta «Bai?» dio urduri. Erantzunik ez bestaldetik. Ozenago errepikatzen du galdera. Ezer ez, bestaldean ez da ezer entzuten. Hirugarrenez itaundu eta berdin. Haserre, ez dela txantxetarako tenorea jakinarazi deiegile ezezagunari eta putakumeka mozten du. Zerbait edateko premia dauka. Sukaldera doa. Hozkailua zabaltzera doanean, garagardorik ez dagoela akordatu eta, zapuztuta, urari ekitea baino ez zaio geratzen. Edalontzia bigarrenez betetzen ari dela, Pili datorkio gogora. Bera izan da, seguru. Hasia da bere mendekua betetzen. Ikaratu egin nahi du.

Nahi, eta baita lortu ere. Ikaratuta dago.

Eta berriz hotsegiten badu? Ezin du gau osoa ohetik telefonora eta telefonotik ohera pasa, zeozer asmatu behar du.

Logelara bueltan, zerbait otutzen zaio deblauki. Nola liteke hain burugabea izatea?

Egongelara itzuli, telefonoa jaso eta eskegi gabe uzten du mahai gainean. Lasaiago bihurtzen da ohera.

«Nor izan da?» itauntzen dio emazteak hortz tartetik, begiak ireki gabe.

«Ganberro alproja batzuk» dio, tapakiak emaztearen aldera baztertu eta buelta emanez.

Lokamutsa gogoratu eta ez duela hainbeste afaldu behar erabakitzen du aharrausika. Lotan dago.

 

Berandu esnatzen da biharamunean. Ohera dakarkio gosaria emazteak. Bukatutakoan, erretilua eraman eta bere sinfonia gustokoenaren lehen konpasak aditzen dira, egongelatik datozela. Emaztea itzuli eta berarekin sartzen da ohean. Musuka eta laztanka hasten zaio. Bakean utz dezannahiko luke, baina badaki beharturik dagoela txortan egitera. Ahalik eta arinen bukatzeko deliberaturik, besterik gabe eskua alura eraman eta igurtzika hasten zaio, ditiburuetan ausiki egiten diola. Zerbait mekanikoa da, hotza, negu beltzeko goizalde batean auto baten motore izoztua berotzen saiatuko balitz bezala. Zakilean dabilkio emaztea. Arrakasta txikiz ordea. Urteetan ezagutu eta desiraturiko hainbat andre oroimenera ekartzen ahalegintzen da. Ez zaio gogortzen. Soilik Pili agertzen zaionean nabaritzen du gorantz egiten. Une hori profitatu eta sartzen du emaztearen barruan presaka. Barnean duela, emaztearen bular handi eta zimelak ikusi ordez, begiak itxi eta maitalearen ttipi eta tenteak irudikatzen ditu bere fantasietan. Baina ez da nahikoa.

Fantasia guztiak nahiz emaztearen eginahalak ez dira aski. Zakila ahuldu, txikitu eta zulotik kanpo indarge limurtzen da behin eta berriz. Gauza bera hiruzpalau bider. Emaztearengandik bereiztu, buelta eman eta paretari so geratzen da, hitzik gabean.

Blai egindako lepoan emaztearen ezpainak nabari ditu, baita burura igotzen ari zaion amorrua ere. Etsituak dira musuak oraingoan, desirarik gabekoak, ama batenak bezalakoak.

 

Dutxatik irtetean, bazkaltzeko ordua dela konturatzen da harriturik. Ez da gose. Emaztea ere ez. Telebista aurrean esertzen dira. Albisteak. Beste kateetan ere berdintsu. Hasierakora bueltatzen da. Asperturik dago. Vermouth bat edatea erabakitzen du kirolen zain dagoen bitartean.

«Nahi al dun vermouth bat?».

Emazteak ez du nahi.

Kirolak amaitu eta marrazki bizidunak hasten dira. Beste kateetan begiratzen du. Azkenean, Fred Astaire-ren filme zahar bat uzten du. Gogaitu egiten da. Sargori atera da eguna, aurrekoak bezalaxe. Garagardo baten irrikitan, altxa eta «erosketa egitera nihoan» dio emazteari.

«Itxaron, hirekin joango nauk».

«Ez dun etorri beharrik. Berehalaxe naun bueltan. Zerbait ekartzea nahi?».

Emazteak behar duenaren zerrenda osatu eta badoa.

Autoa hartu eta hiri inguruan dagoen supermerkaturantz abiatzen da.

Larunbata bada ere, ez dago jende asko. Edariak-Bebidas dioen aldera jotzen du zuzenean. Heineken pakete bat aukeratzen du. Gero emaztearen zerrendari ekiten dio. Bete-beteta dauka gurditxoa. Zerrendan ageri denaz gain, bere kutizi ugari dago: pateak, gaztak, itsaski exotikoen latak...

Ordaindu eta bideodendatik pasa da autoa hartu aitzin.

Etxera itzultzean, utzi duenbezala aurkitzen duemaztea.Erosketak hozkailuangorde eta dutxan sartzen da bigarrenez. Fresko eta pozik antzera irteten da handik. Heineken bat esku batean eta bideo bat bestean sartzen da egongelan. Fred Astaire-ren filmea ikusten ari da emaztea.

«Kendu pelikula zahar hori eta goazeman hau ikustera» dio eskuan duen bideoa erakutsiz.

Emaztearen alboan eseri eta play botoiari sakatzen dio. Fin de semana caliente izena du bideoak. Bikoteak basoez inguraturiko jauregi batera bildu eta sekulako orgia antolatzen dute.

Sofatik erori eta lurrean ari dira. Begiak itxita, hasperenka, indar osoz besarkatzen du emazteak Joseba. Josebarenak aldiz, zabal-zabalik daude pantailan gertatzen denari adi. «Bihotza, laztana» uluka ari zaiola, bideoko ilegorri mardula irudikatzen du bere azpian.Gorri biziz margoturiko emakume ikaragarriaren atzazal zorrotzak senti ditzake bizkarrean pasioz atzaparka. Tamalez, gorrotatzen duen zarata batek bueltarazten du errealitatera. Telefonoa da.

«Ez egin kasorik» eskatzen dio emazteak, beso artean areago tinkatuz.

Ez du horretarako inongo asmorik. Orgasmo hurbila iragartzen duten orroe eta zinkuriek telefonoaren hotsa estaltzen dute.

Lurrean dautza biak. Hatsangaka. Besoa luzatu, garagardoa eskuratu eta zurrut bakar batez azkentzen du Josebak. Begirada emaztearen izter zimelduetan galduta, pozik egiten du irribarre, bolada baterako kunplitu duela jakinda.

Zakil, larru, alu, mihi eta likidoen erakustaldiak geldiunerik gabe darrai bideoan. Patxarana ikusteak patxaran biharamunaz jaiki berriari eragiten dion nazka berbera sentiturik, amatatu egiten du bideoa. Ostera dantzari, Astaire eta Rogers jabetzen dira telebistaz. Emaztea ile nahasia komuneko ispiluaren parean orraztera doan artean, altxa eta egunkariaren bila hasten da. Aurkitzean, sofan etzan eta kirol orrialdeak bilatzen ditu, gainerakoak lurrera botaz. Lotan dago emaztea bueltatzen denerako.

Telefonoak esnarazten du bezperan legez. Maitaleaz akordatzen da. Saiatzen da begiak irekitzen, baina lortzen duenerako, emaztea dakusa aparailua eskutan. Hizketan hasi eta ez zaio asko kostatzen norekin ari den asmatzea. Arnasa hartu eta giharrak ateratzen hasten da. Eskerrak ez den une batez uste izan duena.

«Elenak deitu dik» azaltzen dio eskegi ondoren, «ea afaltzera joan nahi dugun jakiteko. Baietz esan zioat. Zer iruditzen zaik?».

Ondo baino hobeto deritzo etxean haren konpainian egon behar izateaz libratuko duen edozeri.

«Eurak izan dituk lehenago deitu dutenak», jarraitzen du azalpenarekin. «Kanpoan izan garela esan zioat. Ez ahaztu gero».

 

Alde Zaharreko taberna batera bildu behar dute Elena eta Iñaxiorekin. Bikotea haien adinekoa da gutxi gorabehera. Duela zenbait urte ezagutu zuten elkar ikastolako guraso bilera batean. Lagunak dira harez gero. Mendira joan ohi dira umeekin. Zinemara edota afaltzera haurrik gabe egon direnetan. Modako jatetxeak ahaztu eta betikoetara jotzen dute halakoetan, herritarretara. Sukaldaritza berriari ondo deritzote, baina haien ustez ez dago etxekoarekin konparatzerik, benetako sukaldaritza euskaldunarekin alegia. Halako batera joan behar dute gaur ere txikito batzuk edan ostean. Larunbata izanik, ozta-ozta sar daiteke tabernetan. Iñaxiok eta Josebak, txandaka, edariak eskatu eta kanpoan geratzen diren andreei ateratzen dizkiete. Ohizko edari ardoa duten arren, garagardotan ari dira beroaren kariaz. Kaleak betetzen dituen jendetza saihestuz, bikoteka doaz tabernaz taberna. Gizonek osaturikoa —lan, politika eta kirolei buruz berbetan— aurrena; senar eta seme-alabez diharduen andreena atzetik.

Garaia dela erabakita, afaltzera abiatzen dira hamarrak aldera.

Kalea legez, jendez mukurru dago jatetxea ere. Zorionez, mahai bat erreserbatuta dauka Iñaxiok.

Baratzuri zopa eskatzen dute hasteko. Bigarrenarako, Elena ezik, bat datoz guztiak txuleta hautatzerakoan.

Elena suertatzen zaio Josebari parean. Betidanik mirestu izan du emakumea. Dotorezi berezia antzematen zaio mugimendu bakoitzean, are arruntenean ere. Nola daraman goilarea plateretik ezpain delikatuetara, nola heltzen dion edalontziari. Hizkeran eta ibilkeran erakusten duen finezi berberaz. Haren ilearen leuntasuna soma dezake, azalarena. Malenkonia lotan dirauen aintzira bi dira haren begiak. Ezerk ez du haren simetria, haren oreka kolokan jartzen. Harentzat ari da hizketan, harentzat da bere hitz bakoitza. Eta egia esan, ondo ari da, oso ondo. Azkarra, zorrotza, afari aurreko garagardo eta txuletarekin batera edandako ardoaren laguntzaz, inoiz baino etorri handiagoa du. Edozein mintzagai dela medio, buelta eman agudo eta berehala lotzen du beste zerbaitekin, hitz piroteknia sofistikatuenaren maisu. Irria ezpainetan daude besteak. Goraipatu egiten dituzte bere irteerak. Aurrean duen emakumearen barreaz arduratzen da soilik. Ez dio gainerakoak inolako ardura. Emazteak bereziki. Hainbeste lotsarazten duen irri sastar horren jabea. Baina zerk ez du emaztearengan lotsarazten?

Ustekabean arratsaldekoaz oroitu eta nazka sentitzen du bideo pornoa gogoratzean. Emaztearen haragi eroriaz akordatzean, areagotu egiten da higuina bere baitan. Eta badaki Elenaren soineko urdinak ezkutatzen duena oso bestelakoa dela, eme eta aratza. Iritzia baieztatu nahiko balu bezala, emaztearengana zuzentzen du begirada. Txuleta amaitu berriaren odol tanta bat du ezpain ertzean, karminaren gorri apalaren gainean.

 

Jatetxetik irtetean, Erdi Aldeko pub eta gau tabernetara abiatzen dira. Musikaren bolumenak, beroak, ezinezkoa bihurtzen dute taberna barruan egotea. Kanpoan geratzen dira beraz, taberna aurreko autoen gainean eserita. Iñaxiok gin-tonika edaten du, whiskya Josebak. Txanpaina emakumeek. Alai daude oso. Traguz tragu eta tabernaz taberna doakie gaua, eta konturatu baino lehen ixten ari dira dena. Haiek aldiz, ez diote jaiari onenean utzi nahi.

«Goazen Londonera» gonbidatzen du Iñaxiok, bertako nagusia aspaldiko ezaguna duela argudiatuz.

London itxita ez badago ere, sartu nahi horretan ari dira. Atean ez diete utzi nahi, baina jabearen izena aipatu eta barruan daude. Jende mordoa dago Britainia Handiko hiriburuko argazkiez apaindutako taberna barruan. Bozgorailuetatik datorren lanbadaz dantzan bakan batzuk, solasean eta barrezka gehienak. Lagunak zutabe baten ondoan egokitzen diren artean, barrara doa Joseba. Eskatzera doala, hotzikara eragiten dion zerbait ikusten du. Barrako beste muturrean Marina —bere maitalearen adiskide mina— antzematen du talde batean. Marina han egonez gero, litekeena Pili ere bertan egotea. Izerdi hotza nabaritzen du bekoki eta besapeetan. Asaldaturik, burua beste aldera bueltatu eta zerbitzariaren zain gelditzen da. Azkenik bere ondora hurbiltzen denean, zeharka eskatu behar dizkio edariak, aurpegia esku batez ezkutatuta. Eskua aurpegitik urrundu gabe ordaindu eta zutaberantz zuzentzen da. Sugea izan nahiko luke orain eta, inork erreparatu gabe, azeri-azerian alde egin handik. Erridikuloa da egoera. Sekula ez da kinka larriagoan egon. Zerbait asmatu beharra dauka ahalik eta lasterren. Edariak banatu eta segituan bukatzen du berea. Besteak, hitz eta pitz ari direla, motelago doaz ordea. Aho zabalka hasten da nabarmen.

«Zer Joseba, logura?» galdetzen dio Iñaxiok irribarrez.

Lokartzen ari dela erantzuten dio aharrausi egiteari utzi gabe.

«Egia da, ia bostak dira», Elenak ordulariari beha.

Elenaren ahots atseginari ez dio inoiz hain atsegina eritzi.

Etxean, emaztea —horditu samarra— besterik gabe doa ohera. Joseba berriz, arestiko ikaraldiak mozkorraldia arras moztuta, apur bat luzatzen da oheratu aurretik. Zigarreta bat erre, komunera joan eta, bada-ezpada ere, telefonoa deskonektatuta uzten du egongelan.

 

Iratzartzean oinaze zorrotza sentitzen du lokietan, alde bakoitzean iltze bana. Egarriak dago. Ura edatera abiatzen da sukaldera. Astuna nabaritzen du gorputza. Mingarri zaio mugimendu bakoitza. Asko gabe, emaztea ere agertzen da hozkailu ondora. Itxura beldurgarria dauka.Badirudi gaueantximurrak ugaldu eta biderkatu egin zaizkiola urteak.

Dutxapean jartzen da gero eta luze irauten du bertan, buruko mina arintzeko asmotan.

Irtetean, laranja zumo handi bat prestatu eta egongelako sofan etzanda edaten du. Handik mugitu gabe, telebista biztu eta Berlinetik ematen ari diren atletismo lehiaketari so geratzen da, begiak artean erdi itxita. Dutxan sentitzen du emaztea. Leihoz bestalde, oskarbi eta bero soma dezake eguna, aurrekoak bezala. Berlinen ere eguzkitsua dago. Hotza behar du aitzitik. Beroki lodi, tapauka luze eta artilezko kapelak jazten dituzte hango ikusleek.

Bustita dakar ilea emazteak. Telefonoa lekuz kanpo ikusi eta, harriturik, «Hik utzi al duk horrela?» galdetzen dio.

«Bai, bai, ni izan nindunan. Bada-ezpada, ederki lo egin nahi ninan».

Telefonoa bere tokian utzi eta aldameneko besaulkian esertzen da emaztea, bezperako egunkariaren gehigarria eskuetan. Ez du asko irakurtzen, erdi-lotan dago segituan sofan datzan senarraren antzera.

Era horretan harrapatzen ditu telefonoaren tirrinak. Mahaitik hurbilago, emazteak jasotzen du. Begi lausotuak igurtziz, daukan ajeaz jasanezina izango zitzaiolakoan, Pili izan ez dadila erregutzen du Josebak.

«Bai?».

«Ez ama,hemenegon gara baina telefonoa gaizki utzi dugu konturatu gabe...».

Hitzok aditu eta atzera lasaiturik, ez du gehiago entzun nahi.

Zazpiak inguru arte ez da handik altxatzen. Orduan, beste dutxa bat hartu, jantzi eta ikastolara doaz semearen bila.

Ikastolan, Iñaxio eta Elenarekin egiten dute topo. Biharamun galanta omen dute.

Busa iritsi eta guraso deien artean jaisten hasten dira umeak, botak lokatzez zikindurik, nekatu itxuraz. Semea jaso, lagunak agurtu eta etxera bueltatzen dira.

«Zer moduz asteburua, Aitor?» itauntzen dio amak autoan.

«Beroa», leihatila beheratuz semeak.

Ordu erdi geroago afaltzen dihardute. Afaldu eta nekaturik ohera doa Aitor. Kirolez-kirol hasteko zain dagoela, Joseba berriro oroitzen da Piliren mehatxuaz. Egun batzuk barru hots egin beharko lioke beharbada. Ondo portatu daazken batean. Asteburua igaro eta ez du deitu. Soberan maite du gainera. Agian...

Kirolez-kirolen hasiera iragartzen duen musikak burutu gabe uzten du bere gogoeta. Futbol emaitzetarako baino belarririk ez duela, ez du telefono deia entzuten, ezta emaztearen ahotsa ere «Bai?» esaten.