Emakume biboteduna
Urteetan maitaleak joan eta etorri egin dira nere albotik. Gehienak —guztiak ez esatearren—, zain zeukaten beste emakume baten besoetara biltzeko segituan. Inork gutxik aitortu bazidan ere, beti jakin izan dut zergatia. Ni baino politagoak ziren maitale berriak, edo aberatsagoak, edota bestela ni baino trebeagoak ohean. Edozein izanda ere arrazoia, mingarria izan zait, salbuespenik gabe.
Eskura daukagunaz aspertu eta arin asko hobesten dugu berria. Ederrago, gorenago deritzogu, ez hain aspaldi agian atzean utzitakoari eritzi genion modu berean. Azkenik maitale perfektoa aurkitu duguneko lilura hutsalaren pean, etorkizunak ekarriko digunaz egiten duguamets, gureburuan soilik idorodaitekeen zoriontasun hori betirako izango dela inozoki sinesturik. Maitasuna esaten zaion amnesia mota horren menpeko, aurreneko aldietan gauza bera pentsatu eta erabaki genuela aise ahazten zaigu. Are errazago gertatzen da hori gizonezkoen artean. Neure larrutik ordainduta ikasi dudanez, badu gizonak halako behar bizi, halako premia latza, oraindik beste andrerik konkistatzeko gauza dela bere buruari frogatzeko. Bereganatu ondoren bazterren batean lagako du seguruena, baina amodioa omen den zera kilikagarri hori sentitzen duelarik, nekez ipiniko dio arreta beste ezeri.
Maitale dexente galdu dut nere bizitzan, arrazoi ezberdin ugari izan dut tarteko. Oso zaila da gizonaren bihotzari eustea tentaldi berri baten aurrean. Tentaldia gu baino panpoxago, perxentago edota dirudunagoa denean batipat. Ezagunak nituen horiek denak. Gizon bat galtzeko era posible guztien jakitun nintzelakoan, ez nintzen nere erruaz konturatu Julenena jazo arte. Oro dakizula ziur zaudenean, ustekabean ezerk harrapatuko ez zaituela pentsatzen duzunean, bizitzak ezarritako segada berri baten preso zaude, barregarri. Perxentasuna, dirua, begi bistan dauden gauzak dira, ukikorrak, eskuragarriak. Julenekin aldiz, fantasma batekin ere gal daitekeela ikasi nuen nere harridurarako (aurrerantzean maiz aipatu beharko dudan hitza).
Irail hondarreko ostiral sargoritsu bateko gauean hasi zen dena.
El Palacio Dorado izeneko jatetxe txinar bat zabaldu berri zuten gure auzoan. Egunero igarotzen ginen aurretik, eta noizbait han afalduko genuela promesa egina genion elkarri. Pasatzerakoan une batez gelditu eta kanpokaldean ageri zen menua aztertu ohi genuen. Sartu ahal izango ginen gau zoragarriarekin amets egiten genuen. Zerrenda osatzen zuten izen exotikoen atzean ezkutatzen ziren jaki gozoak asmatzen saiatzen ginen. Horregatik, Julenek bere lehen soldata jaso eta hara abiatu ginen zalantzetan ibili barik.
Leporaino zegoen Jauregia. Ate alboan hiru bikote zeuden mahai zain. Julenek ez zuen itxaron nahi. Beste nonbaitera joatea proposatu zidan. Izango genuen han afaltzeko beste paradaren bat, orduan bereziki, nahikoa diru genuelarik. Baina ez nion amore eman, gure zoritxarraren eragilearekin lehen aldiz hantxe topo egingo nuela susmatu ezinik. Bertan nahi nuen eta ez beste inon.
Handik gutxira, bikoteetariko bat sartu eta «Zenbat zarete?» itaundu zigun begi txikiko zerbitzariak.
«Bi» erantzun genion, bistan zegoena zergatik galdetzen zigun ulertu gabe.
«Bi?», harritu zen ekialdetarra.
«Bai, bat eta beste bat!» argitu genion, hizkuntza doi-doi konprenitzen zuen negozio gizon azeri haren ardura antzemanda. Zerbitzariak berak baieztatu zituen gure susmoak.
«Axola al dizue beste bikote honekin batera eseritzeak?» ausartu zen, beste bikoteko neskari zuzendurik.
Neskak ez zuen galdera berehala konprenitu, eta une batzuk igaro ziren eskaintza xelebreari herabe uko egin aurretik. Julenek, berari itaundu ez bazion ere, kopeta zimurtu eta ezezkorik borobilena eman zion. Txinatarrak orduan, hankasartzeaz ohartu eta apur batez egoteko erregutu zigun. «Ez dira bost minutu baino izango».
Usnatu bezalaxe, hartuta zeuden biko mahai guztiak. Lauko batzuk bakarrik zituzten libre. Oso bero zegoen jatetxe barruan. Bigarren solairuan egokitu gintuzten. Eman ziguten mahaia grabatu txinatar klasikoen ereduz margoturiko irudi baten ondoan zegoen. Mendi eta sakan lanbrotsuak altxatzen ziren paretan gora.
Hasteko marrazo salda zaporetsua eta —nola ez?— udaberri bilguak eskatu genituen. Arroza gero. Alderantziz ekarri ziguten ordea, arroza bilguen aitzin, salda hurrena... Julenek makiltxoak nahi eta bizpahiru bider eskatu behar izan zituen ekarri baino lehen. Jatetxea ez zen justu gure pobre ametsetan espero genuena. Hala ere, zerbitzarien aldresbeskeria ahantzi eta berehala oporretarako planak egiten ari ginen. Ia urtebete oso bat lanik gabe egon ondoren, hasiberria zen Julen. Huraxe ospatzen ari ginen gau hartan. Aspalditik genbiltzan bidaiaren bat egitekotan, eta ganorazko ongietorria eman behar bigarren soldata hari.
Nora joan ez genekielarik, leku urrun baten batera abiatzeko asmoa geneukan. Jatetxearen menua legez, izen exotikoez beterik zegoen gure solasa. Nahiz eta leku gehienak sekula ikusiko ez genituela jakin, berebiziko plazerra ematen zigun haien aipamen hutsak. Zoriontsu luzatu ginen fantasia haietan, inoiz burutuko genituenentz arduratu gabe. Ostera, Julenen gogoa beste nonbaiten zegoela iruditu zitzaidan. Nik esandakoa aldika baieztatu, baina begirada nere sorbaldan behera irristatu eta nere atzean galtzen zitzaion, beste nonbaiten.
«Ari al haiz entzuten?» galdetu behar izan nion.
Ezetz aitortu zidan. Nere atzean zegoen mahaiari begira egona zen, itxuraz. Edo bertara eserita zegoen emakumeari zehazkiago. Ederra omen zen oso, eta haurdun zegoen. Banekien nortaz ari zen. Minutu batzuk lehenago, salda amaitzear geundelarik, parean neuzkan eskaileretatik bikote bat igo zen eta atzeko mahaira eseri. Mahai hartan bazegoen beste bikote bat ordurako, eta iritsi berriak ikusterakoan jaiki eta agurtu egin zituzten. Egia esateko, ez nien kasu handirik egin, hala ere nabarmenegia zen emakumearen sabelari ez erreparatzeko. Hogeitamar urte edo jarri nizkion, senarrari baino batzuk gutxiago. Haren edertasunaz ez nintzen hain seguru baina, Julenen begirada liluratuaren arauera, galanta behar zuen izan. Halaxe zen. Polita zeritzon Julenek, bere liluraren zioak ez ziren haren sotiltasun eta edertasuna ordea, ez nagusienak behintzat. Nagusiena oso bestalakoa zen, zeharo ezberdin eta ezustekoa: emakumeak bibotea omen zeukan! Barrez hasi nintzen. «Julen, mesedez!» atera zitzaidan. Julenek ez zirudien hain dibertiturik. Alderantziz, barrez ikusi eta, lotsagorrituta, isiltzeko erregutu zidan. Ez zela adar joka ari zin egin zidan behingoan. Gero, nere asmoak igarrita nonbait, atzera ez begiratzeko eskatu zidan, nabariegia izango zela. Esan eta bete. Txikitan nerekin eskolan ibilitako ume baten amonaz oroitu nintzen. Atsoak hortzak faltan izateaz gain, bizartxo eder baten jabe ere bazen. Ahuntza gogorarazten zidan, larru azal zimeldutik sortzen zitzaizkion ile urdin luze haiekin. Eskolatik irten eta atean egoten zen amona biloba gaztetxoaren zain. Konkorturik, astiro astiro egiten zuen aurrera, esku bat makilean, neskatoari helduta bestea. Sorgina esaten genion, irakasleak irakurritako ipuinetakoak gisa hartan irudikatuz, itsusi eta eite txarrekoak. Hansel eta Gretel leitzen hasi eta sorginaren aipamena adituta, gelako buru guztiak harengana bihurtzen ziren. Baina Julenen begiak magneto baten antzera erakartzen zituena ez zen amona, ezta zatarra ere. Sasoikoa zen eta oso polita.
Akabo oporrak, akabo bidaiak. Afaltzen bukatu arte emakume biboteduna —hala izendatu genuen— izan zen gure mintzagai bakarra. Mahaitik altxatzean, aulkian zintzilik nuen zorroa hartzera nihoaneko planta egin, berarengana bueltatu eta aurpegia arakatu nion. «Eta?» jakin nahi izan zuen Julenek oinak kalean jarri bezain laster.
«Ba, halaxe duk, bibotea zeukak!» onartu nuen, nere erabateko harridura ezin ezkutatuz.
Ez nuen kolpetik ikusi. Bisaia haren dotoreziak, atal bakoitzaren bikaintasunak, zaildu egiten zuten biboteaz konturatzea. Jakina, ez zen gizon batena bezalakoa. Eta hala ere nahiko nabarmen ageri zitzaion sudurpean. Emakumea bilo argikoa izaki, ezpain gaineko itzal hura marrazteko askotxo behar zela deliberatu nuen nere golkorako. Hamaika gauza ikusita nengoela uste nuen ordurarte, baina hura zen denen artean xelebreenetarikoa. Apur bat lehenago, jatetxean, Julen txantxetan ari ez zela jabetzerakoan, astapuzkeriatzat jo nuen berak esandakoa, joera handia bait zuen hartarako. Neure begiz ikusita aldiz, ezin izan nion bere azalpenaren zuzentasuna ukatu.
Kafeaedaten ari ginelarik, artean fenomenoaren bitxitasunak txunditurik, makinabat zalantza etorri zitzaigun burura. Ulertezina zirudien bilo absurdo hark hain emakume xarmantarengan. Nola zitekeen halakorik? Antzekoa izango ote zen sabelean zeraman semea? Eta alaba izanez gero? Honelako galderak otu zitzaizkigun etxeratu baino lehen sartu ginen tabernan. Ezin zitekeen hura halabeharraren ondorio soila izan. Naturaren mendekua ematen zuen, bestela perfektoa zen andre harekikoa.
Etxeratu eta ez ginen hartaz berriro mintzatu. Julenek, ahazturik ez bazuen ere, ez zuen gehiago hizpidera ekarri.
Lankide baten ezkontza hurbil zela eta, afaria neukan gau hartan. Julen etxean geratu zen, baina aspertu eta zinemara joatea erabaki zuen. Filmea amaitzean, kalerako bidean poliki zihoan jendetzaren artean begi emanomen zion. Atzetik ikusita, ez zuen segituan ezagutu. Senarrari erreparatu zion aurrena. Kalera heldu zirenean, begiratu luzea egin ahal izan zion. Bera zen. Betiko tokian zirauen biboteak. Bere partez soin lerdena utzirik, desagertua zen aldiz sabal handitua. Julenen esanetan, inoiz baino ederrago zegoen. Amatasunak, kalte ez ezik, mesede galanta egina zion antza. Haien gibeletik hasi zen oinez. Autoaren bila zihoazela uste izan zuen. Baina ibili eta ibili, eta ez zirudien hala zenik. Ezomenzeukansenar-emazteak jarraitzeko asmorik, baina nonbait norabide berbera zuen bikoteak ere. Erdialdeko kale zabalak laga eta zubira hurbiltzen ari zirela, gure auzoan biziko ote ziren bururatu zitzaion. Hala zirudienean ordea, zubia bainolehenagoko etxean gelditu ziren. Ondoezagutzen nuen.Egunero pasatzen nintzen bertatik eta behin baino gehiagotan mirestua genuen Julenek eta biok. Etxea —museoaren pare-parean— dotorea zen, zikinkeriak ilunduta hormak. Oraindik ere, aurretik igaro eta so gelditzen natzaio, Julenek ohi zuen legez. Eta berritu egiten dut bertan bizi denak, tutik somatu gabe, orduan eragin zuena.
Julenek ohi zuen legez baldin badiot, ez da horrela iruditzen zaidalako, neronek ikusia delako baizik. Behin, zubia zeharkatzen ari ginela, «Hor bizi dun» esan zidan, etxe hartako balkoi bat erakutsiz. «Lehengoan ikusi ninan» argitu zuen, aurpegian nabaritu zidan harridurak bultzatuta ziuraski. Ezer gutxirako balio izan zuen azalpenak, lehen baino nahasiago utzi bait ninduen jarraian gaineratu zuenak: «Bostgarrena, ezkerra». Nola jakin zezakeen hori, hain zehatz gainera? Ez nion galdetu. Handik gutxira biziagotu ziren nere susmoak.
«Fernando Mauleon deitzen dun senarra», esan zidan etxerakoan arratsalde batez.
«Noren senarraz ari haiz?» nik, nortaz ziharduen ezin asmatuz.
«Emakume bibotedunarenaz!» erantzun zidan, jakinaren gainean egon behar izan banu bezala.
Ez nintzen hartan isildu: «Nola jakin duk? Buzoietan begiratu duk ala?».
Baietz, halaxe ikasi omen zuen. Ezin nuen sinestu.
«Baina zer dela eta kuxkuxeatu behar duk? Hain interesatuta al hago?».
Isilik geratu zen une batez. Ezetz esan zidan ondoren, etxe paretik igarotzean bururatu zitzaion tontakeria baino ez zela izan. Aitzakia onartu eta ahantzi egin nuen. Eta geroago jazotakoagatik izan ez balitz, ez nituzke ez hau ezta gainerako pasadizoak ere gogoratuko. Baina gertaturikoa gertatuta, orduan txikikeriak ziruditenek orain itzal berri eta handiagoa hartzen dutenere oroimenean.
Igande goiza izan ohi zen sexuari astero eskaintzen genion tartea. Aurreneko hilabete grinatsuen ostean gure harremana epeldu eta egunerokotasunaren martxa patsadatsuari egokituta, maiztasun hartan finkatu zen. Horrela esanda, damuedoetsipenaren zantzuakantzeman daitezke beharbada nere hitzetan. Ez holakorik ordea. Aitzitik, lan ordu luzeen nekeak lo egitera baino ez gintuen bultzatzen eta, asteburuko loaldi luzeetan indarberriturik, gurago genituen ordu nagi haiek beste edozein baino. Haietako batean eman zidan aditzera estrainekoz. Elkarren ondoan ginen, ukitzeke, gora begira. Norberarena ez zen beste bihotz bat entzunez biok, isilik, maitatze gozoaren azken hondarrak dastatzen.
«Ez al dun inoiz ariketa apur bat egitea pentsatu?» bota zidan ezustean isiltasun amultsua kraskatuz.
Zur eta lur utzi ninduen galderak.
«Zer ba? Hain pottola negok ala?».
«Ez, pottola ez, baina begira nola ari zaizkinan zimurtzen izterrak».
Zuzen zegoen.
Komunera joateko altxatzean, luzaz gelditu nintzen ispilu aurrean. Denboraren lana ezkutaezina bazen ere —lehen ile urdinak, nabarmentzen hasi berri zitzaidan kokospea— ez nion hain larria erizten. Begira-begira nuena ez zen hiru urte lehenago Julenekin bizitzen jarritakoa, noski, baina bion artean ez zegoen hainbesteko alderik. Horrela ematen zidan behintzat. Nere gorputz biluzia goitik behera aztertu eta ez nion, normalak zirenaz aparte, inongo aldaketa berezirik aurkitu. Eta dena ahaztuko nukeen, gerora lelo berberarekin jarraitu izan ez balu.
Luze gabe, beste igande batean hain zuzen, antzeko galdera egin zidan. Ordudanik astero astero eta behin baino sarriago eskuarki entzun behar izan nion kontu bera. Behin olgeta antzera esandakoa, gogaikarria bihurtu zitzaidan handik gutxira. Hainbeste non amore eman eta gimnasio batera joango nintzela agindu behar izan bait nion.
Lanetik pozik heldu zen arratsalde batean, neregana etorri, musu eman eta paper bat utzi zuen nere aldamenean sukaldera abiatu aurretik. Gimnasio baten izena irakurri ahal izan nuen.
«Beste batera joateko asmoa nuen nik», jakinarazi nion ostera egongelara agertzerakoan.
Eskuan zekarren garagardoa edalontzian hustutzen ari zela, berak aukeratutakoa goraipatu eta hark zituen abantailak azaldu zizkidan. Ez omen zegoen hobeagorik.
«Eta erabaki al dun zer egin?» itaundu zidan gero. «Aerobic. Horixe dun hik behar dunana», segitu zuen nere zalantzak adierazteko betarik eman gabe. Ariketarik egokiena beraren ustez. Gorputzeko atal guztiak landuarazten zituen bakarra. Bertan hasi nintzen, hiru bider astean.
Rosa zuen izena gure irakasleak. Inoiz saioa amaitu eta gurekin etortzen zen alboko tabernara. Ariketak tripak dantzan jarri eta hara hurbiltzen ginen bapateko gosea berdindu alde. Ederra hango patata tortila.
Kirol eskolatik irten berria Rosa, hura zuen bere estraineko lana. Ederto konpontzen ginen. Kale berean bizi ginenez, tabernatik irten eta sarri egiten genuen elkarrekin etxerainokoa.
Julenek bere kontra estutu eta gimnasiora nindoanetik askoz hobeto nengoela esaten zidan belarrira, ume bati kontu txikiak esaten zaizkion moduan. Pozik nengoen han. Baina egia esan, oneritzi eta goraipen haiek maite banituen ere, ez ziren nere pozaren arrazoi bakarrak. Inolaz ere ez, Julen eta lana nituen artean nere bizimoduaren ardatz. Haren inguruan mugitzen nintzen ni, gainerakoari arrotz. Iluntze parteko saio haiek, Rosa bezain adiskide zintzoa ezagutzeko paradaz gain, nere buruaz nuen ustea indarberritu eta sendotzeko balio izan zidan. Izerdia, oinazea, nekea, berba mehatxagarriak izateari utzi eta astiro-astiro esangura onuragarri, desiragarria hartzen hasi ziren neretzat. Gihar minduak, besape eta gorputz osoari zerion usain mikatza, kopetatik behera ezpainetara labaintzen ziren izerdi tanta potoloen zapore gazia, emakume ezberdin bati zegozkion ezaugarriak ziren nolabait. Libre eta indartsuagoa zen emakume batenak.
Laburra izan zen euforia ordea. Aldageletan ohi baino gehiago luzatu nintzen arratsalde batean, nor ikusiko eta emakume biboteduna atetik sartzen. Hormatuta geratu nintzen. Nik gogoratu baino politagoa zen. Sartu eta gela osoa bete zuenharenedertasun bitxi biziak. Nere onera itzultzean, oinetakoak lotzekotan makurtu eta kaleko jantziak eranzten zituela, zelatan geratu nintzaion begira. Soinaren liraintasunak, mugimenduen arinak, bere keinu bakoitzaren gozotasunak liluratu eta ordudanik nere baitan iraun duen irudi armoniotsua utzi zidaten betirako.
Xelebre samarra neritzon kasualitateari. Gimnasioz josita egon hiria eta berberera joan behar biok. Etxeratu bezain arin Juleni kontatuko niola deliberatu nuen, bere sorpresa aurredastatuz. Eta gerora jazoko zenagatik izan ez balitz, oraindik ere kasualitate barregarria baino ez litzateke izango neretzat. Txantxak ahitu ondoren, behingoan ahazten ditugun horietako beste bat. Ezer gutxi.
Zoritxarrez, gure ordurarteko elkar-bizitze baketsuaren hautsak harrotu zituen zenbait ezustek ez zidan horretarako aukerarik eskaini. Goiz ala berandu, itsu batek ere ikusiko luke edonorentzat nabaria zena. Baita neuk ere. Beharko.
Julenen aldarte aldaketak lar handiak ziren ez konturatzeko. Behin erreparatzen hasiz gero, arrapaladan jabetu nintzen oharkabean pasaturiko aurrenekoez. Halabehar hutsa zirudienak mozorroa galdu eta biluztasun osoan azaldu zitzaidan, bere zinezko izaera ni bezalako atarramendurik gabeko batentzat ere ikusgarri. Azken hilabeteetan kasualitatetzat harturikoak ezkutuko metodo sofistikatu bezain eroa utzi zuen agerian, gogo gaiso baten asmakizun maltzurra agertarazi.
Garai beretsuan beste bitxikeria batzuk ere antzeman nituen bere portaeran. Bereziena, telefonoarena. Lanetik bueltanetxera heldu eta ditxosozko aparailu horrekin topatzen nuen askotan. Ziuraski, zertan den hori bitxia galde egingo diezue zeuen buruei. Baina sekula berbarik egiten ez zuela badiotsuet, ulertuko duzue aiseago.
Izan ere, zenbakia osatu eta bestaldetik inoiz iristen ez zitzaion erantzunaren zain geratzen zen, mutu. Neu ere ez nintzen hasiera batean harritu. Deialdi haien eguneroko errepikapenak ordea, nere arreta biztu behar zuen noizbait. Julenek inongo arraposturik jaso ez antza, eta ez zirudien batere zapuzturik. Alderantziz, bestaldeko isiltasunak berriro hots egitera bultzatzen bide zuen. Nekez soma nezakeen orduan nere okerra. Ezin jakin hariaren beste muturrean norbait ernegatzeraino nekatzen zela, «Nor da?» erregutuz, deiegile kupidagabearen izena jakin nahian.
Egun batean, jakinminari ezin luzeago eutsi eta aspaditxotik gogoan nerabilen itauna zuzendu nion: «Nori deitzen diok?». Lan konturen bat aipatu zidan. Harez gero ez nuen berriz deika ikusi. Jarraitu egingo zuen, baina ez nere aurrean behinik behin.
Handia izan zen Julenen aldaketa. Maiz, biok norabaitera biltzekotan egon eta ez zen agertzen. Azalpen bat eskatutakoan, aitzakia ilunen bat emango zidan, bere jokaeraren arrazoiak argitzeko baino bakean utz nezan helburu. Zinemara joateko hitzartu eta, atean hiru ordu laurden beraren zain egon ondoren, etxerako bidea hartu behar izaten nuen haserrearen haserrez, filmea ikusten sartzeko beranduegi ordurako.
Batzuetan, etxera heldu eta telebistaren aurrean idorotzen nuen, goizean nerekin hitzegindakoa zeharo ahaztuta. Lotarako ere ez zen etxeratzen beste batzuetan. Alferrikakoa zen ezer galdetzea. Nere erreguei sorgor, nere penatzeari arrotz, malenkonia gorri baten preso, barregarriak ziren uzkurtasun hartatik ateratzeko egin nituen ahaleginak. Elkarrekin berba egiteko gauza ez baginen, are gutxiago amodioa. Beti bezala asteburuaren irrikitan egon ordez, haren beldur nintzen, eramankaitza bait zitzaidan maite nuen gizonaren alboan era hartan egon behar izatea. Astegunez lana nuen aterbe eta hartan iharduten nuen buru-belarri, handik irtendakoan topatuko nuena gogotik ezabatzeko asmotan. Gimnasioa ere ez zen horretarako laguntza makala.
Izerditan saiatu nintzen nere sofrikarioa itoarazten. Rosaren adiskidetasuna bestalde (ez nintzen nere egoeraren berri zehatza aitortzen ausartu), inoiz baino gehiagoestimatu nuen.
Hilabete luzeak igaro genituen horrela. Oinazea leundu ez baina, moldatu edo egin zen nere bizitzan. Neri atxikiak, nere itzala bailitzan, banaezina nerengandik, berarekin iraunbizitzen ikasi behar izan nuen nahitaez. Esperantza desagertzen den azkena omen eta neroni ere gauzak onera itzuliko ziren itxaropenetan egon nintzen luzaz. Esnatu eta denalokamuts ikaragarria besterik izan ez zela egiten nuenamets. Basamortuan barrena noraezean eta galduta dabilenaren antzera, egarriak eta nekeak erangindako irudikeriak ikusten nenbilen.
Dena dela, seguru nengoen nere buru gaisoak sortu gezurrezko oasien artean eztarri errea freskatuko zidan ur garden benetakoa aurkituko nuela. Eta topatu egin nuen. Uste baino lehen gainera. Baina freskoa eta gardena izan beharrean, uher eta ustela zen, mortua.
Rosak ezin izan zuen nere erreakzioa konprenitu. Ulergaitza zitzaion nola hunki nintzakeen hainbeste nerekin —itxuraz behintzat— zerikusirik ez zeukan kontatu berri zidanak. Zer zela eta ikasle zorigaiztoko hari jazotakoak ni hainbeste aztoratu? Nik aldiz, gertakari tamalgarria entzun eta banekien. Frogarik gabe, arrazoirik gabe ere agian, baina «Irene kuitadua!» aditu eta segituan susmatu nuen hark jasandako martirioaren atzean nor zegoen. Udako gauaren ilunbea urratzen duen oinaztargi modukoa izan zen. Telefonoko eroarena aditu eta nere gizonaren aurpegia etorri zitzaidan. Kolpetik. Eta artean bere izena ezagutu gabe, segituan ulertu nuengureemakumebiboteduna baino ezin zitekeela izan. Oso argia izan beharrik ez. Egunero egunero hots egin eta sekula hitz-erdi bat ere egiten ez zuen ezezagunarenak Julen eta bere dei misteriotsuak ekarri zizkidan burura ezinbestean.
Trufazaleren bat izango zela pentsatu zuten hasieran, umeren bat akaso. Baina egunak pasa ahala deiek jarraitzen zutela ikustean, kezkagarri ere bihurtu zitzaien. Aste batzuen buruan, nahikoa zen telefonoaren soinu hutsa emakumea bere onetik ateratzeko. Maniakotzat zutenaren mehatxua jasanezina bilakatu eta, telefonoa bera kentzeaz gain, emaztea hartu eta beste nonbaitera eraman behar izan zuen senarrak, zoratuko ez bazen.
Aipatu bezala, haren atzean nor zegoen jakiteko asko behar ezbazen ere, are gutxiago behar zen kitto esateko, garaia heldu zela ohartzeko. Ezin nik hura ikusi, zoritxarrez. Kaiku halakoa. Zergatik ondo jakin gabe, azken aukera ematea erabaki eta bere ondoan segitu nuen.
Felipek eta Arantzak eurenera afaltzen gonbidatu gintuztenerako, ez genuen elkarrekin fitsik ere egiten. Irtetekotan, bere aldetik egingozuenbakoitzak. Hortaz, hain aintzinako adiskideak izan ez balira eta gonbidapenean hain setati jokatu, ez geniekeen inolaz ere onartuko. Baina amore eman eta pare bat botila ardo eskuetan, munduko bikoterik zoriontsuena osatuko bagenu bezala azaldu ginen lagunenera. Ardo bikaina zen alafede, mirakulutsua esaten ausartuko nintzateke. Nola deitu behar bestela etxe hartatik elkarri helduta gozo-gozo irtenarazi gintuenari? Ez al dabada mirari hutsa, bion artean betirako hila zirudiena modu zoragarri hartan berbiztea?
Gau hartan, oheko mutur biak bilatu ez eta, grabitate indar arraro batek tira eginda legez, erdira etorri ziren gure gorputzak, ordurako ohitura genuenari uko eginez. Eta indar horretatik ezin libratuz, grinazko elkarnahi hartan uztarturik, erraietatik hasi eta geldikaitz, azken ile, azaleko azken pororaino soinean barrena hedaturiko sute aspalditik ahaztua gutaz jabetu zen ostera. Gure anatomietako zoko bazter ezkutuenetaraino iritsi ziren fereka errepikatuek, desioaren hezetasuna nonnahira zabaltzen zuten musu tematsuek, eldarnioetaraino eraman gintuzten. Auskalo zer gertatuko litzatekeen eromen antzeko hartan segitu izan bagenu. Baina ez hartarako egokierarik izan. Zinkuri eta hasperen bortitz, berba gozo etenen artean entzun nuen izenak maitasun eta pasiozko goi hari lotzen ninduen lokarria moztu eta blausta erori nintzen, lurraren kontra muturrez aurrera. Segundu gutxi batzuetako gorabehera izan zen. Julenen arnas astunean apenas nabarmendutako «Irene» hura aditu, odola kolpetik gatzatu eta hilotz bat bezain hormatuta geratu nintzen. Sekulako nazka sentitu nuen gero.
Ez dut Julen ikusi nere trasteen bila joan nintzenetik. Lantzean behin norbaitek zeozer aipatzen dit, ez dakit non ikusi dutela. Horrelakoetan ordea, herra berritu eta horrexek belarriak estaliko balizkit bezala, ez naiz ezer aditzeko gauza.
Hainbat gizon ezagutu dut geroztik. Ezagutu, maite eta galdu. Gizonekin zein drogekin ere alferrikakoak dira eta hobeasmo guztiak. Ondorengo aurkakoak, zorionez, hezur-haragizkoak izan ditut, errealak. Fantasma batekin aski eta soberan.