Literatur Emailuak
70 zenbakia: 2003ko maiatzaren 15ean
Susa literatura argitaletxea

Juan Rulfok 85 eta El llano en llamas-ek 50

Efemeride bikoitza du Juan Rulfo idazle mexikarrak. Orain 85 urte sortu zen, maiatzak 16 zituela, Apulcon. Eta hogeita bost beranduago, 1953an, El llano en llamas ipuin-liburua kaleratu zuen Fondo de Cultura Económicarekin. Hainbat hizkuntzatara itzulitako lana, 1986an ekarri zuen euskarara Koldo Etxabek eta Baroja argitaletxearekin karrikaratu. Testu horixe osorik irakur dezakezu orain. Autore mexikarraren lana euskarara noiz ekarri den (Pedro Paramo 2002an argitaratu zuen Ibaizabalek, Juan Garziak euskaratua) eta bere lanen berri ere eskaintzen dizugu.

Katebegi galdua

Jon Alonsoren lehendabiziko nobela ere osorik eskaintzen dizugu aste honetan: Katebegi galdua, 1995ean Susak argitaratua. Nobela beltz honetako ardatza XVI. mendeko euskal liburu ezezagun bat duzu, Leizarragaren Bibliaren aurretik idatzi omen zena; jende ugari dabil pieza preziatua harrapatu nahian. Datorren asteko liburua: Koldo Izagirreren "Merry Christmas, Panama!" esan zuen heriotzak, duela lau urte Euskaldunon Egunkariak plazaratua.

Ez zuten gaizki bukatu

Zortzi hilabetez jardun eta gero, Baietz astea gaizki bukatu saileko azkena egin zuten Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek. B.O.G.A. sortu da gaztigatu zuten izenburuan, "abertzale guztiok behar dugun alderdia", eta haren berri eman. Hogeita bost urte geroago testuak, ironiaren luma zorrotzak sinatua, badu xarmarik. Izan ere, ez al da ironikoa 25 urte geroago Donostian hauteskundeetara aurkeztea debekatu dioten plataformak Boga izena eramatea? Aste hartako lehen artikulua, dena den, hala Saizarbitoriak nola Izagirrek Rikardo Arregiri buruz egindakoa da, hura nola ezagutu zuten kontatzen dutenekoa. Maiatzaren 14ko Zeruko Argia hark ere azala andoaindarrari eskaini baitzion. Zenbaki hartan Tabernateka sail berria ere plazaratu zen, Errikotxiak eginiko "puzzle satirikoa"..

Dia das letras galegas

Aurten ere, maiatzaren 17an (larunbata) ospatuko da _40 urtez jarraian_ Galiziar Letren Eguna. Aurtengoan omendutakoa Anton Avilés de Taramancos idazlea izango da, poeta, Galiziako idazleen elkarteko presidente ohia eta 1992an hil zena. Obra oparo baten egile eta BNGko hautetsia bere jaioterria zen Noian (Coruña). Idazleak badu berari eskainitako webgunea: avilesdetaramancos.org. Ekitaldi ugari antolatu dituzte Galizian, eta handik kanpo, Euskal Herrian ere egingo da ekitaldirik, aipatzekoa da Pasaian hainbat idazlek larunbatean egin asmo dutena. Han izango dira besteak beste Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri.

Bestalde, Interneten ikusgai diren gune batzuk aurkezten dizkizuegu: Dia das letras galegas, Cultura galega; euskaraz, galegoz, gaztelaniaz, katalanez eta portugesez umeentzako liburuak argitaratzen dituen Kalandraka argitaldaria; Andar21 poesia eta ekintzaileen ataria. Galiziak badu bere liburutegi birtuala ere, eta modu berezi batean ospatuko dute aurtengo Galiziar Letren Eguna.

Efemerideak

1921 maiatzak 15: Federiko Krutwig jaio zen Getxon. Susa aldizkariak berarekin egindako elkarrizketa plazaratu zuen 1980an.

1823 maiatzak 17: Juan Bautista Agirre hil zen Asteasun.

1906 maiatzak 20: Balendin Enbeita jaio zen Muxikan.

1901 maiatzak 21: Piarres Lafitte jaio zen Luhuson. Lafitteri buruzko irakurketa gida osatua.

1957 maiatzak 21: Alejandro Tapia Perurena hil zen Iruñean.

Agenda

"Bagdad, mila eta bat gau". Patxi Zubizarretak "Zikoinaren hegaldia" (literatura arabiarrari hurbilketa bat) aurkeztuko du, Pello Ramirez akordeoi eta txelo jotzaileak lagundurik maiatzaren 14an (asteazkena)20:15etan, Bilboko Kalderapekon, Euskal Txokoak antolaturik.

Jose Luis Padronek poemak irakurriko ditu euskaraz, galegoz eta gazteleraz maiatzaren 15ean (osteguna) 19:30etan Oreretako Mikelazulon.

Pello Otxotekok "Arnasa galduaren ondarea" liburua aurkeztuko du maiatzaren 16an (ostirala) 12etan Donostiako Bilintx liburudendan. Aurkezlea eta hitzaurrearen egilea: Felipe Juaristi. Argitaldaria: Elkar.

Mikelazuloko kideek "Letren kilimak" ikuskizuna eskainiko dute Oreretako euskaltegi eta ikastetxeetako ikasleen parte hartzearekin maiatzaren 16an (ostirala) 19:30etan, Mikelazulon bertan.

"Tuporakiren retrospektiba" olerkiaren inguruko topaldia burutuko da Oreretako Txintxarri elkartean. Ekitaldiak maiatzaren 17an (larunbata) goizeko 11:3oetan hasiko dira, testuen errezitaldia, bazkaria eta solasaldia izango dira besteak beste.Antolatzaile: Mikelazulo kultur elkartea.

Egunkariaren aldeko hitzak eta musika entzun ahal izango dira maiatzaren 20an (asteartea) 20:00etan Bilboko Kafe Antzokian.

Itxaro Borda kalakan arituko da maiatzaren 22an (osteguna) 19:30etan "Euskal Kulturaren Ajeak eta Literatura" jardunaldietan Bilboko Euskaltzaindiaren aretoan. Antolatzaile: Bilbo Zaharra Forum.

Hasier Etxeberriak Eulien bazka liburua izango du mintzagai maiatzaren 28an (asteazkena) 20:00etan Txurdinagako AEKren euskaltegian. Antolatzailea: Asapala kultur elkartea.

Joxemari Iturraldek "Zertarako balio du literaturak? 27 gauzetarako..." hitzaldia eskainiko du maiatzaren 29an (osteguna) 19:30etan Ondarroako Kafe Antzokian.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: