Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Ainara, 1995

 

Zurzuri egurrezko axis mundi zardaia dago erdian,

haize hegoek eztiki xahatu ortze urdinaren jabe den

eguzki eskainirantz deika bezala, lurrean landaturik.

arrano aztaparrek papoko larrua sardeskatzen dutela,

negar eta odol ttanka nekaitzek axis mundi

haren mina biderkatzen duten uhal meheak

ubeltzen dituzte; nola barka orduan?

        askatasunez gose gaude! oihukatzen du,

atabal joaldi elkorrez azpildu urrats gatibatuak

biribil ankerraren eremuko errautsetan finkatuz,

goizaldetik gauerainoko bidean ekiaren argi itsuak

begi-niniak lotsagabeki erretzen dizkion bitartean.

 

menderen mendeetako ekiaren iraiztura goresten duen

dantza hurria emaiten du axis mundiaren itzalpean:

        ez sinets bizi-eredurik egokiena zein den larderiaz

irakasten duten pentsa-maixu zuhurren hitzik, ez erori,

ez baitago inor bazterretan zure altxatzen laguntzeko,

dantza, dantza ezazu, zuhaur axis mundi izaiteraino.

        askatasuna larru-puska minbera da! dio,

diozu, diote, diogu, oldar ixilaren oihartzunak

goza ditzan menpekotasun-mail anitzek errotik

        mutilatu gure gorputz zimelak!

 

larru-puskak emekiño gorputzetik auhenka airatzean,

munduko populu zahar, herresta, gaizki-ikasi, zikin,

lizun eta pobre denak ekiaren ahuspez ametsaren aroan

ber-bilduz, axis mundi delakoa ikaratzen hasten da.

        jakin badakigu aske garela! dio

bortu orlegiaren lur-ertzean ekia sutan gordetzean,

agerpen bakegarriak oinazearen, ahalgearen, etsiaren

eta hil-hurranaren ahanzte hatsustua dakarrela:

        jakin badakigu aske garela! errepikatzen dugu,

herioaren leize-hegian intzirika, axis mundi iraun

nahiaz dantzan dardaraka ikusten dugularik.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus