KRABELIN GORRIAK ARMA KANOIETAN
 
Krabelin gorriak arma kanoietan. Badirudi
          iraultza maitasunez ere egin daitekeela.
Krabelin gorriak arma kanoietan ipini eta
          iraultza berez azalduko dela kaleetan
haur irribarrearekin, galera latzik gabe,
          zapata bat bakarrik galduz esate baterako,
eta egunkari saltzaileak eskelarik
                    behintzat ez duela salduko.
Baina gero gauzak bestela gertatzen dira, oihuak
                              eta tiroak entzuten dira,
orratz gorriak agertzen dira han eta hemen
                                                airea eritzen,
bolbora usainak bihotzak hertsatzen ditu, eta
             zerraldo erortzen dira gorputzak.
Eta beti dago noredonor agerrean edo prest
bere herria ederregia eta krudelegia delako.
 
    
    
 © Joseba Sarrionandia