Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Etxera bueltatzean hasi zen kontu hau, taberna itxi eta gutxira. Iraileko lehenengo igandea zen, goizeko seiak aldera.

        Normalean zuzenean itzultzen zinen zure historiaurreko vespinoan, baina aldatzearren, parrandan joan zinen lankideekin. Eta gero, ibilalditxo bat motorra aparkatutako lekura, mozkorra haizatzeko. Amets goxoetan murgilduta zindoazen: udara ia bukatuta, hurrengo astean itzuliko zen Maddi, unibertsitatea... eta poltsikoan soldata beroa (eskasa, beti bezala, baina dirutza zuretzat).

        Orduan entzun dituzu hotsak: zaplaztekoak, garrasiak, aieneak. Eta zu flipatzen, ez baitago inor inguruan; huts-hutsik kalea. Ezkerrean enparantza txiki bat. Arraioa!: hobe gorra bazina, minutu, segundo, istant batez besterik ez balitz ere. Erdi ezkutuan hurbildu zara, arduratuta, eta zer ikusi duzu? Gudari artalde bat lanean. Nirekin ostikoka dihardute bost putakumek, sekulako ankerkeriaz, suminez, amorruz. Eta beren ausardia nabarmentzearren, denak txanoz eta zapiz estalita.

        Lurrean zilipurdika nabil. Jadanik ez naiz eskuekin burua babesten saiatzen. Ostia batek atzera bota dit besoa; posizio arraroa hartu du, airean tente, gorputzarekin bat ez baletor bezala.

        Ezkutalekuan makurtu zara, baina egon lasai: ez daude zugan erreparatzeko egoeran. Ikusiz gero, hori bai, gonbita egingo lizukete: begiluzeei musu-truk oparitzen zaie amnesiarainoko bonobusa.

        Denbora da ez dudala deiadarrik egiten. Kolpez kolpe narabilte, etenik gabe. Zuk izkinan jarraitzen duzu zelatan, badaezpada. Esan gabe doa: zer egiten ari zaizkidan bost axola; babesean gordeta mantentzeak besterik ez dizu ardura.

        Bat-batean argi bat piztu zaizu txoriburu horretan: zure anaia izan liteke bost haietako bat. Saltsatan sartu ohi zen, saltsa zegoenean. Zeuk begiz joa duzu harriak jaurtitzen, kontainerrak iraultzen, kutxazainak erretzen. Zergatik ez egurra ematen?

        — Ez, Txefe ez —damutu zaizu—. Forropolar urdina dauka Txefek. Eta hor beltz bat, bi gris eta bi gorri daude. Ez, ez: ez da posible.

        Ez dizute galdetzeko ere aukerarik eman: badoaz ihesi, beren performance abangoardista atzean abandonatuta. Ederki kitzikatuta daramate adrenalinaren ziztada; jausgailuz salto egitea baino merkeagoa, aizu! Tipikoa: puenting, rafting, supermerkatu batean pistolaz lapurting, atso bati poltsa tiraka kending, atzerritar bakartiren bat jipoiting... hi, kolega, drogalinaz adrenazak!

        Pixka bat sorgortuta, minutu batzuk eman dituzu gerizpean kukuturik, oilo maritxua ostrukarena egiten. Azkenean, belauneko mina garaile, izugarrizko kuraiarekin (aleluia!) hurbildu zara nigana. Gorpura, dagoeneko gorpu bainaiz: hilda nago, akabo! Hozten ari naiz. Bakteriek ekin diote azala, begiak eta erraiak marraskatzeari. Txima latz eta hezurdura hori bat besterik ez naiz izango hilabete gutxi barru.

        Eta hala ere malkorik ez niretzat, oraindik ez behintzat. Ez duzu ahalegin minimorik egin ezagutzen ote nauzun asmatzeko; nahi izanda ere, ezinezkoa da: odolez zipriztinduta nago, odolez eta belar printzez. Tanatorioan aurpegia berreraiki beharko didate beilarako; gure amak ez du hori ere inoiz gaindituko.

        Gorputzak (zureak, norenak bestela?) erreakzionatu du halako batean. Zigarro bat atera duzu, baina ahoan zer edo zer sartzeko perspektibak itzulikatu egin dizu urdaila. Harridurak inhibituta zeuzkan zure zentzumenak; erretzeko gogoak kiratsari ireki dio bidea, higuinak bulkada itogarri bat sortu dizu eta goitik behera egin didazu botaka: kalimotxo litroa, solomo-piper murtxikatu gabeko apurrak. Kabroi galant hori: haiek garbitu eta zuk zikindu! Harrapatzen bazaitut!

        Zure aztarnak nire hondakinekin nahastuta ikustean ulertu duzu endredoan korapilatu zarela: hareatza bigunean atrapatuta, ezin mugitu. Aldi berean, ordea, badakizu zerbait egin beharra daukazula lazgarrikeria honen aurrean. Segi, ba, segi hondoratzen: zureak egin du.

        Telefonoak karranpa eman dizu poltsikoan. Zein da larrialdi zenbakia? Poliziarena? Anbulantziarena? Esku dardaratiz atera duzu azken belaunaldiko ukipen-miraria. Gogora ezazu: bereziki teknosexuala ez izan arren, Maddiren komentario inozente batek behartu zintuen Santimamiñeko adreilua aldatzera. Ez zenuen halako inbertsio bat egin beharrik espero, baina printzesaren mailari eusteko edozein esfortzuk merezi zuen, ezta? Badboy style: auzoko bi eskuluzeri deitu eta, artxila-murtxila, gure Jon azken boladako traste baten jabe. Eta merke-merke, ñabarduratxo horretaz Maddi konturatu ez bazen ere, jakina.

        Buelta errealitatera: gorpua, odola, okada, telefonoa, nireeetxea. Marroia.

        Itxoin: ez al zenuen, ba, larrialdi zenbakia badaezpada nonbait gorde? Esnatu! Hauxe duzu erabiltzeko aukera: botoi berdea sakatu (beitu, burmuinak apaintzen dizkidan belar izpien kolore berekoa), bip bat entzun, eta orakulu erantzungailua:

        — Ongi etorri larrialdietako zerbitzura. Mesedez, deskriba iezaguzu zure larrialdia.

        — Hilketa... bat.

        — Zure segurtasunerako, dei hau grabatua izan daitekeela jakinarazten dizugu. Segituan ipiniko zaitugu operadore batekin. Mesedez, itxaron ezazu pixka batean.

        Hitzik gabe geratu zara. Zorabiatuta, soraio.

        Ertzaintzara bideratu zaituzte; izena ohikeriaz eskatuko dizute. Atzera bueltarik ez: honezkero izango dute telefonoaren zenbakia. Oso urduri jartzen ari zara: mozkorrak mozkor, biziraupen instintuak zipaioekin traturik ez izatera bultzatzen zaitu. Erne: arazoak, beti arazoak.

        Tira, berdin dio: kikilduta zaude, burua ataka gaitzean. Izena eman diezu, benetakoa; beranduegi faltsu bat asmatzeko, beranduegi arrapaladan badatorkizun Mihura toreatzeko.

        Itxaroten igaro beharko dituzu minutu bukaezin batzuk: gorpu batekin solasean.

        — Zergatik eman dizute pasaportea horren modu basatian?

        Desatsegina ez izatea barkatuko didazu baina erantzunik ez: hildakoen ohitura bitxiak, badakizu. Burugogor, zeuk bakarrizketari eusten diozu: ideia putarik ez; edozer gauza izan liteke. Eta modus ponens zoragarri baten bitartez, hona hemen zure ondorio logikoa; txalotzeko modukoa, mutil!:

        — Zerbait egingo zenuen, seguru.

        Bide batez esan behar dizut, oso adeitsu izan zinela handik ez ospa eginda; mila esker bihotz-bihotzez: neure zorigaiztoan ez nintzen horren bakarrik sentitu; garratza da hiltzea, ez pentsa.

        Bost minutu, ertzain bikote bat: Su Ta Gar, Euskadi Ta Askatasuna, Ortega Ta Gasset. Inguruan patruilatzen aritu ziren: izkina batean, autoan sartuta eta lo kuluxkan, gaizkileak hautemateko CIAren teknika iraultzaileak aplikatzen. Esperotakoa: alde hartan bizi diren zaharrek, seguru daudelakoan, etsipen moduko batekin onartzen dute txiza eta txahala. Gaitz erdi. Eta nola ez ba, Zalditeriaren Zazpigarrenaren antzera, tandem komiko hura beti berandu. Berrogei pasatxoko tripontziak dira, ordu txikitan zaintza izaten duten ergelak, hipoteka ordaintzearren Batman eta Robinenak imitatzeko prest.

        Oso profesionalak: berehala konturatu dira gaztea (hau da: ni) hilda dagoela.

        — Galdera batzuk egingo dizkizugu komisarian —botako dizute Humphreyk eta Bogartek; badakizu, gogor plantak eginez: begi zirrituz, gupidagabe, zuzen, zorrotz, patetinko.

        Adar altu batetik zintzilikatu dute lepoan estekatu zaizun katea: irtenbiderik ez Houdini Handiarentzat. Laster, igo zaituzten aulkiari ostiko bat emango diote eta, krak, penduluaren dilindan itoko zara. Bizitzako irudiak arrapaladan pasatuko zaizkizu, orain kontatzen ari natzaizun bezala, behin eta berriro errepikaturik eternitate osorako: gora Nietzsche askatuta!

        Eskerrak: geroago gertatuko den guztia oroitzapen lauso bihurtuko zaizu alkoholaren, nekearen eta presioaren eraginez. Polizia-etxera eramango zaituzte oinez. Eskerrak (berriz ere) inor ez dabilen kalean barrena zure ibilaldiaren berri emateko. Edo bai.

        Erietxe baten moduko sauna itogarria izango dela uste duzu: garbia, berdea, bero sargoria, zeu ere gaixotuko zarela pentsatzerainokoa. Bai zera!, toki zahar eta kaotikoa da, paperez betea, zikina bezain narrasa. Uniformedunei aire aspertua nabaritzen diezu; funtsean, pertsonak ere badira, ia denak behintzat.

        Baina harira; erne:

        — Zenbat?

        — Bost morroi.

        — Adina?

        — Ez dakit, ez nien aurpegia ikusi.

        — Ezagutzen duzu hau?

        — Ez, ez dakit zein den mutil hori.

        Hori izan da kanpoan esan diezuna. Baina, gazte, poliziak burokrazia behar du bizirauteko. Adinekoek, potoloek eta, batik bat, alferrek, ezin dute bizitza osoa patruilatzen eman, ezta? Formularioak, deklarazioak, ordenagailuan bi hatzez idaztea, zuzenketak, onespena, sinadura, argazkiak ateratzea, argazkiak ikustea... Bi pertsona mota dago munduan: denbora galtzen duena eta denbora gastatzen duena.

        Alimaleko haserrea du afera tokatu zaion txakurrak. Kontua ez da hirian hilketarik ez dagoenik; egongo ez da ba!, kakaz egindako pastel ikusgarria da Babilonia puta hau. Arazoa egileak dira: erradikalak, ezker abertzalekoak. ETAkumeak, inork gutxik espero zuenean. Zer izan da, ekintza bat? Ez al zioten ba gerrari utzi? Armak entregatu nahi? Sinetsi egidazu: ez zara hori guzti hori popatik hartzera bidali nahi duen bakarra. Ederki egongo zinen orain ohean, e? Bai, noski! Tamalez haizagailu erraldoi bat piztu da (piztu duzu), simaur bete gurdi bati datxekiona. Ziri-ziri, gorotz malkoak hegan: tantatxoak laster dotoretuko zaituztete inguruan zaudetenak, lepoa egin nahi?

        Bakean utzi zaituztenerako argitu du egunak, eguzkitsu eta alai, begiak garrazten. Beti eman dizu pena horrelako goizetan etxera heltzeak: gaztea izateak sakrifizio asko eskatzen du. Gehiegi.

        Bina tonako zutabeak dira zure hankak. Kirrinka egiten dizu burmuinak, koipegabetuta. Ispilatze batean harrapatuta zoaz: bederatziak izango dira eta, lagun gehienak ez bezala, tranparik gabe iritsi zara ordu hauetaraino: hi haiz hi!

        Etxera igoko zara, txorrotak garbituko dizulakoan ikusi izandako guztia. Zure erresuma dutxa baten truke! Ur bedeinkatua, araztailea, bataio berria... eta ohean sartuko zara.

        Geroago baina: dena gogoratuko zaizu zatika, kolpeka. Orain hobe dugu zuzenean bukaerara jotzea, antzeko beste egunsenti batera, antzeko beste gau batera: edaten pasatuko duzu, tarteka estasia hartzen, ihes egiten. Estasia, bai, droga: hu!, hu!, ez jarri aurpegi arrarorik; non dago bekatua: tirante eta galtzamotzetan doan neskatilaren izterretan edo hari begiratzen dion apaizaren desira izoztuan?

        Etxera bueltatzean hotzak eta ihintzak eguraldi ona iragarriko dute. Zure eraikin proletarioa porlan tonen artean bilatuko duzu; espaloiaren mosaikoa buruz dakizu, txiklez txikle, zuloz zulo. Badira urte batzuk marrak ez zapaltzeari utzi zeniola.

        Ilun dago. Sarraila bilatu dut hatz puntekin, poliki-poliki giltza sartu.

        Tirriki-tarraka irekiko da atariko atea.

        Tente jarri naiz, balantzaka ez sartzeko. Mozkortien seriotasuna aurpegian, badaezpada. Beldur eszenikoa: ez dadila orain bizilagunik jaitsi, mesedez, ez dezala orain bizilagunen batek aterik zabaldu (egun on!)... Pauso pare bat eman ditut eta zorabiatuta geratu naiz, besoa hormaren kontra bermatuta. Itxaron egin dut; ez dakit zer gertatuko den. Ez dadila...

        Pleistozenoko arkitektura funtzionala: igogailua ez dago atariaren maila berean; kosteek sei koska egitea inposatu zuten. Bizikide elbarri batek urteak daramatza malda bat eskatzen; alferrik, esan gabe doa.

        Heldulekuaren laguntzarekin igogailua dagoen goi-lautadaraino eskalatzen hasi naiz. Banan-banan, zortzi miletan bezala urratsez urrats, heltzear nago. Arnasestuka iritsi naiz gailurrera, oka egiteko zorian: mendiko gaitza.

        Belaunikatu egingo zara, halabeharrez, burua ate metalikoaren kontra. Itsasontzi batean zaude, kulunka, «ixil-ixilik kaia barrenian». Damutzeko indarrik ere ez duzu.

        Okarik ez, hemen ez, mesedez. Txistua irentsi dut goragalea gelditzeko. Izerdi hotza. Abiatu egin da igogailuaren motorra: norbait dator! Ezin dut hemendik mugitu: irtetean lurrera botako naute, zurbil, kristoren belarrondokoarekin, drogatuta, galduta. Ni, bizilagun santua nintzena.

        Begiak itxi ditut kolpea noiz emango. Ez da ezer gertatu. Eskua botoiaren gainean deskantsatzen utzi dut, gorputzaren jabetza galduta. Marroia da atea, astuna, altzairuzkoa-edo, hotza. Orain arte konturatu gabe nengoen: porotsua ere bada, aurpegiko azalaren antzera. Hotzikara.

        Itzali egin da argia. Nolabait zutitzea lortu eta zabuka sartu naiz kabinan. Zenbat urte eman dut hiruko gorri hori sakatzen? Orain dela gutxi laguntza behar nuen iristeko: amak altxatzen ninduen. Edo Txefek, aurrea hartzeko nagusi egin zenean. Txefek. Hasperen egin dut.

        Hirugarren mailara heldu aurretik loak hartzeko beldurrak astindu nau. Paranoia: lurrean etzanda aurkituko nau bizilagunen batek, konorterik gabe, igogailuan behera eta gora. Edo aitak, ogia erosteko bidean. Ez dadila inor... Betiko danbadak esnatu nau iristean.

        Jesukristoren hilobiaren lauza bezain pisutsua da etxeko atea. Lehenengoan asmatu dut giltzarekin. Beltza dago dena barruan, lotan denak. Oin-puntetan noa: etxeko mamu bat, beste bat. Alkoholak disolbatu egin dit deskubritua izateko kezka. Adi: esna nago. Altzariekin ez behaztopatzen saiatu naiz, ez da gutxi, eta itsumustuka zeharkatu dut egongela, eskuak aurretik. Badakit hor dagoela.

        Amadeok besaulkian jarraitzen du, negar hariak gatz arrasto lehorra masailetan. Gau hau ere igaro du horrela, telebista hotzaren aurrean. Gogoan gaitzespena, damua, pena: ze demontre egin ote du horrelako semeak izateko. Hiltzaile bat. Salataria. Eta atzeratua. ElPueblon kontua bolo-bolo ibiliko da honezkero. Zer egin dut gaizki!

        Irribarre ironikorik ez, mesedez: eduki ezazu erruki pixka bat zeuen aitarekin. Edo, bizitzan lehen aldiz, enpatia. Ez dakizu zer den miseriatik eskapatzea. Herriko kateen atxilo jarraitzea kanpoan bizi arren eta kanpoa atxilotu nahi izatea herriko kateekin. Nahi eta ezin. Ez dakizu bere historia, ezta? Nonbait ez dizue inoiz kontatu edo ez duzue interesik erakutsi.

        Entzun ba orain: mendiak bigarren anaia irentsi zionean ere meategian jarraitu zuen lanean. Esnatzen zenetik izututa, izerditan sartzen zen aldagela belztuetara, otoi eginez jaitsi beheko zuloraino. Burdinazko kaiolak aurreratzen zion herstura iluna. Aire itoa. Bereak eta bi pasatzen zituen eskuen dardara disimulatzeko, komeriak malkoen bideak aurpegi zikinetik ezabatzeko. Biharamuneko trantzea gogoan, bezperetan ez zuen lorik egiten. Hemezortzi urte bete berritan, hil egiten zen goizero, arratsaldetan argitara jaio. Mantsoegi azaleratzen zen igogailuak biziberritzen zuen; ez zitzaion ezinegona baretzen xaflen zirrikituetatik eguzki printzak ikusi arte. Sei hilabetez eutsi zion eldarnio krudel hari eta, azkenean, izua gailendu egin zitzaion desohoreari. Egunsenti batean, arropa garbia maindirean bilduta, adio esan gabe abiatu zen ekialderantz. Urtebeteren bueltan heldu zen Donostiara, lanez lan bidaiatuz. Herrikidea zen Manoliren aitarekin kalean topo egin eta hark sartu zuen etxera eta lorezaintzara. Hala ezagutu zuen zeuen amak, kapela eskuan eta mela-mela eginda; gizaseme serio, uzkur eta isila, orain den bezalakoa, kanpoan lan egiteak ez baitio ezertan izaera argitu. Eta bere ahuleziari semeena gehitu beharra ere! Harrapatzen duzu, behingoz, zergatik zegoen lur jota Amadeo?

        Ez diot ezer esan, ez du merezi: gertatu zenetik mutu geratu da, erabat. Logelarantz flotatu dut; gotorlekuko zubi altxagarria igo eta salbu nago.

        Gurasoen gelako atea erdi irekita egongo da, beti berdin. Itxita Txeferena, auskalo noiz arte. Pertsiana jaitsietatik izpi batzuk sartuko dira. Txikitan galaxiako gaizkileak irudikatzen zenituen kanpoan, x izpiez pertsiana zulatzen. Handitan, zebra bat horman.

        Aitaren minak zauria ireki dit berriz ere. Arrapaladan datorkit dena, nire rola eta gainontzekoa: atxiloketa, eskandalua, anaia eskuburdinez lotua, ertzainak, kamera bat, pintadak, begiradak, ezereza, hutsa. Tematia da bizitza puta hau, geldiezina, txatartegi bateko prentsa bezalakoa. Aseezina.

        Ez dut uste ama lo egongo denik: ohean etzanda, aita bezain desolatuta.

        Mahai gainean apunte zaharren arragoa duzu. Mesanotxean liburu ireki bat ahuspez. Eta paretan eskegitako kortxoak ez du jadanik argazkirik; lurrean daude: bikote zoriontsua erakusten zuena, hamaika zatitan bananduta.

        Txakurrek anaia eraman zutenetik arima galdu bat naiz etxean, hezur-haragizkoa. Inork ez dit errua bota, ez da beharrezkoa: airean dago akusazioa. Agerikoa da horrela pentsatzen dutela: egia balitz bezala sentiarazten naute, nire buruarekin nazkatuta.

        Atzera bota ditut maindireak, biluztu egin naiz. Sargoria. Beroak harrapatuta nauka, izerditan blai, antsiatan, urduri. Neuk ere ezin lorik hartu. Estasia norentzat eta drogak mespretxatzen zituen batentzat. Halakoa nintzen lehen, dena pikutara joan aurretik. Goian jarraitzen dut; ostia, kontrol pixka bat eduki ahalko banu! Dardarka mugitzen naiz, postura egokirik ez. Azkenean burkoa kuxin moduan jarri dut esertzeko. Laster etzan naiz berriz ere. Ahoz gora, putzu sakon bi begiak.

        Zirrikitu bat irekiko da atean, gela zeharkatuko dute urrats arin batzuek. Bai, hurbildik so egingo dizu. Gerriaren kontra igurtziko ditu eskuak, geldirik egoteaz deseroso. Arretaz kontenplatuko zaitu: esna baina beste mundu paralelo batean zaude, zulo beltz bi aurpegian oraindik, bularra erregularki gora eta behera. Uste duzuna baino elkarren antz handiagoa duzue.

        Imintzioak, barre isila. Ezer ez.

        Ohe ondoan belaunikatuko da eta azpitik, ezkutatu eta ahaztutako traste artetik, garai batean auzoan modan egondako tramankulua aterako du: labana automatikoa. Airea ziztatzen hasiko da keinu biziz, itsuka. Duda-mudan hurbilduko zaizu, jakin-minez: entomologoa pinpilinpauxa harrigarriaren jazarpenean. Sakrifiziorako ganibetak gora egingo du txamanaren buru gainetik... behera ekarriko du ziztuan... eta aise iltzatuko da anaiaren bularrean. Behin eta birritan: txaf, txaf, txaf. Kuxin batek estali dizu burua. Besoak zerura altxatu zaizkizu; gero ez dute kasik espasmorik egin.

        Zabalik jarraitzen dute nire begiek.

        Esnatu... Esnatzeko!

        Zer gertatzen da?

        Horrela, oso ondo.

        Zer ostia begiratzen ari zara?

        Anaiak nola hiltzen zaituen. Bidezkoa da, ezta? Nire heriotza ikusi zenuen; orain, alderantziz. Akordatu zaitez: ez zenuen ezertxo ere egin, saio xume bat, ahalegin ñimiño bat, deus ez. Funtsean ez zeneukan ezer egiterik baina, tira, badakizu, keinu xalo bat sikiera.

        Nor zara zu?

        Jon, Jon, Jon, ene! Hauskorra da oroimena gero! Ez al nauzu ba ezagutzen?

        Ez dut gogoan...

        Bai, gazte: antzeko egunsenti batean, Alde Zaharreko plaza txiki hartan, anaia eta lagunak jolasten eta ni beren jostailu. Orain bai?

        Zer...?

        Zure anaia zikindu egin da borborka isurtzen ari zaizun odolarekin. Geiser okrea. Ebakuntza-gelatik petrikilo irten berria, siouxen gerra margoak. Maindireak, ohea eta moketa tantaka tindatzen ari: harategia.

        Nexus 7k txalo eta txalo egiten du airean zipriztinak lehertuz. Plisti-plasta Itsaso Gorrian.

        Ikaratuta nago. Gorpuan preso, ahoz gora, sabaira begira. Ezin naiz mugitu, ezin arnasa hartu. Ito egingo naiz! Airea, airea! Besoak mugitu nahi ditut baina ez naiz oroitzen nola egiten den. Kontzentratuz gero are zailagoa dirudi. Nola hartzen da arnasa?

        Lasai, denoi gauza bera gertatu zitzaigun bere garaian. Lehen uneko izua igarota, gustua hartuko diozu. Eutsi goiari!

        Agamenon, gaixoa. Gutxien espero zenuenean, danba: hilzorian zautza.

        Baina, hil egin naiz benetan?

        Penagarria zara gero: Hil egin naiz benetan? Ni neu? Nolatan? Ai ama! Ez esan beldur zarela?

        Bai...

        Kainek gorantz botatzen du zure odola, umeek iturrietan bezala. Barre egiten du lotsati. Hasieran zurrumurru apal batekin, algaraka ondoren. Urratsek pasilloan zalantza piztuko diote aurpegian. Atea jiratuko da harridurari sartzen uzteko: gorpua ahoz gora, gorputza ondoan, biak jaioberrien antzera: hauxe duk hauxe, hasi eta bukatu odolez!

        Isilunea, zizakadura, oihua. Barne muineko alaraua. Etxe osoan iskanbila, garrasiak. Ulu egiten dute denek. Denek, zuk izan ezik.

        ... bai, beldur naiz.

        Ba ez ikaratu: dagoeneko inork ezin zaitu kaltetu. «Ahalegin zaitez gauza atseginak gomutara ekartzen, denbora luzez egongo baikara lurpean». Alferrik da aipu bat dela aitortzea, ezta? Kito; ahaztu nire frikikeriak eta segitu gogoratzen... adibidez, horrenbeste itxarondako elkartze ezti hura: New Yorken igarotako hilabetea, aste bi Kuban, denean bizitza eta erdi ikusi gabe. Desespero batean, zure faltak Maddiri on egin ziola konturatu zinen. Beti bezain berritsu, ez zenuen astirik bere hitzei arreta emateko: aurpegi beltzarana, benetan polita zegoen, solasaldi bizian, inoiz baino ederrago, maitagarriago, zoragarriago. Arrosa kolorez margotzen zuen bere mundua, Barbie baten tankerakoa: putetxerik eta komunismorik gabeko Kuba, jende atsegin eta aberatsez betetako New York. Logikoa: ilargiaren alde eguzkitsuan jaioa zen Maddi. Pasadizo bilduma itzela zekarren: Ground Zeroa, Habanako malekoia, Central Parkeko arratsaldeak, Varaderoko ura... liluraturik zetorren. Desioari ezin eutsirik musukatu zenuen, berriketak moztuz.

        Hala ere, albisteak entzunda heldu zen:

        — Mutil horri buruzkoa kontatu didate. Lan egiten duzun lekutik gertu izan zen, ezta?

        Zipaioek izan ezik, inork ez zekien dena ikusi zuen lekuko bakarra izan zinela. Sumarioko sekretua. Zure izenik ez zen hedabideetan argitara eman eta, egia esan, hobe, kontu horietan ez nahastea da zuhurrena.

        Ordura arte, gaixo askoren jokaera burugogorra kopiatua zenuen zuk: normal jarraitzen saiatzea, sintomei ezikusiarena eginez. Badakizu: diagnostikoaren bitartez sortzen dituzte medikuek gaixotasunak, izenak arrosa nola.

        — Gizajoa. Ezetz asmatu nortzuek ezagutzen zuten? Borja Iriartek eta Garmendiak, gelakoek.

        Aitortu beharra daukat, ezagutu, ez nituela ondo ezagutzen: aldizkako bezero besterik ez nituen. Azkar jarri zuten domina paparrean, besteen ahotan ibiltzeko, esan beharrik ez. Dena dela, datu horrek zuri bost. Ertzainek berriro deitu zizuten eta gero ezer ez. Lau egun igarota, amnesian galtzen ari zinen; edo hori zen, behintzat, zeure buruari saldu nahi zeniona.

        Txikitan futbolerako omen zeneukan gerri arin harekin, hizpidez aldatu eta musukatu egin zenuen berriz. Gainerakoak, niri gertatutakoak alegia, ez zitzaizkizun axola. Batere ez. Garrantzitsuena, elkarrekin egotea. Udara oso garai zaila da bikote gazteentzat: haragia eguzkitan, hormonak larruazalean dantzan eta distantziaren ezabatzea.

        Telebistek eta egunkariek, ordea, amorruz heldu zioten gaiari. Teleberri bereziak, korrespontsalak, Amazonas erdia moztuta zutabe analitikoak inprimatzeko. Den-denek azpimarratzen zuten aldaketa kualitatiboa: zaborrontziak, kutxazainak eta autobusak erretzetik ETA zena ordezkatzera pasatu da kale borroka! Estatu osoko mila politikarik, buru-argik eta epailek ohartarazi zuten, iragarri: terrorismoaren itzulerari harrera suhar bezain arduratsua egin zioten.

        Zehatz-mehatz prestatutako manifa espontaneoa bilakatu zuten nire ehorzketa. Elbuletik Laconchara jendez gainezka: ETA EZ. Euskadin inoiz egindako bigarren handiena, Blanco zinegotziarena buru (hirugarrena: Realaren azken igoera). Mundiala izan zen, kolosala! Batez ere terrorismoak, kale borrokak eta enparauek zerikusirik izan ez zutelako nire erailketarekin. Zer egingo diogu ba: dena zilegi da aprobetxategiarena egiten jarraitzeko. Ez genuen hori irakurri Lampedussaren Il Gattopardo nobelan?

        Imajinatu: nire argazkia fotokopietan, karteletan, pankartetan. Bolo-bolo munduko irrati eta telebistetan nire bizitza, lanak eta mirariak. Eredu bilakatu ninduten: mutil zintzoa, familia onekoa, etorkizun jorikoa, jatorra, lagun asko zuena eta politikan sartzen ez zen horietakoa. Kabroi nazionalista batzuek, taliban fanatikoek, beste errugabe baten bizitza moztu zuten errotik, bakea erauzi zuten kaleetatik, noiz eta etxera lasai ederrean nindoala parrandatxo errugabe bat bota ondoren.

        Inork ez zion logikarik aurkitzen, politika putaz aparte; baina ez utzi logikari izenburu on bat zapuzten. Lanean ari ziren: beren familiak, posizioak eta pribilegioak babesten. Gogorra izan behar du egunero amets egitea Suitzako kontu sekretuaren zenbakia galdu duzula!

        Berdin zuen: ez zen horrela geratuko. Jendarteak, nekatuta, terrorismoari planto egin zion berriz ere: esku zuriek borreroak seinalatu zituzten. Pazientzia bukatuta, gizajo horren heriotza ez zen alferrikakoa izango.

        — Gizajoa —atsekabetzen ziren.

        Tertulietako berbalapikoek, Real Madriden azken krisia bazterrean lagata, hilketaren gaitzespen erabateko eta absolutua plazaratu zuten, aldarrikatu, defendatu, exijitu. Halakoxea izan zen erantzuna: batua, handia eta librea.

        — Gizajoa —ulu egiten zuten.

        Zure lagunek ere ez zuten beste hizpiderik: alderdi unionista bateko zinegotziaren antza izateagatik nahastu omen zirela, abertzaleen munduan aspalditik infiltratuta nenbilela... konspirazio teoria parrasta bat zergatik garbitu ninduten jakiteko. Eta susmo berriak domino tankeran zabaltzen ziren, beti bukaera berberarekin: Gizajoa.

        Gizajoa, Gizajoa, Gizajoa, Gizajoa, Gizajoa... infiniturainoko errepika, leku guztietan, goizetik gauera, eldarnioetan, presio mediatiko globalizatua bereziki zeuri zuzenduta. Zeu: lekuko bakarra. Zeu: famili usaina igarri zeniona horietako putaseme bati.

        Baina okerrena izan zen, ez zeniela zenekien guztia ertzainei aitortu, ez zeniela salatu susmotan hartua zenuen hura. Barruko harraren pozoiak kiskali egiten zintuen; hasieran kontzientziak alatzen bazizun, atera kontuak gero, alarma soziala piztu zenean. Abortu bat izan berri duen emakumeak haurrez beteta ikusten omen ditu kaleak; zuk polizia-autoez eta sirena-hotsez. Zalantza bera etengabe buruan bueltaka: borroka haietako bat, bat gutxienez, ezaguna egiten hasia zitzaizun oroitzapenetan. Familiarra, anaia. Salatu ala betiko isildu?

        Oporrak bukatuta gurasoak ElPueblotik itzultzeak zure kontrako apustuak igo egin zituen gainera, bikoiztu: akabo etxe baketsua, akabo gotorlekua, akabo Gizajo santua ez zebilen leku bakarra.

        Beltzaran zetozen, pozik, plastikozko poltsetan hiru txerri paketatuta, urte erdian txorizo, saltxitxoi eta urdaiazpikoz asebetetzeko adina. Txefe eta bien lasaitasun eta independentziaren truke, etxea eta arropa garbi.

        Lehenengo afarian momentu batean Gizajo zezena plazaratuko zutela irudi zuen; amaren saiakera lotsatiak, ordea, ez zuen harrera onik izan: balizko parte-hartzaileetako bik paso egin zuten. Nabari.

        Itxaron: arreta deitu zizun Txeferen keinu deseroso batek. Zer pentsatu zenuen orduan? Agian kriminal haietako bat ezagutuko zuela. Inozoa! Zirrara: eta zeu bazina haiek ezagutzen zituena? Potrorik ez intuizio argigarriagoetara heltzeko; ez zenuen nahi. Txefe ez zen halakorik egiteko gai, ez. Beha, bestela, nola afaltzen zituen patata frijituak eta bi arrautza lasai asko, kamiseta tirantedun zuriaz jantzita eta azazkalak koipe arrasto beltzekin. Ez, Txefe ez.

        — Ze ostia begiratzen duzu?

        — Ezer ez, lasai.

        — Belarrondoko bat nahi, ala?

        — ¡Ah, fíos! —zuen amak, azentu asturiarra biziberrituta—. Etxean gauden lehendabiziko gaua eta mutur joka jadanik? Auskalo zer egin duzuen aste hauetan, ene!

        Erreakzio bortitza Txeferena, ezta, Jontxu? Erdipurdiko harremana zenuten baina inoiz ez zen hain oldarkorra izan. Arraroa, oso arraroa...

        Hurrengo gauean, afalondoan irten zen Txefe. Lagunek alokatua zuten lonja batera joan ohi zen oheratu aurretik. Gurasoak eta martetarra, telebistaren aurrean. Beno, egia esan, estralurtarra inguruan jira-biraka eta besteak kutxa magikoari begira, normala zenez.

        — Gelara noa —esan zenien.

        — Gabon.

        — Irakurtzera noa.

        Ez zeneukan azken azalpena zertan eman: normaltzat zeukaten etxeko intelektualak haiekin gaueko telesaioa ez komentatzea. Familia zoriontsua, badakizu.

        Baina ez zinen zure gelara sartu, Txeferenera baizik: Gipuzkoako futbolaren bastioira. Poster zaharkituak soberan ezagutzen zenituen; marihuanaren usaina, aldiz, berria zen. Inoiz ez zenuen pentsatu anaiak txirriak erretzen zituela, non eta bere gelan! Ados, zeuk erretzen zenuen lantzean behin, baina etxean bertan egitea ere! Ama kontura ez zedin leihoa ixteko detailea ez izatea, marka zen gero!

        Gainontzekoa, normal. Zer topatu nahi zenuen ba? Paper solte bat, aitorpenarekin?: «Neuk akabatu nuen Gizajoa. Sinatua: Txefe». Pelikula gehiegi, aizu.

        Ohean eseri zinen pentsakor. Paranoia hutsa zen dena: nire heriotzak lur jota utzi zintuen. Ze kabroi motak pentsatuko luke bere anaia horrelako saltsatan nahastuta egongo litzatekeela? Txefe inoiz ez.

        Hormako artelanetan pausatu zenuen arreta: manifestaldirako deiak, Ezker Abertzaleko propaganda komertziala, Realeko posterrak: 1981ean eta 1982an ligak irabazi zituzten taldeak, 2003an bigarren postuan sailkatu zirenak. Hall of Fame hura burutzeko, 2006ko taldearena ere bai, ekipoa 2. mailara jaitsi zutenak (bakoitzak diana bana buruan). Gure aingerutxoa.

        Ohe azpira makurtu zinen azkenik: lehen begikaldian ezer ez baina, itxaron, han hondoan, zer zen pakete hura? Bi Playboy, ipurdi polit eta irri eztiez panpinatuak. Kabroi halakoa: zu bizitza osoa komunaren bakardadea pairatzen!

        Etsita, anaiaren ukuilua utzi eta zure gela megadesinfektatura sartu zinen. Nahiz eta ezer deigarririk aurkitu ez, baretu behintzat ez zinen egin. Jipoiaren irudia ezin zenuen burutik kendu eta... ostia, ezaguna egiten zitzaizun forropolar gorria zeramana, bai!

        Maddiri deitu zenion denbora-pasan: informaziorik gabeko elkarrizketa, «faltan botatzen zaitut» mordo bat eta hamaika bider hamaika «maite-zaitut-maite-zaitut». Hori zen kaskoa argitzeko behar zenuena. Eta hala eta guztiz, izorratzen jarraitzen zizun ziztada kulpadunak: Maddiri ez zenion deus ere aipatu. Era berean beste kontu txiki hura ere ez zenion sekula aitortuko. Badakizu, zera hori, nola esango nuke: zure ahulezia unearena; bai, motel, beste neska harekin gertatutakoa. Are gutxiago momentu hartan, dena hain ondo zihoan. Noski ederki simaurtuta zindoazela eta neskak errazegi jarri zizula eta ez zenuela benetan nahi eta ez zela zure errua izan: gure errua onartzea, hori azkena!

        Nolanahi dela, ez zenion kontatu nahi. Oi, oi... sekretutxoak gordetzea ez da batere ona, Johnny boy. Kezkak barrenak erretzen dizkizu eta begi inguruan zahartze prozesua bizkortzen antzematen duzu, nola sakontzen diren zimurrak, azalaren malgutasuna zurruntzen. Ezin zenuen beste ezertan pentsatu. Erotzen ari zinen, obsesioan murgilduta.

        Enpin. Azkenean pena eta guzti emango didazu, koitadua.

        Adi: astebete igaro duzu orratzak erraietan ziztaka eta biraka; lotan zaudela ere ez zaizu mina baretzen, ametsetan agertzen natzaizu-eta, beldurrezko pelikula batean bezala, itzuli bakoitzean zaurituz, harramazkatuz, urratuz.

        Eta, egia esan, dagoeneko ez duzu ondo oroitzen. Ba al zenekien errealitatea eraiki egiten dugula? Hala da: iragana birmoldatuz, biziberrituz. Nonbait, forropolar gorridun tipoa besterik ez duzu ikusten, bera borrero bakarra. Eta haietako eldarnio paranoiko batean, morroia nire burua zapaltzen ari zela jiratu egin zen eta mehatxari zera bota zizun: «Hurrengoa zeu!». Txeferen aurpegia zuen, orbain handi bat masailean.

        Gutxi balitz, Maddi gidabaimena ateratzen jarduteak denbora gehiegi uzten zizun libre. Arratsalde asko pasatzen zenuen etxean nazkatuta. Telebista gustuko ez, ezin zinen irakurtzen kontzentratu. Soberako astia aspertzeko, pentsatzeko, buelta ematen segitzeko.

        Ganbarara igotzeko ideia ez zen zurea izan, amarena baizik: udarako arropa gordetzeko. Urteak ez zinela hara joan. Txikitan izugarrizko izua zenion, gogoratzen? Etxetik pijaman eta txapinetan irteten zinen, hotzaren eta beldurraren eraginez dardarka. Eskaileratan gora, ganbara eta maila arruntak bereiziz, kartzeletako moduko metalezko ate barradunak. Komunitatekoek bizilagun baten seme galdu hari traba jartzeko paratu zuten, inork onartuko ez badizu ere. Gero, argiaren botoia topatu arte metro batzuk zeharkatu behar izan zenituen iluntasunean. Ikaratzen zintuena: tipo hura edo bere lagun drogazaleren bat ezkutuan itxaroten egongo ote zen, ume kakatiaren zain eta xiringa prest hiltzearen plazer hutsagatik.

        Arratsalde hartan ezinegon bera sentitu zenuen, kinkiek hamar solairuko eraikinetan ibiltzeko ohitura balute bezala; «Egun on! Eguraldi ederra, ezta?» esanez igogailuan sartu eta ondoren goialdeko bake lasaian piko bat sastatu. Nekez. Logikak, baina, ez du izua uxatzen: hor dago, beti, ausikika.

        Aise ireki zenuen ganbarako atea. Sarraila eta erroak norbaitek koipeztatuak zituela konturatu zinen: etxe zaharretako karrankarik ez. Argia piztu: dena gutxi gorabehera ondo ordenatuta zegoen, eta kutxa batzuek osatutako hormaren aurrean utzi zenuen amak emandako paketea.

        Geldi! Egin dezagun atzera: «Kutxa batzuek osatutako horma». Kontxo... hau da hau kasualitatea, ezta? Horma faltsu bat, non eta lau metro koadroko ganbara ziztrin batean. Oso ondo, Sherlock: han atzean ezkutuan behar zuen zerbaitek, koipeztatzaile ezezagun batek desagerrarazteko asmotan.

        Kutxa bakoitzak zeukan posizioa gogoratzeko arreta handiz ireki zenuen zulo txiki bat harresian. Howard Carterren antzera, Tutankamonen hilobira pasa zinen narras eginez, santutegira. Kontuz Faraoien madarikazioarekin!

        Baliteke santutegia kasu honetan hitz egokiena ez izatea: badirudi tradizioagatik santutegi batek kandelak, iluntasuna eta sektako amabirjinen iruditxoak derrigorrez izan behar dituela, ezta? Ba, elizaren parafernaliarena kenduta, antzekoparecido gainontzekoa: Txefek zituen lagun presoen argazkiak, historia-aurreko Zutabe bat, panfletoak, ikurrina bat ETAren anagrama brodatuaz eta, zokoratuta, plastikozko poltsa bat... kanpo aldera lotsagabe gardentzen zitzaiona edukia: forropolar gorria. Gorria, bai. Eta mahukan, artean, nire odola. Xake-mate! Pista gehiago behar? Jakintzaren sagarrari kosk egin zenion, Aliziaren pilulei. Tximeletak hegoak astintzeari utzi dio: prozesua abian da jada.

        Banekien. Eta lehenengo momentutik jakin arren, ez nuen sinetsi nahi, ezin nuen ametitu. Froga horrek dena irauli zuen: infernura bota ninduen, ni, paradisuan bizi nintzena, handik egotzi izatea merezi ez zuena. Deserriratua.

        Granada ireki bat eskuan itsatsi zait lepo dagoen ziega ziztrinean. Lau, hiru, bi, bat: zer egin?

        Ez naiz gai Txeferen ondoan egoteko: urduri jartzen naiz, dardarka hasi. Bistan da konturatu dela nire ezinegonaz. Saihestu besterik ez dut egiten.

        Errutinak salbatuko ahal nau!: astelehena, unibertsitateko kurtso berria. Berritasunek zulotik ateratzen laguntzea espero dut, otoi egiten dut. Txikiegia egin zait etxea.

        Ikasturteko lehendabiziko eguna Deustuko Unibertsitatean, Donostian. Elite kontuak aipatu dizkizut lehen? Zilegi bekit errepikatzea: esklusibismorik esklusiboena. Ikasleen BMWak aparkalekuetan, motor eta kasko arrosak, klasismoa xehetasun ñimiñoenetan aldarrikatua: Dolce & Gabanna eguzki betaurrekoak, Cartier ordulariak, Prada poltsak, Marc Jacobs oinetakoak. Eta betikoa: takoiak eta makillajea, neska taldetxoak solas aztoratuan; mutilak trankil eta cool asko, harrapakinak amesten. Ezer berririk ez azkeneko hiru mila urtean, hemen eta Malawin.

        Denek entzun dute zerbait, denek dakite zerbait, denek daukate kontatzeko pasadizo izugarri bat. Grease: argazkigintza soziala. Lagun zaharrak eta helburu berriak, errepaso grinatsuak desioaren ikurretara, hormonei ezin eutsia, ezpain mugimendu soil batez zigilatzen diren bikoteak, piper egiteko taldeak, gela-barruko hierarkiak. Hori guzti hori da unibertsitatea: hori eta zabor pila bat gehiago. Eta Arkadia horren erdian, morroi bat lekuz kanpo. Hortxe dago, bai, zu zeu zara, neskaren ondoan, irribarre egiten, flipaturik. Baina zure gogoa erlauntz bateko hamaikagarren aretoan dago, ganbaran, urrun. Eskuartean forropolar gorri bat.

        Adi, ea zerbait ikasten duzun: Elisabeth Kübler-Ross psikiatrak aspaldi azaldu zuenez, dolu garaian bost ataleko segida batetik pasatzen gara, gaixoa bezalaxe hil egingo duen eria onartzeko prozesuan. Ez pentsa horrelako gauzak kontrolatzen ditudanik, Simpsondarrenean ikasi nuen.

 

LEHEN ESTADIOA: UKAPENA

 

        Forropolarra hartu duzu eskuartean, burmuina aitzakien bila topera.

        Ez da berea izango.

        Jakina. Baina... zer dela-eta dago ganbaran?

        Honen antzeko mila daude.

        Bai, bai, baina... hori nire odolez zipriztinduta dago.

        Agian Txefe erori egin da, nahigabe zauri bat... auskalo.

        «Nire» eta «odol» hitzetatik zein da ulertu ez duzuna? Zuk, bizitzan logika besterik erabili ez duena, orain ez konprenitzea ere! Ekuazio erraz bat jarriko dizut, ea behingoagatik harrapatzen duzun: forropolar gorri bat + inoiz ikusi ez duzuna + zuen ganbaran ezkutatuta dagoena + nire odol tanta batzuk... Zenbat da? Hamahiru! Badok hamahiru! Gero azalduko dizut txantxa; antza, gaur egun euskara jakitea ez da-eta nahikoa euskalduna izateko.

        Egoera honek hilkutxaren kolorea hautatu beharko duzula onartu bitartean iraun ohi du.

 

BIGARREN ESTADIOA: SAMINA

 

        Zutitu zara eta ukabilka eraso diozu aireari. Etsipenaren sumina: zergatik niri? Zer egin dut hau jasan behar izateko?

        Txeferenak logika du behintzat. Behar duzun informazio guztia badaukazu: Jarrai, Segi eta antzekoak. Anaiaren uniformea ezagutzen duzu, beren musika, tokiak, ohiturak, zein kale saihestu behar diren manifa dagoenean eta zein tabernatara hobe ez sartzea. Zu ere han sartuta ibili zinen, ahaztua duzu jadanik? Orain dela... buf, gehiegi. Sinesgaitza, ezta? Egungo zure alkandora urdinak, jertsea lepoan eta neska-lagun pijoak iragana estali dizute. Lehen amodioa, oraindik askotan dutxan eskura ekartzen duzun hura, Estitxu, ez zenuen batere pijoa, bai zera! Ai, Jon, emakumeek eragiten dizkizuten aldaketak!

        Tira, kontu horiek alde batera utziko ditugu momentuz. Borrokei buruz ari ginen: esango didazu putakume horietatik baten bat jatorra izango dela. Jakina. Baina ia denak oooso-oooso gaiztoak dira (telebistak dixit), isatsa eta adarrak dituzte! Biolentziaren alde daude! Non eta Gandhi buru duen gure estatu santu honetan! Max Weber antzarak ferratzera!: bakea bai, bortizkeria ez; lana bai, langabezia ez; natura bai, kutsadura ez. Eta horrela, ipurtzulotik sartzen dizkizute Darwinen teoriak! Egia, beti berdin, bozgorailu handienaren alde.

        Asko dago esateko, adibidez: haiek behintzat mundu hobe baten alde egiten dute, zuzen edo ez; eta bitartean, zure antzekoak etxean edo diskoteketan geratzen zarete. Haiek irten egiten dira, manifak egiten dituzte, asanbladak, bilerak, grebak, txakurrengandik ihes egiteko lasterketak, kontzertuak... eta, gainera, jeltzale harroputzen kalakak jasan behar! 68 oker hartako oinordekoak dira. Baietz, bai, oooso gaizki dago biolentziaren erabilera justifikatzea eta hori guztia, are gehiago nazioarteko armadak laguntza humanitarioa ematen aritzen diren mende dultze honetan. Ummm, terrorismoaren apologia moduko bat atera zait. Eskerrak hilda nagoen eta euskara territorio librea den, kirraS istakari nugiz alazeb, bestela, epaileen izar-euria den auzitegi horretan... zigor segurua.

        Zure tokian banengo, gorrotatu egingo nituzke.

        Zeintzuk, borrokak? Dagoeneko pasatu zait. Hasieran bai, ez dizut ukatuko: injustizia latza izan zen ni bezalako bizizale bati afiziorik gozoena zapuztea. Kontua da neuk ere izan nuela aukera etorkizuna ikusteko eta, zer esango dizut ba: hobe zerraldo!

        Baina haiek eman zizuten pasaportea!

        Ados: kontraesankorrak gara. Ez jarri aurpegi hori eta itxaron pixka batean, laster ulertuko didazu-eta. Gatozen berriz harira, alegia, ikasturte hasierako egun hartara. Begira egiozu zeure buruari. Ez duzu ezertarako balio; banketxeko jabea pixka bat zoriontsuagoa egiteko juxtu-juxtu. Edo munduaren gurpil karratuak gutxiengo batek nahi duen gisan errazago jira dezan. Zuri gainerakoak bost axola: unibertsoa desintegratuko balitz, nahikoa izango zenituzke metro koadro bat lur, hozkailu betea eta zakila sartzeko panpina puzgarria. Ez duzu inoiz konprenitu, botatzen duzun puzkerra aldean dagoenak irensten duela osorik. Edota norbaitek bidea asfaltatu behar izan duela zu ibili ahal izateko. Tximeletarena ez da kasualitatea, ondorioa baizik.

        Enpin, zure tankerakoei esperantza pottoki bat geratzen zaie: hau da, egunen batean tostada ez erortzea marmeladaren aldera. Zurea, hala ere, kasualitate puta: sabaian itsatsita geratu zen! Izorrai.

 

HIRUGARREN ESTADIOA: TRATUA

 

        Denek jarraitzen duten ibilbide berberarekin setatu zinen. Tratuaren fasean, begira zer-nolako hitzarmena ixten saiatu zinen: «Hori inoiz berriro aipatzen ez badut, gertatu ez balitz bezala pasatuko da». Haurrak eta lurreko marrak bezala: «Zapaltzen ez baditut, nahi dudana erosiko dit amatxok».

        Tratu bat? Mesedez: ihes egitea! Dena den, ez dut zure koherentzia gaitzetsiko: fase honetan heldu zenion aurreneko gauzari, zeri eta parranda egiteari! Burmuina alkoholetan itotzen saiatu, bi potrorekin.

        Ostiral gaua eta aspaldiko partez lan egin beharrik ez. Bihotzak sutan, zainak zabalik, ahoa prest eta apokalipsiaren zaldunak aldean. Maddik neska-lagun baten urtebetetzea zuenez, dei pare bat egin zenuen: adiskideak, parrandara! Litroak erosi, hondartzara joan eta eraso! Txirriak jiraka, kalimotxoa eta garagardoa, kubataren bat, aprobetxategiak, ezagunak, beste talde bateko neska politak, haiengana zintzilikatutako saguzarrak... badakizu, gaueko fauna arrunta. Gehiegi errez gero eta lehertu arte edan, kotoizko linbora helduko zara: zoriontasun lainoak, barre algarak, adiskidetasunaren gorespena eta maitasun unibertsala. Zure baitatik irtengo zara besteekin biltzera: nirvana! (Eta ez naiz Kurt Cobainez ari).

        Gero, burmuina urperatuko dizu musikak. Denetarik: espainola, ingelesa, reggetoia, ijito-rocka, berdin dio. Funtsean: tabernetan komunikazioa galarazi; pertsona makaldu eta piztia piztu: ikusi, ukitu, dastatu. Abere feria!

        Alaitu egin zaitu alkoholak, isolatu haxixak. Nahaste perfektua, beraz. Zure burbuilan egingo duzu dantza, erotuta, estasi betean. Eta halaxe jarraitu, denboraren kontzientziarik gabe. Berdin zaizu dena, eroso barneratu zara ez-memoriaren tunelean.

        Maddi agertzean argi ñimiño bat piztu zaizu hondoan, bigarren neuronaren aldamenean: hitzordua ahaztu duzu! Karga-karga eginda zoaz eta normalean izango zenukeen izu zirrarak kili-kili egiten dizu. Ez diozu mugikorrari begiratu: eta zer? Irribarretxo bat eta konponduta, besarkada gozo bat eta aurrera festa. Maite duzu: nola esan izugarri polita dagoela? Odol hordituak egundoko abiadura hartu dizu zainetan: berotegi efektua. Unga, unga, gizon prehistorikoa zara. Desiratzen zaude eta premiak behartzen zaitu: laztantzera, zirri egitera, musukatzera. Maite duzu, bai. Amodiozko zerua: ongi etorri paradisura.

        Eta Maddik baietz, bera ere berotuta dagoela. Leku pribatuago baten bila abiatu zarete: koadrilaren txorlekura. Xiberoako kanta ezagutuko duzu, ezta? «Agur txorleküa, zuri ditit ene ametsik goxuenak», klasiko bat, klasikoa! Hiztegietarako: TXORLEKUA iz. (2012) (beh.) Maitaketa eta sexu jolasetarako tokia, adiskideekin alokairuan hartutako lonja edo gela sarritan.

        Horrenbestez, gatozen saltsara: Barbie hizketan, kontu-kontari, berriketa zoriontsuan. Ez diozu kasurik egiten: amodioa eta digestioa egitean odola desagertu egiten da burutik. Itxaron, baina, ez izan baikorregia: tabernatik atera eta gutxira, urdailak bereganatu du pentsatzeko ardura. Edari gehiegi nahastu duzu? Edo agian jela izango zen. Edo... Kontua da ezin duzula zutik egon. Kristoren mokoiloa daramazu: zabuka, zorabiatuta, izerdi hotza. Eta oka egiteko daukazun erraztasun horrekin, zuretzat ere erraz ebazteko formula: txahala bota duzu. Maddik ez daki nola jokatu; ama-sena nagusitu zaio higuinari: burua heldu dizu, goxo-goxo ferekatu. Gaua bukatzeko modurik erromantikoena, bai jauna. Ulertzen orain diruaren eta erromantizismoaren arteko harremana? Eta ikas dezazun: alkohol garestiek ez dute horrelako post-efekturik.

        Maddiri zaputza eragin diozun arren, ez diozu kexarik entzungo. Eta, jakina, bera da biktima: salbuespenak salbuespen, arrazoia du. Zuen arteko istorioaren azalean induskatuta geratuko den orbain txikia besterik ez da, ez du hainbesteko garrantzia. Baina agian, egunen batean, zerbaitek urratzen jarraituko du, zauria odoltzen ere hasiko da eta... Aizu: inork esan ote dizu odolgabetuta hiltzen direla harremanak?

        Arrastaka iritsi zara etxera. Nahikoa lan arropak kentzen eta tapaki azpian sartzen. Eta orduan, ezerezetik sortu da, berriro, hainbeste beldur diozun amesgaiztoa: forropolar gorria.

 

LAUGARREN ESTADIOA: DEPRESIOA

 

        Biharamuna. Goibel esnatu zara, arrazoia oroitzen ez baduzu ere. Etxera heldu zinen, ezta? Eta Maddirekin egon zinen, ala? Orduan zer? Nondik, ba, negar egiteko gogo hau? Gelan ezkutatzeko premia hau? Giza-fobia duzu gaur, simaur galanta atzo. Lehertzeko zorian burua, mugikorra pizteari beldurra. Zergatik ez ditugu ajeak dekretuz ezabatzen?

        Ihartu egin zaizu bizipoza. Komodin guztiak xahutzen ari zara. Bezperan baino zatiaz okerrago zaude: gorputza astinduta, bihotza kristal puskez beteta eta ahazten ez zaizun horixe gogoan, alegia, zuen ama hiltzaile batez erditu zela. Hiltzailea, atzeratua eta hilda jaio zena; hiru mosketari: bat eginik denon alde eta denok baten kontra.

 

BOSGARREN ESTADIOA: ONARPENA (ETA HERIOTZA)

 

        bip, bip-bip, biiip, biiiiiiip...

        Erietxe batean hiltzen bazara, txistu luze hori entzungo duzu eta, orduan, agur munduari? Edo entzun aurretik joango zara, hiltzen ari zarela konturatu gabe?

        Paranoiak. Aurreko gauetan, behintzat, pentsamendu txarra uxatzea lortu zenuen. Hori bai, nire begirune osoa aitortu behar diot berorren gorentasunari, mingaina lodi-lodi eginda belarri gogotsu bati ezer konta ez zeniolako: biba berori!

        Ajeaz ari garen honetan, bide batez, ba al dakizu monoaren zergatia? Drogatzean zoriontsu garelako. Mozkortuta ez dago arazorik, mugarik, etorkizunik. Eta gorputzak botere hilezin horren sentsazio eza sentitzen du. Primeran daki kabroi horrek ze komeni zaigun!

        Baina, esnatu! Arratsaldeko hirurak dira, larunbat katoliko eta apostoliko batean. Amadeoren otso ahotsak behera bota du atea: zaplazteko ederra eman dio ke eta alkoholez kargatutako ufada kiratsuak. Disimulatu arren, ziur nago ilea urdindu egin zaiola pixka bat.

        Espainiako sendi tradizionalaren unitatea sakratua da asteburu eguerdiko bazkarietan, igandero hamabietako meza bezala edo TVEko albistegia zuekin mahaian esertzea. Eutsi goiari eta Jaungoikoak salba gaitzala!

        Betiko moduan, bezperako triskantzak ezkutatzen saiatu zara: hiru litro ur edan, aurpegia garbitu. Gurasoak, betiko moduan hauek ere, momiak baino isilago: nork aitortu nahi luke aldizkako alkoholiko dela semea?

        Agertu zarenerako etxeko venustarra euliarena egiten dabil gelan, gelditu ezinik; pater familias patxadaz mahai buruan eta neskame familias sukaldean. Heltzen azkena, Txefe Superstar, betiko estilo zakarrean eta amorru biziko aurpegiaz. Froga aurkitu zenuenetik estreinako aldia da elkarrekin minutu bat baino gehiago igaroko duzuela; ez du zure urduritasuna antzeman.

        Biharamunaren ahulezia tristea barneratuta ere, egarri zara: taupadek Danborradako kanta guztiak errepikatzen dizkizute kaskezurrean. Errituala amak zerbitzatu duenean hasi da.

        —Y la Real? —galdetu dio Amadeok seme nagusiari.

        — Malagaren kontra daukagu. Ea bolada onari eusten diogun.

        — Patata-tortilla bokadiloa egitea nahi? —Manolik, arduratsu.

        Txefek kriskitin gogaitu bat egin du mingainarekin: betiko galdera, ohiko erantzuna. Semeekin arretaz aritzeko beharra sentitzen du zuen amak, baina hamar urtean Txefek ez dio bokadilo ziztrin bat ere onartu. Lagunekin erosten du tabernan; libre ibili zalea horretan ere.

        Amadeoren Real Oviedo maitea desagertua zen mapatik, zorren eraginez; eta ez zaio hauxe besterik otu elkarrizketari segida emateko.

        — Ea horrela den.

        Txefek bularra puztu du: Anoetara joango da. Bera han egon gabe ezingo lukete ondo jokatu, are gutxiago irabazi.

        Jedi zaldunak txalo zaparrada bat jo du poz-pozik bere dimentsio paraleloan: babarrunak maite ditu.

        Bai, familia perfektua osatzen zenuten, artean.

        — Hijo —Amadeok—, siéntate, por favor.

        Hainbeste urteren ondoren seme gaztea normala balitz bezala tratatzea ezinbestekoa zaio zuen aitari. Horrelako aginduak ozen ematea beharrezkoa du bere autoestimuak. Alfa harraren kontuak, esan gabe doa.

        — Hodei, aulkia —Txefek, goxo, anaiari eskutik tiratuz.

        Akzioa eta objektua parekatzeko era erraza, arnes batekin lotzeko, bide batez. Hala ere, Yodak pertsonalitatea erakutsi du berriz ere: autistarena eginez erantzun ez dio ba! Eta gero bai, ama sukaldetik itzulitakoan, korrika eta presaka eseri da, plater hutsa irrikaz begiratuz barre algara batean. Manolirentzat zeruko oparia izaten da Hodeiren barrea, horrelako momentuek ordaintzen dituzte beste guztiak. Infernua da-eta, konortea galdu arte buruarekin hormaren kontra joka jarduten duenean.

        Aingerutxo bat pasatu da, isilune asaldagarria, zerbait ondo ez doala nabariegi uzten duena. Amadeok eta Txefek futbolari ekin diote, giroa zarataz disimulatzearren: arbitroa kabroi hutsa da, kontuz ibili beharko dugu; badakizu nor aterako duen gaur?; mutil hori alfer zorritsu bat da; bai, baina begira zenbat kobratzen duen; futbola zeharo aldatu da, nire garaian ez zuten pezetarik patrikan; zuen aitonarekin Oviedo ikustera joaten nintzenean beti erasora irteten ginen, sei gol gutxienez; gaur egun lau beltz erosten dira zakurren antzera korrika egin dezaten, eta akabo futbola; ba, betiko txorakeriez ari zara, ze ostia dakizu zuk futbol modernoaz, zu arrazista hutsa zara; ni ez naiz arrazista, baina ez al da begien bistakoa...

        Laurak aldean, mugikorra: Maddi. Modako tabernan dago, chill out lounge ez-dakit-zer my taylor is rich. Joateko. Aitzakiaren bat bilatu duzu alferrik: burmuina under construction. Ostiraleko antzerkiaren ondoren badakizu amore eman beharra duzula, normalean baino bizkorrago. Ez duzu batere gogorik; nahiago etxeko epelean geratu. Jontxu, Jontxu gaixoa: denek nahi dute zugandik zerbait, ezta?; ez dago bakerik.

        Beno, orain konfiantzan gaudenez, zera aitortuko dizut: neuk ere ez nituen nire maila sozialekoak batere atsegin; taberna hura, bereziki, askoz gutxiago. Pijoen sasi-paradisu famatu super-diseinatu horietako lokal bat: alkandoren lepoak kontu handiz igoak, mila euroko poltsak, fantasiazko makillajea eta oinetako garestietatik garestienak, hemen, Diruostian, gure perlatxo txurian. Hartu glamour pixka bat, hautseztatu tanta batzuez eta aire kondizionatuaren bidez giroa lurrindu: kontuz Paris, kontuz London, kontuz galaxia! Munduaren zilbor-hestea Haizeen Orraziari katigatuta dago.

        Behingoagatik, ez ukatu: cool mozorro horrek barruraino izorratzen zintuen, ziur aski gutxiagotasun konplexuarengatik. Esan gabe doa, zure erresistentziak ez zuen meriturik: izan amaren esnea, fardelen marka edota kreditu txartelaren kolorea, genetikoki programatuta zeunden gu bezalako odol-urdinak gorrotatzeko. Irudikatu, orduan, zer nolako umore gozotan sartu zenuen muturra ergelkeriaren ozeanoan. Eta, non zegoen Rapa-Nui? Hondoko txoko batean. Kanpotarra saloon-era sartu berritan, cowboyek eta vedetteek mespretxuz aztertu zintuzten haraino heldu arte. Terraza ederra zen, Indiako kutsu exotiko batekin apaindua: lastozko diban eta mahaitxoak, intsentsu usaina eta kandelatxoak ilunabarrean.

        Teresa Kalkutakoak irribarretsu utzi zizun lekua bere aldamenean. Arreta osoa jarri zuen zu entretenitzen, zurekin hitz egiten, nola edo hala mahaiari lotuta mantentzen. Ezikusiarena egin zien gorteko lagun, mutil-lagun-ohi eta izan-nahien jarrera hotzei. Ezin aldatu: olio tanta bat zinen Evian uretan. Taldeko neskek, ordea, ama berriek abortua izan duenari bezala begiratzen zizuten: errukitsu. Talentu bilatzailetzat zeukaten Maddi, frikiak aurkitzeagatik simaurrean eskua sartzeko gai; beraz, haren apeta xelebretzat baino ez zintuzten.

        Zer esango dizut ba: nire ustez, erraz onartua izango zinatekeen kamiseta zuria eta larru beltzeko txupaz jantzita agertu izan bazina. Grease edo Dirty Dancingen estetika, badakizu. Gure belaunaldian kulero zuri asko busti dute Printze Zarpailduek. Maddik horregatik zurekin egon nahi izatea logikoa irudituko zitzaiekeen; baina ez: haien-kide mozorroa jartzen saiatu zinen, tematu, erratu.

        Arratsalde hartan, ordea, gogor portatu zinen: kasu putarik ez egin. Jon Preciado jauna, egundoko ajeaz eta standby eran, besaulki erosoetan murgildu zen. Akuario efektua: beiraren kanpoaldetik arrainen joan-etorri harmoniatsua mirestera kondenatuta zaude, beren perfekzioa desiratzera, inbidiatzera. Barruan, ordea, estura, asperraldia, horma, kartzela.

        Tertuliaren zurrunbiloan bizirautea lortu zenuen galerak minimizatuz, gudan eta ekonomian esan ohi den moduan. Gero Maddirekin bakarrik geratzeko denbora iritsi zen, txolinduen momentua, eskutik helduta paseatzekoa, berriketa ispilutxoarekin: Kuba, moda, New York, unia, Habana, aitaren lagun batek erosi duen megaitsasontzia, Manhattan. Gora bihotzak!

        Bukatzeko, buruan bueltaka mugitutako galdera, mesfidantzaz eta beldurrez botata:

        — Beno, ze ordutan geratuko gara gauean?

        Achtung, achtung: zunda-globoa Australiara bidean da! Larunbata, ilunabarra eta, horrekin batera, adiskidetzearen benetako eszenifikazioa.

        — Ez dakit. Nahi duzunean. Hori bai, luzeago egon nahi nuke zurekin... atzo baino lasaiago, esan nahi dut.

        Bale, emaitza positiboa. Minduta zegoen; tira, ulertzekoa: bart gauekoa, Ondarroako lagun batek dioen moduan, tumatxa izan zen, tumatxa!

        — Barkatu gauekoa, laztana. Ez dakit... lehenengo aldia da udara honetan hainbeste desfasatzen naizela.

        — Jakina. Ez kezkatu.

        — Benetan diotsut.

        — Espero dut kanpoan egon naizen bitartean horrela ibili ez izana.

        — Lanean jardun dut.

        — Ez nago haserre —ez dakit konturatu ote zinen berak irabazi zuela partida—. Nire bila etorriko zara?

        Ikusten denez, pasatu zitzaion amorrua; okerrak konpontzeko tartea bazegoen, eta lehenengo abisu horrek gau lasai bati eman zion bidea. Elkarrekin joan zineten poteatzera. Lehenengo zuritoekin esnatu zitzaizun gorputza eta ondoeza lurrundu egin zen bere haserrearen azken tantekin batera: berriro gau oooso bat elkarren ondoan, elkarri musuka, elkarrekin. Ai keinu txikiak, ai erritual goxoak eta eraikia zenuten mundua. Hilabete eta erdi mugikorrez txateatzen eta egunero deika: mila bider mila cyber-lerroek ezin zuten hainbeste maite ezabatu, ezta pixka bat lausotu ere.

        Inoiz baino lehenago alde egin zenuten zure koadrilaren lokalera. Lokala: gogoratzen aurreneko aldiaren zalantzak eta beldurrak? Hara joateko proposatzen ere ausartzen ez zinenean? Neska biluzien argazki erraldoiak eta horixkatuak, telebista handia eta zaharra, bideojolas pirata eta berria, sofa zarpailtsua eta zikina. Ezin aproposagoa elkarren kontra igurtzika jarduteko, ezta? Debutean, hala ere, lotsaz baino ikaraz iradoki zenion... eta berak: bai, zergatik ez? Denok igual-igualak gara: desio-oztopo-bizio. Hastapeneko beldur haiek aspaldi lausotuta zituen errutinak, ahaztuta.

        Eta ahaztuta, Txeferena ere: ardura anbiziotsuagoek bigarren planora zokoratua. Ez zenekien Maddiri kontatu nahi zenion. Edo zure domeinu barruan gordetzea komeni zitzaizun, kontrolpean, gauza guztiak bezala. Tira, Maddi ez da ezertaz konturatu: Romeorekin liluratuta, ni zurekin jai-jai.

        Zeinen polita: lehen bezain ondo zeunden. Ameriketara joan aurretik bezain gustura. Gertakariaren aurretik bezain zorioneko: anaia hiltzaile madarikatu bat zela jakin aurretik bezain kontentu.

        Artean ez zinen halakorik pentsatzera iritsi, baina isilpeko babes hark konplize bilakatu zintuen: krimen kide. Onartu nahi ez arren, zu ere, aldez edo moldez, nire hiltzailea

ZINEN

 

 

 

© cc-by-sa Yoseba Peņa Landaburu

 


www.susa-literatura.eus