Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Nahiago nuke gezurrik ez esan

 

Gizonak bostekoa eman dio. Andrea parean eseri da, poltsa zangoen artean ipini eta orpoak agerian utzi ditu takoi baxua duten zapatetan. Gizonak betaurrekoen kristalen gainetik begiratu dio.

        — Lasai zaude?

        — Bai.

        — Ur pixka bat?

        — Ez.

        — Kafea, tea...

        — Ez.

        — Esther Salarrue Arribalzaga.

        — Bai.

        — Lasai orduan?

        — Baietz uste dut.

        — Barka horrela hasteagatik: inoiz aborturik izan duzu?

        — Ez.

        — Hala ere jakingo duzu zein den prozedura.

        — Ez.

        — Duela bi urte arte abortua ez zegoen legeztaturik Estatuan. Hobeto esanda, legeak onar zezan paper bat sinatu behar zenuen abortua izan aurretik, esanez ez zenuela zure burua ume bat zaintzeko gai ikusten. Legearen zirrikituak profitatu, badakizu, zigorrak ekiditeko.

        — Hemen antzeko zerbait egin behar dugu orduan.

        — Bai. Batez ere zure sendiari begira.

        — Jakina.

        — Gaurkoa ez da xamurra izango. Galdera mordoa erantzun beharko duzu. Ez dago beste modurik.

        — Ondo.

        — Prest?

        — Aurrera.

        — Galdetegi honen bitartez frogatu beharko duzu benetan ez dagoela beste biderik.

        — Ez naiz gezurrak esatera etorri.

        — Baina esan ditzakezu.

        — Ez da beharrezkoa izango.

        — Ez duzu gezurra esateko ardurarik izan behar. Zure familiaren onerako izango da, ez ahaztu.

        — Egin dezagun aurrera, mesedez.

        — Ezkonduta?

        — Bai.

        — Seme-alabarik?

        — Bi mutiko.

        — Adina?

        — Hamaika eta zazpi.

        — Senarrak lanpostu finkoa du?

        — Bai. Esportazio arduraduna da turbina enpresa batean.

        — Asko bidaiatzen du.

        — Bai.

        — Horrek gauzak konplikatzen ditu. Zure gurasoak bizirik daude?

        — Ama bai.

        — Eta zure senarrarenak?

        — Aita eta ama.

        — Seme-alabekin harreman ona daukate aiton-amonek?

        — Gure ama Malagara joan zen bizitzera txikiena jaio zen urtean, beraz ez du ia harremanik. Senarraren gurasoek bilobekin izan ohi den harremana dute.

        — Eta non bizi dira?

        — Herrian.

        — Zuk lanik egiten duzu?

        — Irakaslea naiz, institutu batean. Euskara irakasten dut.

        — Ikasgai polita.

        — Inori ez zaio interesatzen, gaur egungo umeak idiotak dira.

        — Gure bezeroen artean irakasle asko dago.

        — Zuen bezero izandako batek hitz egin zidan zuei buruz. Julian Arozenak. Etika eta Filosofia irakasten zuen.

        — Oroitzen dut, tipo zintzoa zen, azkarra.

 

 

— Jabetzei buruz hitz egin behar didazu orain.

        — Bizi garen etxea nire gurasoena zen, eta eskriturak amaren izenean daude. Gero Landetan bungalow bat erosi genuen duela urte batzuk, eta hori senarra eta bion izenean dago.

        — Eskritura horiek beharko nituzke. Eta gurasoen etxekoak ere bai.

        — Ez dago arazorik.

        — Zenbat metro karratu ditu bizi zareten etxeak?

        — Ehun eta berrogeita hamar inguru.

        — Autorik?

        — Bi.

        — Zein markakoak?

        — Nirea Honda Civic eta senarrarena Renault Espace berri bat.

        — Beste jabetzarik zure izenean?

        — Uste dut garajea nire izenean dagoela.

        — Benetan ez dakizula?

        — Ez.

        — Zenbat autorentzako lekua?

        — Bi.

        — Marra edo hormak?

        — Hormak.

        — Ondo... Psikologoarenean izan al zara inoiz?

        — Behin, bigarrenez erditu eta gero.

        — Zer dela eta?

        — Ez dakit oso ondo. Nekaturik nengoen beti.

        — Eta zerbait eman zizun hartzeko?

        — Prozaca.

        — Eta on egin zizun?

        — Nondik begiratzen duzun...

        — Zer esan nahi duzu?

        — Medizinarekin errazagoa zitzaidan ohetik jaikitzea eta semeei gosaria prestatzea, bazkaria egitea eta hori dena, lanera joatea, adibidez.

        — Eta alde txarra?

        — Ezin nuen orgasmorik izan.

        — Hori ona da.

        — Nola?

        — Galdetegiari buruz ari naiz, barkatu. Horregatik utzi zenuen Prozaca?

        — Bai.

        — Talde terapiarik?

        — Ez.

        — Erlijioa?

        — Ez naiz sinestuna.

        — Bizilagun elkarteko partaidea al zara?

        — Ez.

        — Politika?

        — Anaia kartzelan daukat 2003tik, 2003ko abenduaren 24tik. Ez zen afaltzera ailegatu.

        — Politikan sinesten duzu beraz.

        — Sinetsi? Bederatzi urte daramatza espetxean, sinetsi ez da hitz egokia.

        — Galdetegian sinetsi jartzen du.

        — Orduan baietz jarri.

        — Politikagintzan sinesten duzula?

        — Hori da.

        — Non dago anaia?

        — Cadizen. Horregatik bizi da gure ama Malagan.

        — Ikustera joaten zara?

        — Geroz eta gutxiago.

        — Jarraitu, interesgarria izan daiteke dosierrerako.

        — Zenbat eta gutxiago joan orduan eta gutxiago sentitzen dut bere falta.

        — Horrek balio dezake, balio dezake. Zenbat eta motibo gehiago izan orduan eta hobeto... Eta eskulanak, aerobika, soinketa, altzari berriztaketa...

        — Ez.

        — Ibiltzea, zaldiak, bizikleta, kirola, mendia...

        — Ez.

        — Afiziorik?

        — Irakurketa.

        — Hori ez dago galdetegian.

        — Orduan bat ere ez.

        — «Bizimolde alternatiboak» deitzen diren horietakoren bat jarraitzen duzu? Naturismoa, nudismoa, makrobiotika...?

        — Elikadura asko zaintzen dut eta senarra eta biok nudismoa praktikatzen hasi ginen bigarren umea jaio bitartean. Baina bigarrena jaio zenean ez nintzen gauza jendaurrean gustura biluzik ibiltzeko, edertasuna galduta nuen. Eta orduan ohartu nintzen ez nintzela benetako nudista, exhibizio parte bat zuela nire biluzketak.

        — Oso ederra zara oraindik.

        — Utzi alde batera konplimenduak.

        — Ekialdeko diziplinak ezagutzen dituzu?

        — Yoga, tai chi edo antzekorik?

        — Hori da.

        — Garai batean, Prozaca hartzen hasi aurretik, yoga egiten hasi nintzen, lankide batek arrastaka eramanda. Ez nuen ikastaroa amaitu, loak hartzen ninduen klasean.

        — Klaseetara joaten zinela dioen ziurtagiriren bat beharko genuke, edo yoga egiten zenuen tokiko helbidea gutxienez.

        — Izango dut telefonoa nonbait. Ez zait jende hori gustatzen.

        — Zergatik?

        — Beti energiak gora eta behera, beste planeta batean biziko balira bezala, beti zilborra garbia edo zikina duten begira eta hurkoaren kakari jaramonik egin gabe.

        — Eta hori txarra al da?

        — Ez zait gustatzen.

        — Yoga irakasle bat izan nuen bezero duela ez asko, emaztea jipoitzen hasia zela aitortu zidan, horregatik jo zuen gugana.

        — Inoiz ez dira haserretzen, dena uler dezakete, ez naiz jende horretaz fio.

        — Harreman ona duzu senarrarekin?

        — Bai.

        — Biolentzia fisiko edo psikologikorik?

        — Ez.

        — Fideltasuna?

        — Nik dakidala bai.

        — Zu fidela zara?

        — Bai.

        — Maite duzu?

        — Estimua diot.

        — Maite zaituela uste duzu?

        — Galdera hori galdetegian al dator?

        — Ez, barka, jakinmina nuen. Semeekin zer harreman mota du?

        — Ondo konpontzen da biekin, aita normal bat da, ahalik eta gutxien egoten da haiekin, ez aspertzeko, baina maite ditu.

        — Inoiz jo ditu?

        — Ipurdikoak soilik.

        — Arazo psikologikorik?

        — Ez, gizon orekatua da, gehiegi.

        — Gehiegi? Oreka ezin da gehiegizkoa izan.

        — Bere kasuan bai.

        — Alkohola?

        — Gustatzen zaio edatea eta aitzakiak bilatzen ditu horretarako.

        — Baina ez da arazoa, ezta?

        — Nola begiratzen duzun. Gaur egun ez, baina gure harremanean eragina izan du.

        — Axola ez bazaizu politikagintzan sinesten ez duzula jarriko dugu. Ados?

        — Nahiago nuke gezurrik ez esan.

        — Seguruaren afera erraztearren diot, semeen etorkizuna hobea izan dadin. Ekonomikoki behintzat.

        — Ez dut nahi, egia esan nahi dut.

        — Batzuetan egia ez da biderik egokiena. Nik badakit nola neurtzen dituzten Madrilen erantzun hauek, egidazu kasu, esazu ez duzula politikagintzan sinesten.

        — Ez, egingo dudan azken gauza da, zintzoa izan nahi dut.

        — Nahi duzuna. Zenbat eta bizimolde edo bizi alternatiba gehiagok huts egin dizutela jarri orduan eta hobeto zure sendiarentzat, ekonomikoki behintzat.

        — Ez aldatu ezer.

        — Orain irakurri hau eta ados baldin bazaude sinadura ipini.

 

 

— Ez nago ados.

        — Zergatik?

        — Hala ere aurrera egin nahi dut.

        — Zergatik ez zaude ados?

        — Ez dut nire burua gai ikusten «seme-alabei kalteak sortzeko edo beraien zaintza deskuidatzeko», eta senarrarekin berdin.

        — Orduan zergatik jo duzu gugana?

        — Erantzuna ez zaio zure galdetegiari egokitzen.

        — Ez duzu uste gaur hona etortzeko ausardiarik bildu izan ez bazenu, egun batean semeen gaineko ardura ez zenukeela jasango?

        — Ez.

        — Baina aurrera jarraitu nahi baduzu ados zaudela jarri beharko duzu.

        — Ez zaizkit esaldi horiek gustatu.

        — Utz ezazu koherentzia egun handirako. Esan dizut lehenago legearen zirrikituak baliatu behar ditugula, abortuetan bezala.

 

 

— Noiz egingo dugu?

        — Egutegia aztertu behar da.

        — Umeen oporrak profitatu nahi nituzke, eskolara hasten direnean konplikatuago izango da. Txikiena solfeora doa eta bestea eskubaloira, eta irailerako bi aste baino ez dira gelditzen.

        — Lasai, horretaz ere gu arduratuko gara. Badakizu txosten honen oniritzia jaso behar dugula lehenik, Madrilgo Osasun Ministerioaren zigilurik gabe ezin dugu aurrera egin. Lasai egon zaitez semeengatik, behar den egunean Izaskun joango zaie bila, haur psikologian lizentziaduna da. Baina zehaztasun horiei buruz hitz egingo dugu gero.

        — Zein egun da egokiena?

        — Ostiral arratsalde bat. Gero erakutsiko dizkizut estatistikak.

        — Eta nola egingo dugu?

        — Zure profilari ongien egokitzen zaizkion metodoak hauexek dira: 80 bat kodeina pilula edo 100 bat valium. Pilulok goragalea sortzen dutenez, bidaiatzeko-eta erabiltzen diren zorabioaren aurkako pastillak ere emango genizkizuke, gaindosia izan baino ordu laurden lehenago hartu beharko zenituzke. Kodeinarekin 10-15 minututan konortea galtzen da eta hiru ordu laurdenetan heriotza heldu da. Oso eraginkorra da. Egokiena baraurik zaudela hartzea da, plastikozko poltsa bat buruan, eta oraindik hobeto, alkoholak lagunduta.

        — Ez dut alkoholik edaten.

        — Ba ondo legoke pastillok alkoholak lagunduta hartuko bazenitu. Aseguru etxearekin akordio hobeak lortze aldera diot.

        — Ez nuke gai kimikorik hartu nahi.

        — Tira, orduan zailagoa izango da zuretzat metodo egokia aurkitzea: estoldak eta ubideak garbitzeko likidoak, nitrogenoa, potasio kloruroa, adelfa, rotenonea eta zianuroa ezin dituzu erabili.

        — Berdin zait ausartagoentzat den metodo bat topatzen badugu.

        — Diskrezioa eta espektakuluaren artean dagoen metodoa jauziarena da. Seguruena ere bada. Maite psikologoa da eta berak eramango zintuzke zuk aukeratutako parajeraino. Begira, hemen jauzi egiteko paisaje aukera polita daukazu, garabiak barne.

        — %100eko eraginkortasuna duela egia da?

        — Jauzi egin duten guztiak hil dira, eta metodoa aukeratu dutenen %... itxaron pixka bat, ordenagailuan begiratuko dut... Metodo hau aukeratu dutenen %72k egin du jauzi.

        — Asko da.

        — Bai, asko da.

        — Ez dut bertigorik, baina apur bat biolentoa iruditzen zait... Demagun ez naizela hiltzen eta...

        — Metodo honek bi aldiz jauzi egiteko aukera bermatzen du. Baina orain arte inork ez du bigarren aukera erabiltzeko betarik izan. Metodo fina da. Dotorea. Klasikoa. Duina. Zure heriotza izango den horri vis a vis begiratzeko modua, jauzi batez, esna, goragalerik gabe, mozkorrik gabe, beso zabalik...

        — Bai.

        — Zuk harrapatuko duzu heriotza eta ez heriotzak zu.

        — Ados. Katalogoa ikusi nahiko nuke berriro.

        — Beste aukera bat ere badago. Hori bai, beltzean ordaindu beharko zenuke, eta gainera garestiagoa da.

        — Ez dut diru arazorik.

        — Askoz garestiagoa da.

        — Esan.

        — Istripu baten antza eman diezaiokegu. Metodo hori, noski, ez dago katalogoan kontenplaturik. Madrilgo ikuskatzaileak etortzen zaizkigu sei hilabetetik behin eta badakizu...

        — Ez.

        — Ez?

        — Ez.

        — Askoz garestiagoa da zuretzat, baina zure semeek askoz ere diru gehiago jasoko lukete aseguru etxetik.

        — Ez.

        — Ondo da.

        — Argi geratzea nahi dut suizidioa izan dela.

        — Ondo da.

        — Bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko gai banaizela.

        — Jauziarena metodo egokia iruditzen zait. Metodo onena aukeratu duzu, dudarik gabe.

        — Zerbait gehiago?

        — Aurrera egin baino lehen, galdera bat erantzun behar didazu. Damurako betarik utzi nahi duzu? Hori ere inportantea da, ez bakarrik prezioan baizik eta baita metodoaren eraginkortasunean ere.

        — Ez, ez dut damurako betarik utzi nahi.

        — Horrek garestitu egiten du zerbitzua, %20.

        — Ez dago arazorik.

        — Orduan ondokoa gomendatuko nizuke. Maite, psikologoa, AEBetan izan da coaching-a ikasten eta oso ona da, bikaina esango nuke. Damurako hauturik utzi ez dutenen... itxaron apur bat, ordenagailuan begiratuko dut... damurako hauturik utzi ez dutenen %98 hil egin da. Damurako hautua utzi dutenen %66 bakarrik hil da, ordea.

        — %98 portzentaje ona da.

        — Oso ona.

        — Eta %2?

        — Barkatu?

        — Damurako hauturik utzi ez zutenen %2k nola lortu zuen bizirik jarraitzea?

        — Maiteren errua izan zen. Bezeroarekin maitemindu zen, eta ez zion jauzi egiten utzi.

        — Beraz metodo hau ere ez da infaliblea.

        — Ez, maiteminarena gerta liteke. Baina zure kasuan infaliblea izango da.

 

 

— Eskatu dizkizudan agiriak ekartzen dituzunean, Madrilera bidaliko dugu dena nik prestatutako txosten batekin batera. Aurrera egiteko baimena jaso arte ez dugu mugimendurik egingo.

        — Zenbat denbora esan nahi du horrek?

        — Kasuaren arabera izan ohi da. Zurean motibazio eskasa topa dezakete, eta kasu horretan atenuanteak bilatu beharko ditugu, ez diezu erraza jarri.

        — Zenbat denbora.

        — Hilabete inguru.

        — Ez da asko.

        — Ondo zaude?

        — Oso ondo.

        — Pozten naiz, Esther. Deituko dizut. Bitartean ondo profitatu denbora. Oraindik atzera egiteko garaiz zabiltza. Hurrengo zitan %100a ordaindu beharko didazu, eta atzera eginez gero gestoriak %85a itzuliko dizu.

        — Ez dut atzera egingo, zaude lasai.

        Aterkia hartu eta euripera irten da andrea. Gainean lehertzen zaizkion tantek markatzen diote ibilera.

        Gizonak kalera begiratu du leihotik, «ipurdi ona dauka gero», esan du bere kabutan, purutxoa piztuta.

 

 

 

© Eider Rodriguez

 


www.susa-literatura.eus