Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Igandeetako itzuliñoa

 

 

Igandeetako bazkari oparoen ondotik piztu enbeia bati nekez dakioke buru egin. Maiz, holakoetan erromesaldietako gogoak pizten dira, aktibitate sinplearen baita utziko digun oroitzapenaren bitarteko asteburuaren luzapena izanen den zerbaiten egiteko. Autoak bidea hartu du, bere baitatik bezala, xenderaz xendera, bide juntaz junta, alderrai.

        Autoan sartu bezain laster, Baionatik jalgi eta Miarritzeko hondartza eta karrika burgesetara jotzeko gogoa izan dugu tarteño batez: bitxiki sekulan ezagunik gurutzatzen ez den hiri honek eskaini ostatu atipikoetan luzatzeko hondar zuhaila alferki korriturik. Horren ordez, bestaldera jo dugu eta pentze berde etxez titakatuei bista utzi diete hiriguneko dorre eta semaforoek. Nafarroa Behereko lurretara joan gintezkeen, ez baikara sekulan aski usu joaten sorleku inguruetara: ondoko aldian.

        — Hara! Ikusi duzu? Oreina zen.

        — Ez naiz ohartu.

        — Ze bista txarra duzun! Basahuntza baino handiagoa zen. Han! Han! Arbolen artetik! Ikusten?

        Bideak etenaldi aparta hitzematen du, barne eta arimen bizi eta indar berritzea. Inkontzienteki goaz, bidegurutze bakoitzaren nahierara, oraindik ez dakigu nora. Hautuak egin behar dira. Erreka bazterra. Onddoketa. Martxuka beltzen bilketa. Belardia. Txori arraroen bizilekuak. Sasi artean eraiki abar ttattola. Musker edo kakamarlo ehiza. Etxera zerbait eraman beharko baita, anekdota bat ukaiteko doia. Auzoei, lankideei kontatzeko balentria zenbait.

        Ororen buru, afaltzeko gaztaina zakutara batekin itzuliko gara. Etxe saihetseko pikondo hosto pare batekin egostekoa. Besterik gabe.

        Aldi oro sendaturik itzultzen gara, goizegi, halabeharrez, gibelera eginik bidea joatean bezain arin, luzaz, ostiralera arte bederen, iraun beharko duen goxotasuna xurgatzeko itzuliñotik. Segurtatua da: aste osoan iraunen digu gaztaina gustu oretsuko saudadeak.