Aurkibidea
Aurkibidea
Hezur-mami diren jainkoen ekarpena
Baina inori ezer zor izatekotan, kirolari zor dio ezkerrak gaur duen prestigioa. Hein handi batean behintzat, joko alderantzikatuaren balioa erakutsi duten tenislariei edota aurkariak ezker alboz nahastu, engainatu eta umiltzeko ahalmenagatik nagusitu diren futbolariei.
Halaxe goretsi genuen Martina Navratilova, 80etako jokalari menderaezina, bi hamarkada eta erdiz zirkuituan aritu eta 50 urte betetzeko bezperetan kasik gogoz kontra erretiratu zena; raketa-aditu askoren ustez, garai guztietako tenislaririk onena, gizonezkoak barne.
Eta zer esanik ez, Diego Armando Maradona, kale gorrian ikasitakoaz irakaspen unibertsalak osatuko zituen golegilea, munduaren erdiarentzat behinik behin, kirol-astrorik adierazgarrienetakoa eta ezkerrik loriatuena; Argentinarren ikur santu bilakatu zeneko une hartaz geroztik, Goenkaleren pareko telesail aldrebesgarria lotzen joan dena.
Bere nabarmenkeriek sasoi betean erakutsitako artea ia ukatzeraino ilundu badute ere, zail xamarra izango zaigu Mexikoko Mundu Txapelketako jokaldiak ahanztea, eta seguruenik ezinezkoa, "mendeko golari" eta "Jainkoaren eskutik lortutakoari" [37] ordezko bikainagoak aurkitzea. Baina ez, justuki, aurreikuspenak irauliz eta faboritoak zapuztuz Argentinako selekzioa garaipen mitiko hartara eraman zuelako, edota britainiarrei, final laurdenetan makurrarazita, Malvinak inbaditzearen ordainak pagarazi zizkielako.
Egundokoak goraipatzen hasita, ezkertasuna mirariaren parera altxatzea izan zen Pibe-aren ekarpenik biribilena, apartekotasun hori ultra-heroiaren marka bilakatzea, bere jarraitzaile sutsuek ongi dokumentatu zutenez. Ondoren datozen bi adibideok aski, balentriaz jabetzeko:
«Jainkoa ezker peto baten itxuran jaitsi zen Lurrera. Bere indarra erakusteko, futbolari egin zen, arropa zuri-urdinak jantzi zituen eta izen hauxe hartu zuen: Maradona. Diegok banalerro bat ipini baitzion kirol honi, bere aurreko eta ondorengo garaiak bereizten dituen marra ia mitiko bat, fenomenoa erlijio bilakatzearekin batera baloia aldareetara goratzen duena».
Gabriel Morales
«[Mexikoko Mundu Txapelketa osteko] omenaldiaren egunean esker ona erakustera joan nintzaion Jainkoari, baina ez elizara, baizik eta Bocako zelaira. Hura kontura zedin, karteltxo bat eraman nuen eta mundu osoak ezagutuko zuen mezua ipini nuen bertan: "Jainkoa existitzen da. Ezkerra da, eta argentinarra"».
Julian Chavero
Garai magikoa, Mano Negra taldearen lelo hark zioen gisan, Santa Maradona masiboki eta bainarik gabe adoratu genueneko hura. "Esku madarikatua" bizkarrean lotuzale ziren arima-zaindariak eta gainerako inkisidoreak behingoz atzean utzita, liberazio euforiko baten irudi distortsionatua ekartzen digu orduko nostalgiak gogora: hezitzaile eta entrenatzaileek apartekotasunaren hazi gordina ikusten zuten haur ezker bakoitzaren baitan; herriz herri jokalari onenen bila aritzen ziren ikuskatzaileek, meritu propioz gailendu daitekeen fenomenoa, hautatu eta trebatu beharreko perla bakana; eta gurasoek, tenisa edo futbola unibertsitate-karrerarik estimatuenaren gainetik ipinita, etorkizun oparoa amesteko aukera erreal bat.
Mila ezker, Maradona. Mila ezker, Navratilova.
[37] Izen propioa duten bi gol hauek 1986ko ekainaren 22an sartu zituen Maradonak, aipatu bezala, Mexikoko Mundu Txapelketako final laurdenetan, Ingalaterra eta Argentinako selekzioak lehiatu zireneko partidan. Lehenari, hamarretik hamarreko puntuaketa eman izan zaiolako eta ehun-urtekoan ezagutu den golik ikusgarrienetakoa delako, "mendeko gola" deitu izan zaio. Partida apoteosiko baten amaiera apoteosikoa izan zen. Bestea, "Jainkoaren eskutik lortutako gola" alegia, argentinarren markagailuetara heldutako lehena izan zen, eta zinez erabakigarria, 'mendeko gola' bezalako balentrietarako berotu baitzuen Maradona. Duda-mudako gol honek zeresan handia eman zuen urtetan, askok, bereziki ingelesek, arbitroaren erabaki txartzat edo saldukeriatzat hartu baitzuten. Behin, buruz beharrean baloia eskuz jo ote zuen galde egin zitzaiolarik, «Jainkoaren eskua» izan zela erantzunez isilarazi zituen kazetariak. Hortik, izena. Gerora, bere biografia argitaratu zuenean, susmoa egia zela, eskuz jo zuela aitortu zuen batere erreparorik gabe.