Mutuaren hitzak
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2003, nobela
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
aurkibidea
 

 

BOGA

 

Leon Karrikaren etxea zaharberrituta dago. Otsoenea du izena, atariko Baztan-harri gorritan zizelkatuta dagoena egia baldin bada behintzat. Arizkungo plazan bertan dagoen dorretxe ederrenetakoa, ederrena ez bada. Atzeko aldean dozena bat sagar eta gereziondoz zipriztindutako belardia dauka. Ezpain koloreko hortentsia oraindik behar bezala loratu gabe batzuk ere bai, ondoko komentuko harresien kontra landatuak. Ortu jostailuzko bat ere bai, sukalde belarrentzat antolatua: albaka, ezkaia, erromeroa... agerikoa du, hala ere, ez diotela baratzeari gehiegi erreparatzen Otsoenean. Barrabas belarrek irentsita daude ia bazter guztiak, Lekeitio belarra ere deitzen diote izurrite horri zenbait lekutan. Hirusta handi baten antzekoa du hostoa, lurpeko tipula txiki-txiki batetik ernetzen dena. Kentzen dituzu horietako bi belar gaizto, eta tipula beretik irtengo zaizkizu beste lau. Demoniokeria da. Ezinezkoa du sendabidea halako belar zitalak erasotako lur landuak. Ederki etorriko litzaioke jorraketa bat baratzeari, eta belar gaiztoa sortzen duten tipulatxo ahalik eta gehien bertatik kentzea.

        Ekialdean erreka mehe batek igurzten ditu etxaldearen mugak. Harantzago auzoko oiloek soildutako eremu bat ageri da, txarrantxaz inguraturik. Baina Otsoenean ez da halako eremu antzuturik aurkitzen ahal, aitzitik, izatekotan, belarra ugariegi da, sasia eta laharra handiegi ageri da zenbait ertzetan. Ahuntzek zerua lukete bertan.

        Etxetzarraren leiho eta ateak gorriz margotuta daude —Prosper Meriméek bere idazlanetan aipatzen zuen «rouge basque» haren tankerakoa—, eta harrizko armarri bat ere badauka, bigarren eta hirugarren solairuaren artean. Oso goian. Bi izokin eta lau basurde ageri dira bertan, eta hiru mastako bergantin bat ere bai. Harrigarria egiten da azkeneko irudi hau itsasorik ez daukan paraje mendizkoan. Batek jakin noren ezkutua izan zen hori, XVI. mendekoa baita berez etxea.

        Otsoeneak nabari du ganorazko etxea izandakoa dela eta Leon Karrikarena baino familia handiagoak hil eta bizi izan direla horma horien artean.

        Hiru solairu eta ganbara zabal-zabal bat ditu. Goiko leihoetatik, elizaz gaindi, Bozateko herria ageri da, pareko mendiaren berdetasuna pitzatzen. Ederra dago zinez Bozate, maiatz bukaerako argi garbiarekin. Atze aldeko mendi, bide eta soroak ere eder daude. Egia esan, bazter guztiak daude eder udaberriak itzarritako kolore bizien karietara.

        Damian Arrutik plazan bertan utzi du Jeep Wrangler iluna. Ordubete eskasean egin du etxetik honainoko bidea. Hondarribiko Golfetik, Bidasoa suge bihurriari segika, mendi garaienen magalak topatu arte. Hasieran, otalorearen hori erne berria eta ginarraren ubela eta gorrizta izan dira malkarretako jauzi berdea orbandu dutenak. Bide bihur osoan zehar, ezker-eskuin orotan.

        Errepide zaharra hautatu du etortzeko, presarik gabetan, hemen aurkitu uste duen bizitza lasaiaren atariko bailitzan.

        Geroago, Doneztebeko gurutzean, glizinia ezin ederragoa aurkitu du loraturik, malba kolorekoa. Bailara irekitzenago joan da hortik aitzinera, eta lehenagoko lahar eta sasien lekua, zuhaitz garaiek irabazi dute apurka. Pagoak, haritzak, gaztainondoak... Sahatsak ere bai loraturik bazterretan.

        Urrutira Foruzaingoaren auto nabarmen bat ikusi du eta balaztak zapalduz jaitsi du abiadura, kamioiz betetako ostatuaren parean. Bide zuzen bakan horrexetan ase nahi izaten dute gidariek bihurguneek eragotzitako abiadura. Hortxe egoten dira poliziak. Abiadura apur bat harrapa daitekeen leku bakarrean.

        Bertiz Parkearen paretik berriro hasi da bidea estutzen eta horrekin batera ibaia berriro bistaratzen. Grazia egin dio Damiani ordura artean Bidasoa deitzen zena, orain Baztan deitzeak: ibai berak, bi izen.

        Lautada arbola artean ezkutatzen den neurri berean egiten da present ibaia ibar estuetan. Elizondo agertu da halako batean, eta arrotz zaiola pentsatu du Damianek. Arrotz zaiola hiri antolamendu hori. Eliza ere egin zaio arrotz, parean pasatu denean, eta harri ilunaren kariaz izanen dela erabaki du.

        Irteeran, bide bazterreko etxe eder izokin-kolore batean, leihatilak ubelez margotzen ikusi ditu pintore batzuk. Min egin dio begietan koloreen dantza eroak. Ezinezkoa dela pentsatu du. Ezinezkoa dela etxe horren jabea bertakoa izatea. Veneziako etxeen kolorea ondo dagoela dekorazio aldizkarietarako.

        Arizkungo plazara iritsi bezain azkar, atzeko atea zabaldu dio zakurrari.

        — Lasai Argos, hemen ez zabilek automobil askorik.

        Maleta handi bat eta kartoizko kaxa astun bat hartu ditu, bata eskuan eta bestea bizkarrean.

        Leon Karrika autoa sentitu duenerako jaitsi da atarira, lepoa zuzen eusteko plastikozko trastearen uhalari zulo bat gehiago estutuz batera.

        —Oh putain! —esan du, behin eta berriz—. Oh putain!

        Herrenka zetorrela zirudien, baina ez. Lepoa tente eduki beharraren imintzioa baino ez da izan.

        Gainean zekarren karga lurrean uzteko ia denborarik eman gabe hasi zaio Damiani besarkadaka eta aspaldikoka.

        —Bahuen garaia, la Virgen —esan dio atetik, barrura sartzeko aginduaz batera—. Atsegin handia duk hi gurean ikustea. Redios. Ederki konponduko gaituk. Ikusiko duk.

        — Iparraldekoa izateko, ederki menperatzen dituk hango eta hemengo birao guztiak —ihardetsi dio Damianek orduan—. Betiko moduan hago, Leon, lepoko traste horrekin pareta gaineko oilarra baino tenteago dirudian arren.

        Damian ebakuntza batetik irten berria dela hasi zaio esaten gero. Apenas egin dezakeela hitzik ganoraz. Aireak egiten diola ihes ertz batetik, eta listu zipriztinak bestetik. Oporto botila bat ekarri du Leonek sukaldetik eta bi edalontzi luze.

        — Zer nahi duk, ba, gure adinean? Beti bazagok zerbait. Ez badaukak minik, ez hago mundu honetan. Mina duk bizitzaren seinalea. Begira iezadak niri, inauterietako buruhandia ematen diat, lepoa jiratu ezinik. Lau operazione lepo-hezurrean. Oh putain, eta nolako minak!

        Irri egin du Damianek. Bai, egia da inauterietako buruhandien traza daukala Leonek.

        — Hi hago lasai, hemen ez daukak hitz egiten ibili beharrik. Nigatik, mutu ere jarrai dezakek. Zer kristo ekarri duk kartoizko kaxa horretan? Ez dituk, ba, hire euli zikin horiek izango? Lehen ere nahikoa bazagok hemen, euli, liztor eta ezpatatik.

        Liburuak direla adierazi dio Damianek. Irakurtzeko asmoz datorrela, ez duela besterik egiteko asmorik hilabete oso batean gutxienez, eta ea Argosen lekua zein izango den. Non utz dezakeen zakurra.

        — Etxe gibeleko sagastian, bazagok txabola moduko bat. Hantxe lotu dezakek, plazer baduk.

        Damian ez da ausartu Argos ez dela kateko zakurra esaten. Geroko utzi du, beraz, eskaera. Etorri berritan ez baita komeni etxekoaren arauak pitzatzen hastea. Ezta anfitrioiak Leon Karrikak adinako bihotz handia daukanean ere.

        Zakurra intzirika geratu da txabolako katean, gizonek etxera itzultzeko bizkar eman diotenean.

        — Berritsua atera zaik zakurra —esan dio Leonek.

        Mailadian gora eraman du gero Damian, bigarren solairura.

        — Hauxe izanen duk hire gela. Ezer falta bazaik, esan eta kito. Konponduko diagu. Komuna ezkerreko bigarren ate hori duk. Bertan daukak dutxa ere. La Virgen, hau duk poza hau!

        Hotza. Hotz egiten duela iruditu zaio Damiani bere gelan bakarrik geratu denean. Kanpoko egun epeletik hara, alde ederra dagoela. Uda hastapeneko eguzkiak oraindik berotu gabe dauzka Otsoeneko hormatzarrak, baina atsekabea baino, poza eragin dio horrek Damiani, leiho handi batetik sartu den ezkila hotsak eragin dion antzera. Hondarribiko Golfean bakea bada, hemengoa zer ote da?, jarri da pentsatzen eta ondoren irri zabal batek ihes egin dio ezpainetatik, Arizkunen oraingoz golf zelairik ez dagoela konturatu denean.

        Etxea ez bezala, altzariak garaikideak dira logelan: arasa bat, mahaitxo bana ohetzarraren bi alboetan, eta hirugarren mahai handiago bat ere bai, idazteko modukoa, merkataritza-gune handietan erosi eta norberak muntatu behar izaten dituen horietakoa. Ikea, pentsatu du Damianek, eta ez dagoela zeharo gaizki iruditu zaio. Merkekeria, aukeran, baina beharrezko guztia eskaintzeko adinakoa ere bai.

        Ohe gainean etzan eta sabaiko orban beilegi bati begira geratu da gero, deusetan pentsatu gabe, begiak orbanean preso. Haren zimurretan kare horitua nola pilatu den denborarekin ikusi du, eta urratu ñimiñoek nola eransten dioten erliebea formari ere bai. Tapiesek ez duela deus berririk asmatu, etorri zaio burura. Berehala pentsatu du zozokeria ere badela halako pentsamenduetan ibiltzea, baina balitekeela Bizimodu Berriak ekarritako lehen aukeretako bat izatea zentzuak betetzen dizkion mistikotasun moduko hau. Gauzak beste begi batzuekin ikusteko aukera daukala orain. Arrapaladan eta ohartzeke igarotzen zitzaizkion gauza txikienek arreta bereganatuko diotela gaurgero. Agian.

        Nolanahi ere, begiekin sabaiko orban informalista baino haratago behatzen asmatzen duela ematen du, ganbara eta gaineko teilatua baino ere harago. Ohean ahoz gora etzanik, eguzkia ezkutatzera etorri diren hodei zurixtak baino harantzago dauka begirada: inon ere ez.

        Une horretan hasi da arazo mundutarrago bati buruz hausnartzen: Lupe bezalako emakume batekin bizitzeko gai ez den bera lako gizona, gauza izango ote den Leon Karrikaren alboan haserretu gabe denboraldi bat bada ere bizitzeko? Orain alferrik da. Hemen dago. Behintzat, pentsatu du, ez da nire etxean gertatuko. Ez dut nire lekuan nik nahi ez dudanik onartu beharko. Hau ez da Zoriona. Hau Otsoenea da. Leonekin aspertzen banaiz, alde eta akabo.

        Arnasa sakon hartu du. Hasperen gozo bat izan da seguru asko. Inork ez daki Arizkunen dagoenik, Leonen etxera etorrita dagoenik. Ez die gurasoei esan. Ez dio Urrutiri adierazi. Lupek ere ez daki. Atsedentzera norabait joatekoa zela, hori bai, denek dakite. Nora ez, ordea.

        Kilkerra atera du gero poltsikotik eta pantailak telefono sarerik ez daukala erakutsi dionean, deskonektatu egin du, bateriarik ez dezan alferrik gal.

        — Borobil —esan du ozen— hauxe behar huen, Damiantxo, bake pixka bat. Mundutik aldendu, mundura indartuta itzultzeko. Edo betiko apartean geratzeko. Horixe daukak denboraldi honetan erabakitzeko.

        Eta bere burua bakarrik hizketan aurkitze hori, berria eta seinale ona dela erabaki du. Denbora Geldoak dakarren dohainetako bat baino ez. Ezta, Damian?

 

 

«La Rochefoucauld frantsesak idatzitakoa irakurri dut eguerdian: «Gauza bat benetan ezagutu ahal izateko, ezinbestekoa da gauza edo kontzeptu horren izena aurrez entzunda edukitzea». Esaten duenez, jende asko ez litzateke sekula maiteminduko, aurrez «maitasuna» hitza inoiz entzun izan ez balu. Bat nator horretan. Iruditzen zait, ezin dela ezer desiratu, aurrez bere izenik ezagutu ezean. Katuak ere ez luke xagua desiratuko haren izenik aurrez ez baleki.

        Kontuak, ordea, beste koska bat ere eduki dezake niretzat: nola deitzen ote zaio hitza ezagutu arren, desiratzen ez duenari? Desira ez dezakeenari? Nola deitu behar zaio, izen batzuk entzuteko berez gorra denari? Nola behar zaio deitu ni bezalako gizon ezindu bati? Neuk ez dakit eta.

        Leonek esan dit Narbartera eraman nahi nauela bihar, Lakoizketa izeneko jaun baten etxea ezagutzera. Uste duenez, aurki bota egin behar omen dute errepide berri baten karietara, eta hori gertatu baino lehen erakutsi nahi dit. Ez dela etxe aparta, baina niretzako moduko gizona izan omen zen Lakoizketa hori. Botaniko ero bat. Antza, neu ere horien artekotzat nauka Leonek, eroen arteko.

        Lakoizketari buruzko gauza askorik ez dakiela ere esan dit, bera bezalako kanpotarrarentzat ez dela erraza bertako kontuez jabetzea, nahiz eta hogei urte baino gehiago badiren Baztan aldean dabilela. Elbeten eta Elizondon lehenik, eta azkenez Arizkunen. Soilik daki familia handiko seme izanik, landareen azterketan eta bilduman zuela eginkizun nagusia Lakoizketak. Besterik ez. Neu bezala hura ere, bildumagile handia izan zela.

        Eskertu egin diot aukera. Ni bezalako bildumagile batek beti dituela estimatzen beste bildumagile baten kontuak. Eulien bildumarekin jarraitzen ote dudan galdegin dit gero Leonek eta ezetz erantzun diot, orain neuk idatzitako lerroen bilduma osatzen dihardudala.

        Inori eginiko lehenengo aitortza horrek, gure lagunartea indartuko zuelakoan esan diot hori guztia, konfidentziak hurbilagotuko gintuelakoan, baina ez dit jaramonik egin. Ez dit lerrootan zer idazten dudan galdetu ere egin. Konturatu ere ez, bere harrera ezin hobea nolabait ordaindu nahian, lotsa irentsi eta egin diodan aitortza intimoaz. Niretzat guztiz garrantzizkoa dena, firina izan da harentzat. Purrustada berri bat baino ez: «Oh putain, hik, neure antzera, beti edukiko duk hego-haizea sartuta bi belarrien arteko ganbaran. Orain idazle nahi duk».

        Ikusiko dugu, beraz, nor izan zen Lakoizketa hori ere. Egia esan, hemen zeregin handirik ez dago, batez ere, Leonek esan didanetik ez duela merezi geu sukaldeko gauzak paratzen jarduteak. Zertarako ibili lan horretan? Zertarako jakiak erosi, prantatu, garbitu... etxetik pauso batera ondo eta merke ematen badigute Baleztenea ostatuan? Berak hantxe egiten omen ditu janaldiak. Ez da sekulakoa, baina garbia eta zintzoa bai, behinik behin, hango sukaldea. Etxekoek bezala jaten dugu geuk ere. Haiek dutena egoten da geuretzat ere. Ez da tratu txarra. Soilik janari bereziren bat nahi dugunean egiten dugu geuk Otsoenean. Arkume errea edo horrelakoren bat. Gainerakoan beti gaude han sartuta, eguerdi eta arrats, Baleztenean. Aukera ederra da, gainera, auzo apurrekin mintzatzeko.

        Hantxe ezagutu ditugu Tomas danbolindaria eta Senpe deitzen dioten aitona bat.

        Domingo Senperena du izen osoa bigarren honek. Leonek dioenez, inor ez dago inguru hauetan Senpek adina ezagutzen duenik Bidasoa ibaia. Amuarrain eta izokinetan, behintzat, ez daukala gizon horrek parekorik. Berdin diola, esan dit, uda edo negu. Eskatuz gero, Senpek beti asmatuko duela arraina ekartzen. Debeku garaian ere bai, jakina. Debeku garaian, batez ere. Hortixe ateratzen omen du dirurik gehien. Baina hitz erdirik ez esateko Senperi horretaz guztiaz, umorez ez dela eta soberan ibiltzen den horietakoa. Eta batez ere ibaiari ez deitzeko haren aurrean Bidasoa, harentzat ibai hau Baztan izan dela beti.

        Lehengo batean bere etxera lagunduko ote genion galdegin zigun Senpe zaharrak. Ez dakit zergatik esan zion Leonek ni entomologoa nintzenik. «Zer da hori?», galdegin zuen Senpek, «zer lan arraio egiten du entomologo batek?».

        Leonek nire lanbidea ezagutarazi zionean, begirada niri zuzendu zidan Senpek, eta euli eta eltxoez gainerako animaliak ezagutzen al ditudan. «Batzuk bai», izan zen nire erantzuna, baina Leonek Unibertsitatean zoologia irakasten ibilia nintzela esan zion orduan. Zeruan hegan dabiltzan usoak arrak edo emeak diren jakin nahi duenean, galdetzeko niri. Jakintsu handia naizela animalia kontuetan. Kaka zaharra, horixe esan zion Leonek.

        Senpek begirada neuri so jarri zidan orduan. Arrainak ezagutzen ote nituen, izokinak batez ere, horixe galdegin zidan. Eta nik baietz, sekula gehiegi landu ez badut ere, iktiologia ikasi genuela geure ikasle garaietan. Zientzia liburuak irakurtzeko zaletasuna ere badudala apur bat eta beti geratzen dela zerbait ganbaran itsatsita. Horixe eman nion arrapostu, zerbait erantzute aldera.

        «Orduan nere etxerat etorri behar duzu gaur ilun nabarrean», esan zigun ahapeka, Balezteneko gainerako bezeroek, Tomas danbolindariak eta, ez entzuteko moduan.

        Eta ez dakit zehatz esaten zergatik, Balezteneko atetik barrura aireak ekarritako hozte azkar batengatik edo, une hartantxe nabaritu nuen egun haietan bizi ninduen bakeak ez zuela betikoa izateko trazarik. Pitzatu egin daitezkeela Otsoeneko horma sendoek oparitua zidaten zorion moduko hura ere».