Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 
Kristalezko begi bat
Miren Agur Meabe, 2013

Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; lantokian kontua eskatu nuen iaz, orain enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago...

      Hausturak eragindako minetik ihesi, bolada baterako alde egingo du adiskide batzuek Landetan laga dioten etxera, eta han, idazten hartuko du sosegua.

      Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da, tarteka ironiazko zertzeladez gozatua.

bideoak:
111 Akademia (2014-05-29)
Sautrela (2013-10-08)
Don Inorrez (2013-03-07)
kritikak:
Miren Agur Meabe bere sasitzan endredaturik baina aske, Hasier Etxeberria, zuzeu.eus, 2013-03-08
«Estilo zuzenarekin, garbiarekin, errazarekin, poetikoarekin, iradokorrarekin? irakurlea uhin gainean eramaten asmatzen duen horietakoarekin. Hori bai, joria da oso Meaberen prosa, hitz ezezagunez hornitua eta baita aspaldi entzun gabekoekin ere».
Bizitza idazten, Katixa Agirre, Gaur8, 2013-03-16
«Meaberen begia irakurriz, bati bururatzen zaio zertarako behar ote dugun fikzioa, ez bada gure bizitza amorfoari forma txukunago bat emateko».
Kristalezko begi batek azaleratutakoak, Miren Ibarluzea, bizkaie.biz, 2013-03-18
«Emakume-idazleagaz, sufritzen duen andreagaz, paraje daukazun emakumeagaz bat egin duzula uste duzun unean bertan aitortzen dizu sorginkeriaren azken osagaia: jolasa».
Kristalezko ispilua, Ibon Egaņa, Deia, 2013-03-23
«Bereziki estimatzen diot liburuari, ausardiarekin batera, material gordin eta pertsonal batetik literatura egiteko prozesuaren erradiografia hain zorrotza eskaini izana».
Kristalezko begi bat, Joxe Aranzabal, Faroa bloga, 2013-03-28
«Nire ustez, hauxe da prosan Miren Agur Meabek idatzi duen libururik onena eta interesgarriena. Ni, behintzat, harrapatu egin nau, eta zelan».
Intimitatea agerian, Javier Rojo, El Diario Vasco, 2013-03-29
«Honelako liburu batean espero den moduan, hausnarketa nagusi da, pentsamendua. Kontatzen zaigun ia guztia pertsonaia-narratzaile-idazle den izaki horren kontzientziaren galbahetik iragazita heltzen zaigu».
Eragozpenak, Iban Zaldua, ibanzaldua.wordpress.com, 2013-04-09
«Fikzioa, batzuetan, egia esateko bide zuzenagoa suertatzen dela, erabateko biluzte-aldarrikapenak baino».
Erantzuna [“Eragozpenak” post-ean, 3], Mikel Ayerbe, ibanzaldua.wordpress.com, 2013-04-11
«Autoerreferentzialtsun horretan idazten ari den liburua edo nobela autointerpretatzeko ahalegin gehiegi egiten direla ere iruditzen zait».
Kristalezko begi bat, Lander Garro, Berria, 2013-04-14
«Niri bost axola zait (esateko modu bat da) Miren Agurrek kristalezko begia duen edo kristalezko begiarena asmakizuna den, liburuan berdin funtzionatzen duelako ongi».
Begirada biluzia, Iraitz Urkulo, Berton, 2013-04-28
«Kontzientziak lasaitzeko kezkarik ez da lerrootan, damurik ere ez, are gutxiago pertsonaiaren kontraesanak leuntzeko edo estaltzeko ahaleginik, benetan estimatzekoa dena».
Biluzik, begi bistan, Iker Zaldua, Gara, 2013-04-28
«Literatura da pilula eraginkorrena idazle batentzat eta zita ugariz janzten du liburua, begi funtzional bakarra izan arren, asko irakurri duen begia dela erakutsiz».
Autofikzioko nobela lirikoa, Alex Gurrutxaga, Berria, 2013-05-12
«Obra ederra da Meaberena: sortzen duen giroak, sentimenduen lanketak eta hainbat atal gorenek nabarmentzeko obra bihurtzen dute. Irakurtzekoa».
Kristalezko begi bat, Asier Sarasua, Eibartik, 2013-05-15
«Biluztu behar horrek, batzuetan, deseroro samar sentiarazi nau. Hondartzatik kanpo norbait larrutsik ikusten duzunean bezala; are gehiago adin batetik gorakoa bada. Ziurrenik, norbere orbanak ispiluan ikusteak ez digulako, askotan, graziarik egiten».
Erantzuna, Anjel Lertxundi, Berria, 2013-05-16
«Jarraitzekoa izango da liburuak izango duen harrera beste hizkuntzetan eta Meabe ezagutzen ez duten tokietan. Testua egongo da biluzik, testua baino ez. Baina adituek baliote ere ez dela nobela bat, irakurleoi bost. Literatura da. Letra larriz».
Maskarak, Garazi Goia, Gaur8, 2013-05-18
«Biluzteko beldur ez diren maskaradun bi pertsona hobeto ezagutu ahal izateagatik bete nau Kristalezko begi bat liburuak. Horrez gain, hain da ederra Meabek egiten duen ariketa literarioa, hain zintzoa egiten duen diskurtsoa, estilo zuzena eta lotsarik gabea erabiliz».
Zerk egiten gaitu ezberdin? Zerk egiten nau ni?, Amaia Alvarez Uria, Argia, 2013-05-26
«Ariketa interesgarria izaten da beti norberak bere buruari nor den galdetzea eta lekuan eta denboran kokatzea testu honetako protagonistak egiten duen moduan».
Kristalezko begi bat, Alex Gurrutxaga, Berria, 2014-01-03
«Idazleak lirikotasuna galgatzeko ahalegina egin du kontraste eta umore printzekin, baina narrazioa dotorea da pasarte lirikoenetan».
Behin eta berriz azaltzen zaidan kristalezko begia, Garazi Goia, 111 aldizkaria, 2020-06-00
«Norbaiti gomendatzeko liburu bat aukeratu nahi dudanean, liburuko hitzetan esaten den hori “benetakoa” izatea bilatzen dut; filtrorik gabekoa, liburuak saltzeko arrazoi oportunistikoetatik at».