Literatur Emailuak
2003ko martxoaren 27an
"Hitz lau" liburua

 

        Hitz lau saila abian jarri zenean, 1993ko azaroan, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Xabier Lete izan ziren artikuluen egileak. 1993ko azaroan hasi eta 1994ko uztaila bitartean igandero idazle horietako baten artikuluak ikusi zuen argia Euskaldunon Egunkarian. Guztira, 34 artikulu argitaratu zituzten. 34 artikulu horiek Euskal Editoreen Elkarteak argitara emandako Hitz lau liburuan bilduta daude, eta liburu horretako hitzaurrea eta lehen lau artikuluak eskaintzen ditugu hemen.

        Bigarren aro bat ere izan zuen Hitz lau-k: Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Joxe Austin Arrietaren artikuluek osatu zuten bigarren aro hori, eta 1994ko urritik 1995eko uztaila bitarteko igandeak hartu zituen. Guztira, 36 artikulu argitaratu zituen Egunkariak Hitz lau-ren bigarren aro horretan. 36 artikulu horiek www.egunero.info helbidean daude irakurgai.

 

 

Historia eskolara

 

Ramon Saizarbitoria

1993-11-14

 

Matematikarekin, adibidez, ez da Historiarekin bezala gertatzen. Eskolan ikasten ez baduzu ez zaizu inor irakasten saiatuko gero, ez gaizki eta ez ondo. Esan nahi dut, ez zaizula lehengusu nagusia Pitagorasen teoremaz eta hipotenusaren karratuaz ezkutuan jardutera etortzen, edo bi gehi bi bost direla sinestaraztera, Historiarekin, edo hain urrutira joan gabe, sexu gaiekin, gertatu ohi den bezala.

        Sexu gaietan ere beti baitago norbait haurrari eskolan irakatsi ez zaiona, oinarrizkoena behintzat, erakusteko prest. Modu txarrean askotan, eta hor omen dago, sexologo askoren eritzi adituaren esanetan, geroztiko trauma sexual gaindiezin askoren funtsa. Horregatik diote ona dela eskoletan sexuaren erabilera irakats dadin.

        Historiarekin ere berdin gertatzen dela esan genezake: irakasleak ikasgelan irakasten ez badizu, lehengusu nagusiak jakinduriaren esparru alternatiboak izan diren —eta diren— kumunetan bere erara, gaizki beraz, irakatsiko dizu, eta normalean ez duzu ongi ikasten sekula.

        Horregatik, badira oraindik ere, eta uste baino gehiago, euskaldunok Tubal-en, Noe-ren bilobaren ondorengoak garela uste dutenak, eta euskara zuzenean Babel-dik datorrela, edo erromatarren legioek ez zutela gure eremuetan zangoa sartu ahal izan, edo berez gure kontra ezin garaitu izan duela inork inoiz, Francoz beste noski, baina honek ere nahikoa lan: alemanen eta italianoen laguntzaz. Edo inork eraso egiten ez zigunean herri bakezalea ginela, langilea, zintzoa eta garbia, txistu eta danbolin alaien soinua lizunkeriarik gabe dantzatzea maite genuela.

        Gauza hauek ziren nire denboran lehengusu nagusiek kontatzen zituztenak. Orain, dirudienez, gehiago entzuten da pirata beltz-tratalariak ginela, soldadu mertzenariak, traiziorako grina errai genetikoetan idatzia daramagula, gurea dela perbersio sexualaren happening nagusia akelarrea, alegia.

        Bi bertsioek isildu egiten dute, lotsagarria bailitzan, politikoki banatuak egon garela beti erresuma desberdinen manupean, eta ez dugula berandu arte izan —estatu propioa izatea lortu duten beste herri askok bezalaxe hain zuzen— geure nazio izatearen zentzua.

        Edo eskolatik etxera xuxen joaten direlako, edo lehengusu nagusirik ez dutelako, ez die inork ezer kontatzen bati baino gehiagori. Eta ez dira enteratzen. Pentsatzen dute beren birramona Valcastillotik etorri eta euskaraz bost arte kontatzen ikasi zuenetik hasten dela herri honen Historia. Ez dakite noski Erdi Arotik aurrera eta Bidasoaren alde bietan etengabe eraso zaiola areago bilaka dadin frantsesa eta espainola, euskararen erabilera ahultzeko bortxa ez dela frankismoari loturiko gertakizun episodikoa izan. Ez dakite, eta horregatik, objetibotasun mendreenaz jantziriko historiazale batentzat dudarik ez duten gertakizunak ere, lehengusu nagusiaren asmazioak iruditzen zaizkie batzuei.

        Iragana ahaztutzea ez da komeni —iragana deuseztatuz etorkizuna deuseztatzen dela esan du norbaitek, eta ongi esana ematen du— besterik ez bada ere, beren jarrerak Historiaren zentzua okertuz oinarritzen dituzten politikoek engaina ez gaitzaten.

        Horregatik, diot berriro ere, garrantzi handiagoa eman behar litzaioke Historiari eskolan matematikari berari baino, azken finean politiko horiek ezin baitzaitzakete engaina Pitagorasen teorema eta hipotenusa kontuetan, beroriek ere ez baitira oso jantziak halakoetan, eta bi gehi bi lau direla ulertzera, matematikaren funtsa azken finean, horretara, guti edo gehiago, mundu guztia iristen da.

        Euskal Herriaren Historia eskolara beraz. Norbaitek pentsa dezake noski, nire belaunaldikoa baldin bada batez ere, hobe litzatekeela agian Historiaren, eta sexualitatearen irakaskuntza ere, lehengusu nagusiaren eskuetan eta kumunen barrutian uztea irakasleen ikasgeletara eramatea baino. Eta ulertzekoa da, azken finean loreen polena eta erle bidaiariarena kontatzearen truke praileak izter zorrotik sartzen baitzizun eskua, potxoloa eta politantzekoa bazinen behintzat.

        Eskolak ez duela irakaskuntza onik justifikatzen. Horregatik, Historiari dagokionez behintzat, gure iragana objetibotasun dexenterekin tratatuko lukeen textu-liburu bat eskaini beharko litzaioke eskolari. Ez da lan erraza noski. Menturaz aginte politikoak historialari talde egoki bati eman beharko lioke geure Historia objetibotasunez biltzeko zeregina, eta ondoren poetez osaturiko beste talde bati subjetibotasun minimo eta beharrezkoaz egokitzearena, horrela behar bezain erakargarria ere gerta dadin: guti edo gehiago herri guztiek dotoretzen baitute beren Historia berez inpresentablea. Bidezkoa baita, sendibarruko argazki higatuei, familia guztietakoak bezala arruntak —hara aitona eretxina— begira ohi dien bezala, maitasunaren begi onez begira diezaion nork bere Historiari. Berea duelako hain zuzen.

 


Lau hitz, sarrera gisa, Martxelo Otamendi
Garatxoak edertasuna bezala, Koldo Izagirre
Tribuko oihartzunak eta cromlecha, Anjel Lertxundi
Gezurraren goraipamena, Xabier Lete


 

75. Literatur Emailura itzuli