Literatur Emailuak
2003ko martxoaren 27an
"Hitz lau" liburua

 

        Hitz lau saila abian jarri zenean, 1993ko azaroan, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Xabier Lete izan ziren artikuluen egileak. 1993ko azaroan hasi eta 1994ko uztaila bitartean igandero idazle horietako baten artikuluak ikusi zuen argia Euskaldunon Egunkarian. Guztira, 34 artikulu argitaratu zituzten. 34 artikulu horiek Euskal Editoreen Elkarteak argitara emandako Hitz lau liburuan bilduta daude, eta liburu horretako hitzaurrea eta lehen lau artikuluak eskaintzen ditugu hemen.

        Bigarren aro bat ere izan zuen Hitz lau-k: Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Joxe Austin Arrietaren artikuluek osatu zuten bigarren aro hori, eta 1994ko urritik 1995eko uztaila bitarteko igandeak hartu zituen. Guztira, 36 artikulu argitaratu zituen Egunkariak Hitz lau-ren bigarren aro horretan. 36 artikulu horiek www.egunero.info helbidean daude irakurgai.

 

 

Lau hitz, sarrera gisa

 

Martxelo Otamendi

Euskaldunon Egunkariako zuzendaria

 

Beti izan da estua idazleen eta egunkarien arteko harremana. Gustuko plaza dute idazleek egunkaria, eta ez da harritzekoa hala izatea, paper prentsatuak testu idatzia horren arin horrenbeste begiren aurrean jartzeko duen gaitasun ikaragarria kontuan izanda.

        Gurean ere ezin zen bestela izan, eta euskarak 1990eko abenduaren 6tik 2003ko otsailaren 20ra bitarte izan zuen euskarazko egunkari bakarra oso sarritan izan zen euskal idazleen plaza.

        Idazleen eta Euskaldunon Egunkariaren arteko harreman ugari eta emankor horien artean garrantzi eta eragin berezikoa izan zen, zalantzarik gabe, Hitz lau sail anbiziotsu eta hamar urteren buruan ere oraindik gogoratua. Horrek bultzatu gaitu, Euskal Editoreen Elkartearekin elkarlanean, liburu hau atondu eta argitara ematera.

        Izenetik utzi zuen agerian sailak idazleak eta kazetaritz lotzeko zuen bokazioa —Itz-lauz du izenburu Lizardiren kazetaritza arloko lanak biltzen dituen liburuak— eta, idazleak biltzen hasita, punta-puntako idazleak bildu zituen.

        Saila abian jarri zenean, 1993ko azaroan, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Xabier Lete izan ziren —orden kronologiko horretan— artikuluen egileak. 1993ko azaroan hasi eta 1994ko uztaila bitartean igandero idazle horietako baten artikuluak ikusi zuen argia Egunkarian. Guztira, 34 artikulu argitaratu zituzten, bederatzina Izagirre eta Saizarbitoriak, zortzina Letek eta Lertxundik. 34 artikulu horiek dira liburu honek, orden kronologikoan, bildu dituenak.

        Bigarren aro bat ere izan zuen Hitz lau-k: Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria eta Joxe Austin Arrietaren artikuluek osatu zuten bigarren aro hori, eta 1994ko urritik 1995eko uztaila bitarteko igandeak hartu zituen. Guztira, 36 artikulu argitaratu zituen Egunkariak Hitz lau-ren bigarren aro horretan. Artikulu horiek ez ditugu liburu honetan bildu, baina irakurleak osorik eskura ditzake Interneten, www.egunero.info helbidean.

        Sailean parte hartzeko bildutako idazleak bezala, punta-puntakoa izan zen idazle horiek Egunkariaren proposamenari emandako erantzuna ere. Ez ziren gorde, ez ziren zain geratu, eta garaiko kezka politiko, sozial eta kultural garrantzitsuenei heldu zieten, pentsatzen zutena argi adierazteko eta debaterako beti pronto.

        Inbidia da Hitz lau-ko artikulu hauek orain, lehen argitalpenetik ia hamar urtera, irakurlearengan (edo berrirakurlearengan) sorraraz ditzaketen sentimenduetako bat; inbidia, zaila delako gaur egun artikulu horietan tratatzen ziren gaiei buruz horrenbesteko ñabarduraz eta hain modu literarioan —adierazpide aberats eta iradokorrez, erreferentzia egokiz, ironia zorrotzez...— idatzitako artikuluak aurkitzea. Horrekin batera, orduan geure artean eztabaidagai ziren gai asko oraindik ere jira eta buelta darabiltzagula jabetuko da irakurle (edo berrirakurle) hori.

        Atzeak erakusten omen du aurrea nola dantzatu. Artikulu hauen irakurketa, zeregin atsegina izateaz gain, ondo dantzatzen hain zaila dirudien aurre horri begira baliagarria gerta daitekeela uste dut. Zeuri hala gerta dakizula, irakurle!

        Ez litzateke bidezkoa hitzaurre hau Egunkariako langile guztion izenean liburu hau gauzatzeko bidean lan egin duten guztiei eskerrak eman gabe amaitzea. Euskal Editoreen Elkarteak jarri zuen abian liburua argitaratzeko asmoa, artean Egunkaria itxi berria zela; idazleek uko egin diete beren egile eskubideei; doan egin dute lan koordinatzaileak, maketatzaileak, azalaren egileak, inprentariek eta banatzaileek ere. Eta guztiak ados agertu dira liburuarekin lortutako irabazi guztiak Egunkariako langileontzat izan daitezen. Horrek, zalantzarik gabe, balio erantsia ematen dio esku artean duzun liburu honi.

 


Garatxoak edertasuna bezala, Koldo Izagirre
Historia eskolara, Ramon Saizarbitoria
Tribuko oihartzunak eta cromlecha, Anjel Lertxundi
Gezurraren goraipamena, Xabier Lete


 

75. Literatur Emailura itzuli