PISTOLA ESKATU DIO
URTEGUNEAN
Pistola eskatu dio bere urtegunerako:
pistola luze, astun eta beltza.
Sakonera begiratuz belar artean,
panpinak liliputetzen oroitzen du,
irribarrea, eskuak eta hankak mugitzen ez zituzten
panpinak batailetarako biziarazten oroitzen du,
belaunak galgarik gabeko bizikletekin haserretu
eta aldapa itzeletan behera borrokatzen.
Afaritarako dei egin ostean
etxerantz lasterka oroitzen du,
behatz lodiek urratutako oinetako bustiak erantzi
eta erreka bazterreko abenturek isildu ezinik,
aulkian zutunik.
Zubi batetik erori, harritzarra jo eta
kokotsa zabaldu zuenekoa oroitzen du,
alderik alde odol-jauzia zeriola
baina ez zuela negarrik egin,
bizitzarako gogortu beharra zuela
deliberatu balu legez.
Jendaurrean hamaika biderrez
lotsarazi duela oroitzen du,
gitarra mutua eskuetan,
ustekabean, ispiluari begira,
mundua dantzara matxinatzeko
kantari aritzen zela aitortzean.
Damorriz oroitzen du
mina eta poza ez dituela egundo biki sentitu
munduratu zuenean izan ezik.
Pistola luze, astun eta beltza eskatu dio
hogei urte beteko dituen egunerako.
© Gotzon Barandiaran