SYLVIA PLATHEN LEHENGUSINA
Ibilera segurua
zapaltzen zenuen espaloian konfiantza
janzkeran ere zorionaren pertsonifikazioa
jaka laranja eta niki more marraduna
lanera nindoala
balkoitik eskuaz agur egiten zenidanean.
Gure animo amilduen burkoa
telefonoz deitzean kafe bat hartzeko beti prest
bizitzarekin berak kendutakoarekin
emandakoarekin bezain esker oneko beti
inoiz ez arazo samalda leherketarik
inoiz ez kexu bat zure ezpainetan.
Aurpegi alaia, erlaxatua,
begietan epeltasun historiaurrekoa.
Eta badakizu zer den gehien izorratzen nauena?
Zu bezalakoak direla
azkenean
itotzear zeudenak uretatik ateratzeko soka hartu
eta soka horrekin
beren burua arrametara urkatzen lehenak.
© Harkaitz Cano