Lotarako janzten du ekiak itsasoa

Arratsean ostenduz altzairuzko loguraz.

Izarora aldentzen da kaioa tristuraz

Urdinean zehar irristatuz bere soa.

 

Hari begira, lehen izanik barru goxoa

Kixkalita dut orain bapateko suminduraz;

Kutsatuta dauka askatasun min eta guraz

Hegazti hauskarak betirako nire izate osoa.

 

Heriotza ukatuz, herri zurrunbiloa;

Herkide eroriek utzitako ziloa;

Bihotza estuagotzen didan zorabioa.

 

Haizean izkribatu duzu hegalen xarmaz

Sorterria defendatu behar dela armaz

Inoiz izango bagara askeak, kaioa.

 

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus