hitzik gabeko paper horiei begira
Aran ale asko jan ohi dut jauna kronista ezaguna
Izan nintzela gogoratu izan dudan bakoitzean
Badakizu nigan egon zirela Granadako ate eternoak
Nigan biribil Juan Sebastianen bidaiak
Are gehiago Dilubioaren papiro unibertsalak ere
Milaka maskara banatzen harri zurienean
Nigan enperadoreen bizitzak 9 hilabetez puztuak
Eta bart zure jardinean galdutako zaldieri beltzak
Zure larrosa horiak, katilutxoak txikitzen
Capo sentiberen arteko inbiriak nigan jauna
Hemezortzi bakardadez urkatutako oro
Eta sinbolisten antologia perfektuak
Nigan egon ziren jauna judu etsituen izarrak
Hollywoodeko goaporik asezinena
Loreleiren irrifarre faltsua ere
Ze kronista on izan nintekeen, baietz jauna
Errege eguneko arratsalde hartan
Perfezioz salto egin izan banu Bihotzen Zubitik
© Iñigo Aranbarri