Tristuraren inbentarioa berrikusi dut

oraintxe bertan arretaz

sobera legokenagatik

txarto burututako eragiketengatik

zenbaki gorriengatik

apur bat denarengatik

bildur mehe batez

          Zifra bakoitza bere toldan

          datak portzentaiak zorrak

          zigiluak helbideak

          ondo enkasilatuta

          aurkitu ditut

Ametsetan emandako musua

ezpainetatu zaidan arte

orduan konturatu bait naiz

errealitatetik ametsetara

dagoen alde infinito hori

ezin dezakedala

inola ere inbentarian sar

          Apurtu egin dut bai

          apurtu

          apurka apurka

          apur txikiena ere

          eta tristurarekin geratu naiz

          tristurarekin soilik

          ametsetan emandako musuari

          distantzia infinitotik

          tristura infinitoz begiratzen

Ametsetetatik errealitatera

dagoen tristuragune infinitoan.

 

 

 

© Omar Nabarro

 


www.susa-literatura.eus