Ezin dut eraman gizarte honek etengabe egiten duen

diruaren apologia ankerra,

denek akritikoki ontzat ematen dutena.

Dirua irabaztea da kirol nazionala,

dirua galtzea tristura nazionala.

Telebistako lehiaketa guztietan dirua ematen da,

eta negargarria da jendeak

diruaren pozez egiten dituenak ikustea.

«Asko irabazten du!», esaten da norbaiti gauzak

ondo joan zaizkiola adierazteko,

eta esaldiak errespetua eragiten du.

Diruak jendea harrotu egiten du:

ezjakin handiena gauza da

adituen mahaian eztabaidatzen hasteko, aberatsa bada.

Diruak jendea umetu egiten du:

loterian zortea izan dutenen

ospakizun patetikoak ikustea aski da.

Traizio guztiak barkatzen dira

diru gehiago irabaztekotan.

Zure dirua bankuan interes egokiekin

ezartzen ez baduzu

atzeratua zarela esango dizu lagunik onenak.

Enpresarien hitza politikako

zutabe nagusiena bilakatu da.

Bizitzan dirurik ez baduzu irabazi

porrot egin duzun seinale.

Dirurik ez badaukazu

ezta iraultza egiteko ere ez dizute deitzen.

«Ni izorratu nahi banauzu, emaizkidazu

hiru milioi euro», esan zuen behin Mikel Markezek.

Ados nengoen eta nago esaldi gogoangarri horrekin.

Dirua irabazteko beharrik ez edukitzeko adina diru

irabaztea aski izan zait bizitzan.

Hortik aurrera, dirua irabaztea

denbora galtzea baino ez da izan.

 

 

© Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus