Orain badakit zigarro bat erre nahiko duzula
hortxe, ohean eserita. Aurki gogoratuko duzu
ez daukazula hautsontzirik,
eta begirada ezberdin batekin
eskatu egingo didazu, zure ondoan uzteko mesedez.
Eskerrik asko.
Kafesnea ekartzen dizudanean
botatzen didazun begirada
eta lehen tragoa egin ondoren daukazuna
ezberdinak dira.
Lehenengoarekin maite nauzula diozu,
bigarrenarekin kafesnea ona dagoela,
zuri gustatzen zaizun bezalakoa.
Ezagutzen ditut
zure hogei aurpegiera ezberdin gutxienez.
Haserre zaudenekoa, lanetik nazkatuta zatozenekoa,
iraindu bazaituzte edo
ezuste txarren bat jaso baduzu ere,
nik ezagutu egiten dut zuregan, zuk ezer esan aurretik.
Zu ezagutzera zuzendu dut nire arreta urte askotan.
Zu nondik iritsi zaren jakin nahi nuen.
Zertara agertu zaren nire bizitzan,
onerako edo txarrerako.
Ez dut erantzunik kausitu,
baina isiltasuna gure alde erabiltzen ikasi dut.
Eta begiradak arimaren argibide bilakatu dira.
Oso erraza da: ondo gaudenean oso ondo gaude,
eta gaizki gaudenean ez gaude hain gaizki,
isilik gordetzen bagara begiraden ezkutaleku lasaian.
Larrua jotzen hasten garenean bakarrik
esaten duzu zerbait
hormari heltzen diozun bitartean,
gozamenak mundutik betirako
kanpora gintzakeen beldur bazina bezala.
© Pako Aristi