Zure ondoan nago, maite, ordubete daramat zuri begira.
Aspaldi eman zenidan giltza horrek jarri nau
zure etxerako bidean. Bero egiten du,
eta maindireak larri-larri estaltzen dizu sabela.
Ederra zaude, ilargiaren argi emearen laztanak
are emeago bihurtzen zaituen une honetan!
Zure besoak, aurpegia, saihetsak, izterrak,
ipurdi masailak... ukitzen ditut,
zure azal zuria musukatzen dut argi sakratuaren baitan.
Loak zure gorputzari atseden hartzeko ematen dion
postura liluragarrian, urrun zaude, bakean,
baina bazatoz poliki-poliki nire deseoaren deira,
nire arnasotsa labirintotik ateratzeko kriseilu zaizu.
Halere zure sexua lehenago iritsi da nigana
zure kontzientzia baino,
bustia dago, eta larrua jotzen hasi natzaizu isiltasunean.
Orduan iritsi zara zu ametsetatik, begiak zabaldu dituzu.
«Non egon zara?» diozu, «Zer ordu da?».
Orduan hasi gara hitz egiten
sexuen joan-etorrien haizealdi txikietan,
gozamenak mundutik betirako
kanporatuko gaituen beldurra baikeneukan,
tripiaren bidaia gaiztoetatik
inoiz itzuli ez ziren haiek bezala.
© Pako Aristi