Pobre jaiotzea zorte handi bat da.
Badakizu gauzak zenbat kostatzen diren.
Ezer eduki gabe ere denbora disfrutatzen badakizu.
Ezagutzen duzu lagun hurkoari zor zaion errespetua.
Publizitateak ez dauka eraginik zuregan.
Horra klabe bat:
publizitateari kasu egiteari uzten diogunean
hasiko gara zoriontsu izaten.
Pobre jaio bazara badakizu
gauzen balioa pertsonen baliotik bereizten.
Badakizu bizitza bidaia eder bat dela;
zenbat eta gauza gehiago pilatu
orduan eta astunagoa bilakatuko den bidaia.
Aberatsen bekaitzean bizi ez bazara
bizitzaren zentzua ulertu egingo duzu,
eta inoiz ez duzu ahaztuko
hainbeste gauza gabe
aurretik ere bizi izan zirenen ikasgaia.
Pobre jaio bazara bizitza pijo bat bihurtuta
amaitzeko lotsatik aske egongo zara ziurrenik.
Libre egonen zara baita
itxura progrea daramaten eta puntualki
ekintza iraultzaileetan parte hartzen duten
burges nazkagarri horietako bat bihurtzetik ere.
© Pako Aristi