Gazteagotan deseoa zerbait bortitza zen.

Gero leundu egiten da,

baina ez apalago bihurtzeko.

Lehen titiak kanpoan agertzea aski zen

zure barneko indar guztiak biltzeko.

Egonda nago bi orduz emakume bati bularrak jaten,

bularrak jaten, bularrak jaten... lehertzeraino.

Orain nahiago dut neska kamiseta jantzita ikustea

nire gainean.

Orain deseoa pizteko bideak bihurritu egin dira.

Erritmoak, kadentziak, arnasketa geldotu dira.

Jakintsuago bilakatu dira agian.

Orgasmoa ez da ibilbide eder baten saria baino,

eta ez helmuga.

Lehen atal batean geratzen zena

orain gorputz osora hedatu da.

Indarra galdu du, baina lurraldeak irabazi ditu.

Haren eragina zabalagoa da.

Burmuinera iristen den informazioa

plazer-puntu askotatik igorria da,

eta burmuinari gozamen osoagoa iruditzen zaio

atal baten eraso bortitzak eragiten zuen hura baino.

 

 

© Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus