Getariako Gaztetape hondartza oso berezia da.

Behin bainu bat hartzera

hurbildu nintzen itsasertzera.

Betaurrekoak jantzita neuzkala konturatu nintzen.

Haitz baten gainean utzi eta

murgildu nintzen freskura ederrean.

Ateratakoan betaurrekoak falta!

Karramarroak ikusi nituen iheska.

Haiek eraman izango zizkidaten.

Geroztik egunkariak desagertu egiten zaizkio jendeari

uretako sartu-irteeretan.

Astero liburu bat ostu diotela salatu duenik bada.

Jehovako lekuko bati biblia desagertu zitzaion,

eta bera pozik.

Haitzartera hurbiltzen direnek kontatzen dute

karramarroek politikaz hitz egiten dietela,

Ibarretxeren planaren atal inkonstituzionalei buruz.

Surflariei taula hobeak non erosi gomendatzen diete.

Bikoteen ur azpiko ferekak sailkatzen dituzte

patologia sexualen arabera.

Ez dira mariskoaren aristokraziako partaide,

baina saiatzen dira euren maila soziala hobetzen.

Zaintzaileei burtsako gorabeherak

komentatzen dizkiete.

Behin Juan Mari Arzak aurkitu zuten uretan

eta genozida bat zela esan zioten.

Gauez haitzetara joan zen bikote batek

marihuana erretzen aurkitu zituen,

eta cannabisaren onurei buruzko hitzaldia

entzun behar izan zuten.

Karramarro irakurriek orain

mundua politagoa dela esaten duten arren,

zientzialariak oso kezkatuta dabiltza

espezie honen garapena dela-eta;

hori eragozteko, sei telebista aparailu

kokatu dituzte haitzetan

Haizearen Orraziko burdinak horretarako ekarrita.

 

 

© Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus