Jadanik ezin dut gogoratu
laztandu nituen bularrak nolakoak ziren,
nolakoak muxukatu eta
lanbro-bidera ekarri nituen aluak,
jandako ipurdien azala,
gorputz haien usaina.
Hitzak gogoratzen ditut,
begiradak, promesak, bidaiak.
Urteen buruan ezin ditut gogoratu
erotzen ninduten larru-jotze haiek,
saio izerditsu haiek,
une hartan beste ezer baino
garrantzitsuagoak ziruditenak.
Elkarrizketak gogoratzen ditut,
barreak, isiluneak, eguzki-sarrerak.
Agian maite izan ez nituelako,
gozamenarentzat hutsik ehizatuak izan zirelako,
ez ditut gogoratzen gorputz ederrak.
Sexuak ez du oroimenik elikatzen,
samurtasunak aldiz bai,
maitasuna oroimenaren giltza
bilakatu didaten urte hauen buruan.
© Pako Aristi