Ai zer plazera

ezertarako balio ez duten gauzak egitea,

dirurik emango ez duten gauzak idaztea,

bilera antzuetan egotea,

kobratuko ez ditudan kilometroak egitea

izartegiaren lilura ikuste hutsagatik.

Ai zer plazera

tabernan dauden guztiak gonbidatzea,

autopistan orduko 80 kilometrotan joatea,

auto ilaretan barre egitea,

erosketaren preziorik ez neurtzea.

Ai zer plazera

zer ordu den ez jakitea,

aukera on bat galtzea,

lan debalde egitea,

gizartearekin lotura txikienik ere ez edukitzea.

Ai zer plazera

kapitalismoari bere armekin

kontra egitea.

 

 

© Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus