Saltzaile ibiltzen zen herriz herri,
probintziaz probintzia.
Egun batean baserri zahar bat erosi
eta hantxe ezkutatu zen betirako,
erretiratzeko gazteegia zela esan zioten arren.
Tomateak hesolan sortzen ikusi zituen,
supermerkatuko plastikorik gabe,
ardiek esnea osagai guztiekin
eskaintzen zioten,
eta patatak lurretik erauzi behar zirela
jakin zuen, eskuak zikinduz.
Antzinako gizonen ezaugarriak berekin ditu:
hegaztien sena,
zomorroen egoskortasuna
eta azerien bista.
Orain ezertarako balio ez dioten
gauzak ahantziz
lekua berreskuratu du bere baitan
jakinduria berri batentzat.
Baserritik eta bere ingurunetik atera gabe
inoiz baino urrutirago iritsi da:
jadanik ez ditu ezagutzen
auto berrien markak ere.
© Pako Aristi