Egun ederren planeatzaile profesionala

bihurtu naiz.

Data seinalatua halako lekuetan

ez dakit norekin igarotzeko

planak egitea da nire ahuldadea.

Eguraldi argia egingo du,

nire gogoak imajina dezakeen

istoriorik zoragarriena biziko dugu,

eta arazo guztiak berez konponduko dira,

egun hori milaka urte hauetan

gure izenaz bereiztua,

guretzat gordea egon balitz bezala.

Baina goiz seinalatua iristen denean

ez zait iruditzen egunak

behar adinako distirarik dakarrenik,

nire gogoa ere ez dut

imajinaturiko guztia bizitzeko indarrez aurkitzen.

Etorkizuna, oraina bihurtu orduko,

usteldu egiten zait,

San Juan ondoko goizak bezala,

nire aberria

inoiz bete ezin den imajinazio distiratsua

balitz bezala.

 

 

© Pako Aristi

 


www.susa-literatura.eus