TERMINAL

 

Beste amitriptyline bat hartzea

komeni zaizu,

loeragile ona da, laztana,

bat-bateko depresioaren kontra erabili ahal dela

dio prospektoak.

Insomnio, zotin kroniko, bulimia eta

anorexiaren kontra ere botika egokia dela

diote adituek.

Egokiena zuretzat.

Eta entzun, laztana, zein datu interesgarria:

normalean txakurren eta katuen

jokaera arazoetarako ere erabiltzen da.

Eta zenbat gustatzen zaizkizun zuri animaliak.

 

 

© Juan Ramon Madariaga

 


www.susa-literatura.eus