URRUNDU NAIZ

 

Nire gorputza gako batzuetatik zintzilik balego legez

sentitzen naiz periferietako zaratotsek

osoki hartzen nautenean.

Isurtzen dudan ur kremosoak lasaitzen nau.

Zerbait bizirik dago nire barnean.

Arnasa laranjaren koloreaz janzten da

zotin luze eta kontrolagaitza denean.

Baina begiak ixten baditut

amnesiaren leuzemiak

bekatuen zerrenda luzatzen dit.

Ez nago zahartuta, baina

memoria belztu zait eta

ez dakit nori itaundu nire gomutez.

Hitz paralitikoak ahoratzen zaizkit,

istripu batetik salbatu balira bezala.

Ez dut anestesia gehiago nahi.

Zoriontasuna, behin tren batetik

ikusi nuen geltoki baten izena da.

Eta orain urrundu egin naiz

larregi.

 

 

© Juan Ramon Madariaga

 


www.susa-literatura.eus